Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Zuntzez hornituriko gailetak: Gosari ona osatzen laguntzeko

Zuntzez hornituriko zazpi gaileta lagin aztertu dira oraingoan; horien prezioak kiloko hiru euro baino gutxiagotik (Gullón eta Marbú) 6,46 euroraino (Fibretten) doaz. Flora eta Gerblé laginen kiloa 4,5 euro baino gehiago kostatzen da eta Fibretten bakarrik da produktu dietetikoa

  Etxe askotan gosaria defizitarioa denez, janari horretako ekarpen energetikoa gehitzeko modu eraginkorra da gailetak eranstea. Pertsona helduen kontsumora zuzenduta, zuntzez hornituriko gaileta hauek 450 kaloria inguru dute ehun gramoko, hau da, ohiko opilen parekoak eta ogi zuria (260 kaloria) edota moldekoa (270 kaloria) baino askoz ere energetikoagoak dira.

Osaketan karbohidrato ugari dituzte (%65-%80) eta horien herena soilak dira, erantsitako azukreetatik datoz eta. Horrenbestez, karbohidrato konplexuak (egokiagoak, asetze-efektu nabarmenago eragiten dutelako eta xurgatze-abiadura mantsoagokoak direlako) gaileta hauen osaketaren ia erdiraino iristen dira; proteinak, berriz, %7 eta %10 bitartean dabiltza. Gantzak, bere aldetik, produktuaren %5etik %18 artean daude eta den-denetan landarezkoak dira. Gantz horren osaketa (gantz azido asegabeak eta aseen arteko erlazioa) osasungarritzat jo daiteke. Virginias laginean, gantz aseen proportzioa askoz ere handiagoa da gainerako gailetetan baino. Gerblé markakoak dira kolesterola (385 miligramo kiloko) daukaten bakarrak, arrautza osagai daukate eta.

Mineralak edukiaren %1-%2 inguruan dabiltza, ugarienak burdina (gure organismoak xurgatzeko formarik aldrebesenean, ordea), zinka, potasioa eta magnesioa dira. Bitaminez ari garela, B1, B2 eta niazina azpimarratzekoak dira, azido foliko eta, landare-gantzetako A eta D bitamina liposolubleak orobat.

Zuntz edukia biziki aldatzen da lagin batetik bestera: gehienbat %5 inguruan badabil ere, Fibretten, Gerblé eta Cuetara laginek %12 baino gehiago daukate. Zuntzak asetze-sentsazioa eragiten digu eta metabolismoari dagokionez, guregan ondorio mesedegarriak ditu, hala nola hesteetako trantsitua erregularizatzea eta kolesterol plasmatikoa kontrolatzea. Hala eta guztiz, ez da komeni zuntz larregi kontsumitzea.

Laburbilduz, honelako gailetak gosariaren nutrizio-balioaren osagarri egokia dira, karbohidrato konplexu eta zuntz ugariz hornitzen gaituztelako.

Nutrizioari dagokionetik at, Flora, Gerblé eta Lu laginek bakarrik betetzen dute etiketa-arautegia. Gainontzeko guztiek arauz kanpoko etiketa dute. Urraketa nabarmenenak nutrizio-informazioan, osagaien kopuruetan eta publizitate gisa esandakoan dautza.

Dastaketan hoberenak Cuetara (7,1 puntu) eta Flora (6,9) gertatu ziren. Batean zein bestean, izaera kraskatsua eta zapore ona izan ziren azpimarratzekoak. Denetan kaskarrenak, berriz, Fibretten, (4,9 puntu), gogor eta kraskatze ahulekoak eta Lu (5,3 puntu), zapore ahulekoak zirelako.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Cuetara laginak erakutsi zuen: zuntz asko du (%12,3), dastaketan hoberena gertatu da eta merkea da (3,02 euro kiloko). Horiez gainera, ez dauka kolesterolik eta aztertu diren lagin denetan osasuntsuena du gantz-osaketa. Zuntz ugarikoa delako eta nutrizio alorretik osaketa egokia daukalako, Fibrettten dugu aukera polita, prezioak prezio (6,46 euro kiloko) eta dastaketan okerren jazo zen arren.

Osagaiak

Zuntza gehitutako gaileta hauen oinarrizko osagaiak hauek dira: irin integrala, azukrea, gantza, esnea edo esnekiak, gatza, gasifikatzaileak, koloratzaileak eta aromak. Etiketen arabera, Gullón, Lu, Marbú, Cuétara, Flora eta Virginias laginetan osagai nagusia irina edota irin integrala da (gari edo bestelako laboreena); Fibretten eta Gerblé laginek, aldiz, gari-zahia dute osagai behinena. Gullón-ek zahia ere badarabil, urriago bada ere.

Argi dezagun zahia esaten zaiola haziaren kanpo aldeko geruzei (oskolei); hauen osagai nagusia zuntza da (%40-%50) eta proteinak eta mineralak ere ugari ditu. Hortaz, zahia daukaten gailetei ez zaie zertan zuntzik erantsi. Flora laginari ez zaio zahirik gehitu eta zuntzik ere ez da sartu formulan baina, gari-irin integralaz gainera, malta (garagar ernamuinduaren alea, honen eduki osoaren %8,7 zuntza delarik) baliatzen du. Lu laginak malta-irina darabil, kopuru txikian bada ere. Lu, Marbú, Cuetara eta Virginias markakoak dira, azkenik, osagaitzat zuntza gehitu duten lau bakarrak.

Bigarren osagai nagusia azukrea da; Gerblé da kanaberako azukre integrala darabilen bakarra. Produktua gozotzeko, azukre horrez gainera, glukosa-xarabea (Gullón, Lu, Marbú, Cuetara eta Virginias) edota eztia (Gullón, Fibretten, Gerblé eta Cuétara) darabilte. Fibretten laginak, glukosa-xarabearen partez, xarabe alderanztua baliatzen du.

Gaileta horiek guztiek landare-gantza baliatzen dute. Gerblé laginak, horrez gainera, arrautza freskoak erabiltzen ditu. Esne eta esnekiei dagokienez, Fibretten, Lu eta Virginias laginek gaingabetutako esnea hautsetan dute, Gullón-ek esne kondentsatua eta Gerblé, Marbú eta Virginias markakoek, esne-gazura; Lu eta Flora laginek, esne-proteinak. Gaileta horien beste osagaietako batzuk gatza eta gasifikatzaileak dira, orea harrotzekoak. Virginias laginak etiketan gatzaren aipurik egiten ez badu ere, azterketako emaitzek argi eta garbi utzi dute gaileta horiek gatza daukatela. Emultsionatzaileek, aldiz, elkarrekin nahas ezin daitezkeen sustantziek bat egiten erraztu eta nahaskia homogeneo iraunarazten dute. Emultsionatzaileak (lezitina eta estereak) darabiltzate Gullón, Lu, Cuetara, Flora, Fibretten eta Virginias laginek. Gullón, Marbú, Cuetara eta Flora antioxidatzaileak ere baliatzen dituzte, gantzen oxidazioa galarazi eta produktuaren zaporea mantentzeko. Gullón eta Marbú markakoek koloratzailea -karamelua- erantsi dute, gailetak xigor tonuaz apaintzeko. Aromei dagokiela, Fibretten eta Cuetara laginek izan ezik, gainerako guztiek lurringarriak erabiltzen dituzte.

Nutrizio-alorretik

Gaileta dietetikoez bestelakoen berariazko arautegiak nutrizio-alorreko bi parametro baizik ez du xedatzen: hezetasuna -%6 baino handiagoa izan behar ez duena- eta errautsak -%1,5ekoak, gehienez ere-. Hezetasun alderditik lagin guztiak arauaren araberakoak dira baina errautsen alorrean gainetik dabiltza zortzietatik lau: Flora eta Virginias-ek %1,6, Lu-k %1,8 eta Gerblé laginak, azkenik, % 2. Fibretten laginak %2,5 badu ere, ez du araua urratzen, dietetikoez bestelako gaileten arautegia bete behar ez duelako.

Beste aldetik, denek daukate gatza (sodio-kloruroa) baina %1etik beherako kopuruan. Gaileta bakar batek ere sulfurosorik (kontserbatzaile hau eranstea onartua dago: 50 zati milioiko, gehienez ere) ez zeukala egiaztatu zen.

Analisi mikrobiologikoak agertu zuenez, lagin guztiak egoera higieniko-sanitario onean zeuden.

Honelako gaileten gantza

Gantz azido asegabeak (mono- eta poli-asegabeak) eta aseen arteko zatidurak, elikagaiak lantzean erabili diren gantzen mota gaztigatzen du: indize hori zenbat eta altuago izan, orduan eta gantz-osaketa osasungarriagoa. Zortzi laginetako zazpitan zatidura 1 baino handiagoa denez, gantz ase baino asegabe (osasuntsu) gehiago dute. Salbuespena Virginias laginak erakutsi zuen, 0,64 indizea baitzuen, hots, gantz ase gehien (%61) eta gantz mono- eta poli-asegabe (%30 eta %9) gutxien. Gantzen osaketa osasuntsuena Lu laginak erakutsi zuen ase bakoitzeko zazpi asegabe baitzituen. Fibretten nabarmendu zen hurrengoa (4,96 indizea), alderdi honetan.

Gaileta hauen orea osatzean landare-gantza gehitzen da; koipe horren gantz-azidoen izaera, erabilitako lehengaiaren arabera aldatzen da. Palmondo olioak, esate baterako, (edo bestelakoa, baina hidrogenazio prozesua nozitu ondoren) bestelako landare-olioek baino gantz-azido ase gehiago dauzka.

Lagin bakoitzak dituen funtsezko gantz-azidoen kopurua ere neurtu zen. Funtsezko bi gantz-azidoak, asegabeak eta, hortaz, osasungarriak, linoleikoa eta linolenikoa dira. Fibretten da bai batetik, bai bestetik, gehien daukana. Zortzi laginetatik Gerblé laginak bakarrik agertu zuen kolesterol arrastorik (385 miligramo kiloko), gehituriko arrautza freskoen ondorez.

Zuntzarekin bueltaka

Produktu honen bereizgarri nagusia zuntza izanik, zuntz gehien daukan gaileta Fibretten da: 19,6 gramo zuntz ehun gramoko. Gainontzekoetatik Gerblé nabarmentzen da, guztirako edukiaren ia %17 zuntza baitu; ondotik Cuetara (%12,3) datorkio. Kopuru txikienak Lu (%4,4) eta Marbú (%4,6) laginek aurkeztu zituzten.

Elikadura-zuntzaren definizioa ezaguna da: digestio-entzimen aurkako erresistentzia agertzen dutelako, gure organismoak digeritzen ez duen landarezko polisakaridoen (zelulosa, lignina, hemizelulosa, etab.) multzoa. Elikadura-zuntza disolbagarria edo disolbaezina izan daiteke. Disolbagarria bakterioek hartzitzen dute eta disolbaezina ezin digerituzkoa gertatzen zaie bakterio horiei. Pertsona heldu batek egunean 20-40 gramo zuntz hartu beharko lituzke eta zuntz-iturri behinenak laboreak eta hauen deribatuak (zuntz disolbagarria), fruitu sikuak (disolbagarria eta disolbaezina), fruta eta barazkiak (disolbagarria) eta algak (kalitate bikaineko zuntz disolbagarria) dira.

Zuntza ohiz kontsumitzeak ondorio mesedegarriak izaten ditu giza organismoarentzat, zenbait gaixotasun (hiperkolesterolemiaren ondoriozko kardio-baskularrak, besteak beste) prebenitu eta, areago, sendatu egiten duelako: zuntzak hainbat gantz -kolesterola, adibidez- xurgatu eta, ondoren, gorozkietan kanporatuko ditu organismoak koipe horiek. Idorreriaren kontrako eraginkorra ere bada zuntza. Beste alde batetik, ur ugari xurgatzen duenez, gorozkien bolumena handitu eta libratzera bultzatzen gaituen erreflexua abiarazten du.

Hona zuntzaren beste hainbat eragin mesedegarri: koloneko minbiziaren eta dibertikulosiaren, apendizitisaren, odol-pikoen eta loditasunaren (kaloriarik gehitu gabe, asetze-efektua eragiten baitu) prebentzioa egiten du. Era berean, bakterioek ezin digeri dezaketenez, urdailean luzaroago iraun eta ase-sentsazioa bizikiago sentiarazten du. Era berean, kariesaren prebentzioa egiten du, zuntz asko duen elikagaia gehiago murtxikatu behar denez, listuaren sekrezioa ere joriago bihurtzen da. Eragin mesedegarri hauek gorabehera, ez da komeni zuntz gehiegi kontsumitzea, mineral batzuen absortzioa konplexu bihurtu ez ezik, hainbat nutrienteren (gantz eta bitamina liposolubleak, esaterako) xurgapenean traba egiten du eta.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto