Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Berehalako mezularitza: Atsegin izatetik negozio izatera

Lagunartean berehalako mezularitzak lortutako arrakastak lan munduan ere izan du oihartzunik

 

Berehalako mezularitza programa erabiltzeak, ordenagailua piztea eta lagunak biltzen diren tabernara joatea baliokide egiten ditu. Elkarrizketa konbentzionalak ez bezala, mezularitza programak ez daude diseinaturik ezezagunekin hizketan egiteko, senide, adiskide edo lankideekin biltzeko baizik. Nolabait esateko, komunikatzea berariaz onartua digun jendearekin (edo guk onartua diogun jendeak gurekin) bakarrik aritzeko txat modukoak dira aplikazio horiek.

Soil-soila dute funtzionamendua: erabiltzaileak bere ekipoan sartuko duen programa txiki batean sistema bera daukaten adiskideen izenak ezarri ditu, hau da, zerbitzu horretan alta emanik dauden kideak bere lagunen zerrendan sartu ditu. Hortik aurrera, pertsona horietako bat Interneten sartu dela adieraziko dio alarma batek. Bera agurtu eta berarekin solasean aritzeko aukera izango du orduan, txat konbentzional batean bezala. Zer gertatzen da pertsona horrek, lanpetuta dagoelako, beste inoren deirik jaso nahi ez duenean? Bi aukera ditu orduan: "libre" egotetik "okupaturik" egotera aldatuko da edo, bestela, era ikusezinean sartu ahal izango du. Horrela kideek ez dute ikusiko Interneten sartu denik ere.

Elkarren artean isolaturik

Mezularitza programak era askotakoak dira eta, areago, beraien artean lotu ezinekoak. Bateko erabiltzaileek besteko erabiltzaileekin ezin komunikatu izatearren, gainontzeko internautek baliatu behar dutena ez da aukerarik hoberena, ezagunen artean hedatuena baizik. Atari handietako (AOL, MSN, Yahoo...) bakoitzak berea du eta sistema horri erantsitako zerbitzuen bidetik internautak leial jokatzeko erabiltzen ditu. Horren ondorioz txat eta mezularitzaren arteko muga (hasieran zehatz-zehatza) geroz eta lausoago bihurtzen ari da: MSN Messenger eta antzeko aplikazio batzuek, adibidez, jende berria topatzeko moduko txat aretoetarako ateak zabaltzen dituzte, aplikazio horiek horrelako esparruak erabat egokiak ez badituzte ere.

Gazte jendearen lanabes peto-petoa izatetik, lanerako tresna apropos ere izan daitezkeela frogatu dute programa horiek. Berehalako mezularitza, enpresariek beldurgarri bezain maitagarri duten teknologia horietako bat da. Ondo baliaturik, telefonoa eta posta elektronikoaren artean dago, erdibidean, sistema baten zein bestearen alderdi hoberenak eskainiz: telefonoa bera baino azkarragoa da eta solaskidea ez du behartzen zeukana bertan behera uztera. Komunikabide arin eta merke gisa dabil elkarrengandik urruti dauden lan-ekipoak lotzen. Beste aldetik, enpresako langileak senide eta lagunekin orduak eta orduak hitz aspertuan aritzeko arriskua dago.

Oraingo mezularitza programek zerikusi ahula dute orain dela bost urte zabaltzen hasi ziren haiekin. Testu-oharren joan-etorriak onartzeaz gainera, artxiboak igorri eta jasotzeko, eguraldiaren aurreikuspena ezagutzeko, egunkariko titularrak irakurtzeko edo mintzakideari musu ozen bat bidaltzeko aukera ematen dute gaurkoek.

Etorkizunera begira

Dena den, programa horiek ahalegin bizienak multimedia alorretako aukeretara bideratzen dituzte. Horietako gehientsuenek mikrofono bitartez adiskidearekin hitz egin eta ordenagailuko bozgorailuetatik haren ahotsa telefonotik bezala entzuteko aukera ematen dute. Prezioa gutxienekoa da: konexioarena berarena, deia Zeelanda Berrira egiten bada ere. Eragozpena, berriz, telefonoaren kalitatea erdietsi ezinezkoa izatea gaur egun, ohiko gerorapen eramangaitzek konexioa ezinezko bihurtzen dutelako maiz. Beste horrenbeste gertatzen da bideo kameren (webcam) erabilerarekin: horien irudia, sarri, hartu eta handik segundo batzuetara iristen baita.

Etorkizun hurbilean oso litekeena da berehalako mezularitzako programak mahai gaineko ordenagailutik atera eta etengabe Internetera konektaturik dagoen eskuko ordenagailuan (PDA), esku telefonoan edo automobileko irratian sartzea. Era horretan noiznahi jakingo dugun nor arraio ote dabilen hor eta nahi dugunari enkargu digitalak utziko dizkiogu.

Nahi adina nabigatzeko

  • MSN Messenger
    www.msn.es
    Windows da, egun, etxeko ordenagailu gehien-gehienak eragiten dituen sistema operatiboa; berak, duela pare bat urtez geroztik bere mezularitza-programa osotasunarekin bat eginik dakarrenez, ez da harritzekoa Windows bera izatea erabilienetako bat. Deskonektaturik gaudenean jasotzen diren komunikazioak metatzeko aplikaziorik ez du, bereziki tresna baliagarria bada ere. Horrez gainera, mezu pertsonala ez da agertzen izenaren ondoan, gainean baizik, bera ezkutaturik. Beste aldetik, ordea, aparteko zerbitzu ugari eskaintzen ditu, hala nola mezu laburrak mugikorretara igortzea.
  • Yahoo! Messenger
    www.yahoo.es
    Yahoo!-ren Messenger da, dudarik gabe, osatuen eta hedatuenetako bat. Artxiboen igortze eta jasotzeaz eta audio zein bideozko multimedia-gaitasunaz gainera, albisteak, burtsako mugimenduak eta mundu zabalerako eguraldi aurreikuspenak ere ematen ditu. Yahoo!-ren posta elektronikoa baliatzen duten erabiltzaileek, mezua iristean abisua jasotzen dute; horrela, mezurik ba ote dagoen egiaztatzeko, aldian behin kontuan sartzeko premiarik ez dute.
  • ICQ
    www.icq.com
    ICQ "I seek you" (zure bila nabil) ahoskatzen da. Berehalako mezularitzako estreinako aplikazioa izan zen eta bera hartu zuten gainerako lehiakideek inspirazio iturri. AOL Messenger bezalaxe, hau ere America Online-ren jabetzakoa da baina konpainiak bereiz banatzen ditu, bata eta bestea ezin elkartuzkoak baitira. Gainontzeko sistemetan indarrean ez dauden hainbat alderdi bitxi ere erakusten ditu, solasaldiaren aringarri baina egoera larrien adierazgarri: esaldi osoa bidali ordez karakter guztiak tekleaturik igortzen dituenez, akatsak agerian geratzen dira. Dauzkan hamaika funtziori esker, sistema baliabideen irensle bihurtu da.
  • Jabber
    www.jabbercentral.com
    Teknologia da Jabber, ez programa; horrenbestez, ez dago bertsio ofizial bakarra, jatorrizko protokoloaz programatzaile altruistek eginiko makina bat inplementazio baizik. Zer esan nahi du horrek? Plataforma bakoitzarentzat hainbat bertsio dago (Macintosh, Linux, Windows, Java...) zein bere garapen-fasean: zenbaitek nobedadeak lehenesten dituzten bitartean, beste batzuek egonkortasuna dute helburu. Jabber-en bertute behinena, programa beretik beste sistema batzuetako erabiltzaileekin solasean aritu ahal izatea da. Winjab da Windows-erako bertsiorik ezagunena eta Everybuddy, berriz, Linux-erakoa.
  • AOL Messenger
    www.aol.com
    Espainian ia ezezagun den arren, AEBetan (bertan America Online-k Interneterako sarrera-kuota handia daukanez) AOL-ren Messenger da erabilienetako bat. Bere web bertsioa mantso eta deserosoagoa den arren, arazo bat baino gehiago konponduko du, bera instalaturik ez daukan ordenagailu batetik sistema erabili behar baldin badugu.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto