Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Lagunartean berehalako mezularitzak lortutako arrakastak lan munduan ere izan du oihartzunik
Berehalako mezularitza programa erabiltzeak, ordenagailua piztea eta lagunak biltzen diren tabernara joatea baliokide egiten ditu. Elkarrizketa konbentzionalak ez bezala, mezularitza programak ez daude diseinaturik ezezagunekin hizketan egiteko, senide, adiskide edo lankideekin biltzeko baizik. Nolabait esateko, komunikatzea berariaz onartua digun jendearekin (edo guk onartua diogun jendeak gurekin) bakarrik aritzeko txat modukoak dira aplikazio horiek.
Soil-soila dute funtzionamendua: erabiltzaileak bere ekipoan sartuko duen programa txiki batean sistema bera daukaten adiskideen izenak ezarri ditu, hau da, zerbitzu horretan alta emanik dauden kideak bere lagunen zerrendan sartu ditu. Hortik aurrera, pertsona horietako bat Interneten sartu dela adieraziko dio alarma batek. Bera agurtu eta berarekin solasean aritzeko aukera izango du orduan, txat konbentzional batean bezala. Zer gertatzen da pertsona horrek, lanpetuta dagoelako, beste inoren deirik jaso nahi ez duenean? Bi aukera ditu orduan: "libre" egotetik "okupaturik" egotera aldatuko da edo, bestela, era ikusezinean sartu ahal izango du. Horrela kideek ez dute ikusiko Interneten sartu denik ere.
Mezularitza programak era askotakoak dira eta, areago, beraien artean lotu ezinekoak. Bateko erabiltzaileek besteko erabiltzaileekin ezin komunikatu izatearren, gainontzeko internautek baliatu behar dutena ez da aukerarik hoberena, ezagunen artean hedatuena baizik. Atari handietako (AOL, MSN, Yahoo...) bakoitzak berea du eta sistema horri erantsitako zerbitzuen bidetik internautak leial jokatzeko erabiltzen ditu. Horren ondorioz txat eta mezularitzaren arteko muga (hasieran zehatz-zehatza) geroz eta lausoago bihurtzen ari da: MSN Messenger eta antzeko aplikazio batzuek, adibidez, jende berria topatzeko moduko txat aretoetarako ateak zabaltzen dituzte, aplikazio horiek horrelako esparruak erabat egokiak ez badituzte ere.
Gazte jendearen lanabes peto-petoa izatetik, lanerako tresna apropos ere izan daitezkeela frogatu dute programa horiek. Berehalako mezularitza, enpresariek beldurgarri bezain maitagarri duten teknologia horietako bat da. Ondo baliaturik, telefonoa eta posta elektronikoaren artean dago, erdibidean, sistema baten zein bestearen alderdi hoberenak eskainiz: telefonoa bera baino azkarragoa da eta solaskidea ez du behartzen zeukana bertan behera uztera. Komunikabide arin eta merke gisa dabil elkarrengandik urruti dauden lan-ekipoak lotzen. Beste aldetik, enpresako langileak senide eta lagunekin orduak eta orduak hitz aspertuan aritzeko arriskua dago.
Oraingo mezularitza programek zerikusi ahula dute orain dela bost urte zabaltzen hasi ziren haiekin. Testu-oharren joan-etorriak onartzeaz gainera, artxiboak igorri eta jasotzeko, eguraldiaren aurreikuspena ezagutzeko, egunkariko titularrak irakurtzeko edo mintzakideari musu ozen bat bidaltzeko aukera ematen dute gaurkoek.
Dena den, programa horiek ahalegin bizienak multimedia alorretako aukeretara bideratzen dituzte. Horietako gehientsuenek mikrofono bitartez adiskidearekin hitz egin eta ordenagailuko bozgorailuetatik haren ahotsa telefonotik bezala entzuteko aukera ematen dute. Prezioa gutxienekoa da: konexioarena berarena, deia Zeelanda Berrira egiten bada ere. Eragozpena, berriz, telefonoaren kalitatea erdietsi ezinezkoa izatea gaur egun, ohiko gerorapen eramangaitzek konexioa ezinezko bihurtzen dutelako maiz. Beste horrenbeste gertatzen da bideo kameren (webcam) erabilerarekin: horien irudia, sarri, hartu eta handik segundo batzuetara iristen baita.
Etorkizun hurbilean oso litekeena da berehalako mezularitzako programak mahai gaineko ordenagailutik atera eta etengabe Internetera konektaturik dagoen eskuko ordenagailuan (PDA), esku telefonoan edo automobileko irratian sartzea. Era horretan noiznahi jakingo dugun nor arraio ote dabilen hor eta nahi dugunari enkargu digitalak utziko dizkiogu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa