Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Psikologia

Λ

Gezurra: Beharra eta iruzurraren artean

 

Denok esaten ditugu gezurrak, batzuk gehiago, besteek gutxiago, batzuetan zerbait eginaz eta beste batzuetan zerbait isilduz. Gezurretan gabiltzanean ez dugu pentsatzen dugun guztia esaten, pentsatzen ez duguna edo ez dakiguna baizik; gezurretan ari garenean esaten duguna zuzena ez dela jakin arren, esan egiten dugu. Berezkotasuna haurtzarotik galtzen goazen ezaugarri bat dugu, zintzotasuna ez dela beti posible ezta komenigarri ere pentsatzen hasten garenetik hain zuzen, zintzotasun horrek komunikazioaren hartzailearengan eta igorlearengan ere eragin kaltegarriak izan ditzakeela uste dugulako. Sozialki gezur batzuk hainbat egia ukaezin baino positiboagoak dira: egoera askotan behar bezala zabaldutako gezur batek ondorio onuragarriak izan ditzake, edo gutxienez aringarri izan daiteke; eta ondorioz dikotomia etiko honi buruzko kategoria moralak ezar ditzakegu: egia-gezurra. Honi gehitzen badiogu lehenago edo beranduago denok esaten ditugula gezurrak, edo egia garrantzitsuak ezkutatzen ditugula, gezurra zer den desdramatizatzea komeniko litzateke zentzu gehiagoz eta neurriz aurre egiteko.

Intentzioa garrantzitsua da, eta oso garrantzitsua gainera

Hiztegiak dioenaren arabera gezurra esatea hau da: "egia ez den zerbait esatea, norbait engainatzeko asmoaz". Eta definizio akademikoagoa bilatzen badugu "jakin, uste izan edo pentsatzen den horren guztiz kontrako adierazpena egitea". Honela bada, norbaitek engainatzen ari dela edo nahasten ari dela jakin gabe badihardu ez du gezurrik esaten: bere nahastea besterik ez du ematen jakitera.

Batzuk eta besteok gezurrarekin dugun harremana ezberdina da, eta esaten ditugun gezurrek asko esaten dute gutaz. Badaude gezur errukitsuetara bakarrik jotzen dutenak, edo iruzur garrantzitsua izan gabe emaitza positiboak lortzeko esaten dituztenak, zein gai hutsalei buruzkoak diren gezurrak esaten dituztenak ere. Badaude sarritan gezurrak esaten dituztenak ere, ohituraz garrantzitsuak ez diren gaiei buruz gezurrak esaten dituztenak. Baina ezin ditugu ahaztu noizean behin, baina gogo txarrez esaten dituztenak, inoren kaltea eta norberaren onuraren bila esaten dituztenak hain zuzen. Gainera, badaude gezurrak esan edo beharrezko egiak isiltzen dituztenak ere lotsaz, edo izaeragatik. Azkenik, gezurti patologikoak aipatuko ditugu, komeni zaielako edo baita egiari dioten errespetu faltagatik gezurrak ikaragarrizko erraztasunarekin esaten dituztenak.

Zergatik aritzen gara gezurretan?

Pertsona batzuek ez dute sekula (edo ia sekula ere) gezurrik esaten, baina ez arrazoi etikoengatik beste batzuengatik baizik: norbait gezurretan ari direla ohartuko den beldurrez (honela ez dago gezurretan esandako xehetasunak gogoratu beharrik), harrokeriagatik (nola egingo dut nik horrelako zerbait?). Baina ondo pentsatuz gero, antzeko arrazoiek bultzatzen gaituzte guztiok gezurrak esatera edo pentsatzen duguna edo daukagun informazioa ezkutatzera egoera batzuetan. Bene-benetako egiak momentu desegokian edo desegoki esanda mindu edo amorrarazi egin dezakete norbait.

Egia edo gezurra esatea bezain garrantzitsua da asmoa, zein asmorekin esaten diren biak, bai egia eta baita gezurra ere. Horra hor benetako eztabaida morala. Inori gaitzik egiten ez dion gezur bat edo agian entzuten duenari onuragarri zaion gezur bat mina sorrarazten duen egia baino defendagarriagoa izango da.

Arrazoi asko izaten ditugu gezurretan ibiltzeko: komeni zaigulako, gorrotoagatik, inbidiagatik, egoismo edo beharragatik zein eraso bati erantzuteko... baina jatorria eta motibazioa alde batera utzita, gezur guztiak ez dira berdinak. Gutxien komeni zaizkigun gezurrak geure ekintzen ardurarik ez hartzeko prestatzen ditugunak dira. Eta onargarriak ez direnak kalte egiten digutenak dira, huts egitera eramaten gaituztenak eta hartzailea kalte egingo dioten erabakiak hartzera behartzen dutenak. Gezurraren garrantzia neurtzeko oinarrizko bi parametroak hauek dira: gezurra esatera bultzatzen gaituen asmoa eta horrek sortzen duen eragina.

Ezkutatu eta faltsutu

Egia ezkutatzen duenak solaskidearentzako interesgarria izan daitekeen informazioaren parte bat gordetzen du, baina ez dio egiari huts egiten. Egia faltsutzen duenak, berriz, pauso bat gehiago ematen du informazio faltsu bat ematen duenean benetakoaren izenean. Errazagoa da esaten ez denaren bidez gezurretan aritzea (ez da beharrezkoa egiazkoak ez diren istorioak asmatzea, eta harrapatzeko aukera gutxiago dago). Sozialki gezur mota hau ez da hain zentsuragarria, benetako gezurra bezain kaltegarria, edo agian kaltegarriagoa eta moralik gabekoagoa izan arren. Solaskideari informazio garrantzitsua ematen dioten emozio edo sentimenduak gordetzen direnean ere gezurretan ari gara interpretazioan akatsa sorrarazi edo egokiak ez diren ekintzak egitera bidera baitezakete.

Geure buruarekin ere gezurretan aritu gaitezke arduraren bat hartu nahi ez dugunean, arazoren bati aurre egin behar diogunean edo sentimendu edo emozio bat adierazteko zailtasuna dugunean. Norbere buruari esandako gezur horrek lehenago edo beranduago ingurukoei gezurrak esatera bultzatzen gaitu. Gezurrak esateko beste modu bat "egia erdiak" (gezurtiak egiaren parte bat ukatu egiten du edo egiaren zati bat besterik ez du esaten"), eta "egia maltzur edo bihurriak" esatea da; hau da, egia esatea baina hain modu handitu edo ironikoan, solaskideak ez baitu egiatzat hartzen.

Gezur mota ezberdinak

Zentzuzko gezurrak interes zehatz bat du, gaiztoa da eta kalte edo min egiteko esaten da. Emoziozko gezurrean esaten edo egiten dena ez dator bat pertsonaren egoera emozionalarekin. Eta portaerazko gezurrean ez garena garela adierazi nahi izaten dugu: gazteago garela, hobeto informatuta gaudela, hain zaharkituta ez gaudela... Baina beste gezur mota batzuk ere badaude: esamesak, zurrumurruak, gezur errukiorrak. Gezurtiak ez du adinik eta gezurrak bizitzako ziklo guztietan esan daitezke. Ikus dezagun zer dion D Vries-ek: " Bere fantasiak errealitatearekin nahasten diren neurrian izaten da haurra gezurtia. Nerabeak errealitatera hurbildu eta frustrazioak topatzen dituenean jotzen du gezurrak esatera; gazteak, berriz, bere kontra datozen egiei aurre egiteko gai ez delako. Nagusia bizitzak jarri dizkion oztopoak gainditzen ez dituenean egiten da gezurti, eta inoiz izan ez den irabazlea dela adierazi nahi duenean. Eta adinekoak bizitzan egin dituen akatsak barkatzen ez dituenean esaten ditu gezurrak.

Gezurrarekin dugun harreman hau (zenbatean behin esaten ditugun gezurrak eta zein mailatakoak diren) gure ardura eta sendotasuna neurtzeko baremo gisa ikus dezakegu frustrazioei nola aurre egiten diegun jakiteko, eta gure bizitzan jarrera eta portaeretan koherentzia agertzen dugun jakiteko.

Gezurra eta konfiantza

Konfiantzan oinarritzen dira gizakion harremanak. Gizakion arteko harremanak ez luke konfiantzarik beharko gardenak izango bagina, baina ez gara: gure intimitatea guztiz ezagutzera ematean elkarrizketa oztopatuko luketen asmoak egongo balira, harreman soziala murriztuko litzateke. Komunikazioko protokolo batera jotzen dugu denok, eta itxura egitea, disimuluan aritzea eta gezurra -errekonozitzea kosta egiten den arren- hitzarmen honetako oinarrizko osagaiak dira. Ez gara baten aurrean bezain zintzoak besteen aurrean, hori horrela da. Denok gara pixka bat opakuak besteen aurrean. Zintzotasun handiagoak ez du konfiantza gehiago ematen. Informazioa boterea da: norbaiti buruz dena jakitea jabetza mota bat da. Eta kidetasuna eta maitasunaren sakontasuna elkarren barne-barneko ezagutzaren bidez eta solaskideen artean dagoen konfiantzarekin neurtzen dira. Konfiantza oinarrizkoa da elkarkidetzan nagusi baita. Beharrezkoa zaigu, baina gure irizpideen arabera kasu bakoitzean beharrezkoa dena erabiltzen dugu. Beste pertsona batekin komunikazioa hasten dugunean konfiantza puntu bat jarri behar dugu berarengan, pertsona horrekin dugun inplikazioa eta loturaren termometro dena. Bestearengan konfiantza izateak fidatzea esan nahi du. Norbaitengan fidatzeak engainatua izateko aukerarik ez daukagula edo aukera hori txikia dela esan nahi du. Sinesgarriak izatea nahi badugu, besteen konfiantza izan nahi badugu, gezurra zein engainua alde batera utzi beharko ditugu. Besteen aurrean dugun sinesgarritasuna erraz hauts daitekeen altxorra da, eta ez da betiko, ekintza bakoitzean, elkarrizketa bakoitzean eguneratu eta gainbegiratu egiten baita eta konfiantzaren froga bihurtzen baita etengabe. Gutako bakoitzaren ardura da gure harremanak egian oinarritzea, baina honek ez gaitu intimitate osoa ematera behartzen. Gezurrak kalte egin diezaioke hartzaileari , baina azken batean, gezurtiari berari egingo dio kalterik handiena, ez fidagarri bihurtzen baita eta sinesgarritasuna galtzen baitu. Esaera zaharrak dioen bezala: "Gezurtiaren egia, egia zalantzagarria".

Gezurrari buruzko egia batzuk

  • Gezur mota asko dago: batzuk komenigarriak izan daitezke, baina zuzenena ahalik eta gezur gutxien esatea da.
  • Engainatzeko asmorik ez badago ez dago gezurrik.
  • Bultzatzen gaituen asmoak eta horrek sortzen duen eraginak gezurraren larritasuna definitzen dute.
  • Gezurra, entzuten duenarentzat bezain kaltegarria da esaten duenarentzat.
  • Batek beste bat dakar,eta besteekiko harremanetan eragina izan dezake (beti kaltegarria izango da).
  • Gezurtia zalantzatsua da, edo berekoia edo axolagabea edo heldutasunik gabea. Edo dena batera.
  • Norbere burua engainatzea da gezur motarik kaltegarriena. Ez garena garela erakutsi nahi badugu, eta ez garen bezalakoak azaltzen bagara ez dugu jakingo geu edo geure buruaz egin dugun irudia maite ala mespretxatzen duten.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto