Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Chus Gutierrez, zinema-zuzendaria: "Inmigrazioaren gaiarekin gure lehenaldia ezabatu nahi izan dugu, baina ezin dugu etorkizuna alde batera utzi"

 

"Ni neu emigrantea naiz. Emigratzen hasi nuen bizitza. 8 urte nituela, Granadatik Madrilera etorri nintzen familiarekin. Ama oso emakume borrokalaria zen, eta beti hegoak eman nahi izan zizkigun hegan egiteko. 17 urterekin Londresera joan nintzen ingelesa ikastera. Gazteek kezka handiak zituzten garaia bizitzea egokitu zitzaidan. Franco hil berri zen, eta Espainia aldatzen ari zen. Ingalaterratik itzuli eta ustekabean irudia eta soinua ikasten hasi nintzen. Zinema ikasi nahi nuela erabaki nuen. New Yorkera joan eta Chochonis taldean jardun nuen, egun hain modan dagoen flamenco-rap musika mota eginez. Itzuli egin nintzen. Joaquín Jordárekin hasi nintzen lanean, Monos como Becky izeneko dokumental biziki hunkigarriaren egilearekin, hain zuzen. Nire lehen film luzea zuzendu nuen, Sublet. Ondoren etorri ziren Sexo Oral, Alma gitana eta Insomnio, eta orain Poniente."

Chus Gutiérrez da bere bizitzara eta berau ulertzeko modura hurbiltzen gaituena. Zinema-zuzendari honek ("ez idatzi zinema-zuzendari gaztea, ez naiz ez gazte, ez etorkizun oparoko. Ez nator bat gizartean behin eta berriz gaztetasuna meritu gisa eta heldutasuna, berriz, demeritu gisa jotzearekin") gustura hartu du parte Madrilgo literatur kutsu handiena duen kafetegian elkarrizketa modura hasi eta lagunarteko solasaldi bilakatu den honetan. Gustuko du hitz egitea, pentsamenduan arakatzea eta solaskideari adieraztea, begirada garden, arrazazko eta liluragarriarekin zuzenduz.

Sendo eusten dio Munduaren ideia humanistari (muga mentalak aitortzen dizkio soilik) eta, horrela, Poniente bere azken filmean (Veneziako jaialdian Espainiako ordezkaritza txalotuaren film bakarra) ezohizko bezain egunerokotasunez eta sinbologiaz betetako leku batera eramaten ditu ikusleak: Andaluziako lurretan beren herrialdeko pobrezia endemikoaren ordez etorkizun gizatiar eta erosoagoa bilatzen duten milaka inmigranteek landutako berotegien barrualdeak.

"Testuinguru sozial bateko drama erromantikoa", halaxe definitzen zenuen zure filma zinemazaleekin egindako txat batean. Egia esan, pertsonaiak mugitzen diren markoa izugarri errealista da eta errebindikazio-eduki handia du; baina maitasuna al da beti gehien hunkitzen, interesatzen eta berotzen gaituena?

Maitatzeko beldurra duten pertsonaien deserrotzeak gainerako ekintzak katalizatzeko balio du. Jendeak beldurra albo batera utziko balu eta begietara begiratzea nahiko balu, nolabait ere bestea ere badela ulertuko luke. Gainerakoen aurpegia gurearen ispilu dela ulertarazi nahi da; horrela, beharbada beldurra uxatuko genuke. Inmigrante bezala gure herrira etortzen diren pertsona guztiak geure isla dira. Euren begietan begiratzeko gaitasuna, indarra edo asmoa izango bagenu, gu beraiek bezala garela eta beraiek gu bezala direla ohartuko ginateke. Arazo bat dugu, izan ere uko egin diogu memoria historikoari. Orain dela oso gutxi arte, nahiko herri miserablea ginen. Gogora ekarri nahi badugu, gainerakoekin aurkitu gaitezke. Baina, horretarako, begiratu ahal izateko, beharrezkoa duzu maitatzea eta beldurra albo batera uztea.

Arazoak mundu-mailako dimentsioa dauka. Uhartean jazotzen dena (bertan garatzen da filma) Europako metropoli bateko edozein hiri, herri edo auzotan gerta daiteke. Gatazka desberdinarekiko beldurragatik sortzen da, memoriaren galeragatik: emigrante izan zirenek ahaztua dute hori. Filma Almerian filmatu izanak -horrek ez du korapiloa definitzen, soilik kontestualizatu egiten du- gertaera bat sinbolizatzen du: lurralde hura jendez hustu zen, basamortua jada ez zen soilik fisikoa: lurralde ez-emankorra izaki, bertako biztanleek abandonatu egin zuten. Orain, lur horren emankortasuna artifiziala da, plastikopean dago eta lekuari ez dio bizitzarik oparitzen. Lehortasunari eusten dio, baina orain aberastasuna eskaintzen du, modu kaotiko eta azkarrean. Eraldaketa honek Oeste amerikarra dakar gogora, baina ez dauka aukeren lurralde ikusmolderik. Oso ironikoa da emigrazio-leku izatetik inmigrazio-leku izatera pasa izana, baina tristeena da ez dugula hori horrela denik ulertu nahi.

Espainiako zinema-aretoek zergatik ematen dute Europako hain film gutxi?

Ez daukagu zinema-mota hau ikusteko ohiturarik. Zine britainiar gutxi ikusten dugu, are gutxiago italiarra, eta ezer ere ez alemaniarra; hitz batez, ez dugu Europako zinerik ikusten. Zinemagintza frantsesa da zinema-aretoetan errazen sartzen dena, industria honekiko duen berezko ikuskera dela-eta: arlo horretan Europako indartsuenak dira, oso ondo antolatuta daude eta beren proiektuak laguntzen dituen zinema-politika dute. Hala ere, ezin dugu begien bistatik ezkutatu zinema-areto komertzialetan ematen den zinema errentagarria izan behar duen negozioa dela.

Ez al dago erakundeen aldetik ekimenik Europako Batasunaren barruan komunitateko filmen banaketa sustatu eta, horrela, errentagarritasunera eramateko?

Ez. Pantailako kuota ezabatzea akatsa izan da: neurri egokia edo ez, eraginkorra edo ez izan zitekeen, baina borondate onaren erakusgarri zen behintzat. Kontua da Europako filmek (eta berekin Espainiakoek) Titanic baten aurka dihardutela, Estatu Batuetako industriaren (herrialdeko bigarrena) aurka, hain zuzen. Desoreka nabarmena da; kontua ez da gidoi bikain bat zuzendu, interpretatu eta prestatzea, hitz batez, sortzea; handiki baten merkatu estrategiez, plan industrializatuez, banaketa-politikaz ari gara; esaterako, zinema-areto batek arrakasta handiko filma ematen du, komertziala, promozio-aurrekontuak produkzioarena gainditu edo berdinduta. Areto horrek produkzio-etxe edo enpresa banatzaile beraren bizpahiru film emateko obligazioa dauka: batere interesik ez duten filmak, baina zinema-aretoak betetzen dituztenak dira.

Eta sarritan ikusle gehienen babesa jasotzen dute, gainera...

Gustukoak izan edo ez, eta promozioa alde batera utzita, komunikabideek eragin handia dute. Poniente Veneziako Jaialdiko lehiaketarako parte hartu zuen Espainiako film bakarra zen. Antolatzaileek hautaketa zerrenda igorri zutenean, zenbait komunikabidek "lehiaketarako film espainiarrik ez" izenburua erabili zuten. Gu han geundela sinestarazi behar izan genion prentsari. Venezian egon ginen, emanaldia zirraragarria izan zen eta ikusleek berotasunez hartu zuten. Horrek ez zuen erantzunik izan gure hedabide gehienetan, zutabe labur bat idatzi zen soilik. Aste hartan bertan, edizioek Harrison Ford-en Veneziako Jaialdiko argazki bati eman zioten lehentasuna.

"Zinea jostailu garestiegia da entretenimendura mugatzeko" zioen, orain dela gutxi, Fernando León-ek ( Los lunes al sol, Barrio, Familia). Bat al zatoz berarekin errealitateari lotutako zinema -pentsatzea eta hausnartzea eragiten duena- ikusleari ihesbiderako zinema hutsalena bezain entretenigarria gerta dakiokeela dionean?

Zine ororen xede da ikuslea zerbitzatu eta atsegin eragitea, entretenimenduaren bidez edo hausnarketak proposatuz, bere balio eta bizi-esperientziekin enpatizatuz, edo barre-algara edo beldurra eraginez. Horretarako, zeinahi ere den bere asmoa, erabiltzen duen hizkuntzak erakargarria behar du izan. Garrantzitsuena da zinea ona izatea eta, horrekin lotuta, zine konprometitua aspergarria delako ideia gainditzen hasiak gara. Baina sortzaileok ez gara politikari; batzuetan bat gatoz beraiekin, gizartetik hartutako gaiak partekatzen ditugu, baina ez dugu horiei soluziorik emateko asmorik; alabaina, fikziozkoak diren emoziozko erantzunak proposa ditzakegu; izan ere, zinema fikzioa da, baina horrek ez dio batere konpromisorik kentzen, esku hartu eta gure ikuspuntuaren arabera epaitzen baitugu. Baina ez goaz haratago. Zinema entretenimendua da, hori ez da ahaztu behar.

Zurea bezalako filmeekin badirudi zinema herrikoi mota bat -soilik elite kulturalentzako egokia den handikeria intelektual edo bakartze artistikorik gabea- berpizten ari dela, zirrara eta entretenimendua eragitea bilatzen duena, gauzak arazoz, diskriminazioz, bidegabekeriaz betetako testuinguru batean gertatzen direla ahaztu gabe.

Aspaldidanik, oso zabala da Espainiako zinemagintzaren eskaintza. Komedia, ihesbiderako zinema, drama eta ekintzazko zinema egiten da. Zuzendariek ideiak, gaitasuna eta profesionaltasuna dituzte; eta, batzuetan, proiektuek takillan ere funtzionatzen dute. Nolanahi ere, ikusleak ez du zinema herrikoiaren alde egiten, nahiago du ikuskizunezko zinema. Hori ez da berez kritikagarria, konturatu behar gara jendeak ez duela bizitzaren alderdi grisa gogorarazten dion errealitaterik ikusi nahi; hala ere, zineko hizkuntzaren magia hain handia da ezen, zenbaitetan, soilik dibertsio edo entretenimendurako ez diren filmek ere ikusle gehienen arreta erakartzen baitute.

Ba al da oraindik Poniente bezalako edo Sexo Oral bezalako aurreko zenbait obra hain deseroso, alternatibo eta errealistetan dirua arriskatzeko prest dagoen produktorerik?

Sexo oral filmean, bai: neronek ekoitzi nuen. Baina oso zaila da arriskatuko den produktorerik aurkitzea. Poniente ia ez zen egin, eta egin bazen bere alde egin nahi izan zuen pertsona ausart bati eskerrak egin zen. Industriari ez zaizkio horrelako produktuak interesatzen -funtzionatzen dutela erakusten den arte, hori ere gertatzen baita-, izan ere, ikusleak konpromiso maila bat eta norbaiten alde egitea bultzatzen ditu, eta, beraz, film deseroso bilakatzen dira.

Maitasunak, iraganarekiko zorrak, deserrotze pertsonalak eta nortasunarekiko gatazkak markatzen dute zure azken filma.

Jendeak asko bidaiatzen duela esaten denean, nola egiten duten galdetzen diot neure buruari: autobusetik jaitsi eta oroigarriaren aurrean argazkia ateratzera mugatzen al dira? Espainian gertatzen ari dena kultura-aniztasunaren gutxieneko adierazpena da. Paris, Londres edo Amsterdam-ek leku guztietako jendea elkarrekin nola bizi den erakusten dute, edo horrela izan dadin ahalegintzen dira, behintzat. Izan ere, nahiz eta gure lehenaldia ezabatu nahi izan dugula iruditu, ezin dugu etorkizuna albo batera utzi. Datozen belaunaldiek ez dute arazorik izango Murtziatik Manchesterrera aldatzeko, bertan lanpostu ona eskaintzen badiete edo konpromiso pertsonala badute, baina ez emigrazioaren ikuspegitik, mugak, mapetako lineak saihestetik baizik. Nahikoa dira-eta zazpi ordu kontinentez aldatzeko, eta segundo bat Interneten sartu eta munduan zabaltzeko...

Emigrazioa ez da inoiz erraza izan.

Gizabanakoari aitortu behar zaion lehen gauza bere duintasuna da. Inmigrazioarekin galdu egiten du, eta horrek inmigranteengan frustrazioa eragiten du. Gero dator nortasun kulturala, izan ere, nahiz eta mundua gero eta polarizatuago egon, ez dira arrazoi antropologikoak, gai ekonomikoak baizik, desberdintasunak ezartzen dituztenak. Ez da hain garrantzitsua hizkuntza, aurpegiera edo ohitura desberdintasuna; pastela gehiagoren artean banatu behar delako sortzen da beldurra eta, ondorioz, halako jabetza-sentimendua errotu da ezen gurea omen den zatia babestera eramaten gaituen.

"Telebistan lan egitea estresagarria da oso eta ez du nire lanean jarri nahi izaten dudan poesiarik, nahiago dut zinema". Zure hitzak dira. Bateraezinak iruditzen al zaizkizu poesia eta telebistako hizkera, edo uste duzu soilik telebista audientzia share delakoen presiora behin betiko makurtu dela?

Telebistak jendea erakartzeko ahalmen izugarri dauka. Nik zuzendu nuen Ellas son así telesaileko kapitulu bakar bat lau milioi ikuslek jarraitu zuten, eta nahiz eta maila horretara iristen den filmerik ia ez izan, zalantzarik gabe nahiago dut zinema. Produktu mota horiek zuzentzea ernagarria da lehenengo egunetan edo une jakinetan, lau kamerarekin filmatzeko aukera ematen dizu; hala ere, kapituluek aurrera egin ahala, sormena murriztu egiten da, ez da aberasgarria, lan egiteko modu oso mekanikoa da. Nolanahi ere, telebistarik ikusten ez dudan arren, aitortzen dut noizean behin kalitatezko produktuak eskaintzen direla. Cuéntame, zalantzarik gabe, horren adibide dugu; proiektu arriskutsua izan zen, nahikoa lan izan genuen abian jartzen, baina arrakasta izan du: arriskutsuak diren gauzek ere funtzionatzen dutela erakusten du.

Interesgarria da Poniente-ren promozioa: Internet bidez egin da, eta filmeko zuzendari, produktore eta aktoreek ikusleekin topaketak izan dituzte.

Internetek informazio eskuragarria eskaintzen du eta ideiak trukatzea ahalbidetzen du. Iritzia eman edo soilik hitz egin nahi duten pertsonekin egindako topaketa hauetan freskotasuna, berehalakotasuna eta naturaltasuna izan dira nagusi; eta gustukoa dut, ia hitz egiten ez delako; bazkari bat oso-osorik pasa dezakegu lagunekin elkarri huskeriak kontatzen, gainerakoengan interesik piztu gabe, soilik denbora betez. Gustuko dut Internet: ordenagailua hotza izan arren, topaketa horietan berotasuna lortzen da. Paradoxikoa da baina, makina eta sistema honek, askotan, topaketa pertsonal batek baino gehiago gizatiartzen dute.

Badirudi zure hitzen bidez makinek gizatasuna kendu behar zigutela zioten iragarpenak kontraesanean jartzen direla. Ez zuten etorkizuna asmatu. Aurreratu al diezagukezu zeri buruzkoak izango diren zure etorkizuneko lanak?

Nire hurrengo proiektua zientzia-fikziozko filme bat da, liluratu egiten nau genero horrek. Etorkizunaz amets egiteko aukera ematen dizu, eta zoragarria da eginda ere ez dauden galderei erantzutea.

Zure aurreko filmetako intimismotik eta Espainiako produkzio ohikoenetik ere oso urrun dagoen proposamena egin diguzu orain.

Konplexuak gainditzen ari gara. Calparsororen Guerreros bezalako gerra-filme bat egin dezakegu, eta baita zientzia-fikzioa ere. Ni neu saiatuko naiz.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto