Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Dutxarako zortzi gel: Denetan garestiena, larruazala gutxien hidratatzen duena da

Bere burua hidratatzaile gisa agertzen duten arren, bertan 15 minutu egon ondoren lagin guztietako bakar batek ere ez du larruazala hidratatzerik lortu

Oraingoan 750 ml-ko ontzietan (zazpi lagin) eta 400 ml-koetan (lagin bakarra) merkaturatzen diren bainurako zortzi gel aztertu dira. Horien prezioak, litroko 2,65 eurotik (S3) 7,75 eurora (Dove) doaz: honen kostua, bigarren garestienaren (Heno de Pravia) prezioaren halako bi baino handiagoa, alegia.

 

Gel baten eginkizun nagusia, hautsak eta zelula hilak larruazaletik garbitzea da, batetik, eta gehiegizko gantz eta izerdia kentzea, bestetik. Aldi berean, ez du larruazala narritatu edo lehortu behar eta, biskositate hobezina agertzeaz gainera, urez erraz ezabatzeko moduko apar ugari sortu behar du, gizakiaren larruazalaren pH-tik (5,5) gertukoa izanik.

Zortzi gel horietan kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Palmolive laginak (bigarren merkeena) erakutsi zuen, osoko baloraziorik hoberena ez ezik, proba analitiko batzuetan emaitzarik onenak lortu zituelako, S3 laginarekin batera (denetan merkeena). Hidrogenesse ere aukera polita da.

Laborategiko azterketez gainera, bi sexuetako eta adin askotako 54 gizaki helduk probatu zituzten zortzi laginak. Gelaren itxura, kolorea eta usaina, sortzen duen aparra, garbitu ondoren larruazalak duen usain eta leuntasuna, urez garbitzeko erraztasuna eta erabiltzaileak atzemaniko hidratazio-sentsazioa baloratu ziren proba hartan.

Osoko puntuaziorik hoberena (7,5 puntu, 1etik 9rainoko eskalan) Dove laginak erdietsi zuen, ondoren Lactovit zetorkiola (7 puntu). S3 laginak eraman zuen kalifikazio okerrena (5,5 puntu), ondotik Natural Honey etorri zela (5,7 puntu). Dove markakoak irabazi zituen kalifikazio hoberenak itxura eta kolore, urez garbitzeko erraztasun eta hidratazio-sentsazioan; S3 izan zen erabiltzaileei hidratazio-sentsazio ahulena transmititu ziena. Lactovit (7 puntu) eta NB (6,8 puntu) ongi balioztatu zituzten kontsumitzaile horiek.

Atzemaniko hidratazioa eta egiazko hidratazioa

Nolanahi ere, proba praktikoan esku hartutakoek atzeman zuten hidratazioa eta egiazko hidratazioa neurtzeko laborategian eginiko azterketetakoak ez datoz bat: laborategian S3 gertatu zen laginik hidratatzaileena, eta Dove okerrena. Neurtze analitiko hori egiteko, sei erabiltzailerekin test bat egin zen: bi besoetako hidratazioa larruazaleko geruzetako hidratazio maila neurtzen duen korneometro aparatuarekin egiaztatu zen, produktua aplikatu aurretik eta ondoren. Egiazko hidratazioa produktua larruazalean ordubetez utzi zen kasuetan bakarrik gertatu zen adierazgarri; aurreneko hamabost minutuetan, berriz, lagin bakar batek ez zuen erakutsi eraginkortasun-atalasez (3 puntu) gainetiko hidratazio-ahalmenik. Areago, ordubetea igarota ere, Dove eta Johnson's laginak ez ziren atalase edo muga horretara iritsi.

Laburbilduz, erabilera konbentzionalean (minutu gutxiko dutxan) produktu horiek ia-ia ez dira hidratatzaile. Ikusi batera, erabiltzaileen sentsazio subjektiboa eta laborategian eginiko proba zientifikoagoak (gizakietan ere eginikoak) harturik, elkarren kontrako diruditen datu hauen zergatia erraz azaltzen da: hidratazio pertzepzioan, sustantzia leungarri eta lubrifikatzaileek dute eragin handia, nahiz benetako hidratazioarekin zerikusirik ez izan, hauen efektuek okerreko bidetik erraz eraman gaitzaketen arren.

Elementu nagusiak

Gel horien oinarrizko elementua detergentea da, tentsioaktibo anionikoez osatua. Eragile horiek larruazala lehortu egin dezaketenez, beren eragina orekatzeko leungarri diren bestelako eragileak (polimero kationiko, silikona eta tentsioaktibo batzuk) ere baliatzen dira formuletan: hauek, okerreko hidratazio-sentsazioa transmititzen diote erabiltzaileari. Bestelako osagaiak ere eransten zaizkio, produktua opakuago bihurtzeko, nakar distira emateko, loditasun edo biskositatea orekatzeko, aparra egonkor bihurtzeko, bitamina, kontserbatzaile eta gelaren itxura, pH-a edo egonkortasuna hobetuko duten bestelako aditiboak, etab.

Gel batek zenbat eta materia organiko gehiago eduki, orduan eta sustantzia eragile gehiago izango ditu. Johnson's laginak eraman zuen alderdi honetako balorazio hoberena (%22 materia organiko) eta S3 (%13), aitzitik, beste muturrean ageri zen. Johnson's laginak dauzka aparra egonkortzeko eragile, detergente eta leungarri gehien bere formulan.

Tentsioaktibo anionikoak (eragile detergenteak, bestela esateko) ugariago dira Heno de Pravia (%13) markakoan. Formularen biskositatea doitzen duten sustantzia mineralak (kloruroak), berriz, ugariago dira Hidrogenesse (%2,4) laginean; Lactovit, Johnson's eta Dove markakoen edukia ozta-ozta iristen da %0,8ra.

Giza larruazalaren antzeko pH-a

Gel baten pH eredugarriak gizaki osasuntsuaren larruazalaren berezkotik gertuenekoa izan behar du (5,5), hura ez eraldatzeko. Era horretan larruazalaren arazoen prebentzioa egiten da, babespenezko geruza zaindu egiten delako. Heno de Pravia, Lactovit eta Natural Honey maila egokien horrez gainetik agertzen dira.

Biskositateaz ari garela, ezinbestekoa da, baina ez larregi (gelaren irteera galaraziko luke horrela), ez urri edo likidoegia (produktua dosifikatzea eragotziko lukeelako): 5.000 eta 10.000 zentipoise (cps) bitarteko biskositateak egokitzat hartu izan ziren gure azterketan. Tarte horretatik kanpo zeudenez, hiru lagin ez ziren zuzentzat jo: Hidrogenesse eta Heno de Pravia, azpitik zebiltzalako, eta Dove, gainetik.

Hona begi bistan erraz hauteman daitekeen kalitate irizpideetako bat: apar ugaritasuna eta gela urez garbitzeko erraztasuna. Apar bolumena neurtzeko, 15 gramo gel nahasi ziren litro bat urekin, 50º C-ko tenperaturan. Johnson's izan zen apar gehien sortu zuen lagina (486 ml.). Beste muturrean, S3 laginak 421 ml. baizik ez zuen osatu. Apar horren egonkortasuna frogatzeko, osatu zenetik bost minutura zenbateraino urrituta zegoen neurtu zuten. S3 laginak erakutsi zuen aparrik egonkorrena eta Hidrogenesse markakoak, berriz, ahulena.

Hidratazioa

Gizakiari dagozkion zergatien (zahartzea, estresa, botika jakinak hartzea, okerreko elikadura, gaixotasuna) edo bestelakoen (kalefakzioa, kutsadura, tabakoa, aire egokitua, giro lehorra, eguzkitan ordu asko ematea...) ondorioz lehor daiteke bere larruazala.

Larruazaleko geruzak berez hil eta sortzen dira, etengabe. Zerrenda sakonenetan sortzen dira zelulak eta, lau aste irauten duen prozesuan, barrutik azalerantz bultzatuak izango dira. Hortik bi astera, kanpoko geruza aldatu eta erori egingo da (ezkatak edo zahia). Gizakia zahartu ahala, azala berriztatzeko gaitasun hori geroz eta ahulago bilakatuz doanez, sakoneneko geruzak (bertan zelula zaharrak, urik gabekoak dautzala) loditu eta gogortu egiten dira, zimurrak ugalduz. Prozesu hori ezin saihestuzkoa bada ere, arindu egin daiteke, larruazala ahalik eta hidratatuen mantenduz. Horregatik komeni da dutxako gelak, hidratazio-sentsazioa transmititzeaz gainera (hori, leungarriak baliatuz sortu egin daiteke), barreneko zelulak hidratatzea.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto