Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Beroak eraginiko higadura nozitu ondoren, neguari aurre egiteko energiaz hornitu behar dira landareak
Gainean dugu udazkena, alderdi batzuetan uda parteko bero eta lehorretik negu aldiko hezetasun eta hotzerako iragapide: urte sasoi horretan pilatzen da seguru aski lanik gehien. Aste horietan landare eta loreek, neguteari eta nozituko duten hainbeste aldaketari aurre egiteko behar bezala prestaturik agertu beharko dute. Eragiketa garrantzitsuenetakoak, garaiko kimaketa edo inausketa eta ereintza izanik, arreta berezia eskatuko digu lehortearen eraginez gehien kalteturiko aleak suspertzeak. Landareak hiltzearen zergati behinena sustraien endekapena da, ur gutxiegi edo gehiegi izan dutelako: kasu batean zein bestean, egunik kritikoenak ekinozio ingurukoak izaten dira. Irailekoan, uda amaierarekin batera, oporraldietako itzulera egokitzen da. Berriro etxerakoan errealitate mingotsa izango dugu aurrean: atseden hartzea eskertu zuen zaintzaileak, baina landareari kalte egin dio.
Lorezaintza alorrean sekulako aurrerakuntzak ezagutu eta teknologia landareen munduan ere sartu den arren (garastatzea antolatu eta tantoz tantoko sistema erabiltzea ahalbideratzea, esate baterako), oporraldietatik etxera itzultzean ez da harritzekoa izaten landareren batek itxura zimela azaltzea. Hosto horixka, idorrak, enbor zuritua, orrigabetua, lur lehor eta zartatua... horiek denek atalen bat hilik dagoela adierazten digute: gaitza arinduko bada, kimatzeko guraizeak hartu eta sufritu duten alderdiak bakarrik arreta biziz kendu beharko ditugu. Landareak idorte-sintoma nabarmenak agertzen baditu -lurrean hatza sarturik hautemango dugu hori, azaleko zentimetroek engainatu gabe, horietan pausatzen baita hezetasuna barrura sartzeke- eskuzabal garastatu beharko dugu behin eta birritan, putzurik inola ere egiten utzi gabe. Kontraesana badirudi ere, gehiegizko ura ere kaltegarri gerta dakioke landareari. Horrelakorik jazotzekotan, erantsi turba lehorra. Gogoan izan, nolanahi ere, lurra ondo lehortu arte ez dugula ostera garastatu behar.
Bai hotzak bai beroak, biek ere energia erauzten diote landareari. Oso litekeena da, uda ondoren sustraia mindurik dagoelako, beste lur batera aldatu behar izatea. Ez ahantzi eragiketa horretan sustraiek heze egon behar dutela; beraz, lur edo ontzi batetik atera dugun egun horretan bertan beste batean ezartzea ezinezkoa bada, landarea eguzki eta haizetik babestu beharko dugu, turbarekin edo plastiko hezeekin estaliz. Landarea bere espazio berrian kokatutakoan, blaitu sustraiak eta, hortik aurrera, garastatu arreta handiz, berriro lehor ez daitezen. Hurrengo egunetan arreta handia jarri beharko dugu, inondik ere gehiegi ureztatu gabe: soberako urak sustraietan putzua egin eta landarea ito egin dezake.
Irailean ere tenperatura polita izaten dugunez, lorategiak eder-eder agertzen dira oraindik. Dena den, gaua fresko izaten da eta eguna urratzean ihintza agertzen da belarretan. Eragin mesedegarria du horrek landare eta loreetan, beroak eragindako higidura-aldi latzaren ostean landarezkoek neguteari aurre egiteko beharrezkoak dituzten freskotasun eta indarrez hornitzen direlako. Gogoan izan ditzagun espezie bakoitzaren bereizgarriak, egun horietan bizi-jarduera edo atsedenaren onuraz ari gaitezen. Egoera baten edo bestearen mesedetan aski da sarriago garastatzea (edo ez garastatzea) eta ongarri ugari (edo bat ere ez) botatzea. Zimeldutako loreak inausten baditugu, berrien sorrera lagunduko dugu.
Hil honetan lorategia garbi edukitzen eta landareak neguari aurre egiteko prestatzen ahalegindu behar dugu. Hona sasoiko lanak, gutxi-asko:
Biziari heldu egiten dio landareak: uda parteko gure utzikeriak dezente endekatu duela adierazten badigu ere, gehienetan gaixotasunak sendatu egin daitezke. Beharrezkoa duena ura, garbiketa edo lur berria baldin bada, eskakizun horiek beteko dizkiogu. Baliteke, ordea, gaitzak sakonagoak izatea, landarearen hondamena gaitz-eragileek (onddoak, bakterioak, birusak...) sortua delako.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa