Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Juan Luis Arsuaga, paleoantropologo eta Atapuerca-ko aztarnategiko zuzendari-kidea: "Zientziak aztertu egiten du gizakia, eta ez harengandik urrundu"

 Homo ergaster-en ondorengo eta Heandertalen asaba izaki, gure arbasoen lehen populazioak Europara duela 800.000 urte inguru iritsi ziren. Haien existentzia frogatua zuen zientziak, haien lanabesen, ehiza-azturen eta arte-adierazpenen berri egiaztatua zuen, baina behinolako izaki haien aurpegia ez zuen ezagun oraino. Lehen argazkia 1992an atera zieten Agamenon eta Migelon-i: horrelaxe bataiatu zituzten Europako historia berridazteko balio izan duten Atapuercan bilaturiko bi hominidoen burezurrak.

Aurkikuntza haren buru, Madrilgo Complutense Unibertsitateko katedradun eta Burgosko aztarnategiko zuzendari-kide Juan Luis Arsuaga paleoantropologoak lantokian hartu du aldizkari hau, uztail erdialdean.

Arsuaga, La especie elegida eta Amalur eleberri zientifiko sarituen egile-kide eta ikerkuntzan lankide duen Ignacio Martinez-ekin etorrita, bere lur orotako ibilgailuan igotzeko esan digu, Leize Nagusiko Atarira elkarrekin joan gaitezen. Antropologian, mundu osoko erreferentzia den gizon horren itxura abenturazalearena da, inondik ere, irakasle sarituarena baino askozaz ere areago. Dena den, bata eta bestea bat datoz hitz jario errazeko pertsona atsegin horretan, zorroztasun zientifikoari deus kendu gabe. Arroka baten gainean eserita, ikusi batera -gure azpian, ehun ikasle-irakaslek osaturiko gizataldeak argitzeko ahaleginetan diharduen jakinduria latza egoteaz landa- bereizgarri deigarririk ez duen gaztelar mendizerrako paisaiara so, egungo harkaitzezko horizontea urak estaltzen zuen garaietarako bidaia egin dugu irudimenez: gure tankerako gizakiak bizirik irauteko lehian dihardute hor, egunero. Kontinente zahar honetan bizi izaniko lehen gizakiak nola bilakatu ziren ikasi eta jakiteko balio izan du urte hauetan (baita, dudarik gabe, hurrengo hamarkadetan ere) Atapuercako aztarnategiak.

Dolina Nagusian, Elefantearen Osinean eta Galerian aurreneko indusketak egin zirenetik 25 urte igaro diren arren, aztarnategi honen estreinako datuak 1521ean jakinarazi ziren eta bertako aberastasunen berri eman zuen albisteak 1863ko data du: Leize Itsuan gizakien aztarnak kausitu zirela orduan argitaratu zuen El Eco burgalés egunkariak. Kobazuloko planoen deskribapena jaso zituen publikazioaren egileak meategietako bi ingeniari izan ziren; biek, milaka urteko historia kontatzen duen harrizko papiroa agerian utziko zuen trenbidearen eraikuntzan ziharduten lanean, zuzendari gisa. Haran honetan denbora bestela neurtzen da.

Pintzelak, harriz beteriko ontziak, hariz eraturiko karratuak, ehunka esku indusketa-lanean, fosil zein gizakien aztarnen bila, hainbat leize zulo paraje hauetan. Agortezina dirudi aztarnategiak baina, hondakin fisikoez kanpo, zer bilatzen eta zer aurkitzen da jalkinen artean?

Zientziaren eragilea ezagutza da. Gizakiaren jatorria ikertzen ari gara hemen, giza izaeraren ezaugarri bereizgarriak. Hemen zertan ari garen, zergatik garen garen bezala eta ez bestela... galdera horiei erantzunak ematen ahalegintzen gara zientzialariok. Horixe da gure ikerkuntzaren betiko ezten edo akuilua, ez dago besterik.

Badirudi zure hitzek filosofia hutsera garamatzatela, azterketa zientifiko "hutsera" baino areago...

Existentziaren arrazoia eta denbora-mugak, lehenagokoa eta geroagokoa, kezka larriak izan ditu gizakiak, arrazional denez geroztik. Historian, erlijioek eman izan diote maizen ihardespena itaun horiei.Erditzea zergatik den mingarria galdetuta, esate baterako, erlijio judu-kristauak Jainkoaren madarikazioa argudiatuko dizu; zientziak, ordea, arrazoietan bilatu eta bestelako erantzuna aurkituko du: emakumea hankabiko bihurtzean alaka bilakatuko zaio eta egokitzapen horrek, azkenean, mina sortaraziko dio amari erditzean. Ezagutza bilatzen du zientziak, filosofiako erantzun oinarrizko eta ez-esentzialak; bide horretan, datu enpirikoen bitartez -ez, ordea, ideiei esker- gizakiaren bilakaera agerian uzten duten metodo zientifikoez baliatzen da.

Hainbat teoria eta sinesmenek betidanik egin izan duten galdera: heriotzaren ondotik ba ote da bizirik? Fedea eta ziurtasun zientifikoa uztartzeko modukoak al dira hemen?

Fedea fede da, ziurtasun arrazional baten erantzuna, alegia. Ez dut nire burua sinesmenak eta zientzia, bakoitza bere aldetik, bereizten dituen zientzialaritzat: ene iritziz, epistemologia ez zaio humanismoari arrotz; izan ere, erlijio mugimenduek egin izan diote aurre zientziari, ez alderantziz. Gure asmoa ez da besteen mitoak suntsitzea, gizakiaz gehiago jakiteko premiari erantzuna ematea baino. Teologia eta enpirismotik urrutiratutako beste hainbat pentsaera, ordea, jo eta su defendatu izan dira beti, beraiek mantendu dituzten arrazoiez bestelakoak zientziak aurrera egitean, bilakaeran oinarrituriko arrazoiak frogatu izan dituenean, sineskera horiek esandakoaren kontrakoa adierazteko asmorik ez bazegoen ere. Zientzia eta erlijioaren arteko liskarra betidanik bizi izan da baina borroka horretara perspektibaz begiratzen badugu harritzeko arrazoirik ere topatuko dugu: Copernicoren liburuak debekatzea edo Darwin deabrutzat hartzea, adibidez. Ondorio gisa, galderak berberak diren arren, iritsi nahi diren erantzunak berdinak ez direla esan dezakegu, alor desberdinetakoak baitira.

Egun ere, erlijioa eta zientzia elkarrekin bizitzea liskar iturri al da?

Erlijio mugimenduek, zientzialariok aurkitzen dugunak beraiengan zuzeneko eragina duela aldarrikatzen dute, horregatik ez daude eroso. Ez da aurkikuntza zientifiko garrantzitsu bakar bat izan, Eliza kontra-kontra topatu ez duena. Lurrak Unibertsoan duen tokiarekin hasita, gizakiak naturan betetzen duen lekuraino, dena auzitan jarri du Elizak, dena ukatu, denari egin dio aurre. Gaur bertan, hainbat gaixotasunen konponbidea izateko, zoriontasunaren ekarle izan daitezkeen ama-zelulei buruzko ikerkuntza zientifikoen adibidea dugu. Ezin zaio arazoari saihets egin, baina ulertu behar dugu zentzumenaren, ezagutzaren bilaketa ez dela erlijioen edo estatuen ondare pribatua.

Zer gertatzen ari ote da aspaldi honetan, hainbeste mendetan ikerkuntzan jardun ondoren, gizakiaren jatorria -Estatu Batuetan bereziki, baina ez hor bakarrik- berriro ere teoria kreazionistetan oin harturik azaltzeko?

Ez bakarrik Estatu Batuetan, Espainian ere, ahal balute, beste horrenbeste esango lukete testu-liburuek, Darwinen eboluzioa bazterturik. Ene eskola-prestakuntza osoan inortxok ere ez zidan gizakiaren eboluzioaren teoria azaldu. Irakatsi zidaten biologia hura deskriptibo hutsa zen: arbolak nola deitzen diren, landareak nola ugaltzen diren... beste deus gutxi. Sakondu, ez zen sakontzen. Erlijio monoteistek ez dute onartzen eboluzio-teoria eta, horren ondorioz, ezagutzarik ez dute eskaini nahi; alderantziz, ezagutza eta aurrerakuntza elkarren kontrakotzat aurkezten dira. Ene iritziz, ikerkuntza zientifikoen aurrerakada gogo txarrez hartzen da egun.

Teoria eboluzionistak azaltzen duenez, animaliak eta landareak beren ezaugarriak aldatuz doaz, ingurunera hobeto egokitzen diren espezie berriak sortu arte: hori, animali espeziei ez ezik, gizakiari ere aplikatzen zaio (honen arbasoak, esate baterako, ez ziren espezie berekoak izan). Hainbat eboluzioren ondotik homo sapiens sortu da baina, giza espeziea aldatzen ari al da orain ere?

Ezezkoan nago. Eboluzioa etengabeko prozesua bada ere, hori eta eboluzio-jauzia gertatzea -hau da, bestelako espezierik bat-batean agertzea- ez da gauza bera: horretarako, hautapen naturala jazo beharra dago, populazioaren gehien-gehientsuaren hiltze eta guzti. Gainerakoak, hil ez direnak, ez dira ugalduko; ezaugarri berezia daukatenak bakarrik ugalduko dira. Bestela esateko, hildakorik gabe ez da hautapen naturalik eta hau ezean ez da bilakaerarik. Giza espeziea ere espazioan eta denboran mantentzen da.

Ekosistemaren zati bat baizik ez garela pentsatze hutsak beldurra ematen du: gorputz bat, pentsatzeko gai dena, hori bai, baina usteldu eta betirako galdu ere egingo dena. Ez ote da gizakia hautetsitako espeziea?

Ez, zalantza-izpirik gabe. Gure agerpena, gure existentzia ez da beharrezkoa, ez gizataldearena, ez gizakiarena ere. Sexu-egintzatik gizakia ezinbestez agerraraziko zukeen probidentzia edo antzekoan sinetsi ezean, gure existentzia erabat alferrikakoa dela frogaturik dago. Baliteke gu izatea, edo ez izatea. Hemen garenez, bizitzeko zoriontasun itzela edukitzearren eta horretaz jabeturik izatearren eman diezazkiogun eskerrak patuari edo nahi denari.

Atapuercan bizi izan ziren arbaso haiek ere horretaz jabeturik al zeuden?

Hala uste dugu. Hezurren Sima izeneko 300.000 urteko aztarnategian, hileta-ospakizun baten aztarnak aurkitu dira. Nolanahi ere, orain ere ez gara biziki jabeturik, ez gara geure buruaren jabe, erabat: arnas hartzeko ez dugu pentsatu behar, adibidez; areago, borondatea inkontzientearen mende dagoela ere egintza mekaniko batzuk egiten ditugu: automobila gidatzea, esate baterako.

Paleoantropologia da zure diziplina zientifikoa; horrek antzinako gizakiaren izari guztiak aztertzen ditu, bai fisikoak, bai kulturalak ere, gizakiaren eboluzioa aurkitzeko ahaleginetan. Horren perspektiba zabaletik, arrazak desberdinak direla edo batzuk besteak baino hobeak direla zientifikoki frogatzeko pentsaera sasi-intelektual jakin batzuek eginiko saiakerak nola ulertu behar ditugu?

Hona arrazakeriaren kontrako argudiorik egokiena: teoria ergelkeria hutsa da. Etikoki zein estetikoki onartezinezkoa izateaz gainera, dudarik ez dago: giza espeziea bakarra da, gizakia da denetan ugaztunik homogeneoena eta, gure alderdi indibidual eta kolektiboari garrantzi handia aitortzen badiogu ere, zurien eta beltzen artean alderik bilatzen badugu ere, begiak biribil edo zeharka dituztenen artean berezitasunak egiten ditugun arren, errealitatean berdin-berdintsuak gara denok. Espeziean familia desberdinak sortu dira eguzkitiko erradiazioengatik, inguruneagatik edo hezetasunagatik eta, horren eraginez, batzuek pigmentazio ilunagoa daukate eta besteek sudur zabalagoa, baina egiaz ez dagoen bestelakotasunik badela frogatzen saiatzea kirtenkeria hutsa da. Izan ere, joera arrazistak teoria matxista eta klasistetatik oso gertu daude. XIX. mendean uste zuten gizonezkoa, hiritarra, ingelesa, zuria eta aberatsa zela gizakiaren perfekzioa: gainontzeko guztiak aldez edo moldez akastunak omen ziren. Horretara gure perspektibatik begiratuta, kaikukeria iruditzen zaigu, ezta? Zorroztasun zientifiko berbera dauka arrazen arteko aldeak defendatzen dituen argudioak.

Gai zientifikoak sakonagotik ezagutuz, gizartea humanoago bihur liteke, agian...

Gizakia aztertzen dugu zientzialariok eta, alde horretatik, humanista gara, nahiz eta zenbaitek beste adar batekotzat hartzen gaituen (bestelako ezagutzaren bila bagindoaz bezala, alegia). Tradizioz jakinduria humanistikoa eta zientifikoa bereizi ez ezik, elkarren kontra ere jarri izan dituzte maiz. Estatu espainiarrean ez dago zientzia-tradiziorik, zientziarik ez baita izan edo izan dena benetan eskasa izan da eta, horrenbestez, zientziatik gertu izateko azturarik ez dugu. Ezagutza transmititzeko eskumen edo gaitasuna daukatenek aztura ez dutela esatea zuzenago litzateke, dena den: ikasleen erdiak zientzia alorretik doaz, "letrak" deitzen dugun atal hori bertan behera utzirik, hau da, fisika interesgarriagoa zaie artegintza baino. Horra hor arazoa: kultura, editorialak, egunkariak edo telebistako programazioa eskaintzeko ahalmena dutenak zientziatik urrun bizi dira, humanitateetan hezi eta trebaturiko pertsonak dira, baina zientziaz ez dute deus ulertzen, ezta interesik sentitzen ere, gehienetan. Artikulua osatzeko, kazetari bati informazioa ematen hasten natzaionean, beti eskatzen dit hizkera xehean -edo, gutxienez, ez espezializatuan- mintza nadin, baina horrelakorik ez da inola hautematen automobilismoko orrialdeetan: inongo eragozpenik gabe sekulako hitz potolo eta zehatzak darabiltzate, niri xehetasunez hitz egin ez dezadan eskatuta.

Zure liburu zientifikoek, halaz ere, sekulako arrakasta izan dute.

Gehien irakurtzen den aldizkarietako bat Muy interesante da: zerbait esan nahi omen du horrek. Testu zientifikoak interesgarriak dira herritar askorentzat; areago, ikus-entzunezkoetan edo literatur proiektuetan inbertitzea errentagarria dela frogatzen dute kasu askok. Liburu Azokan izan nintzen, liburuak sinatu eta liburuak sinatu etengabe, irakurle gazte eta adinekoei, emakume zein gizonezkoei.

Atapuercako indusketen hasieratik 25 urte pasa diren honetan, aztarnategiaren egiazko garrantzia zein den esango al diguzu?

Liburutegi handi baten modukoa da: Europako gizateriaren historiaz eta gizakiaren eboluzioaz sekulako dokumentazio aberatsa daukan liburu ederra. Berari esker, iraganaren erregistroa era guztietako datuez hornituko dugu: klima eta eboluzioetatik hasita, gizakien jokamolderaino. Mendilerroa osatzen duten aztarnategietan arbaso asko datza, beste inon baino gehiago: bertan ezkutuan dagoena deszifratzen hasi baizik ez gara egin.

Beraz, badakigu nola hasi den. Noiz agortuko ote da informazio-meategi baliotsu honen altxorra?

Bertako dokumentazioa ikaragarri zabala denez, belaunaldi bakar batean ikertzea guztiz ezinezkoa da. Egun praktikatan diharduten ikasleetako batek hartuko dit txanda eta ikerkuntza hauetako buru izango da noizbait. Hemen, koba zuloetan bezala, berehalakotasunaz zeharo bestelako parametroekin neurtzen da denbora.

Oraingoz aurkitu den azken datu zientifikoak Afrikan kokatu du fosil primitibo bat, gizakiaren asaba, zazpi milioi urte dituena. Hemendik aurrera ere beste horrenbeste iraungo ote du gizakiak zure iritziz?

Erregai ugari du munduak oraino, milioi urte asko bizitzeko... hori bai, dena bukatzen da.

Zure liburuak irakurrita, harrigarria gertatzen da nekazaritzak eta abeltzaintzak erdietsitako aurrerakuntzari esker gizakiak osasunetik ez zuela deus irabazi.

Nekazari eta abeltzainen eskeletoak eta beren arbaso izaniko ehiztari eta biltzaileenak elkarren ondoan jarrita konturatu ginen haziak ereiteak eta abereak zaintzeak ez ziotela gizakiari bizitzeko esperantza luzatu, ezta osasuna hobetu ere. Laborari eta ganaduzaleak, asabak baino apalagoak ziren, gaixotasun gehiago nozitzen zituzten eta gutxiago bizi izaten ziren. Trikuharrietan aurkitutako lorratzek erakusten dutenez, gizaki berrien egoera fisikoa endekaturik zegoen. Areago, XIX. mendeko eskeletoak ikertzen badituzu, behinolako gizakien hezur egitura baino askoz ere kaskarragoa dela ikusiko duzu. Neolitoa hastean, orain 9.000 urte, jendeak elikagaia bermatzeko hazi eta haragi kilo gehiago ekarriko zizkion hektareak antolatu zituenean, familia ugaltzea erdietsi zuen, baina horrek ez du adierazten harrezkero hobeki bizi izan denik. Nolanahi ere, bizi kalitatea ez da objektibo bihurtzeko moduko terminoa. Ongizate egoerari, tarteka, hainbat irizpide eransten zaizkio, hala nola ingurunea geroz eta naturalagoa izatea, elikadura osasungarriagoa, astia ugariagoa, etab. Gizakia, berriz, misterio da oraino, berari buruz geroz eta gauza gehiago dakizkigun arren.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto