Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bitrozeramikentzako garbigarriak: Garbitu eta babestu bai, baina alde handia dago batetik bestera

Bi laginik garestienek jaso zituzten kalifikazio hoberenak plakaren zainketan eta gantza erauzteko ahalmenean

  Litroko 3,94 eurotik (Froggy) 17,10 eurora (Vitroclen) bitarteko prezioa dutela, bitrozeramikentzako zazpi garbigarri aztertu dira oraingoan. Bitrozeramiketan kazola eta gainerako ontziek, plaka (bero-iturria) babesten duen kristala ukitzen dutenez, ohiko kontua da likidoek gainezka egin eta kristalean atxikita geratzea.

Lagin denetan bi garestienek (Forza eta Vitroclen) eraman zituzten balorazio hoberenak ("oso ongi"), garbitzeko ahalmen handia eta plakari ez erasotzea ezaugarri nabarmenenak izan zituztelarik. Forza da prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Prezio ertaineko bitrozeramikentzako garbigarrietako batek (Luminia, 8,40 euro litroko) jaso zuen baloraziorik txarrena: "erdipurdikoa" baino ez, alegia.

Bitrozeramikentzako garbigarri on batek gantza erauzteko ahalmen handia erakutsi behar du. Gaitasun hori lortzeko, produktuaren formulari mineral urratzaileak erantsi behar zaizkio, nahiz hauek plaka bera edo alboko elementuak (silikonazko juntura, granitozko gaina, etab.) honda ditzaketen. Horrelako mineralak ez ezik, eragile tentsoaktiboak (zikintasuna ezabatzeko), disolbagarriak (gantzak urtzeko), silikonadunak (plaka babestu eta distiratsu uzteko) eta bahitzaileak (ura gogortzen duten metalak harrapatzen dituzte, garbitze lanaren mesedetan) dauzkate garbigarriok.

Orban aldrebesak

Produktu horiek garbitzeko unean duten eraginkortasuna bi orban-mota oldarkorrekin frogatu zen: batetik, esnetan azukrea disolbatu (%50ean) eta zeharo ikazturikoa eta, bestetik, ikatz bihurtzeraino beroturiko oliba olioa: biak ere oso-oso zailak dira kentzeko. Disoluzio bakoitza plaka bero batean isurita, plaka hoztu arte utzi zen, osaturiko geruza desagertzea baitzen kontua. Horretarako, lagin bakoitzetik hiru mililitro gai eta sukaldeko papera erabili ziren. Hori aski ez izatean, arraspa baliatu zen; ondoren, sukaldeko papera eta produktua erabili ziren ostera.

Ikaztutako esne eta azukrezko orbana garbitzen Forza izan zen eraginkorrena: geruza suntsitu zuen arren, orbanaren lorratza ez zuen erabat ezabatu; Vitroclen eta Scotch-Brite ikazturiko olioa garbitzeko hobeak dira, bai geruza, baita arrastoa ere zeharo suntsitu zituztelako. Vitroclen eta KH-7 laginek ezin izan zuten garbitu esne eta azukrezko orbana, ezta lorratza ere; Luminia, berriz, indarge agertu zen bai mota bateko, bai besteko orbanen aurrean.

Produktuen garbitzeko eraginkortasuna egiaztatzen duen beste proba bat, gantz edo koipeak erauzteko ahalmena neurtzea da. Puntuaziorik hoberenak Forza, Vitroclen, Sidol eta Scotch-Brite laginek lortu zituzten; Froggy, KH-7 eta Luminia, aldiz, onargarri baino ez ziren gertatu.

pH faktorea

Guztiz balore handi zein txikiko (oso azido edo oso basikoak baitira) pH faktoreko bitrozeramiken garbigarriak dira gaitasun handienekoak; baita, aldi berean, gure larruazalarentzat kaltegarrienak ere. Hortaz, hobe da kontuz ibili eta horrelako produktuak aplikatzean zapi bat edo sukaldeko papera erabiltzea. Muturretako pH faktorekoak dira Forza (pH 2,4) eta KH-7 (pH 11,7); neutroena edo, bestela esateko, erdi paretik (pH 7) gertuenekoa, aitzitik, Scotch-Brite (pH 7,9).

Eragile tentsoaktiboei (zikintasuna suntsitzen dutenak) dagokiela, lagin guztiak arauaren araberako dira, osagai hori denek adierazten dituztelako. Vitroclen eta Sidol dira tentsoaktibo gehien dauzkatenak (%5 eta %4); Luminia eta KH-7 laginek, berriz, %2,5 eta %3 baizik ez. Forza lagina bazterrean utzi zuten laborategian parametro hau adieraztean, azterketako emaitzak zehaztasunez neurtzea galarazten baitzituzten bere formulako elementu kimiko batzuek.

Bitrozeramikentzako garbigarriek plakako distira areagotzen ote zuten egiaztatzeko, islaturiko argiaren portzentajea neurtu zen produktua aplikatu aurretik eta ondoren: Forza (%5,8ko areagotzea) eta Froggy (%4,2) izan ziren alderdi honetan hoberenak; Sidol laginak, ordea, ez zuen isla batere aldatzerik izan.

Plakan kalteak eragiteaz

CONSUMER-ek erabilera-proba bat egin zuen, bitrozeramikentzako garbigarriek plaka urratzen zuten edo ez egiaztatzeko. Sukaldeko paperarekin 2.000 zikloz igurztea zen proba, 400 zikloko etapa bakoitzean 3 ml. produktu erantsiz. Saiakera amaitzean inongo kalterik hauteman ez bazen ere, Luminia laginak plakaren zimurtasuna %33an areagotu zuen. Forza, Scotch-Brite, KH-7 eta Froggy laginek kalifikazio hoberenak eraman zituzten, plakaren zimurtasuna ez baitzuten deus areagotu.

Plaka, izan, garbigarriak urra ditzakeen elementuetako bat baino ez da. Horrenbestez, 3 ml. produktu jarri ziren plastikozko aginteetan, plaka eta gaina elkartzen duen altzairu herdoilezinezko xaflan eta granitozko gainean, bertan 24 orduz egon zitezen. Zazpi laginetatik bakar bat ere ez zen oldarkor agertu plastikozko aginteetan, ezta altzairuan ere. Granitoan, berriz, gorabeherak izan ziren: Luminia, Scotch-Brite, KH-7 eta Froggy laginek gaina ilundu egin zuten eta Forza eta Sidol markakoek, berriz, produktua aplikatu zen hartan arrastoa utzi zuten. Vitroclen laginak bakarrik agertu zuen horrelako gainen aurreko errespetua.

Bitrozeramikentzako garbigarrien ontziez ari garela, buruz behera bi ordu egon ondoren, denak hermetiko zirela egiaztatu zen. Ontzien erresistentzia ikusteko, marka bakoitzeko lau bilgarri metro beteko altueratik jaurti ziren, lehendabizi hondoaren kontra eta bigarrenean alboetako baten kontra eror zitezen. Scotch-Brite, KH-7 eta Froggy marketako lau ontzietako bana hautsi ziren saio horretan.

Informazioa eta etiketa, ongi

Garbigarri eta desinfektatzaileen etiketei buruzko arautegiak (bertan sartzen dira bitrozeramikentzako garbigarriak) alderdi ugari xedatzen ditu. Betiko elementuez gainera (osaketa, fabrikatzailea, eduki garbia, etab.), etiketak erraz irakurtzeko moduko testuak agertu behar dituela dio: "Eduki haurren eskumenetik kanpo", "Ez irentsi" eta "Ezbeharrik gertatzekotan, deitu osasun zerbitzura", larrialdietarako informazioa eskatzeko moduko telefono zenbaki eta guzti.

Scotch-Brite laginak produktuaren edukia adierazten duen letraren tamaina, Arauak xedatutakoa baino txikiago da. Gainontzean, legeztaturikoa ederki betetzen dute zazpi etiketek, testu erantsiak ere agertzen baitira bertan. Luminia, Forza, Vitroclen eta Scotch-Brite garbigarriek, begia ukituz gero produktuak narritadura eragin lezakeela ere jasotzen dute. Forza lagina da osatuenetako bat: "Larruazalarekin ez ukitu luzaro" eta "Produktua erabili ondoren, garbitu eta lehortu eskuak" gehitu du. Sidol laginak honela nabarmendu du: "Irentsiz gero, jo berehala sendagileagana eta erakuts etiketa edo ontzia". KH-7 produktuak arropa, larruazal eta aluminioari erasotzen dielarik, honela adierazten du etiketan: "Aluminioan aplikatzekotan, ureztatu berehala". Froggy markakoak ingurumenari buruzko oharrak gaineratu ditu, bere osaketa eta ontziaren ezaugarriak kontuan izanda. Forza, Sidol, Vitroclen eta Scotch-Brite laginek doaneko telefonoa ematen dute, kontsumitzaileari informazioa eskaintzeko.

Bitrozeramika zaintzea

Azterturiko bitrozeramikentzako garbigarrietako bakar batek ez ditu proban eraginiko bi orbanak (azukre eta esnea disolbatu eta ikaztua, eta oliba olio ikaztua) zeharo garbitu. Hortaz, bitrozeramiken bizitza baliagarria luzatzeko, erabiltzean neurri zorrotzak hartu beharra dago, produktu garbigarrien eraginkortasunean sineste hutsa aski ez baita gertatzen.

  • Ez erabili buztinezko kazolak
  • Ez igurtzi kazolak plakan erori diren elikagai kondarren gainetik, urratu egin zenezake eta
  • Zabaldu bitrozeramikentzako garbigarria sukaldeko paper edo zapi batekin, ahal dela produktua hatzekin ukitu gabe
  • Nahi gabe edo, bitrozeramikentzako garbigarri plaka gainera erori ordez beste zernahitan (gaina, plastikozko botoiak, silikonazko juntura, altzairu herdoilezinezko xafla, etab) jausi bada, garbitu berehala, elementu hori kalteturik gerta liteke eta
  • Zikintasuna plakan txertaturik baldin badago, erabil ezazu berariazko arraspa; ez saiatu labana edo antzeko lanabesekin.
  • Bitrozeramikentzako garbigarriak erabili ondoren, garbitu eskuak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto