Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Gominolak: azukrea eta aditiboak, funtsez: Maiz kontsumitzea, gizentasun eta kariesaren eragile

Lau markatako eta prezio bereko (0,72 euro ehun gramoko) zortzi gominola lagin aztertu dira oraingoan (kola botilak, melokotoiak, marrazoak, frutatxoak, gutiziak, dulcipica marrubizkoak, gomatxoak eta masustak)

  Haurrentzako gominolak gozogintzako produktuak dira, hainbat tamaina eta itxurekin agertzen direnak eta, aditibo mordoari esker, kolorez eta usainez apaintzen den azukre hutsez osaturiko ore trinko samarra dute oinarri. Mantenugai ugariena karbohidrato soilak dituzte: glukosa, sakarosa eta fruktosa guztirako pisuaren %70 edo %80raino iristen dira. Gominolen proteina-proportzio ohikoena %5-%6koa izaten bada ere, azterketako lagin batek %7 eta besteak %1,5 baizik ez zuen. Proteina, batik bat, gelatina gisa agertzen da eta produktu honek bere-berezkoa duen goma-ukitua ematen dio. Gantzak, berriz, nekez iristen dira %1era. Ur edukia %14 baino txikiagoa zen gure laginetan eta, areago, bakarren batean %5etik %8ra bitartean zebilen. Bukatzeko, energi ekarpena 320 - 360 kaloria 100 gramoko da, hots, nutrizio alorretik ia inongo baliorik ez duen (beraz, kontsumitzeko premiarik ez dugun) produktu honetan, handiegia inondik ere.

Gominolak maiz jatea gizentasun eta kariesen eragile izan daiteke: ahoan dauzkagun bakterio jakin batzuek produktua ahoratu eta hogei bat minutuan azukre mota bat (sakarosa, batik bat) azido bihurtzen dituzte; azidook listuarekin eta jan partikulekin nahasita, esmalteari atxiki eta erasotzen dion geruza kaltegarria osatzen dute. Honelako eta bestelako litxarreriak -are gutxi-gutxi- kontsumitu ondoren, hortzak eskuilatu behar izaten dira, ahotik azukre-kondarrak suntsitzeko. Kariesa nozitzeko arriskua ez da larritzen kontsumitu dugun azukre kopuruaren araberakoa, maiztasunaren araberakoa baizik.

Gominola, batik bat, azukre soilek (glukosa, fruktosa eta sakarosa) osatua dagoenez, azkar asko asimilatzen ditu organismoak. Azukre horiek, metabolizatzean, glukosa bihurtu, gure hesteak irentsi eta hortik gibelera igaroko da. Bertan glukogeno bilakatu eta energi erreserba gisa (gibelean 100 gramo eta giharretan 200 gramo, gehienez ere) metatuko dugu. Azukre kopuruak glukogenoaren metaketa-muga horiek gaindituz gero, odoletako gehiegizko glukosa ehun adiposoan gantz gisa bilduko da, epe luzerako energi erreserba, alegia. Haurtzaroko gizentasuna ez da batere mesedegarria, garai horretantxe eta energia irenstearekin loturik, gantz ehun horren zelula kopuruaren gehikuntza gertatzen delako. Gantz zelulen ugalketa handia bada, atzera nekez ekar genezakeen gizentasunaren hastapena izango genuke hor: pisu gehikuntza hori orekatzeko kalorien murrizketa eragin beharko genuke eta horrek, aldi berean, nerabearen hazkuntzan eragin kaltegarriak izan litzake.

Gominola gehientsuenetan, gelatina gisa agertzen da proteina eta aminoazidoen osaera osagabekoa du bereizgarri nagusia, ez baikaitu premiazko batzuen (metionina, lisina eta triptofanoa) gutxieneko kopuruaz hornitzen. Gominola, beraz, ezin dezakegu proteina ekarletzat jo.

Hitz gutxitan gogora dezagun, gominolak energi ekarpen handia, kalitate urriko proteina urri, mineral gutxi-gutxi eta bitaminarik bat ere eskaintzen ez digunez, ez lukeela gure ohiko elikabidearen osagai izan beharko. Kontu horri buruzko arauteriarik ez badago ere, tamaina handienekoak haur txikientzat arriskutsuak dira: ukitu gomatsukoak direlarik, nekez murtxikatzen dira: horren erruz, kontrako eztarritik abiatu eta asfixia ere eragin izan dute behin baino gehiagotan.

Etiketan irregulartasun ugari hauteman dira. Roypas frutatxoak laginak bakarrik betetzen du araua: saltzeko izendapena, osagaien zerrenda, lotea eta kontserbatzeko era dira okerren adierazitako datuak beste laginetan.

Produktu honek nutrizio alderditik ia baliorik ez izateak eta maiz kontsumitzeak eragiten dituen kalteak (gizentasuna eta kariesa) kontuan izaki, nahiago izan dugu kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokirik ez aukeratzea.

Nola egiten diren

Era guztietako gominolak biltzeko unean, fabrikatzaile gehientsuek bilgarri berbera baliatzen dute. Fini (kola botilak, marrazoak eta melokotoiak) eta Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak) laginek hainbat izendapen eta osagaien zerrenda agertzen dituzte, beste hainbat gominola mota adierazita: beraz, ezin dezakegu jakin produktuaren izenik, ezta gominola jakin batek nolako osagarriak dituen ere. Roypas (frutatxoak eta gutiziak) eta Dulciora (masustak) laginen bilgarriak osagaien zerrenda bakarra du, hots: azukrea, glukosa siropa, jelifikatzaileak, ura, gelatina (Roypas frutatxoak eta Dulciora), almidoi eraldatua (Roypas frutatxoak), dextrosa (Roypas gutiziak), azidulatzaileak, lurrinak eta koloratzaileak. Dulciora masustek, datu horiez gainera, azaleko geruzaren osagaiak ere agertzen dituzte: landarezko olioa, erle ezkoa eta karnauba ezkoa. Nolanahi ere, azterturiko zortzietatik osagaien berri hiruk bakarrik ematen duten arren, azukrea da denen osagai behinena, ondoren gelatina eta aditiboak datozkiola.

Gominolen gaia osatzeko unean, azukrea, glukosa siropa eta aditiboak nahasi, berotu eta moldetan sartzen dira, oreak azken itxura hori har dezan. Ondoren, hoztu egiten da, gogortu arte. Solido bihurtutakoan, gominolak eskuilatu egingo dira, gehiegizko ore pusketak kentzeko; pusketa horiek berriro berotu eta gominola bihurtuko dira hurrengo beroketan.

Aditibo mordoa

Gominola aditibo ugariko produktua da. Hona hemen ohikoenak: lurrinak, koloratzaileak, azidulatzaileak eta jelifikatzaileak. Lurrinek usain eta zaporea ematen diote lehengaiari; azidulatzaileak, berriz, usainkari edota kontserbakari gisa erabiltzen dituzte. Etiketen arabera, baliatzen diren azidulatzaileetako batzuk azido zitrikoa, azido laktikoa, azido malikoa eta azido tartarikoa dira. Orea epeltzean, jelifikatzaileek jele ukitua moldatzen dute; gehien baliatutakoak agar-agar, almidoi eraldatua eta pektinak dira. Koloratzaileek, noski, lehengaiak (azukrea eta glukosa siropa, biak ere kolorgeak) kolorez janzten dute orea: tartrazina (E-102), kinoleina-horia (E-104), hori laranjatua (E-110), azorrubina (E-122), kukurutx-gorria (E-124), allura-gorria (E-129) eta patente-urdina (E-131) dira laginek agertu dituztenak. Bilgarrietan adierazitako koloratzaileen zerrendak ere ez datoz bat barruan dauden produktuekin, litxarrerien osotasunarekin baino. Dulciora masustak eta Roypas frutatxoak laginek bakarrik dute "koloratzaileak, produktuaren arabera" eta "balizko koloratzaileak" espainol hutsezko adierazpenak. Baliaturiko koloratzaile guztiak artifizialak dira, baina Arauak baimenduta daude. Aipatutako horiek konbinatuz lortzen dira gominolek erakusten dituzten kolore guztiak. Zazpi koloratzaileetako bost azoikoak dira (tartrazina, hori laranjatua, azorrubina, kukurutx-gorria eta allura-gorria). Horietako batzuei, izan ere, haurren jokamoldean trastornoak eta alergiak sortaraztea egozten zaizkie. Tartrazinak (E-102), esate baterako, erreakzio kaltegarriak sortaraz ditzake (alergia ez larriak eta larruazalean edo arnasketan nolabaiteko sintomak) pertsona asmatikoengan eta aspirinaren aurkako alergia duten gizakien %10engan. Horrelako aditiboa daukate Roypas markako frutatxoek eta gutiziek. Zortzi laginetatik, Fini markako kola botilak dira koloratzaile azoikorik ez daukaten bakarrak.

Etiketak ez daude zuzen

  Fabrikatzaile batzuek hainbat gominola mota desberdin film berberean biltzen dute, bertan, fabrikatzen dituzten produktu guztien osagaien zerrendak adierazten dituztelarik. Bilgarrian dagoen produktuari berariazko izenik eta berariazko osagaien zerrendarik ezarri ez diotenez, Araua urratzen ari dira. Zortzi laginetatik bost, nahasgarri gertatzen dira: Fini (kola botilak, melokotoiak eta marrazoak) eta Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak) laginek kasuan kasurako izen eta osagaien zerrendak agertzen dituzte; Roypas (gutiziak) laginak, berriz, osagaien zerrenda bakarra agertzen du, baina produktuaren izenik ez du adierazten, Araua urratuz. Dulciora (masustak) laginak ez du adierazten pisu garbirik, ez loterik ere; Roypas (gutiziak) laginak, azkenik, loteari dagokionez, bi adierazpen erakusten ditu.

Kontserbatzeko modua Dulciora (masustak), Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak) eta Roypas (frutatxoak) laginek bakarrik adierazten dute. Fini (kola botilak, melokotoiak eta marrazoak) eta Roypas (gutiziak) ez dute datu hori ematen, Araua urratuta. Kontsumitzeko data egokiena produktu honetan adieraztea derrigorrezkoa ez den arren, Vidal (dulcipica marrubizkoak eta gomatxoak), Dulciora (masustak) eta Roypas (frutatxoak) laginek adierazi egin dute: eskertzeko jokaera da hori. Beste horrenbeste gertatzen da gune berdearekin (birzikla daitezkeen ontziek daramatena) Fini eta Vidal laginetan. Lagin bakar batek ez dakar nutrizioari buruzko informaziorik: datu hori jartzea ez da nahitaezkoa, baina komeni izaten da osagaien berri jakitea.

Roypas (frutatxoak) laginaren etiketa da zortzietan zuzen dagoen bakarra. Okerrena Fini markak agertzen du: saltzeko izena eta osagaien zerrenda modu nahasgarrian erakusteaz gainera, kontserbatzeko modua ez du adierazten.

Autozerbitzu erregimenean merkaturatzen badira, hurrengo baldintzak bete behar dira: etiketako informazioa azken salmenta amaitu arte mantendu beharko du saltzaileak; produktua erakusleihoetan edo ongi babesturiko ontzietan agertu beharko da; ontzi horietan produktuaren izena, osagaien zerrenda eta fabrikatzailea edo ontziratzailea argi eta garbi eta era ezabaezinean azaldu behar dira. Salmenta saltzaileak egin behar du, den-denetan behar bezalako tresnak (pintzak, palatxoak, etab.) baliatuz.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto