Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
EROSKI CONSUMEReko kanalak
Gaixotasunak prebenitzen laguntzeaz gain, frogatuta dago maiztasunez kirola egiten duten nerabeek droga gutxiago kontsumitzen dutela
Asko eztabaidatu izan da kirolak haurren hazkundean duen eraginari buruz. Zenbait adituk organismoarengan izan ditzakeen kalteak aipatu izan ditu, haur baten gorputza delikatua izanik eta hazkunde-prozesu betean aurkitzen denez, entrenamendu gogorregiek eta halabeharrez gertatzen diren kolpe txikiek gorputzarengan eragin negatiboa izan dezaketelakoan. Baina inork ez du hori frogatzerik lortu, baina bai txikitatik maiztasunez kirola egitearen abantailak. Gainera, errazagoa da ohitura osasungarriak txikitan irakastea nagusitan ohitura txarrak edo norbere burua kaltetzen dutenak kentzea baino. Bizimodu sedentarioa, tabakismoa, pisu larregia, elikadura desegokia eta beste aldagai batzuk egoten dira mundu garatuarekin lotzen diren gaixotasun degeneratiboen sorrera eta garapenean: arteriosklerosia, artrosia, II motako diabetesa etab. dira. Patologia horiek, nagusitan agertzen diren arren, haurtzaroan hasten dira sortzen. Eta orduantxe has daiteke prebenitzen ere, kirola eginez besteak beste.
Espainian egindako hainbat ikerketak erakutsi digute haurtzaroko kolesterol maila altua, neskatila-mutikoen arteko loditasun tasen gorakada eta nerabeen artean hipertentsio kasuak gehitu egin direla. Arrisku faktore horien antzematea nahiko erraza izaten da eta haurtzarotik bertatik horiek prebenitzeko aukera ematen du.
Baina badira beste pisuzko arrazoi batzuk txikitan kirola egitea bultzatzeko. Drogen kontsumoa, gizartean onarturik daudenena -adibidez tabako eta alkoholarena- zein debekatu edo baztertuena -kanabis, kokaina, heroina eta abarrena- eta hainbeste arazo eragiten duten diseinu berriko drogen kontsumoa askoz ere maila apalagoan agertzen da kirolen bat egiten dutenen artean. Eta zenbat eta entrenamendu ordu gehiago izan eta kirola egiten zenbat eta lehenago hasi, txikiagoa izaten da droga kontsumoa. Orokorrean esanda, gazte kirolzale batek, amateurra zein deferatua izan, drogak kontsumitzeko arrisku txikiagoa du.
Baina gaztearen gorputza eta burua modu orekatu eta harmoniatsuago batean gara daitezen, bi alderdi bereziki zaindu behar dira haurrak kirola egiten duenean: kiroleko espezializazioa eta lehiaketa. Espezializazioak, hau da, txiki-txikitatik kirol modalitate batean bakarrik aritzeak, aldekoak eta kontrakoak ditu. Aldekoen ustez, haurrak ikasteko gaitasun handia dauka eta horrela errazago ikasten ditu teknikak eta garatzen ditu erreflexuak. Aurkakoen ustez, berriz, espezializazioa kaltegarria da, garapen fisikoan desorekak sortzen dituelako eta haurraren nortasunaren egituraketan eragin kaltegarria izan dezakeelako. Lehiaketaren auzia eztabaidagarriagoa da. Batzuen ustez, lehia sano eta garbia edozein programa pedagogikotan sartu behar litzateke, lagungarri baita haur eta nerabeen portaera guztia egituratu eta antolatzeko. Beste argudio baten arabera, gurea bezalako gizarte batean haurren kirolean ezinbestez sartu behar da lehia, etorkizunerako prestatu eta hezi egingo baitu. Beste batzuek, aitzitik, lehiaketak entrenamendua azkarregi eta gogorregi hastea eskatzen du, gaur egungo kirolaren helmuga marka, errekorra eta irabaztea baita, kosta ahala kosta
Faktore askok eragin dezake kirola aukeratzerakoan, norbere zaletasunez gain; baina hedabideen eragina da aipagarriena: telebistan gehien ikusten diren kirolek arrakasta handiagoa izaten dute gazteen artean.
Kirol jakin bat haurrarentzat ona ala txarra ote den galdetzen diote gurasoek sarri beren buruari. Erantzutea ez da erraza, kirola haurrentzat orokorrean ona dela frogatu den arren, ez baitago ikerketa zehatzik kirol mota bakoitzak haurraren hazkunde eta garapenen duen eraginari buruz. Hala ere, orientazio gisa kirol medikuek gai horri buruz ohartarazten dutena azalduko dugu. Kontuan izan "arriskua" hitza hazkunde eta garapenari begira bakarrik erabiltzen dela.
Arriskurik gabeko kirolak, onuragarriak : igeriketa, txirrindularitza, eskubaloia, saskibaloia, patinajea...
Kirol eztabaidagarriak tenisa, squasha, ekitazioa, lurreko gimnasia, dantza klasikoa, judoa, esgrima, eskia...
Arriskuko kirolak errugbya, futbola, tranpolin eta palanka saltoa, halterofilia, wind surfa, eski nautikoa...
Udaberria eta uda garai egokiak dira kanpoko kirol-ekintzetan hasteko: martxa, paseoa, senderismoa, igeriketa, mendia, bizikleta, etab. Bide batez, natura maitatu eta gozatzen ikasiko du haurrak. Baina ez ahaztu:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa