Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Argazki-film mota ongi aukeratzea, flasha ongi erabiltzea eta fokatze originala aurkitzea funtsezkoak dira argazki on bat ateratzeko
Oporretan asko ugaritzen dira argazkiak. Gehienetan, zenbait une gogoangarri uda amaitu ondoren berriro gogoratzeko izoztea izaten da helburua, baina zalantzarik gabe, askoz ere atseginagoa izaten da ongi ateratako irudiak berreskuratzea. Gaur egungo kamera konpaktuek botoia sakatze hutsarekin argazki onak aterako ditugula bermatzen dute gehienetan, gainerako funtzioak automatikoki egiten baitituzte. Reflex kamerek ere, modu automatikoan jarrita ia bakarrik funtzionatzen dute. Besterik da abiadura eta diafragmaren irekierarekin eskuz jokatu nahi izatea, eta horretarako ezinbesteko baita oinarrizko ezagupen batzuk edukitzea. Eta argazkigintza artea den arren, argazkizaleak oroigarri polit bihurtuko ditu argazkiak arau xume batzuk beteta. Horretara aurretik, eta familia askotan argazki kamera armairutik bainujantziarekin batera ateratzen denez, egiaztatu egin beharko da ongi funtzionatzen duela, pilen karga neurtu, eta kameraren barruko aldeak eta objektiboa hauts tantorik gabe eta garbi-garbi daudela. Film bat jarrita badu eta hiru hilabete baino gehiago badarama, ez espero izan miraririk; seguru asko argazkiak hondatuta egongo dira, edo kasurik onenean ere koloreak aldatu egingo ziren.
400, 200 eta 100ekoak dira negatibo-filmen hiru sentsibilitate ezagunenak. Argiari buruzko sentiberatasuna adierazten dute zenbaki horiek. ISO hori (lehen ASA deitzen zen) zenbaki batez edo esposizio indize (EI) batez adierazten da. Zenbat eta sentiberatasun handiagoa, azkarragoa izango da filma eta definizio txikiagoa eskainiko du; zenbat eta txikiagoa, motelagoa izango da eta definizio handiagoa izango du. Adibidez, arratsaldeko azken orduetan auto-lasterketa batean argazkiak ateratzen ari bagara, eta sentsibilitate handiko film bat badugu (400 ISO), mugimendua izoztea lortuko dugu. Haurrari goizean hondartzan jolasean ari dela argazki bat atera nahi badiogu, aski da 100 batekin. Argi gutxirekin barruko argazkiak ateratzeko 400 ISOko filma eta flasha beharko dira, edo 800 edo 1.600 ISOkoa flashik gabe ateratzekotan. Udan, gomendagarria izaten da flasha elementu betegarri gisa erabiltzea, udako eguzki biziak sortzen dituen itzalak saihesteko. Argazki-film bat baino gehiago eramatea izaten da onena, eta ohikoena 100 ISOkoak erabiltzea izan arren, argazkiak gauez edo argi gutxirekin egiteko asmoa badugu, 400ekoa beharko dugu. Kontuan izan beharko dugu sentsibilitate handiko filmek (400 ISO) sentsibilitate txikikoek baino pikor handiagoa izaten dutela eta, beraz, argazkiak handitzeko asmoa izanez gero, kalitate hobea lortuko dugu sentsibilitate txikiko filma erabilita.
Udan argitasun handia izaten da. Egun eguzkitsu batean argazkiak ateratzeko ordurik onenak eguzkia hartzeko gomendatzen diren berberak dira: eguerdiko 12ak aurretik eta arratsaldeko 6etatik aurrera. Egun lainotsuetan leundu egiten dira koloreak eta kontrastea gutxitu eta, beraz, orduak ez du hainbesterainoko garrantzirik. Normalean, argazkia ateratzeko modurik onena argazkilariak eguzkiari bizkarra emanda izaten da.
Argazkiak errebelatzera eramatean, matea ala distiratsua nahi dugun galdetu ohi digute, hau da, paper satinatua ala distiratsua aukeratu beharko dugu. Hatz-markak gertatzeko arriskua gutxitu egiten da matean. Paper distiratsuak kolore biziagoak ateratzen ditu. Hala ere, gustu kontua da. Baina film osoa positibo egin aurretik kontaktuak egitea komeni izaten da, hau da, negatiboak (kontaktu gisa) inprimatzea eskatu, argazki horietatik paperean zeintzuk eduki nahi ditugun aukeratu ahal izateko.
Argazkilari zaletua izanez gero, gutxi axola dio argazki makina oso garestia, profesionala ala xumea den, argazkigintzari buruzko ezagupen handirik ez badugu eta, are gehiago, makina bera nola erabili ez badakigu. Kamerari tinko eutsi beharko zaio beti, besoak soinari itsatsita eta gorputza egonkor dela, hatzak, argazkilariaren ileak edo kameraren sokak objektiboaren zati bat estal ez dezan, bisorean ez baita ia antzematen. Objektibora ahalik eta gehien hurbiltzea komeni da, Robert Capa argazkilariaren maxima jarraituz: "Argazki bat interesgarri ez bada, behar bezain hurbil ez gauden seinale". Taldeko argazki bat egin behar bada, argiak zuzenean ez emateko eran jartzea komeni da, jendeak keinu arrarorik egin ez dezan; oso argi bizia badago, itzal argitsua bilatu behar da, adibidez zuhaitz batena, taldean bertan kontrasterik egon ez dadin.
Diapositibek definizio eta koloreen saturazio handiagoa eskaintzen dute. Bidaia berezi bat egin behar badugu, beharbada komeniko da diapositiba-film bat eramatea, reflex kamera batean konpaktuan baino gehiago antzemango den arren. Diapositiben beste abantaila bat: hobeto irauten dute denboran zehar.
Kamera digitalek merkatuaren zatirik handiena hartzeko oraindik urte batzuk beharko dituzten arren, dagoeneko ez dira tresna bitxiak turista japoniarren eskuetan. Beste teknologia mota bat da, baina argazki onak ateratzeko arauak berberak dira. Argazkigintza digitalak eskaintzen dituen abantaila nagusia irudiak ordenagailu bidez manipulatzeko eskaintzen duten aukera izugarria eta karrete eta errebelatutan aurrezteko bidea dira; hala ere, helburua inprimatzea baldin bada, argazki tradizionaletan baino kalitate kaskarragoa lortzen da oraindik (Informazio gehiago: 2001eko apirileko Consumer).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa