Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Maleta, pasaportea, bisitatu beharreko toki eta monumentuetako gidak, arropa, argazki-kamera eta ekipajean sartu behar ohi ditugun gainontzeko trasteez gainera, oporraldiak pasatzeko herrialdean gurea ez bezalako moneta erabiltzen baldin bada, bidaian zehar dirua nola eskuratuko dugun erabaki behar izaten dugu. Aukerak askotxo dira: bidai-txeke eta kreditu zein zor-txarteletatik hasi eta, bisitatzen dugun herrialdeko kutxazainetan diru-erauzketak egin edo oporretan abiatu aurretik finantza erakundeetako batean eskudirua eskatu eta horrela eramateraino. Oporren egitaraua antolatzean ere, espainolek bereizgarri duten aurreikuste eskasak -ohitura turistikoei buruz Europa osoan eginiko azterketa baten arabera, berak dira uda parteko bidaiak gutxien eta beranduen antolatzen dituzten europarrak- ez du tarte handirik uzten atzerriko erosketak nola ordainduko diren erabakitzeko. Nolanahi ere, espainolak nahienak dituen helmuga gehienetako -Frantzia, Portugal, Alemania, Italia- dirua euroa den arren, urrutiagoko herriak geroz eta turista gehiagok aukeratzen dute: lurralde horietan dirua eramateko eta gastatzeko modu batzuk besteak baino seguruagoak izaten dira.
Europar Batasuneko hamabost herrialdeetatik hamabitan (Alemania, Austria, Belgika, Espainia, Frantzia, Finlandia, Grezia, Holanda, Irlanda, Italia, Luxenburgo eta Portugal) euroa diru bakartzat finkatu izanari esker, gure irteeretako askotan ez dugu zertan dirua trukatzen ibili; aldi berean, euroa dolarraren maila bertsuan egoteak ere, kontinente zaharretik urrun kostuak buruz kalkulatzea erraztu digu. Horiek ez ezik, beste abantaila bat ere aurkituko dugu uztailaren 1etik aurrera: euro-eskualdeko banketxeek ez dute komisiorik kobratuko txartelarekin dirua ateratzearren, ateratze hori norberaren herriko sare bereko erakunde batean egiten bada. Beste batera jo behar izanez gero, komisioa Espainian kobratuko litzatekeen berbera izan liteke (portzentaje hori ez da zehaztu oraindik, baina uda honetan bertan xedatu beharra dago). Baldintza hori bete ezean, kontsumitzaileak bere banka edo aurrezki kutxari erreklamazioa aurkeztu ahal izango dio (bera baita, azken finean, dirua eskuratzen duena).
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa