Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

11 preserbatibo aztergai: Alde handiak prezioan, ez horrenbeste kalitatean

Marka batzuen prezioak beste batzuenen hirukoa izanik ere, arauak xedatutakoa denek gainditu zuten

  Lubrifikatzailez amaituriko kautxu naturaleko latexezko hamaika preserbatibo aztertu dira oraingoan; horien aleko prezioa 23 zentimotik (Farmacoton) 72 zentimoraino (Profil) doa. Azterturiko lagin guztiek erraz gainditu dituzte legeak xedaturiko probak (UNE-EN 600, 1996an aldatua): beraz, merkeenak har daitezke kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokienekotzat. Aukera erresistenteago eta prezio handiagokoak dira Harmony, Control Nature (55 zentimo) eta Presttys (43 zentimo). Profil da, azterturiko marka guztietan, ontziko hamar ale dauzkan bakarra; gainerakoek 12na dituzte.

Profilaktikoa da egun antisorgailurik erabilienetako bat, bera baliatzeko sendagilearen preskripzioa ez baita nahitaezkoa eta, gainera, sortzeaz kontrako eginkizuna betetzeaz gainera, sexu-bidez transmiti daitezkeen gaixotasunen (hala nola hiesa, gonokozia, sifilisa edota B hepatitisa) kontagioa galarazten duelako.

Ezagutu ziren lehen kondoiak arkume eta antzeko animalien hesteez eginak ziren. Denborak aurrera egin ahala, erabilitako lehengaiak biziki bilakatu dira eta, horrela, gaur egun, Hevca brasilensis arbolatik eta Malasiako beste hainbat arbolatatik erauzten den kautxu naturaleko latexa da gehien baliatzen dena. Latexaren kontrako alergia nozitzen duenak baditu poliuretanoz moldaturiko preserbatiboak: material hipoalergeniko hori oso marka gutxik komertzializatzen dute oraino.

Legeriak zorrozki xedatua du kondoien gutxieneko luzera (170 milimetro) eta zabaleraren kasuan hainbat neurri legezko daude (50 eta 54 milimetro bitarte). Balio horiek hamaika laginek betetzen dituzte; areago, Galanty, Profil eta Durex laginek 200 milimetrotik gorako luzera dute. Beste muturrean, profilaktikorik laburrena Harmony da (193 milimetro). Zabaleraz ari garela, 52 milimetro kondoi guztiek dituzte, Family Natural laginak izan ezik (milimetro bat gutxiago baitu).

Ale bakoitzaren hanpatze-ahalmenak, gutxienez 18 dm3 (dezimetro kubiko) izan behar du. Proba honetan hoberenak -Durex Natural- erraz gainditu zuen (55 dm3) arauak xedaturiko gutxieneko balioa. Areago, ahalmen gutxiagoko laginek ere (Family Natural eta Farmacoton), legeak eskatutakoaren bikoa onartu zuten (37 dm3).

Arauak dioenez, profilaktikoek 1 Kpa-ko (kilopascal) presioa jasan behar dute. Galanty eta, ostera ere, Control Natural izan ziren presio handiena onartu zutenak (1,6 Kpa). Baliorik eskasena Androtex laginak erakutsi zuen, 1,2 Kpa. baizik ez baitzuen jasan.

Zulorik ba ote zegoen hautemateko, lagin bakoitza 300 milimetro kubiko ur destilatuz bete zuten; era horretan, minutu batez aztertu ziren kondoiak, balizko ihesen bila. Ura iragazteko pororik ez zen atzeman inongo laginetan.

Preserbatiboa hausterainoko erresistentzia eta luzamendua neurtzeko saiakerak, laginak ontzitik atera berritan ("hasierako egoeran") egin ziren lehendabizi, eta "zahartutakoan", ondoren. Kondoiak zahartzeko, arauak adierazten duen bezala, 48 orduz 70 graduko tenperaturan eduki ziren; hori dela medio, laginen erresistentzia aldatu egin daiteke (onera edo txarrera). Egoera batean zein bestean, profilaktikoek 39 N-ko indarra (newton) jasan behar dute eta hasierako egoeran duten tamaina bider zazpiraino (%700) luzatuak izateko gai izango dira, hausturarik gertatzeke.

Hasierako egoeran Harmony preserbatiboa izan zen bai erresistentzi proban emaitza onenak jaso zituena (80 newton), baita hausterainoko luzamenduan ere (%870, hots, hasierako tamainatik hasita, bere burua bider zortzi eta erdi baino luzeago egin zen). Presttys eta Control Nature laginek ere emaitza onak atera zituzten, ontzitik atera berritan. Erresistentzia eskaseneko preserbatiboa (nahiz asetzeko moduko emaitzak erdietsi zituen) Prime izan zen (50 newton); luzamendu txikiena jasan zuena, berriz, Family Natural (%750, hau da, legez xedatutakoa baino %7 gehiago).

Zahartutakoan, Control Nature markakoak dira erresistentzia handienekoak: horrelako laginak hausteko 78 newtoneko indarra aplikatu behar izan zen. Androtex, aitzitik, indar txikiena baizik ezin jasan dezakeena da (52 newton). Zahartuz gero, luzatzeko gaitasun handiagoa dute Prime eta Harmony laginek (beren egiazko tamaina baino 8,3 bider luzeago bihurtzen dira) eta proba honetan laginik txarrena Presttys izan zen, bere tamaina 7,5 aldiz luzeago iristen ari zelarik hautsi egin baitzen.

Azterturiko hamaika laginen ontziraketa eta etiketa zuzenak dira. Arauak xedaturiko eskakizunak zorrotz betetzen dituzte denek: kaxatxoan fabrikatzailearen edota banatzailearen identifikazioa eta helbidea agertzen dira, lote, ale-kopuru, iraungipen-data, adierazpide eta era egokienean erabiltzeko aholkuekin batera.

Kaxatxo barnean preserbatiboak plastiko nahiz aluminio-paperezko ontzi banatan aurkezten dira: hor ere, lotea eta iraungipen-data agertu behar du bakoitzak. Azterturiko lagin guztiek baldintza hau ere betetzen duten arren, Presttys, Cosmos, Galanty eta Family Natural markakoetan, inoiz ezinezkoa gertatzen da datu horiek erraz zehaztea, bestelako testu edo idazkiekin batera egokitzen direlako.

Hamaika kaxatxoetan dago orritxo bat eta bertan preserbatiboaren nolakotasunak, erabiltzeko, kontserbatzeko eta botatzeko argibideak. Kondoia erabili aurretik argibideak irakurtzea oso mesedegarria da: profilaktikoen haustura nekez gertatzen da produktuak huts egin duelako; alderantziz, okerreko erabilera edo behar ez bezalako kontserbazioa izaten da gehienetan puskatzearen erruduna.

Erabilera

Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen (hiesa, sifilisa, B hepatitisa, etab.) kontagiorik edota gertatzerik nahi ez dugun haurdunaldiaren aurrean ahalik eta babes eraginkorrena lortzeko, garrantzi handia du ontzi barruan zehazten diren erabiltzeko eta kontserbatzeko argibideak behar bezala betetzeak. Hona hemen garrantzizkoenak:

  • Preserbatiboa zakilean kokatu behar da, zut dagoenean, inongo sexu-kontakturik gertatu aurretik.
  • Ontzi indibiduala arreta handiz ireki behar da, produktua kalte dezakeen tresna zulatzaile edo ebakitzailerik, hortzik edo azkazalik erabili gabe.
  • Eskuetan zauririk baldin badago ez da preserbatiboa ukitu behar, kutsatzeko aukerak ahalik eta gehien murrizteko.
  • Preserbatiboa ontzitik atera ondoren, itxitako muturreko depositua zanpatu behar da, airea erauzteko. Berehala zakilean, zut, kokatuko da, muturreko espazioa libre utzirik, hazia horrantz bil dadin. Azkenean, arreta handiz zabaldu behar da, zakila erabat estali arte.
  • Eiakulazioaren ondotik, zakila pittinka atera behar da, erekzioa amaitu aurretik, preserbatiboa oinarritik helduz, hazia bertatik atera ez dadin.
  • Ondoren, kondoia kendu eta modu seguru eta higienikoan suntsitu behar da. Profilaktikoa ez da inola ere komunera bota behar (buxatu egin lezake eta). Zakarrontzia du tokirik egokiena.
  • Preserbatiboak erabilera bakarrekoak dira: ez dira ikuzi, garbitu behar.
  • Beste labaingarririk nahi izatekotan, erabili ura oinarri dutenak (glizerina, adibidez). Ez erabili funtsean olioa duten lubrifikatzaileak (baselina, haurtxoentzako olioak, kremak, soinerako lozioak, etab.), preserbatiboa kaltetu eta bere eraginkortasuna honda dezaketelako.
  • Latexaren kontrako alergiarik nozituz gero, poliuretanozko preserbatibo hipoalergenikoak erabiltzea komeni izaten da.
  • Kontuan izan, nolanahi ere, preserbatiboaren iraungitze-eguna: datu hori kaxatxoan eta ale bakoitzaren ontzian agertzen da. Data hori pasatakoan, produktuaren kalitatea dezente hondatzen da.
  • Preserbatiboa hautsiko balitz -antisorgailu gisa erabili baldin bada- 72 ordu igaro aurretik, Osasun Zentro edo Establezimendu batean famili plangintzan diharduen espezialistarengana aholku bila jotzea komeni izaten da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto