Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Esnegain zaporeko izozkiak, txokolatezko estaldura dutenak: Ez dira maiz kontsumitzekoak

  Esnegain zaporea eta txokolatezko estaldura dutela, esnekiaz bestelako gantzez (landarezkoa) osaturiko bost izozki aztertu dira oraingoan: Camy Mega Noir, Miko Etiqueta Negra-Nata, Frigo Magnum Frac, Estiu Big Negro eta La Jijonenca Gran Bombón Nata.

Izozki hauek, nutrizio alorretik mesedegarri eta digerigarriak izanik ere, energi ekarpen handikoak ere badira (320-330 kaloria 100 gramoko).

Gehien agertzen duten nutrientea (%28- %34) karbohidratoak dira, erantsitako azukreak batik bat, berezko karbohidratoen %5ek bakarrik baitute laktosa (esnearen azukre soila) oinarri. Proteinak batez beste %3ra bakarrik iristen dira, esnekietatik datozen aldetik balio biologiko handikoak badira ere.

Landarezko gantzez eta kakaoz osaturiko izozkiak direlako gantz asko daukate (%18-%21,5) eta horren gehientsuena asea da, hots, gure osasunari mesede baino kalte handiagoa egiten diona. Bertako mineraletatik kaltzioa agertzen da nabarmen: 100 mg inguru ehun gramoko, beste mineral batzuk ere ugari izanik, hala nola potasioa eta fosforoa dira. Izozkion bitaminen edukia apala da.

Hitz gutxitan, nahiz eta nutrizio alorretik onargarri diren, ez ditugu maiz kontsumitu behar kaloria eta gantz asko (asea, gehienbat) dituztelako. Gantz-osaketarik osasuntsuena Frigo Magnum Frac laginak erakutsi zuen: guztirako gantz-azidoen %24 monoasegabe eta poliasegabeak zituen, osasuntsuenak, hitz batez. Era berean, guztirako gantz gutxien daukana da (%18,5), kaloria gutxien eta proteina, karbohidrato eta errauts gehienekoa. Horrenbestez, azterturiko bost laginetan, Frigo markako izozkiarena da osaketarik egokiena, nutrizio alorretik.

Dastaketan denak ongi agertu ziren; denetan hoberena (7,5 punturekin, 9rekiko) Camy Mega Noir izan zen: bera da gantz ase gehien dauzkana eta garestiena, halaber (11,58 euro litroko).

Azterketa mikrobiologikoak agertu zuen legez, izozki guztiak zuzen daude, higiene eta osasun alderditik. Etiketan, aldiz, irregulartasunak atzeman ziren: bost laginetatik bik ez dute adierazten kontserbatzeko tenperatura (-18º C), ezta izozkailuan kontserbatzeko denbora-epea ere; lagin batek ez ditu estalduraren osagaiak aipatzen eta bostetatik bik bakarrik darabilte izendapen zuzena.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Frigo Magnum Frac laginak eskaintzen du: merkeenetako bat izanik, nutrizio ikuspegitik bera da onena baina, era berean, dastaketan aski apal agertu zen. Proba horretan emaitza polita lorturik, aldiz, La Jijonenca bide da laginik politena aldian behin kontsumitzeko (edo, prezioa ahantzi gabe, produktu hauetan ezaugarri organoleptikoak lehenesten dituenentzako).

Zer daukaten, nola egiten diren

Izozki hauek hainbat esneki izaten dituzte osagai, hala nola esne gaingabetua hautsetan, esnegaina, laktosa eta esne-proteinak, baita esnekiez bestelakoak ere: txokolatea, azukrea, landare-gantza, glukosa-xarabea, emultsionatzaile eta egonkortzaileak, lurrinak eta zaporea moldatzen duten beste hainbat sustantzia ere. Etiketek diotenez, izozkiok gaingabeturiko esne kontzentratua edo gaingabetutako esne hautsetan eta landare-gantzarekin moldatzen dira. Miko eta Camy laginek esneari esneki solidoak erantsi dizkiote, Estiu eta La Jijonenca markek esne-proteinak eta Frigo markak, azkenik, laktosa eta esne-proteinak. Karbohidratoei dagokiela, azukrea (sakarosa) eta glukosa-xarabea jarri dituzte. Camy markak arrautza sartu du. Esnegain zaporea emateko, lurrinak darabiltzate denek, Frigok izan ezik (esnegaina hautsetan baliatu du). Horrek eragina izango du, jakina, produktua izendatzeko unean: Frigo markakoa "esnegainezko izozkia" da eta gainerakoak "esnegain zaporekoak".

Produktua leuntzeko emultsionatzaileak, biskositatea areagotzeko lodigarriak eta produktua talka termikotik babesteko eta gorputzez hornitzeko, izozki izoztuan libre dagoen ura xurgatzen duten egonkortzaileak ezarri dituzte fabrikatzaile denek. Bestetik, inongo koloratzaile artifizial zein kontserbatzailerik ez da atzeman. Txokolatezko estalduraz ari garela, Frigok bakarrik adierazten du txokolatea (kakao, azukre, gurin eta kakao-gantzekin osatua) darabilela. Miko eta Camy markakoek osagaiari "txokolatezko estaldura" deritzote eta La Jijonenca eta Estiu laginek "txokolate beltzezko estaldura". Txokolatezko estaldurak txokolateak berak baino kakao-gantz gehiago du, moldagarritasun handiagoa lortzeko; txokolate beltzezko estaldurak, aldiz, ohiko txokolatezkoak baino kakao gehiago dauka.

Produktua osatzeko prozesuan, lehendabizi osagaiak elkartu, nahasi eta pasteurizatu egiten dira (tratamendu termiko horri esker produktuaren egoera higieniko-sanitarioa hobetu egiten da, kontserbazioa errazteko). Ondoren, nahasitakoa homogeneizatu eta "umotze" prozesuan jartzen da (astinketa leunean, 0ºC-5 ºC-tako tenperaturan). Azkenean, izoztutakoan, produktua nahi erara moldatu, ontziratu eta gogortu egingo dute. Prest dago horrela fabrikan bildu eta geroago banatzeko.

Azterketa

Frigo da denetan estaldura gehien (%32) eta, beraz, izozki gutxien daukan lagina; Camy, berriz, alderantzizko proportzioak (%28) agertzen dituena. Txokolatezko estaldura horixe da kaloria gehienez hornitzen gaituena; izozkia, berriz, esnea eta landare-gantza daukan aldetik, gantz-azido ase askoren iturri dugu. Kafeina eta teobromina ere (kakaoak berez dauzkan estimulatzaileak) estalduran bakarrik aurkituko ditugu. Egindako azterketa kimikoen emaitzak (proteinak, gantzak, karbohidratoak, errautsa, estraktu lehorra, azukreak, gantz-motak, gantz-azido, teobromina eta kafeina) berdin-berdintsuak izan dira lagin guztietan. Nutrizio-alorreko osaketan, Frigo bakarrik nabarmentzen da, proteina (%4) eta karbohidrato (%34) gehiago eta gantz (%18,5) eta kaloria (318 kal. 100 gramoko) dauzkalako. Balio energetikoan hurrena Miko doa: 330 kaloria. Izozki hauen azukre gehienak erantsitakoak izaten dira: sakarosaren agerpena, adibidez, %12-%14 inguruan dabil, laginen arabera. Laktosaren (esneak berez daukan arren, erantsitakoa ere izan daiteke azukre hau) proportzioa %5-%6 ingurukoa da.

Azterketa honetako bost laginak landare-gantzez osatu dira. Esne-gantza esnegainetik edo gurinetik ekar daiteke. Gaiok garesti diren arren, azken produktua ezaugarri organoleptiko (zapore, ukitu, etab.) ederrez hornitzen dute. Frigo da, landare-gantzaz gainera, esnegaina baliatzen duen bakarra. Gainerakoek, partzialki hidrogenatutako landare gantzen nahaskiak erabiltzen dituzte, 30ºC inguruko fusio-tenperatura erdiesteko. Miko, Camy eta Estiu markakoek koko edo palmondo-gantz hidrogenatuak darabiltzate; Frigo markak palmondo-gantza eta La Jijonenca-k, azkenik, kokozkoa. Bestetik, estaldurakoa kakao-gantza eta esneki-gantzaren nahasketa da Miko, Frigo, Camy eta Estiu markako laginetan, eta kakao-gantza soilik La Jijonenca markakoan.

Nutrizioan erabiltzen den indizeetako bat, gantz-azido asegabeak (mono- eta poliasegabeak) eta aseen arteko kozientea izaten da: zifra hori zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta osasungarriagoa izango da izozkiaren gantza. Aztertutako bost laginetan, berriz, indize hori apal-apala da: 0,12-tik (Camy) 0,31 arte (Frigo).

Teobromina eta kafeina izozkiaren estalduran dautza, kakaoak berez dituen sustantziak baitira. Teobromina edukia handia da: 3.606 miligramo litroko, Frigo laginaren estalduran, eta 4.347 miligramo (Camy markakoan) artean dabiltza. Kafeinan, berriz, balioak 371 miligramo litroko (La Jijonenca) eta 653 miligramo (Camy) bitartean.

Ondorioak ateratzeko unean, alderdi nutrizionaletik Frigo izozki orekatuena dela onartu behar dugu: bera da, hain zuzen ere, proteina, karbohidrato eta errauts gehien eta kaloria, gantz eta gantz-azido ase gutxienekoa, teobromina eta kafeinaren proportzioak apalenak izanik.

Bai izozkiak egiteko erabili diren osagaiengatik (esnea, esnegaina, arrautzak, etab.), bai prozesuko hainbat faseren bereziagatik ere, izozkia oso produktu delikatua da ikuspegi mikrobiologikotik, izoztutakoan germen gehienek jarduerarik gabe baina bizirik irauten baitute. Behar bezala kontserbatzea, beraz, ezinbestekoa da, bilketa prozesuan gertatzen diren tenperaturen gorabeherek hein bateko desizozketa eta berrizozketak sortaraz ditzaketelako, izozkiaren ukituaren kaltetan. Azterketak argi eta garbi frogatu zuen bost laginen egoera zuzena zela.

Etiketa, oker

Fabrikatzaile bakoitzak izen desberdinaz bataiatu du bere produktua. Arauak hala aginduta, izendapenak berariazko osagaiak adierazi behar ditu; lurrin bat izatekotan, "halako zaporekoa" agertu behar du etiketak. Izendapenik zuzenenak Frigo eta Camy markakoenak dira: Frigo, esnegaina eta txokolatea berariaz aipatzen dituztelako; Camy, bi osagaiok ezartzeaz gainera, nahitaezko "esnegain zaporea" aipua egiten duelako.

Estiu eta La Jijonenca laginek ez dute loterik, ezta kontsumitzeko data egokienik adierazten. Kontuan izan dezagun, dena den, arauak onartzen duela izozki-anoa indibidualek horrelako bi datuak ez ematea. Beste hiru laginetan (3 eta 4 aleko pack-etan merkaturatzen dira), derrigorrez egin beharreko adierazpen horiek ontzian agertzen dira, ez anoa indibidualetan.

Produktua kontserbatzeko argibideak ere etiketan adierazi behar dira, nahitaez. Estiu eta La Jijonenca laginek ez dute tenperaturarik (-18 ºC), ezta izozkailuan produktuak gehienez iraun dezakeen epea ere. Osagaien zerrendari goazkiola, izendapenean agertzen den, etiketan nabarmentzen den edota produktua osatzeko funtsezkoa den osagaiaren kopurua beti adierazi behar da. Izendapenean txokolatea edo txokolatezko estaldura aipatzen duten hiru laginek (Frigo, Camy eta La Jijonenca) etiketan zehazturik agertu dute. Bestetik, osagai konposatuen elementuak ere aipatu behar direla dio arauak, hala nola estaldurako txokolatearenak, produktu burutuaren %25 baino eduki handiagokoak direnean. La Jijonenca da txokolate beltzezko estalduraren osagaiak aipatzen ez dituen lagin bakarra, zati hori produktu osoaren edukiaren %30 den arren. Bukatzeko, nutrizio alorreko informaziorik ez izatea nabarmentzen da (Camy eta Estiu laginek bakarrik ezarri dute): derrigorrezkoa ez bada ere, kontsumitzailearentzat interesgarria izaten da eta.

Dastaketan, ongi

Izozkien ohiko kontsumitzaile diren lagun talde batek (16 eta 25 urte bitarteko 30 boluntario: horien %70 emakumezkoak eta %30 gizasemeak) egin zuen bost laginen dastaketa. Proban, hurrengo parametroak balioztatu zituen: estalduraren kolorea, barnekoaren kolorea, zaporea, ahoko urgarritasuna, bukaerako zaporea eta osoko balioztapena. Osoko balioztapenean bost izozkiek puntuazio onak lortu zituzten, 6,5 edo hortik gorakoak (eskala hedonikoa 1etik 9ra artekoa zen). Denetan, gehien gustatu zena Camy izan zelarik (kontsumitzaileen erdiek baino gehiagok hautatua), 7,4 puntu bildu zituen osoko balioztapenean; ondotik La Jijonenca zetorkion (epaimahaikideen %43k aukeratua) 7,2 punturekin; hurrena Miko (6,7 puntu) zihoan. Balorazio apalenekoak Frigo eta Estiu izan ziren (6,5na puntu). Dastatzaileei gutxien Miko gustatu zitzaien (okerrena zela adierazi zuten epaileen %43k). Laginen estalduraren kolorean, barnekoaren kolorean zein bukaerako zaporean alderik ez zuten atzeman dastatzaileek; bai, ordea, produktuaren zaporean eta ahoko urgarritasunean. Bi parametro horietan Camy laginak eraman zituen puntuaziorik hoberenak, oharpen lagungarriekin batera, hala nola "estaldura ez da desegiten", "beteki krematsua" edota "ahoan ederki urtzen da". Frigo laginaren zapore eta urgarritasunari balorazio eskasak aitortu zizkioten. Camy eta Estiu, berriz, gaizki balioztatu ziren, estalduraren ukitu biziki hauskorra dela medio.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto