Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Juanikoteak, behatzetako deformazioa, kailuak, belauneko minak, oinetako desegokiak erabiltzearen ondorio baino ez dira izaten sarri
Alde batetik bestera eraman eta egun osoan zehar gure pisuari eusten diote, sarritan takoi larregi, horma estuegi edo punta zorrotzegiarekin gainera, eta horrek lesio konponezinak eragin ditzake luzera. Eta hala ere, oso arreta gutxi eskaintzen diegu oinei, beste gorputz atalei baino gutxiago behintzat, gure osasunean eta ongizatean zenbaterainoko garrantzia duten ohartu gabe. Gure organismoari oinarria eta euskarria ematea da oinen funtzioa, baina mugitzeko eta gelditzeko, ekintza erritmikoak egiteko, propultsiorako eta talkak moteltzeko eta orekari eusteko ere erabiltzen ditugu. Oso organo espezializatua dugu, beraz, eta bereziki zaindu eta arreta eskaini behar zaio. Eta oinetako egokiak erabiltzea da horretarako lehen urratsa.
Jaiotzen garenean, egin gabe izaten da gure oina eta arkuak ezin izaten dira antzeman; haurra zutik jartzen denean baino ez dira antzematen hasten arku horiek, luzetarakoa batez ere, gorputzaren pisuari eusteko eta oinez ibiltzeko egin beharreko ahaleginaren ondorioz. Bizitzako lehen urteetan zehar eratuz joaten da oina eta hasieran batez ere, oso egitura malgua izaten du, behar adina sendotasun garatu gabe; horrenbestez, oinaren gainean edozein presio anormal egiteak ondorio negatiboak izan ditzake. Gure gizarte urbano honetan etxeko azalera gogor eta irmoen gainean eta hormigoizko bide edo zoladurazko espaloietan ematen ditugu lehen urratsak eta hori kaltegarri izan daiteke gure oinentzat. Txikitatik sarritan oinetako desegokiak erabiltzea ere lagungarri da horretan.
Pertsona helduaren oina hiru arkuren bidez eutsitako ganga dela esan daiteke, haizeak puztutako bela triangeluaren antzeko forma duena. Gorputzaren pisua oinaren aurreko aldearen eta orpoaren artean banatzen den arren, posizio bertikalean kargarik gehiena orpoaren gainean izaten da eta gorputzaren pisuaren erdia baino gehiago izaten da. Horrela, ulertzekoa da gorputzaren pisu osoa zentimetro karratu bateko orratz erako takoiaren gainean biltzen denean, takoi horrek zorua "zulatzea". Takoien bidez orpoa altxatu ahala, pisua banatzeko era ere aldatu egiten da eta takoia zenbat eta altuagoa, orduan eta gehiago kargatzen da oinaren aurreko aldea. 10 cm inguruko takoiak erabiliz gero, ia gorputzaren pisu guztia behatzen gainera erortzen da.
Oinetakoak erostean gogoan izan behar da oinetan morfologia mota desberdinak daudela eta horietako bakoitzak desberdin erantzuten duela oinetakoaren aurrean.
Hiru mota bereizten dira:
Argi geratzen da, beraz, takoi altua eta punta zorrotzeko oinetakoa erabiltzea eraso latza dela oin eta zangoentzat eta hainbat patologia sor dezakeela, oso gogaikarri eta mingarriak gainera. Hona horietako batzuk:
Bada pertsona talde bat arrisku handikoa, era honetako lesioren bat izanez gero: zirkulazio arazoak dituzten diabetikoek bereziki zaindu behar dituzte oinak eta baita beheko gorputz-adarretako arteriosklerosia eta odol-fluxuaren arazoak dituzten pertsonek ere.
Azkenik, ez da ahaztu behar oinetakoak erosteko eguneko unerik onena iluntzea dela, egun osoko jardunaren ondoren baliteke eta oinak handiturik izatea eta oinak estutuko ez dizkiguten oinetakoak erosi ahal izango ditugu. Eta, nola ez, zapata biak probatu behar dira, oin bat bestea baino handiagoa izaten baita sarri.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa