Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

Weblog-ak: Bitakorak denentzat

"Weblog" edo bitakora horiei esker, eskarmenturik gabeko erabiltzaileak edukiak eman ditzake argitara Interneten

  Lehendabiziko web orria -duela hamaika urte Suitzan Tim Bernest-Lee-k sortu zuena- weblog bat izan zen, nahiz artean hortaz inor konturatu ez zen. Nolanahi ere, azken urte honetan weblog edo bitakora modako hitz bilakatu da, informazioa hedatzeko era aldatu duen kontzeptua izatera iritsi da eta, bide horretatik, kazetaritza tradizionala bera ere kolokan jarriko du, agian. Areago, ezagutzaren zabalkundean inprentak bete zuen eginkizun demokratikoarekin konparatu ditu norbaitek oraingo bitakorak.

Nolanahi ere, weblog bat bitakora hutsa baizik ez da, hots, kapitainak itsasontziko gertakari eta gorabehera guztiak kronologikoki apuntatzeko zerabilen idazliburuaren parekoa. Mundu digitalera igarota, aditu nahi duenari interesatzen zaiona kontatzeko internautak -bere askatasuna urratuko luketen artekariak gabe- baliatzen duen web gunea da. Horrela, behintzat, ez dirudi deus berria denik, web orri bat argitaratzea kontu erraz eta merkea izan baita aspaldi honetan.

Non ote datza berrikuntza, ordea? Hona erantzuna: nork bere mezua ehunka milioi lagunek osaturiko jendetzaren eskura jartzea egundo ez da izan orain bezain merke (erabat doan) eta aise (sagua hainbat aldiz sakatzea baizik ez).

Blogger aitzindariari, Blogalia hispanoari eta antzeko web guneei esker, testu-prozesagailu bat nola dabilen ozta-ozta dakien internautak bitakora ikusgarriak (web orrialdeak, hitz batez) sortu eta mantendu ahal izango ditu, kasuan kasurako diseinaturiko txantiloiak baliatuz. Ondoren, web horiek edukiz betetzea baino gauza errazagorik ez: horretarakoxe bideraturiko orri batean idatzi eta "argitaratu" tekla sakatzea aski da.

Musu truk

Hedagailu mediatiko horiek era guztietako gaiak jorratzen dituzte, egileen zaletasunen arabera: badira bitakora hutsalak, filosofikoak, poetikoak, literarioak eta informaziozkoak, esate baterako. Bertan idazten duenak bere buruaren gorespenaz (bildu duen internauta kopuruaren proportziozkoa) besterik nekez irabaz dezake.

Fenomeno horri esker mordoska bat guru sortu dira han-hemenka, beren pulpitutik lagunarte ugari edo urriei informazioa jakinarazi edo atsedenaldia alaitzeko xedez. Argitaletxez argitaletxe, aukera baten eskean bizitza osoa eman duten idazleek, beren entregen zain egongo diren balizko irakurleak ezagutuko dituzte horrela. Ahoz ahoko sistema honek (beraren euskailu izan litekeen beste zernahi baino areago) erabiltzaileari gerturatzen dizkio oinarri mediatiko sendorik ez duten idazle eta kazetari onen lanak.

Informazioa hedatzeko erari dagokiola, bitakorak ez du goitik beherako aldaketarik eragin, gai mordoska bat jorratzen duten kalitate on edo okerragoko testu-andana baino ez delako: ikuspegi horretatik, beraz, ez da egunkari edo aldizkariaz zeharo bestelakoa. Nolanahi ere, badira weblog bilakatuagoak, bertako kideen ezagutza hedarazten dituzten egiazko gune neutroak. Neurriko agertzea: horra hor giltzarria, alor horretan ere.

Weblog moderatuetan, argitara emaniko informazioak iruzkin ditzake internautak, ohiko beste zeinahi eztabaida-gune batetan legez. Zentsurara jo beharrik izateke, gehiegikeriazko iruzkinik ez azaltzea da web gune hauek ekarritako berrikuntza nagusia.

Zaratarik gabe

Eztabaida-foro anitzetan, zaratak eta harrabotsak azkenean entzulea gortu egiten dute. Foroan zenbat eta erabiltzaile ugariago bildu, orduan eta jende gehiago urrunduko da aztergaitik edo, iruzkin baliagarri eta arrazoizkoak aurkezten saiatu ordez, bertan diren pertsonak iraindu nahiz elkarrizketa adimentsuak lehertzen ahaleginduko dira (Troll deritze horrelakoei). Konponbidea, orain arte, argitara eman beharrekoa bere bahetik iragazten zuen zentsorea ezartzea zen, gaitz arinago modura.

Weblog moderatuek, ordea, erabat kudeaketa-sistema demokratikoa erabiltzen dute. Har dezagun, adibidez, software askean dagoen Slashdot (www.slashdot.com) web gunea. Bertara azalduriko iritzi guztiak irakurleek berek balioztatzen dituzte eta aldian behin hainbana puntu jasotzen dituzte, beste erabiltzaileek eginiko iruzkinen artean bana ditzaten. Kontua ez da norberaren aldekoari botoa ematea, iritzirik burutsuen, aberasgarrien edo arrazoizkoenak gorestea baizik, zaletasunak gorabehera. Bestela esatearren, irakurtzea merezi duena saritzen dute.

Iritzi neurrikoak

Sistema horren bitartez iruzkin guztiak balioztatzen dira -1 (ken bat, hau da apalena) eta 5 (gorenekoa) bitartean. Web orrian sartzen denak irakurri nahiko lituzkeen iruzkinen kalitatearen maila bakarrik aukeratu beharko du sarreran. Iritziak zentsuratu egin ez diren arren, internauta gehientsuek -1 kalifikazioarekin zigortu dituzten testuak irakurtzeko prest ez da bisitari gehiegi agertuko; astirik gutxien dutenek, berriz, iritzi distiratsuenak bakarrik irakurtzeko beta hartuko dute.

Izurra izurtuz, hainbat irakurlek "metamoderazio" alorreko puntuak jasotzen dituzte: horien bidez, moderatzaileek eman dituzten puntuazioak balioztatzen dira eta, bide batez, nork bere moduko iritziak saritzeko joerari aurrerantzean saihets egingo zaio. Sistema horren funtzionamenduaren egokitasuna egiaztatzeko modu hoberena, Slashdot gunera bisita egin eta martxan ikustea da. Egunero-egunero hamar bat albiste eta ehunka iruzkin ematen dira argitara: eginkizun soila da horietatik onenak bakarrik aukeratzea.

Amai dezagun ohartxo batez, bidenabar: Slashdot-en sortzaile izan zen Rob Malda-k andregaiari berarekin ezkon zedin eskatu zion "Kathleen Fend irakur ezazu testu hau" orrian. Handik hamabost minutu eta erdira emakumeak erantzun zion, interesaren biziagatik, puntuazio altuena irabazi zuen idazkian: "Bai ba, tontolo. Negarra eragin didazu".

Nahi adina nabigatzeko

Blogger www.blogger.com
Programazioaz deus ez badakite ere, Interneten idazkiak argitaratu nahi dituzten erabiltzaileentzako doako lanabes soila da Blogger. HTML horretan artatsu direnek, ordea, beren sormen lanak nahi bezala pertsonalizatu ahal izango dituzte.

Kuro5hin www.kuro5hin.org
Sarean dabilen bitakorarik aurreratuenetako bat da Kuro5hin, teknologiaz ari garela. Bertan, albisteez eta gainontzeko internauten iritziez beren aburua eman ahal izateaz gainera, erabiltzaileek beraiek erabakitzen dute demokratikoki zein informazio argitaratu eta zein baztertu behar den.

Blogalia www.blogalia.com
Blogalia izeneko espainierazko bitakoren komunitateak, espainolez egitearen truk Blogger-en aukera aurreraturen bati uko egiteko prest dauden internauten premiak asebeteko ditu. Ikuste hutsarekin aski dutenek ere (besteren bitakorak bisitatzea nahikoa dutenak, alegia) hemen dautzan weblog ugarien artean literaturako maisulanak eta zientzia-dibulgazio alorreko benetako perlak topatuko dituzte.

Barrapunto www.barrapunto.com
Arazo teknikoak direla medio, moderazio-sistemak aspaldiko partez funtzionatu ez duen arren, Barrapunto da egun gehien bisitatzen den weblog espainiarra. Gehien jorratzen dituen gaiak teknologiari dagozkionak badira ere, hainbat gai soziali ateak zabaldu dizkio, sekulako iruzkin mordoa pilatuz.


Eduki honen erlazioak

Informazio hau PDF bertsioan jaitsi

PDF: Egin klik hemen honako ekintza hau burutzeko: Informazio hau PDF bertsioan jaitsi (34 Kb)

Orain paperezkoa ere euskaraz


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto