Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Guraso eta seme-alaben arteko emantzipazioak etxe berean bizi diren artean hasi behar du
Gauza jakina da seme-alabek -beren bilakaera pertsonalak uzten dien neurrian- erantzukizunak beregain hartzen ikas dezaten lagundu behar dutela gurasoek eta haien autonomia bultzatu behar dutela, eta era independentean bizi izateko prestatzen lagundu. Sarritan hain ahalegin, kezka eta angustia handia eskatzen duen dedikazio hori, askotan zuzen ari ote diren kezka eragiten duena, beren buruari ere eskaintzen ote diote gurasoek, pertsona bezala beren autonomia propioa ere sendotzeko? Seme eta alaba askok, etxetik alde egiteko gogotsu egon eta horretarako aukera izan arren, atzeratu egiten dute une hori, gurasoei hutsune sentsazio desatsegin hori ez sentiarazteagatik. Eta guraso askok, borondaterik onenez, moteldu egiten dute seme-alaben eta beren emantzipazioa, etorkizunak sortzen dien kezkaren beldur. Seme-alabek gurasoen etxea utzi eta proiektu autonomoa garatzen hastea erabakitzen dutenean, ordura arte bezala guraso izaten jarraitu behar duen galdetzen dio aita-ama askok bere buruari. Erantzuna argia da: guraso izango dira bizi diren artean. Eta beste hainbeste seme-alabak ere, familia sortu edo beste etxe batean bizi arren. Gurasoen emantzipazio prozesuak seme-alabek aldegiteak sortzen duen galera sentsazioa gainditzea eskatzen du eta emantzipazio horrek dakartzan etapa berrietan eta bilakaeran inplikatzea.
Zenbait guraso eta seme-alabaren arteko harremanak ez dira errazak izaten, lotura emozional estua dutelako, hainbeste urtez elkarrekin bizi izanaren pisuagatik eta batzuengan eta besteengan emantzipaziorako urratsa ematean sortzen diren kontraesanengatik. Zenbait gurasok seme-alabak larregi babesteko duten joeraren eraginez, seme-alabek zalantzak izaten dituzte erabakiak hartzerakoan eta etengabeko laguntza behar izaten dute, gurasoen orientaziora eta baldintzarik gabeko babesera oso ohiturik daudelako. Beren ordez gauzak egiteak, hitz egin edo pentsatzeak, erabakitzeak, behar duten guztia emateak, gazteen emantzipazioa atzeratu ez ezik, indartu egiten du gurasoek seme-alabez duten beharra ere.
Gurasoak eta seme-alabak entitate independenteak dira, bidearen zati bat elkarrekin egiten dutenak, elkar onartu eta egoerei aurre eginez, bakoitzaren mugak eta helburuak eta bakoitzarenak finkatuta eta familia unitate bereko kide gisa elkar maite dutenak. Seme-alabengandik direlako dira gurasoak guraso, eta alderantziz. Eta emantzipazioaren adierazpen gorena bakoitzak bere eremu propioa izatea da, etxebizitza independenteak edukitzea.
Guraso eta seme-alaben arteko emantzipazioak etxe berean bizi diren artean hasi behar du. Ez da seme-alabek etxetik alde egiten dutenean nahitaez konpondu beharreko egoera; mundura iristen direnean hasi behar du. Etxetik alde egitea mugarri garrantzitsua da eta mingarria batzuetan, baina azken batean, bizitzako etapa bat gehiago da. Seme-alaben emantzipazioa prestatzeak gurasoena ere aldi berean prestatzea esan nahi du. Horrela, seme-alaben autonomia bultzatzeak seme-alabekiko gurasoen independentzia ere bultzatu behar du. Seme-alabek baloratu egingo dute bizitza independentea eta hori lortzen ahalegindu egingo dira, gurasoek ere hala egiten dutela ikusten duten heinean. Independentziari ez zaio beldurrik izan behar, ongi eramanez gero ez baitu ausentzia, lotura galtzea edo abandonua esan nahi.
Erantzukizunez eta kontzienteki harturiko independentziak egiazko askatasuna ematen du eta guraso eta seme-alaben artean borondatezko dependentzia orekaturako espazio bat uzten du, ingurukoekiko izaten ditugun behar-loturen aldean oso bestelakoa.
Seme-alaba eta gurasoen arteko errespetua praktikatzeak elkarri askatasun, hazkunde pertsonal eta bizitza propiorako esparruak aitortzea esan nahi du. Seme-alabak independentzia ondorio guztiekin onar dezaten prestatzea komeni da. Seme-alabekiko betebeharrak gero eta gutxiago izan behar dira. Gurasoek ere berreskuperatu egin behar dituzte askatasun-espazioak, seme-alabak aurrera atera, hezi eta haiei laguntzeko lehentasunaren aurrean urte luzez albora utzitakoak.
Emakume batzuek ama paperari heldurik jarraitzen dute, seguru eta baliagarri sentitzeko eta loturarik eza egozten diete seme-alabei, "hau al da hainbeste kezkaren ondoren jasotzen dudan ordaina?". Badirudi lotura horri, zilbor-heste metaforiko horri eusten jarraitu nahi dutela, seme-alaben emantzipazioa ez ezik, gurasoena ere moteldu eta eragozten duena.
Batzuetan, kontua ez da gurasoek askatasun uneak berreskuratzea, barne askatasuna konkistatzea baizik, azkenean Gibran-en poemak dioena bizitzara eramateko: "Zure seme-alabak ez dira zure seme-alaba", hau da, seme-alabek beren bizitza izan behar dutela eta beste hainbeste gurasoek ere.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa