Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Vicente Ferrer, bizitza osoa hurkoari emana: "Familien %90ak dirua eman behar luke herrialde pobreentzat"

  Hona hemen gizon bat, 82 urte bizkarrean izanik inolako sufrimendu edo harrokeria faltsurik gabe aitortzen duena ez duela zorionik bilatzen, "gehienez ere, besteen zorionaren alde lan egiten dut. Egia esan, ez dakit neure zoriona zer den, eta aldrebeskeria hutsa iruditzen zait, erabat egoista izatea litzateke" Zer esan horrela hitz egiten duenaz?

Vicente Ferrer, erakunde bizi bat izateaz gain, gizon hiztuna da, lasaitasuna transmititzen duena eta badaki bere sinesmen etiko sendoak ( "erantzukizuna gizartearena da, baina egiten dudanak nahikoa arrazoi eta gehiago dauka bizi guztia dedikatzeko ere") nola helarazi; praktikotasunean erroturiko jakinduria batean oinarrituta egiten du. Horrela, helburu bat jarri dio bere buruari: "espainiarren %90ak munduko herrialde pobreenen garapenerako dirua ematea".

Ez da zahartu, maitemindurik jarraitzen baitu: bizitzaz, jendeaz, bere elkartasunezko proiektuez. Baina Vicente Ferrer ez da inondik ere erromantiko hutsa. Beretzat, ideiak praktikara eramatea da ekintza eta idealismoa ekintzarako joera besterik ez da.

Ana -emaztea eta elkartasun bideko laguna- eta Vicente Ferrer Fundazioko zuzendaritza taldea alboan dituela, behartsuenen aldeko ekintzaren aldeko profeta hau eroso ikusten dugu, hitz egiten ohituta; baina bistan da nahiago duela besteei entzun eta haien alde lan egitea. Kadentzia motel eta goxoz hitz egiten du eta argudio guztiak kentzen dituen apaltasunezko eta solaskidearekiko errespetuzko ariketa batean, behar adina ahalegin eta denbora ematen du bere ideiak josi eta antolatzen. Une oro antzematen da Vicente Ferreren pentsatzeko eta komunikatzeko era oso murgildurik daudela ekialdeko espiritualtasunean eta gauza materialekiko loturarik ezean.

Ferrer ez da pertsonaia historiko sentitzen, baina hala ere, bere obrak, bere proiektu itzelak denboran zehar irautea du amets. Maisua da, baina ez du bere burua lider edo profeta izendatzen. Argi eta garbi aitortzen du dirua lortzeko helburuak ekartzen duela urtean behin Indiatik Espainiara eta ezbairik gabe dio "diruari ahalik eta probetxurik handiena atera behar diogula, gure heziketa, osasun eta lan arloko proiektuak aurrera ateratzeko". India hegoaldeko Anantapur eskualdean, Andhra Pradesh estatuan, bi milioi pertsona baino gehiagok Vicente Ferrer Fundazioaren lorpenetara lotu du bere ekonomia eta bizi-sistema. Sistemaren barruko sistema horrek normaltasun zeinuak hartu ditu orain, baina ez da beti hala izan.

"Aita Ferrer, har itzazu opor labur batzuk eta gero itzuli Indiara". 1968ko udaberrian telegrama bidez bidalitako hitz diplomatiko horiek Indira Gandhi presidentearen sinadura zuten. Indian botere eta eragin gehien zuten kastek, Vicente Ferreren ekipoen programak herri xehearentzat lortzen ari ziren hobekuntzen beldur, nekazariak kristautasunera bihurtu nahiaz salatu zuten langile nekaezin hura helburu hori sekula izan ez bazuen ere. Baina hain zuzen ere nekazariek egin zuten protestaldia, putzuak eta herrietan klinikak eta eskolak eraikitzea bultzatzen zuen gizon patxadatsu hura itzul zedin eskatzeko. Ordutik 30 urte baino gehiago pasa da eta Vicente Ferrer Fundazioaren ahalegina 1.500 herrixka baino gehiagotan antzematen da; azpiegiturak dituzte, ura edangarria da, ospitaletan oheak daude, liburuak eta irakurtzen ikasten duten haurrak eta nekazaritzako kooperatibek jarduera ekonomikoa eta aberastasuna sortzen dute. Ezinduek, emakumeek eta ukiezinek pobrezian jarraitzen dute, baina sinisten hasiak dira pobreziaren tiraniari men egin gabe bizi daitekeela.

Vicente Ferrer-ekin hitz egitea maximalismoetatik aldenduriko baina errealismo eta konpromisoz beteriko gogoeta eta proposamenak entzutea da. Bere baikortasuna pertsonengan duen fedean oinarritzen da eta sistemarekiko kritika, berriz, praktikotasunean, aldaketa bilatzeko ahaleginean.

Zure Fundazioak garapenerako laguntza integrala aldarrikatzen du eta etxebizitzak, ospitaleak, eskolak eraikitzen lan egiten duzue, lursail idorretan ura atera eta kanalizatzen, nekazaritzako produkzioa garatzen, lanbide heziketarako azpiegiturak sortzen, kreditu txikiak ematen, emakumearen eskubideak gizonezkoarenekin parekatzen. Hori al da garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen bidea?

Ontasunaren kanpoko adierazpen bat eraikitzeko asmoz jaio zen gure erakundea. Haziz joan gara eta bitartekoak biderkatuz joan dira, gure baliabideak egokitu egin ditugu, gure lana ehunka pertsonengana barik, milaka pertsonarengana iritsi dadin, eraginkor izateko bitartekorik egokienak erabili behar genituelakoan. Eta horrela, amets hark utzi egin zion mundu desberdin bateko proiektu txiki izateari: Indian gaude, sistema partikular batean, eta horrek berezi egiten gaitu beste erakunde batzuek beste herrialde batzuetan bilatzen dutenarekiko, funtsean guztiok ahalegina berbera izan arren: azken batean, guztiok uste dugu oso gauza gutxirekin zoriontsu egin daitekeela beste pertsona bat. Hortik dator milioika gizakirengana iristeko nahia, kasu honetan Indian, bat bateko gupida erabiliz sufrimendua gutxitzen laguntzeko.

Zure Fundazioaren lan eremua Extremadura bezain handia da eta bi milioi bizilagunengana iristen da. Horrek argi erakusten du arazoek badutela konponbidea, arintzeko aukera behintzat; baina onartuko diguzu mundu garatuari ezin zaiola eskatu mila aita Vicente Ferrer sor ditzala munduko herrialde pobreenetako azpigarapena konpontzeko. Zer egin behar dute Europako Batasunak eta munduko herrialderik aberatsenek?

Utzidazu galdera bat egiten: nola konponduko dugu gizartea, eman dezaketen herrien erreakzio masiborik ez badago? Iraultza bat gertatu behar du, epopeia honetan heroitasun kolektiboaren beharra dugula sinisturik, masak mugituko dituena. Gizateria gaixorik dagoela aitortu gabe ezin dugu borroka irabazi. Egia da, baliteke gizartea betidanik gaixorik egotea, baina une honetan tragedia itzela gertatzen ari da: aberastasuna eta erabateko pobrezia batera bizi dira. Lurraren zati batek dena eskuetan dauka, baina hala ere, sufritzen dago planetaren armonia falta globalagatik. Sorturiko interesek armoniarik gabe uzten dute Iparraldeko gizakia, borrokan baitago ontasunaren eta egoismoaren artean eta desoreka hori gizartera ere iristen da. Zergatik ez dugu konpondu? Zergatik ez dugu oraindik konpondu desberdintasun handien arazoa? gizaki asko eta asko bizitza penagarria izatera zigorturik baitaude eta beste asko aberastasunean igeri. Baina optimista naiz, orain arteko lorpenetan eta une honetara arte zenbat milaka urte pasa behar izan den pentsatzen dut. Aitor dezagun gizateriaren une esplika-ezin batean gaudela eta gauza guztien gainetik, bilakaera positibo baterantz doala gizakia, konponbidea lortzeko ere denbora asko pasa behar duen arren. Nik ere Indiako arazo guztiak konpondu nahi nituzke, baina hori ezinezkoa da. Eta, gainera, nazioarteko erakundeak daude, mundua ezin delako gelditu.

Zergatik aukeratu zenuen India?

Indiak aukeratu ninduen ni. Kasualitateak gauza handi asko estaltzen du eta gure historiako garai batean egiten dugun guztia biltzen du. Onartzen dut gure Fundazioaren 50 urte hauetan gertatu dena aldeko eta kontrako ustekabeen aurrean hartutako erabaki eta erreakzioen fruitu izan dela. Gerra Zibilean zehar, nire lana Jainkoari ematea aukeratu nuen. Erabaki hori hartu nuen eta gerra amaitzean, erabakia martxan jartzeko nire ahalegina zertan gauza zitekeen begira jarri nintzen.

Jesusen Lagundian sartzea erabaki nuen, San Inazio Loiolakoak santu eta merkatari nahaste harekin, zeukan izaera abenturazalearen atzetik. Haren izpiritua gustatu egin zitzaidan; oso gizon praktikoa zen, bizitzan zer egiten dugun galdetzen zion bere buruari.

Hasiera erlijiosoa gorabehera, zure bizitzan eredu izan zara beti pobreen emantzipazioa diskurtso ebanjelizatzailearen aurretik jartzen. Behartsuari laguntzea al da ekintza on nagusia?

Utzidazu azaltzen. Nire kasuan, nire prestakuntza erlijiosoko hirugarren urtea betetzera zihoan eta une horrexetan ateratzen zara espirituaz jantzirik, baina nik espiritualtasunetik aldentzea erabaki nuen. Hauxe erabaki nuen: santutasunera bide lurtarrenetatik iristen dela sinesten dut sakon-sakonean eta, beraz, hori entzun eta jarraitzea zela garrantzitsuena. Niretzat, ekintza da garrantzitsuena, horixe da azken espiritualtasuna, otoitza baino urrats bat harago doana; izan ere, ekintza on batean zure izate guztia mugitzen da: alderdi fisikoa, sentimendua, sentsazioak...

Eta, beraz, orduan sortu zenuen definitzen zaituen leloa: "ekintzak bere baitan biltzen du filosofia guztia, unibertsoa eta Jainkoa bera ere bai"

Misioetan lanean hasi nintzenean, ekintzaren inguruan gauzatu zen guztia, gizakien sufrimendua gutxitzeko ekintzaren inguruan, eta hori ez da ezer inposatzea, mina arintzen laguntzea baizik. Oraingoaren antzeko erakunde bat osatu genuen, nire dotrina propioarekin, nekazariei hitz eginez eta esanez ama beraren bi seme ez direla anaiak; batak besteari laguntzen dionean bihurtzen direla anaia. Aberats izan nahi baduzue, eman; pobre izan nahi baduzue, ez eman ezer inori. Eta horrelaxe sortu nituen aginduak, gizakien arteko anaitasun kontzeptuan laburbil daitezkeenak. Abiapuntu gisa, hazten ikusi gaituen gizartearekin zorretan gaudela uste dut eta ematen diguna itzuli egin behar diogula. Kontuak atera eta jaso duzuna bakarrik ematen baduzu, ezer ez duzu eman, itzuli bakarrik egin duzu.

Espirituari ematen zaion erantzuna da hori ala portaera-bideak markatzen ditu?

Gizakiak indar espiritual batzuk ditu eta horiek ez dute aditiborik behar azaltzeko. Errebelazioez hitz egitearen aurkakoa naiz, baina gogoan dut gerra garaian, gau ilun-ilun batean, nire pentsamenduak proba bat jarri zidan. Nire borroka propioa hasi nuen, zein bandotan izena eman erabaki behar nuen eta: iluntasuna edo argia, eta ez nuen ulertzen zergatik kostatzen zitzaidan hainbeste argia aukeratzea. Ordutik, argiaren bandoan nago, baina mundu honetako iluntasuna ikusi eta ulertu egiten dut. Hala ere, gauzarik onena da argia ez dela itzaltzen: hor daude besteenganako maitasuna, elkartasuna, mundu hau gaur egun denaren aldean desberdina izan dadin nahi izatea. Jainkoaren aurrean kexu gara -hor baldin badago- mundua gaizki egina dagoela esanez eta horrek aldendu egiten gaitu gizon-emakumeengandik. Proba handiegia da eta bizi izatea tokatzen zaigunaz kexatu beharra dugu.

Une honetan emazte Anak parte hartzen du eta irribarre baketsu batekin dio Vicente Ferrerek filosofo bezala jokatzen duela Espainian baina Indian gauza praktikoez besterik ez duela hitz egiten. "Hemen mezu espiritualetan babesten da, jendeak horien gosea duelako eta horrelakoak behar dituelako; baina berarekin daramatzadan hogeita hamalau urteetan zehar, besteen bizi-baldintzak hobetzeko zer egin dezakeen pentsatu du etengabe, egunero-egunero".

Beharbada optimismo eta fede dosiak jasotzeko premia izango dugu eta horretarako, nor hoberik mundua hobetzearen alde bizitza osoa eman duen langile sutsu bat baino?

Espainian heroitasun kolektibo baten premia dugu, izan ere, pobrezia garaitzea giza-borroka izugarria da, entrega-dosi itzelekin ez bada, irabazi ezin duguna. Horregatik, gure herrian familien %90ek herrialde pobreetarako dirua ematea lortu behar dugu. Berriro diot: gizateria gaixorik dago, baina uste dut elkartasuna gero eta presenteago daukagula.

Gero eta sarriago agertzen dira GKEen gestio txarrei buruzko albisteak eta garapen proiektuetan lan egiten dutenen jokaera gaitzesgarriak. Zergatik gertatzen da zure ustez hainbeste irregulartasun?

Informazio horiek epidemia antzeko bat dira, birusa. Bere kontzientzia lasaitu nahi duenari zuzen zebilela uste izateko aukera emango diote: ez ziola inori lagundu behar uste izaten dute. Abusu-kasuak penagarriak dira, baina gizon-emakumeen akatsez beteak, izan ere, boluntario eta misiolariek gizakien bertute eta akats guztiekin lan egiten dute proiektuetan. Hala ere, kasurik gehienetan GKEen proiektuak oso kontrolaturik egoten dira. Gure Fundazioak 32 urte darama leku berean lan egiten eta gure ekintzen hartzaile den komunitatea bera arduratzen da egiten duguna gainbegiratzeaz.

Inoiz kexatu izan zara jasan behar izaten duzuen burokraziaz.

Hainbeste paperen ordez, administrazioek emaitzak eskatu eta egiaztatu behar lituzkete. Ospitale bat egiteko dirua eskatzen badugu, faktura konpultsatuak kontrolatu nahi izaten dituzte, bildu eta bidali beharreko paperez beteriko kaxak eta kaxak; baina horren ordez, ospitalea eraiki den eta funtzionatzen duen egiaztatu beharko lukete. Errazagoa eta eraginkorragoa izango litzateke guztiontzat.

Komunitate bateko haurren babesle bihurtzea erabiltzen duzue batez ere finantzazio iturri gisa. Zergatik formula hori?

Horixe da herrialde pobreen garapenean laguntzeko elkartasun sistema perfektuena, denboraldi luze batean diru-emate etengabea izango dela ziurtatzen baitu. Diru-sarreretan hamar urte edo gehiagoko jarraikortasuna behar dugu proiektu bakoitzerako dirua izango dela ziurtatzeko. Familia espainiar bat Indiako batekin lotzea hunkigarria da eta oso esperientzia fuertea "aitabitxi-amabitxientzat". Horietako askok eskertu egiten digute laguntasuna jasotzen duen familiarekin harremanetan izateko aukera. 64.000 besoetako neska-mutiko ditugu eta beste 30.000 izatea lortu nahi dugu. Programa garrantzitsuenetako bat haur horiei heziketa ematea da. Indian behartsuek pentsatzen dute heziketa ez dela eurentzat. Lehenik eta behin ikasteko eskubidea dutela jakin dezaten lan egiten dugu guk eta gero, benetan ikas dezaten.

Paradoxa dirudi Indiari buruz hori entzutea, herrialde garatuetako enpresak atzetik dituzten eliteko matematikari eta informatikarien sorterria izanik.

Egia da, baina pobreek ez dakite ezer gauza horietaz. Zerbait entzuten dute, baina ez da eurentzat, ez dute ez indarrik, ez ahotsik. Lehengo batean harritu egin ninduen irakurri nuen berri batek: Indiak logistikako gailu sofistikatu batzuk erosi omen ditu; tresna horien bidez etsaia non dagoen jakin dezake Indiako armadak. Baina ez dezagun ahaztu behartsuenak jende zoriontsua direla eta ulertzen zaila badirudi ere, zenbat eta gehiago duten, orduan eta behartsuago dira, lasaitasun gutxiagoz bizi baitira. Pobreek ez dute kezkarik. Budak ere esan zuen, ezer ez desio izatea dela zoriona.

Nola lortzen da orduan behar espiritual eta materialen arteko oreka?

India osoa toki sagaratua da. Kulturak lainoetara, espiritualtasun indibidualera altxatzen ditu; Europan, berriz, besteenganako maitasunera eramaten gaitu, besteak zerbitzatu eta laguntzera, horrexek baretzen baitu arima. Ekintza, laguntza ematea, gure gizartearen mugimendu naturala da. Ekialdean, mistika, Jainkoa aurkitu eta hitz egitea ohikoa da eta zentzu sagaratu bat ezartzen diete gauza guztiei.

Beharbada horregatik ikusten da India mistikotasunez inguraturik mendebaldeko mundutik eta horregatik bultzatzen ditu gazteak laguntza ematera edo erantzun pertsonalak bilatzera.

Boluntarioek, batez ere, baliagarri izan behar dute. Sakrifiziorako espiritu sendoa izan behar dute eta ezinbestekoa da beren zoriona besteei zoriona emanez aurkitu izatea. Hemengo plazerezko eskemak Indian errepikatu nahi izatea da akatsa. Alferrikako ahalegina da hori.

Berriro ere, urtero bezala Espainiara etorri zara dirua biltzera. 82 urte dituzu eta mundu guztia kutsatzen duzu aldi berean konforma ezina eta barea den zure espiritu horrekin; baina, gorputzak ez dizu atseden apur bat eskatzen?

Fundazioak ni gabe funtzionatzen du, baina nik ez fundaziorik gabe. Proiektuan erabat murgilduta dauden hogei lagunetik gorako zuzendaritza taldea daukagu. Eta ia guztiak indiarrak dira, erakundean hogei urtetik gora lanean daramatzatenak. Hasiera batean pobreak eta kulturarik gabeak ziren, baina ikasketak egin eta hezi egin dira eta gaur egun gai dira zuzendaritzako maila horretan eta proiektuak antolatzen lan egiteko. Eta ez dute Fundazioa utziko, bertakoak baitira, herrikoak. Vicente Ferrer Fundazioaren proiektua ez da Vicente Ferrer-ekin amaitzen; hasi besterik ez zen egin nirekin.

Vicente eta Ana Ferrer aitona-amona izango dira aurki. Gogotsu daude Indiara itzultzeko, neska kazetari gazte hura behartsuen iraultzaile hartaz maitemindu zen tokira bueltatzeko; albistegi baterako berria izan behar zuena, bizitza berri baten hitzaurrea izan zen. Amaitu da UNESCOren arabera XX. mendeko pertsonaia aipagarrienetakoa denari, bakearen Nobel sarirako hautagai eta Adiskidetasunaren Asturiasko Printzea saria jaso zuen pertsonari egindako elkarrizketa; baina ez bere hitzen inpaktua, ezin baitugu irudikatu ere egin zirrara horren eragina non amaituko den.

Quien esté interesado en la acción de Vicente Ferrer puede dirigirse a: www.fundacionvicenteferrer.org y a 902 22 29 29.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto