Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Estres luzeak, behar ez bezalako dietek, tenperatura-aldaketa bortitzek eta behar bezainbesteko atsedenaldirik ez hartzeak gorputza zigortu eta defentsak makaldu egiten dizkigute. Hainbat seinalek -ezpainetako zauritxoak, ohikoa baino neke handiagoa, luzaro dirauten zauriak, ariketarik egin gabe muskuluak mindurik izatea, ilearen hauskortasuna etab.- gure organismoaren defentsak apal daudela salatzen digute. Ahal den heinean, organismoa ahultzen diguten aztura eta egoerei saihets egitea egokiena bada ere, behar bezala elikatzeak ere garai gogorrei buru egiten lagun gaitzake, bakterio, birus eta bestelako patogenoetatik babesten gaituen sistema inmunologikoa sendotzeko bide egokia dugulako.
Energia (elikagai kalorikoak) hartzeak, antza denez, eragin nabarmena du jarduera inmunologikoan, bai kaloria gutxiegi bai gehiegi irensteagatik. Energiaren gehiegizko ekarpenak sistema inmunologikoak zoldurei aurre egiteko duen gaitasunean eragina izan dezakeenez, zoldura-bidezko eritasun ugariago nozitzeko arriskua dakar obesitateak eta, gainera (jarduera inmunologikoarekin loturik egon ohi diren) gaitz kardiobaskularren aurrean ahulago agertzen dira pertsona lodiak. Era berean, behar bezala elikatu gabekoek ere zoldurak pairatzeko arrisku larriagoa dute, eguneko 1.200 kaloria baino gutxiagoko argaltze-dietak edo (kaloria ugariagokoak badira ere) orekarik gabekoak egiten dituztenek bezala: horrelako elikabideek jarduera inmunologikoa apaldu egin dezakete.
Elikadurako gantzak murriztea, pisua kontrolatzeko ezinbesteko neurria izateaz gainera, sistema inmunologikoak era hobezinean funtzionatzeko ere egokiena da. Badirudi gantz larregi duten dietek erantzun inmunologikoa ahuldu egiten dutela eta, era horretan, zolduren arriskua areagotu egiten da. Horrenbestez, elikadurako dieta-edukia murrizten bada jarduera inmunologikoa suspertu, bizkortu egiten da. Hala eta guztiz, kontua ez da kopurua soilik zaintzea: ohiko elikaduran sartzen ditugun gantzen jatorri edo nolakotasuna ere garrantzi handikoa da. Gure eguneroko dietan arrain urdina, fruitu sikuak, oliba eta ekilore edo soia olioa ere hartu behar ditugu, osasunarentzat funtsezkoak diren hainbat gantzez orekatutako ekarpena egiteko.
Maiztasun jakin batez esneki hartzituak -jogurta, kefirra eta antzekoak- kontsumitzea ere defentsa inmunologikoak areagotzeko lagungarria da. Izan ere, hainbat azterketak frogatu dutenez, esneki hartzituak hartu ohi dituztenek elikagaien bitarteko toxiinfekzioak sortarazten dituzten mikroorganismoen aurkako erresistentzia handiagoa ezartzen dute.
Bukatzeko, sistema inmunologikoa behar bezalako egoeran mantentzeko premiazkoak diren bitamina eta mineral guztiak maiz hartu behar dira. Bide horretan, era askotako eta behar bezainbeste elikagai jasotzen dituen dieta orekatua egin behar da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa