Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Sei depilagailu elektriko, aukeran: Eraginkortasuna, minetan

Mina arintzeko sistemak funtsezkoak dira depilagailua aukeratzeko orduan

  Hiru markatako sei depilagailu elektriko aztertu dira oraingoan (bi Braun, bi Philips eta bi Rowenta marketakoak), horien prezioak 64 eurotik (Braun Easy Start) 85 eurora (Philips Satin Ice HP) doazelarik. Egindako proben ondoren, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Philips Satin Ice HP laginak agertzen du, bera baita akzesorio gehien dauzkana eta, gainera, funtzioa betetzeko egokitasun eta erabilerako probetan kalifikazio onenak jaso dituena, depilazioa burutzeko denbora gehien hartu behar izan dutenetako bat bada ere. Philips Satinelle eta Rowenta Access EP 385 ere aukera politak dira, dena den.

Depilagailu elektrikoa, biloa sustraitik erauzten duen aparatua da, abiada bizian jiraka doazen pintzak ilea heldu eta ateratzen duen mekanismoa baitauka buruan. Buru bakoitzaren pintza kopurua desberdina da aparatu batetik bestera. Zenbat eta pintza gehiago hainbat eta pasada gutxiago egin behar eta, beraz, aparatua orduan eta eraginkorrago gertatuko da. Horrela bada, Rowenta markako bi laginek 32na pintza dituzten bitartean, beste lauek 20na bakarrik dauzkate.

Philips eta Braun marketako laginen buruak erauzteko modukoak direnez, ordezkoak jar daitezke eta, gainera, sakon garbitzeko errazagoak dira. Rowenta-ko lagin biek buru finkoak dituzten arren, Access EP 385 lagineko burua baskulatu egiten du, larruazalaren ingeradari hobeto egokitzeko.

Buru-gehigarrietako bat defoliatzailea da, hots, larruazal azpian ilea haztea galarazten duena. Burua horrela daukate Philips markako bi laginek. Rowenta markakoek horrelako burua ez badute ere, depilatzeko buru nagusiari erantsi behar zaizkion bi plaka dauzkate: bata larruazal normalarekin erabiltzekoa eta bestea, aldiz, larruazal delikatuetan baliatzekoa. Philips eta Rowenta markakoek burua babesten duten estalkia daukate, aparatua baliatzen ari ez denean jartzekoa, alegia.

Depilagailuaren erabilerak mina eragiten duenez, sentsazio hori arintzen duten mekanismoek berebiziko garrantzia hartzen dute. Hori dela eta, Braun markako bi laginek daukate balorazio txarreneko eraginkortasuna agertu duen sistema: depilazioak dirauen bitartean, alderdi horretan masajea egiten duten arantza edo hortzez josiriko bi arrabola, alegia.

Minaren kontrako sistemak

Masajeei esker, mina arintzeko sistema bana daukate Rowenta markako bi laginek: Access EP385 izenekoak 16 esfera txiki darabiltza eta Expertise EP345 laginak, 68 hortz edo arantza. Philips Satinelle-k hortz samurrez josiriko bi orrazi baliatzen ditu, bata buru normalarekin erabiltzekoa eta bestea larruazal edo alderdi sentikorretan aplikatzekoa. Rowenta Expertise eta Philips markako bi laginetan, buruaren jarduera-gunea murriztu egin daiteke larruazal edo alderdi sentikorretan erabiltzean (besape eta iztaietan). Era horretan depilazio zehatzagoa lortu eta mina arintzen da, bidenabar.

Minaren kontrako sistema berriena Philips Satin Ice laginak erakusten du: alderdi sentikorretan jarduteko berariazko burua (biloa erauzi ordez, ebaki egiten duena) daukan bakarra izateaz aparte depilatu beharreko gunea anestesiatzen duen hotz-sistema berezia dauka. Mekanismo horrek, aurretiaz izoztu behar den likidoa dauka eta, erabiltzailearen premiek hala agintzen dutenean, aparatuko buruan kokatzen da.

Ozentasun probetan frogatu zenez, sei depilagailuak zaratatsuegi dira, 100 dezibeliotik (dBA) gertuko balioetara iristen baitira martxan. Ohiko hizketaldi bat 60 eta 70 dBA tartean gertatzen da eta min-atalasea 130 eta 140 dBA inguruan dabil; beraz, hots-emisioa gainditu beharreko atala dute etxetresna elektriko txiki hauek.

Moldagarritasun eta ergonomia frogak azterturiko modelo guztiek aise gainditu zituzten arren, Philips Satin Ice laginari beste gainontzekoei baino balioztapen hobea aitortu zitzaion, bera gertatu baitzen denetan arinena (102 gramo) eta, gainera, bere forma erabiltzailearen eskuari hobeki moldatzen zaionez, erabilerak irauten duen bitartean egokiago heldu daiteke aparatua. Denetan astunena, aitzitik, Rowenta Expertise izan zen (148 gramo).

Erabilera proba

Laginen panela probatu zuen CONSUMER-ek, ezaugarri desberdinetako (ile-mota eta bilo-dentsitatea, depilatzeko modua eta maiztasunak, adina, etab.) 36 emakumeri aparatuak baliaraziz. Emaitzek, oro har, erakutsi dutenez, Philips markako bi modeloek Rowenta-koek baino balorazio hobea jaso zuten, eta hauek, berriz, Braun markakoen gainetik gertatu ziren. Nolanahi ere, batetik besterako aldeak ez ziren nabarmenak izan: erabilera probako puntuazio hoberena Philips Satin eta Satinelle laginek lortu zuten (4,3na puntu, 5ekiko) eta apalena Braun Body Epliation modeloak (3,4 puntu) eraman zuen.

Erabilera panelean 13 aldaki balioztatu ziren. Philips Satin laginak puntuazio hobea lortu zuen biloa erauzteko eman beharreko pasatze kopuruan eta depilazioan bitarteko min-sentsazioan eta gainontzeko aldakietan kalifikazio onak erdietsiz. Philips Satinelle lagina, berriz, aparatuaren estetikan, martxan jartzeko praktikotasunean, heltzeko erraztasun eta ergonomian, maneiagarritasunean, hots-mailan, erabiltzeko erraztasunean, esfoliatze funtzioan eta aparatua garbitzeko erraztasunean nabarmendu zen.

Rowenta Expertise laginak (Rowenta Access-ekin batera) 4 puntu irabazi zituelarik, lehen pasatzean lorturiko depilazioaren kalitatean eta larruazalaren depilatu ondorengo leuntasunean nabarmendu zen eta Philips Satin laginak bezainbeste puntu jaso zituen biloa erauzteko eman beharreko pasatze kopuruan. Braun markako bi modeloek ez zituzten horren emaitza bikainak erdietsi baina zuzen agertu ziren, Body Epilation 3,4 punturekin eta Easy Start 3,5ekin.

Denbora, funtsezko faktorea

Hanka erdia depilatzeko denbora gutxien behar izan zuen aparatua Rowenta Access izan zen (5 minutu eta 33 segundo), ondotik Philips Satinelle (6 minutu eta 7 segundo) zetorkiola. Eginkizun horretan gehien luzatu zirenak Braun Body Epilation (10 minutu eta erdi) eta Philips Satin (9 minutu eta 17 segundo) izan ziren.

Produktuaren segurtasunari eta elkargarritasun elektromagnetikoari dagozkion probetan, azterturiko sei laginek ederki funtzionatu zuten: erabiltzailearentzat ez dira arriskutsuak eta gainontzeko etxetresna elektrikoen funtzionamendua ez dute eragozten.

Garraiorako

Lagin guztiek garraiatzeko zakutoa dakarten arren denetan hoberena Philips Satin laginekoa da, aparatuarentzat eta gainerako osagarrientzat berariazko tokiak antolatuak dituelako. Braun markako biek, aldiz, metalezko sarexka dirudien eta urraketa eta kolpeen aurrean erresistentzia ona ezartzen duen materialez eginda daude. Braun Easy Start laginaren poltsa hobea da, lokarrien ordez kremailera baliatzen duelako ixteko. Philips Satinelle modeloaren zorroa oihal iragazgarrizkoa da, soila, eta lokarriarekin ixten da.

Kontsumitzailearentzako informazioa

Argibideetako liburuxka guztiak ongi balioztatu baziren ere, bazen aldetxorik batetik bestera: Philips eta Rowenta marketakoak oso onak dira baina Braun markakoei ez zaie horren kalifikazio ona aitortu, depilagailua edo indar-elikagailua hondatuz gero zer egin behar den argitzen ez dutelako. Philips HP 6447/00 modeloarekin zetorren liburuxka ez zegokion lagin horri.

Azterturiko sei aparatuek agertzen dituzten marka eta ikurrek urratu egiten dute indarreko arautegia, modelo guztietako ezaugarri elektrikoen plakak erabat bete gabe daudelako. Philips markako laginen berme-agiriak zuzenak badira ere, akats bat daukate, kafeontzi batekoak direla baitiote bertan. Braun 2550 laginekoa ez dagokio modelo horri eta Rowenta EP 385 aparatuaren formatua ez da zuzena: saltzailea, data eta eroslea adierazteko espaziorik ez du.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto