Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Ekintza fisikoa, bihotzerako dieta osasungarria, pisu larregia saihestu eta estresa kontrolatzea, ohitura osasungarriak dira arteriosklerosiaren prebentziorako.
Arteriosklerosiak arteriak gogortzea esan nahi du hitzez hitz eta endekapenezko eritasuna da, arteriak mehetzea bereizgarri duena. Arterietako hormetan lipidoak, zuntz-zelulak, gihar-zelulak, kolesterol-kristalak eta kaltzio-hondarrak pilatzen dira eta horiek ateroma plakak osatzen dituzte (horrela deitzen zaie gaixotasun hau eragiten duten plakei) eta apurka-apurka arteriak itxiz joaten dira. Arteriosklerosia oso motel garatzen da eta horren eraginez gertatzen diren aldaketa morfologikoak gaztetan ager daitezke.
Hedapen unibertsala duen patologia da, ingurune geografiko, arraza eta sexu-desberdintasunek ere aldaketa nabarmenak eragiten dituzten arren. Azken hamarkada hauetan herrialde industrializatuetan gaitz endemiko izatera iritsi dela ere esan daiteke, herrialde garatuenetako biztanleen artean eragin handi-handia duelako.
Arteriosklerosi terminoak mende bat besterik ez duen arren, Egiptoko faraoien Hemezortzigarren Dinastiako (K. a 1224) momietan ere aurkitu da arteriosklerosi arrastorik. Baina gaitz honek historia luzea izan arren, oso mugaturik eta zalantza askorekin gaude oraindik gaitzaren garapen eta bilakaeraren inguruan.
Arteriosklerosi gaitza bizitzako lehen 20 urteetan eta berdin-berdin hasten da garatzen gizaki guztietan, jatorria kontuan izan gabe. Hasiera batean plaka txiki onbera bat garatzen da, ildaska gantzatsua deitzen dena eta bizitzako lehen urteetan ager daiteke aorta eta koronarioa bezalako arteria handi eta ertainetan. Ildaska horiek desagertu edo oso bilakaera motela izan dezakete eta ateroma plakak sortu.
Gaur egun badakigu gutako bakoitzak arterietako hiru dimentsioko geometria desberdina izaten duela jaiotzetik, bereziki arteria koronarioen kasuan, eta hain zuzen ere arteriak bereizten diren guneetan odol-korrontearen turbulentziak gertatzen dira eta seguru asko horiek eragingo dituztela arterien barruko estaldurako lesioak; horma horiek iragazkorrago bihurtzen dira, odoletan doazen zelula eta elementu kimikoen aurrean: lipido, zuntz-zelula, zelula-detritus eta bestelako elementuak sartu egiten dira endotelio kaltetu horretan eta arteriosklerosi plakak sortzen dira.
Gaur egun elementu berri bat agertzen da ateroma-plakaren bilakaera prozesuan: hantura. Plaka hautsi egin daiteke, odolbatua osatu edo arteria erabat itxi; eta prozesu horretan protagonista papera izan dezake hanturak. Izan ere, C proteina erreaktiboaren (PCR) maila altuak detektatu dira odoletan, hantura dagoenean agertzen direnak, geroago bihotzekoa izan duten pertsonengan. PCR maila jakitea etorkizunean bihotzekoa izateko arriskua aurreikusteko beste bide batzuen ordezko izan daitekeela ere esaten da.
Prozesu honetan lagungarri izaten dira hainbat arrisku faktore. Zenbait ohitura, ezaugarri edo gorabeherak lotura handia du gaixotasuna izateko joeraren gorakada nabarmen batekin. Aldagarriak edo alda ezinak izan daitezke.
Arteriosklerosiaren arrisku faktoreei buruzko ikerketa 60ko hamarkadan hasi zen eta orduan hasitako azterketa epidemiologikoei esker faktore horiek identifikatzea eta lehen mailako prebentzioa egitea lortu da: arrisku faktoreak desagerrarazi, gaixotasunaren garapena kontrolatzeko.
Hona gaixotasun honi loturiko arrisku faktore garrantzitsuenak: erretzeko ohitura, hipertentsio arteriala eta kolesterol maila handia, batez ere LDL motakoa (kolesterol txarra izenez ezagutzen dena, horren oxidazioak zerikusi handia baitu plaka sortzearekin).
Aitzitik, kolesterol ona izenez ezagutzen dena, HDL motakoa, lagungarri da gaitzaren prebentziorako. Egunez egun, gainera, gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio HDLri gaitza iragartzeko faktore gisa: HDL balore baxuak izatea arriskutsua da, kolesterol maila normalak izanda ere. Diabetes mellitus, loditasuna, bizimodu sedentarioa eta estresa ere arteriosklerosia agertzen laguntzen duten faktoreak dira. Horiek guztiak arrisku faktore aldagarriak dira, hau da, eragin egin dezakegu horiengan: erretzeari utzi, argaldu, ariketa fisikoa egin, dieta aldatu... eta horixe da lehen mailako prebentzioaren oinarria.
Baina badira arrisku faktore aldaezinak ere. Adina, sexua, karga genetikoa eta arraza ezin ditugu aldatu. Adina da arrisku faktore sendoena: lehen lesioak bizitzako lehen hamarkadan agertu ohi dira aortan, arteria koronarioetan bigarrenean eta burmuineko arterietan hirugarrenean.
Emakumeengan askoz ere gutxiago agertu ohi da arteriosklerosia gizonezkoen artean baino, menopausia garaira arte; horregatik, tentazio handia izaten da horren erantzule emakumezkoaren hormonak egitea; baina oraindik ez da konfirmatu gaixotasunarengandik babesteko zerikusirik duten ala ez.
Badirudi arraza zuriko pertsonek joera handiagoa dutela gaixotasun hau izateko beste arrazetakoek baino. Eta, azkenik, karga genetikoari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio eta, beraz, oso arreta handiz baloratu behar da gaixoaren familiako historia.
Arteriosklerosiak ez du sintomarik izaten, harik eta arteriak asko estutu direlako ehunetara odola iristea eragotzi arte. Iskemia gertatzen da orduan (ehun batera behar adina odol eta oxigeno ez iristea) eta sintomak agertu ohi dira.
Estutze horrek hiru ataletan izaten du eraginik gehien: bihotzean, beheko gorputz ataletan eta buruan.
Ikerketa epidemiologikoei esker arrisku faktoreekin lotu ahal izan dira gaitz horiek. Horrela, kolesterol handiak lotura handiagoa du gaixotasun koronarioekin, tabakoak amore emate intermitenteekin eta hipertentsioak garuneko hodietako istripuarekin.
Ezin dugu ezer egin denboraren pisua prebenitu edo karga genetikoa edo sexua aldatzeko; baina arteriosklerosiaren garapenean izan dezakegu eragina, arrisku faktoreengan eraginda. Hona zenbait ohitura osasungarri arteriosklerosia prebenitzeko:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa