Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Saski-naski

Λ

Musikaren irakaskuntza: Gainditzeke daukagun ikasgaia

Musikaren ikaskuntzak munduaren ezagutza integrala izateko aukera ematen du

  Literatura irakastearen helburua idazleak sortzea ez den bezala, edo heziketa fisikoaren xedea atletak egitea ez den moduan, musika ikasteak ez du musikariak sortzea esan nahi. Pertsonen heziketako eta kultura zabaltzeko ezinbesteko ikasgai den aldetik, munduaren ezagutza integralagoa du helburu musikak, beste ikasgai humanistiko batzuek bezala. Kontua ez da solfeoa menperatzea (orain hizkera musikala esaten zaio); aitzitik, musika tresnak (mendebaldeko mundu honetan ezagunenak direnak behintzat) ezagutu eta identifikatzeko interesa eta denbora ematea baizik; konpositore, interprete, korronte, eskola eta obra unibertsalen jakinduria geure egitea, azken batean. Musika arloko analfabetismoa desagerraraztea urruti dago oraindik, eta areago, onartu beharrean gaude gure gizartean oso urria dela espresio bide horren inguruko ezagutza eta horrek eragotzi egiten digula musikaz erabat gozatzea.

Musikaren zentzua

Espainiako estatuan, orokorrean, osagarri edo zaletasun gisa planteatzen dira gehienetan, eskolako lanekin edo prestakuntza akademikoarekin batera eraman beharreko ikasgai osagarri gisa. Ikasgai hori albora uzteak aldendu egiten gaitu zibilizazio greziarretik, garai hartan ez baitzegoen zalantzarik horren garrantziaz. Musika ikasi eta ulertzeak astronomia, geometria eta filosofia ikasteak adina zentzu zeukan garai hartakoentzat. Pedagogiak dio haurra lehenago espresatzen dela kantuz hitzez baino; haurraren irudimen musikala lagungarri da bere izaera lantzeko eta musikaren izaera progresiboa lagun izaten du haurrak bere bilakaera prozesuan zehar, haur hezkuntzatik hasi eta ikaskuntza maila altuenetaraino, une bakoitzeko gaitasun eta interes espezifikoen arabera egokituta. Hezkuntza Musikalak sentiberatasuna ematen dio haurrari soinuzko munduaren adierazpenak hautemateko, bere espresio-gaitasuna zabaldu egiten du, artea zer den, zer izan behar duen eta zer izan daitekeen ulertzeko gaitasuna sortzen dio eta ingurukoengana hurbildu egiten du. (Apirileko zenbakian Jose Miguel Lopez musika arloko kazetariari egin genion elkarrizketa; haren hitzetan, musika da beste herrialde eta kontinente batzuetako bizilagunen edo beste jatorri batekoak izan arren herrikide ditugunen errealitatera hurbiltzeko erarik onenetako bat).

Kontserbatorio eta eskolak

Kontserbatorioetan edo titulu ofizialak emateko gaitasuna duten zentro pribatuetan Hezkuntza Sistema Antolatzeko Lege Orokorra -LOGSE delakoak arautzen du irakaskuntza eta horrek hiru mailatan sailkatzen du musika arloko formazioa: oinarrizko maila, lau urteko iraupena duena; maila ertaina, hiru zikloz osatua eta horietako bakoitza bi ikasturteko iraupenekoa; eta maila gorena, ziklo bakarrekoa, horren iraupena musika-irakaskuntza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izaten den arren. Adibideren batzuk jartzearren, piano edo biolineko karrera osoa egiteko 14 urte behar izaten dira. Titulazioari dagokionez, maila ertaineko hirugarren zikloa gainditzea diplomatura baten pareko da eta maila gorenekoa, berriz, lizentziaturaren pareko. Irakaskuntza hori, horrenbestez, ikasketa teknikak menperatzen direla, gaitasun batzuk garatu direla eta profesionalki (irakaskuntzan...) musikaren munduan lan egiteko behar diren ikasgai guztietako ezagutzak badituela frogatzen duten titulu akademikoak lortzera dago bideratuta.

Baina badira beste prestakuntza eskaintza batzuk ere, zentro pribatuetan zein eskolaz kanpoko ekintzetan garatzen direnak; musika zaletasun mailan lantzen dute, titulurik emateko gaitasunik eduki ez arren. LOGSE legeak ezarritako irakaskuntza sistema nahiz bestelako metodoak aplika ditzakete.

Akademikoak ez diren heziketa musikaleko metodoak

  • Irakaskuntza mota libreagoa da eta ikasleak berak hautatzen du ikasteko era eta lortu nahi duen maila.
  • Dalcroze: gorputzaren mugimendua eta musikaren ikaskuntza erlazionatzen dituzte.
  • Orff: kantua, dantza, perkusioko musika tresna txikiak eta gorputz espresioa erabiltzen dituzte.
  • Kodaly: haurraren kulturako folklorearen bidez ikasten da hizkera musikala, mugimendua, kantua eta dantza bateratuta; izan ere, mendebaldeko musika arrunta idazkerari lotuta ageri bada ere, ez da ahaztu behar beste tradizio batzuetan idazkera ez dela agertzen edo bigarren mailako lekua baino ez duela.
  • Suzuki: metodo honek hiru urtetik gorako haurrekin lan egiten du, beti gurasoetako bat aurrean dela. Instrumentuak sartzeko imitazioa eta belarria lantzen ditu. Batez ere sokazko musika tresnak erabiltzen dira.
  • Aschero (soinu-koloreak): soinuak koloreekin erlazionatzen ditu. Solfeoaz bestelako lengoaia erabiltzen du eta ez du musika notarik erabiltzen, soinu-koloreak baizik. Bere partitura propioak lantzen ditu. Oso azkar ikasten da.

Musika tresna aukeratzea

Neska-mutikoak notetara ohitzen eta sokazko, haizezko eta perkusiozko musika tresnak bereizten hasten diren unean, gehien gustatzen zaiena eta beren nortasunera gehien egokitzen dena zein den erabakitzen dute. Pianoa eta gitarra dira oraindik arrakasta handieneko tresnak, nahiko erraza baita horiek jotzen ikastea; baina badira biolina, tronpeta edo orkestrako beste edozein musika tresna aukeratzen dutenak ere. Guraso edo irakasleek ere aukeraketan eragin dezaketen arren, musikaren pedagogiako adituek diotenez tresnaren lehen aukeraketa ikaslearen beraren zaletasunek eragin behar dute ahal den neurrian; erakargarri gertatzen zaion tresna aukeratzea komeni da. Espainiako estatuan musikaren irakaskuntzan tradizio txikia dagoenez, bigarren eskuko merkatua urria da eta musika tresna erostea gastu handia izaten da sarritan; horregatik, musika tresna erosi aurretik haurraren zaletasunak garatzen uztea gomendatzen dute eskolek. Hala ere, ikasketa plan berrietan aldi berean etortzen dira Musika-lengoaiaren ikasgaia eta musika tresna aukeratzea eta, horrela, oinarrizko ezagupenik izan gabe aukeratu behar izaten du haurrak instrumentua.

Ez dago belarri txarrik, formazio eza baizik

Akats arrunta izaten da belarri txarra dugula uste izatea eta arazo horrek eragotzi egingo digula kantatzea edo musika tresna bat jotzea. Zenbait pertsonak musika ikasteko gaitasun handiagoa izaten duten arren, musikaren lengoaia ikasteko gaitasuna unibertsala da. Askotan ezintasuna ez da ulertu edo ikasteko ezintasuna izaten, soinua erreproduzitzekoa baizik. Baina horretara ere iritsi egiten da, guztiek ahots ona eta polita eduki beharrik izan gabe.

Gainera, musika ikasteko prozesuak ez du nahitaez esan nahi tresna jakin baten birtuoso izatera iritsi behar dugunik. Musika arloan analfabeto izateari uztea, musika tresnak ezagutzeko gai izatea eta musika mota desberdinak bereizteko gauza izatea ere erronka handia da.

Zentroa hautatzeko irizpideak

Musika ikasteko zentro bat aukeratzeko eta eskolaz kanpoko ekintzetarako gela bat abian jartzeko lagungarri izan daiteke honako irizpide sorta hau:

  • Musika ikastea ekintza ludiko, aktibo eta partehartzaile gisa planteatu behar da, mugimendurako eta erritmoaren eta melodiaren inprobisaziorako tarte handia utzita.
  • Musikarekiko sentsibilitatea eta plazera garatzea komeni da, teknikak menperatzean emaitza errealak lortzeari bakarrik erreparatu beharrean.
  • Haurrak musika tresna bat aukeratu aurretik, aukera desberdinak ezagutu egin behar ditu, ikusi eta entzunda, eta orkestra bateko kide izateko aukerarik izango duen, kamerako talderen batean parte hartu ahal izango duen eta abar aurrez jakinda.
  • Taldeek mugatuak izan behar dute, gehienez ere 15 ikaslekoak.
  • Jaialdi eta emanaldiak antolatzea ez da lehentasunezko helburua izan behar.
  • Ikasleen artean lehia eta konpetitibitatea bultzatzen duten metodologiak baztertzea komeni da eta musika ulertzeko era desberdinak baloratzea.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto