Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Nork hartzen ditu kritikak aukera gisa, hobetzen lagun diezagukeen informazio baliagarri gisa? Edo, bestela esanda, gehienok ez ote dugu erasoa sentitzen kritikatzen gaituztenean? Ez ote ditugu defentsa mekanismoak martxan jartzen, entzun, gogoeta egin eta egiten diguten kritikak ekar dezakeen alderdi positiboa atera beharrean? Egia da zenbait galderak lotsarik gabe biluzten gaituztela, oso barneraturik ditugun eta konponezin iruditzen zaizkigun muga larriak agerian jartzen dituztelako. Baina ez dugu etsi behar; zeregin handia dago, kritikak jasotzen eta egiten ikasteko. Kritika konstruktiboak eta bestelakoak bereizten ditugu, baina kritikak, egitean pertsonak daukan asmoa eta kritikaren edukia gorabehera, norbereaz bestelako iritzia azaltzen du, egiten edo pentsatzen dugunarekin bat ez datorrenaren ikuspuntua. Eta, horregatik, ez da sekula interesik gabea izaten eta era positiboan barnera daiteke, gure planteamenduekiko kontraste gisa balio duen informazio gisa interpreta baitezakegu. Bistan da kritikak onartzea errazagoa izango zaigula geuk ere kritika egoki egiten ikasten badugu. Bi gaitasun sozial dira, zein baino zein zailagoak, besteak ulertzen eta geure burua hobeto ezagutzen laguntzen digutenak. Beti dago eredugarri den norbait: kritika garraztasunik, haserrerik edo alferrikako tentsiorik gabe egiten dakiten pertsonak, giro lasaia, zentzuzkoa eta tolerantziazkoa sortzen dakitenak, ideiak era baketsuan kontrajarri ahal izateko. Inoren jarrera eta portaerekiko errespetu eta ulermenezko jarrera azaltzen dute. Eta kritika zorrotza eta biribila eskatzen duten gertaera onartezinen aurrean ere, zorrotz, ñabardura-aberastasun handiz eta neurriz kritikatzen dakite.
Hitzezko eta bestelako erantzunak biltzen dituzten portaerak dira, ondorio desiragarri bat gertagarri egiten dutenak edo desiragarri ez den bat saihestu edo erretiratzea eragiten dutenak. Zenbait eginkizunetarako beharrezko diren trebeziak dira eta jokaera sozialarekin lotutako erantzunei buruzkoa izaten dira. "Trebezia" hitzak adierazten du gaitasun sozial hori ez dela nortasunaren ezaugarri bat; ikasi egiten dela eta estimulu jakin batzuei loturiko erantzun sorta dela. Gizarterako jokaera trebea da "pertsona bati bere interesik garrantzitsuenetan oinarrituta jokatzeko aukera ematen diotenak, antsietate desegokirik gabe bere burua defendatu, sentimendu zintzoak erosotasunez azaldu edo norbere eskubideak inorenak ukatu gabe betearaztea" (Alberti eta Emmons, 1.978), eta hitzezko komunikazio bidez edo bestelako komunikazioz adieraz daiteke.
Ikastea gehien komeni zaigun trebetasun soziala kritika erabiltzeko gaitasuna da, kritika egin eta jasotzekoa, oinarrizko estrategia baita pertsonen arteko arazo eta gatazkak konpontzeko.
Eta jabeturik egon behar dugu aldatzeko proposamenak gogo txarrez ere har daitezkeela. Gizakia ohiturazko animalia da eta mekanismorik automatizatuenetariko bat aldaketaren aurkako jarrera izaten da. Horrenbestez, kritika onartzeko aukera emango duen sekuentzia bat planifikatzea komeni da. Lehenik, zehatz dezagun helburua, argitu dezagun gure portaera eta kalkula dezagun kritika nola egin, nola aurkeztu. Gero, deskriba dezagun kritikatu nahi dugun jokaera edo egoera, lehen pertsonako mezuen bidez: gure iritziak dira, ez gehiago eta ez gutxiago. Gero, aldaketak egitea eskatu edo iradokizuna egin dezakegu, argi eta zehatz adierazita. Azkenik, komeni bada, txalotu ditzagun agindutako edo abian jarritako aldaketak, gure solaskideak egin behar izan duen ahalegina baloratuz; eta gure eskaerari erantzun diolako eskerrak ematea ere komeni da. Edozein modutan ere, sekuentzia hori egokitu egin behar da pertsonen eta kritikaren testuinguruaren arabera.
Kritika ongi egiten duenak ez dio inori minik egiten eta guztiok dugu geure iritziak azaltzeko eskubidea. Egiazta dezagun gure kritika gertaera objektibo eta kontrastagarrietan oinarritzen dela, ñabardura txiki batean huts egiteak argudio guztia bertan behera utziko baitu. Zentra gaitezen gauzarik funtsezkoenetan, xehetasun guztietara iristen ahalegindu beharrean, eta bidera dezagun kritika portaera edo jokaera konkretuetara . Ez dezagun pertsona deskalifikatu, egin edo esan duena baizik, eta izan gaitezen argiak, zehatzak, eta espezifikoak, gauzak orokortzea, etiketa jartzea eta zehaztasunik eza saihestuta. Gure kritika azaltzen dugun bitartean eragozpenak sortzen badira, azter ditzagun eta hautatu egoera horretarako komunikaziorako trebezia egokiak, hitzezkoak zein hitzezkoak ez direnak.
Kritika konstruktiboak egitea (baliagarri izanik, ez dute beharrik gabe inor zauritzen) eta kritikak jasotzeko prest izatea tentsio egoerak etorriko direla eta ikasiz joan garen komunikaziorako trebezia horiek erabili egin beharko ditugula onartzearen pareko da. Ez ditzagun egoera horiek saihestu, aukera aparta baitira pertsonen arteko harremana sendotzeko, elkar hobeto ezagutzea bultzatzeko eta norbere buruarenganako estimua indartzeko.
Kritika jasotzea ikasteko aukera izaten da. Entzun dezagun arretaz eta esker dezagun informazio hori, lagungarri izan baitaiteke guraso, maitale, lankide, ikasle, adiskide edo seme-alaba hobea izateko, azken batean, etengabeko harremanetan bizi garen gizaki gisa geure burua lantzeko. Ez gara perfektuak, guztiok ditugu arazoak eta zailtasunak eta horiek blokeatu egiten gaituzte, edo errealitatea distortsionatzera eramaten; eta horren ondorioz, gure jokaerak ez dira izaten sarritan egokienak edo guk nahi genituzkeenak. Ez dugu hutsegiteak aitortzeko beldur izan behar, horrela baino ez baitugu hutsegiteei aurre egiten eta gure izateko era eta bizitza kalitatea hobetzen. Eta ez dezagun ahaztu akatsik egiten ez duenak, ezer egiten ez duenak, ez duela arriskatzen edo are okerrago, ez duela egiten duenaren erantzukizunik hartzen. Akatsak, onar dezagun, edozein ikaskuntza prozesuko parte dira. Eta norbaitek horiek gogorarazi edo aurpegiratzea eguneroko errealitatea da, besterik gabe.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa