Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Joane Somarriba, txirrindularia, Frantziako Tourrean birritan txapeldun: "Ulertzen dut gurasoak seme-alabei bizikletaz errepidera irteten uzteko beldur izatea"

  Joane Somarribak (Sopela -Bizkaia-, 1972) txirrindularitzako lau itzuli handi irabazi ditu, Italiako Giroaren 1999 eta 2000ko edizioak eta 2000 eta 2001eko Frantziako itzulia; Luperinik lortutako hiru Tourren (1995, 1996 eta 1997ak) errekorrera hurbiltzen da horrela.

Bere taldearekin, Deiarekin, denboraldiaren prestakuntza betean dela, tartetxo bat egin du kilometroz, probaz eta igoeraz beteriko agendan, zaletasun izatetik proiektu profesional izatera iritsi zenaz gurekin hitz egiteko. 2002ko Tourrean dauka burua, "izan ere, Glandon, Madaleine, Izoard... eta antzeko portu mitikoz osaturiko ibilbide zailaz gain, faborito gisa abiatzearen erantzukizuna daukat bizkarrean"; ia ez du astirik entrenatzeko beste ezertarako: "emakume txirrindulari baten bizitza oso laburra izaten da eta urte onak aprobetxatu egin behar ditugu". Eta hori ez du edozeinek esaten, izan ere aurrera egin eta eliteko kirolera itzultzeko gai izan zen Joane, 1991n hernia diskaleko ebakuntza egin eta konplikazioen ondorioz bi urtez kirolari karreratik kanpo egon eta ia-ia gurpildun aulkian geratu ondoren. Bere adoreari eta bizikletarako grinari esker, emakume izatea eta kirolari bokazioa bat egin zituen. "Txirrindularitzan, kirol herrikoi eta ikuskizunekoen artean, beste kiroletan baino nabarmenagoa da gizonezko eta emakumezkoen arteko emaitza-desberdintasuna".

Ohartzen da bere garaipenen bidez itzaletatik atera duela gure herrian oso ezaguna ez den kirol-modalitate bat eta horretaz "pozik eta harro" dago. Bere keinu alai eta bat-batekoak eta hitz-jarioa elkarrizketako une bakar batean bihurtu dira serio eta pentsakor, txirrindulari gizonezkoen alde eta doping aurkako probak behin eta berriz egin beharrak dakarren presioaren aurka agertu denean: "gauza bakarra eskatzen dut, kirolari guztiak berdin neurtzea; ez dugu susmagarri bakarrak zertan izanik". Oraindik proiektu asko du betetzeko, baina badaki oraindik gaztea den arren, bizikletatik jaitsi eta txirrindularitzako lehiaketez oso bestelako karrera bati ekin beharko diola; baina "jakina, mundu honi lotuta beti". Eta orduan baino ez du pentsatuko haurrak izatea "izan ere, nire kide batzuk ama dira eta asko sufritzen ikusi ditut bizitza pertsonala eta lana uztartzeko; nik ez du hori nahi". Etorkizuneko bere seme-alabei txirrindularitzarekiko grina transmititu nahi die "gure aitak lasterketak txirrindulariarentzat hain arriskutsu ez ziren garaietan lau alabokin egin zuen bezala; hala ere, hemengoak ez du zer ikusirik Italiako segurtasunik ezarekin". Joanek ongi ezagutzen du Italia, hantxe eman baitzuen profesionaltasunerako eta osperako jauzia.

Nola iristen da zaletasun bat lanbide bihur daitekeela sinistera?

Hasieran, bizikletan ibiltzea jolasa zen niretzat, asteburuan ongi pasatzeko era bat, baina gaitasun bereziak erakutsi nituen horretarako. Gogoan dut nire ahizpa nagusia beti kexatu egiten zela, nik baina gehiago entrenatu arren beti nire atzetik iristen zelako. Eta horrela, bueltak ematera irtetetik, eskola batean sartu nintzen, proba eta karreretan izena eman nuen eta neure buruari txirrindularitza helmuga gisa jartzen hasi nintzen, denbora pasa edo kirol hutsa baino gehiago zelako.

Hala ere, kanpora irten behar izan zenuen karrera egitera.

Espainian ez zegoen ia neskak bultzatzen zituen talderik; arropa eman besterik ez ziguten egiten eta orain ere ez dago profesional bihurtzeko eta horretara bakarrik dedikatzeko aukerarik. Estatuko Federazioarekin joan eta Italiako Giro batean iritsi zitzaidan zortea; Alfa Lum talde italiarrak nigan erreparatu eta fitxa eskaini zidan. Erabakia hartzea kosta egin zitzaidan, baina hainbeste urte lanean eman ondoren aukera hori ezin nuela pasatzen utzi ikusi nuen. Banekien gogorra izango zena: atzerrira nindoan, Boloniatik hurbil zegoen herri batera, entrenatzeko oso baldintza onetan, baina banekien bizi izatea ia-ia entrenatzea, lehiaketak eta karrerak bakarrik izango zirela. Azkenean, irabazten atera nintzen, askorekin gainera, emaitzengatik eta esperientzia horiek pertsona hezi egiten dutelako; asko ikasten da norbere buruaz eta inguruko munduaz. Adibidez, seme-alabak dituzten kideak izan ditut, errusiarrak batez ere. Eurentzat bizikleta lanbidea da, baina kirol honek dena ematea eskatzen du eta asko sufritzen ikusi ditut.

Zuk portzentaje sinestezinetako aldapak igotzen dituzu, kilometro pila handiak egiten dituzu klimaren apeten menpe, erlojuaren aurka ere ona zara; txirrindulari gisa zein da zure ezaugarri nagusia?

Nire kasuan bereizgarri nagusia erregulartasuna da. Modalitate guztietan eroso sentitzea da garrantzitsuena, horrelaxe irabazten baitira probak. Atzera begiratuta, egun txarrik ia ez dudala izan ikusten dut; edo izan badut, ongi eramaten jakin izan dut. Entrenamendua funtsezkoa da, jakina; aurre-denboraldian egunean 150 kilometro arte egiten dira, baina fondoa eta igoera ere lantzen dira. Eta azkenean, helburua etapatako itzuliak baldin badira, adibidez Tourra edo Giroa, prestatzeko erabiltzen dira karrerak, azken batean lehiaketaren bidez lortzen baita sasoi onean egotea, hobetzea eta norbere buruarekin aurkitu eta topaketa handietan pentsatzen jartzen zara.

Eta 2.000 metroko altuerako portuetan?

Etapa gogorrak, igoera amaigabeak, norbere baitan izaten dira askotan, zein zirkunstantziatan korritzen duzun. Nire lehen Tourreko Tourmalet gaina izugarri gogorra iruditu zitzaidan. Baina 2000koan, lasterketa irabazi nuenean, ez zitzaidan hain beldurgarria iruditu; egun hartan hankak ongi nituen eta gozatu egin nuen igotzen. Baina, zalantzarik gabe, mendiko portu horiek izugarrizko nekea sortzen dute.

Eskarmentua gradu bat omen da; horrek ez zaitu lasaitzen?

Denboraldi bakoitza desberdina izaten da. Iaz zer egin nuen ahaztu zait dagoeneko; gauza baterako balio du, presio handia sortzeko: faborito gisa abiatzen naiz, nire mailan egongo naizela espero dute, baina nahitaez, azken hilabetea oso garrantzitsua dela pentsatzen jartzen zara, ezin dela ezer gertatu, ez duzula griperik harrapatu behar, erori ere ez ...; eta gainera, beti geratzen da kezka, berdin entrenatu izan arren, beharbada ez duzula sasoi berbera lortuko. Buruari buelta asko ematen zaio. Ni lasterketan oso gogorra naiz, baina entrenamenduan ezkorra izaten naiz. Onartzen dut nire senarrak lan handia duela nirekin. (Ramuntxo Gonzalez Arrietarekin ezkonduta dago, pasa den denboraldian erretiratu zen txirrindulari profesionalarekin).

Ohartzen zara kirolaren historian sartu zarela?

Bidea urratzea oso atsegingarria da, batez ere emaitzak lortzen dituzula ikusten duzunean eta horren ondorioz hemen lehen aldiz babesle batek (Deia egunkariak) maila profesionaleko sei emakume txirrindulari babesten dituela ikustean. Izan ere, kirol gehienetan emakume eta gizonezko kirolarien arteko desberdintasuna handia bada, txirrindularitzan are nabarmenagoa da. Gizonezkoen taldeek aurrekontu izugarriak mugitzen dituzte, eta horren parean, ez dago ia emakumezkoen talderik. Parekatzea oso urruti ikusten dut oraindik, baina ez da itxaropena galdu behar, beste kirol batzuetan ere, tenisean eta hein batean atletismoan esaterako, lortu da dagoeneko.

Hainbesterainoko aldea dago gizonezko eta emakumezkoen tropelen artean?

Mutilen igoeretan izaten den ikuslegoa nesken jarraitzaileekin konparatzeak tristura handia ematen du. Maitasun eta atsegin bereziz gogoratzen dut Tourraren Bilboko irteera: jendeak guztia eman zuen eta esan beharrean nago etapa osoan zehar airean eraman nindutela. Baina hori salbuespena da; hala ere, gero eta jende gehiago dago gure lasterketetan interesatuta eta horrek indartu egiten du adorea eta borrokan jarraitzeko gogoa.

Zalantzarik gabe, kirola ikuskizuna da eta kirolariei egunean baino egunean gehiago eskatzen zaizue, ahalegin jasanezinak egin behar izatera arte. Nola bizi izaten dira barrutik doping kontuekin loturiko iskanbilak?

Txirrindularitzaren munduan gai honekin besteren erruak ordaintzen ditugula edo horrelako zerbait sentitzen dugu, eta horrek kalte handia egiten digu, kirolaren eta kirolarien kalterako izateaz gain, kirolaren bideragarritasun ekonomikoa ere arriskuan jartzen baitu. Jendeari ahaztu egiten zaio oso kontrolaturik gaudela, odol, gernu eta bestelako analisi asko egiten dugula; ez dakit beste kirolik izango den hain fiskalizaturik. Eta ez da bidezkoa. Egoera izugarriak ere gertatu dira auzi hau dela eta. Italiako Giroa hasteko hotel batera iritsi ginenean, gaizkileak bagina bezala erregistratu gintuzten. Kirolaren aurkako presio horrek moral galtzea eragiten du eta zaila da ulertzen zer behar dagoen goizaldean gure ekipajeak miatzen hasteko. Gauzak aldatzea espero dut eta doping aurkako borroka beste kirol batzuetara ere zabaltzea, eta osasunaren aldeko eskakizuna guztiok bete behar izatea.

Osasuna errepidean ere jokatzen da; txirrindulariaren entrenamendua asfalto gainean egiten da eta hori arriskutsua da.

Egunero dugu istripuren bat izateko arriskua. Auto artean lan egiten dugu, baina orokorrean esan behar dut Euskal Herriko errepideetan -nik hemen egiten baitut entrenamendua- kontuan izaten gaituztela. Eta nik Italiarekin konpara dezaket egoera; txirrindularitzarako zaletasun handia dago Italian (futbolaren atzetik, txirrindularitza da zale gehien mugitzen duen kirola), baina hala ere, errepidetan errespeturik eza erabatekoa da. Sinisteak lanak ematen ditu, baina beldurgarria da, sekula ez zitzaigun kaskoa ahazten. Eta hemen oso desberdina izan arren, ohartzen gara arriskuaz. Ez da harritzekoa haur eta gaztetxoen txirrindularitza murriztuz joatea. Nik ulertzen dut gurasoak seme-alabei errepidera ateratzen uzteko beldur izatea; oso esperientzia txarrak ditugu.

Trafikoko lege berriak baimena ematen die txirrindulariei autobideetan zehar ibiltzeko. Ez al da arriskutsuagoa abiadura handiko bideetara irtetea?

Autobideek oso bazterbide zabalak izaten dituzte eta niri neurri positiboa dela iruditzen zait, bizikletan doanak biribiletan lehentasuna edukitzea bezala. Aurrera pausoak dira, baina ez dugu horrekin konformatu behar. Oraindik oso urruti gaude Europa Iparraldeko egoeratik. Han kultura ekologiko, bizitza-maila eta osasun egoera askoz hobea da: jendeak autoa utzi eta bizikleta hartzen du han.

Segurtasunik ezak mendiko bizikleten erabilera ugaritzea ere ekarri du.

Niri ez zaizkit gustatzen; zerikusirik ez duten bi kirol dira. Errepideko txirrindulariari portuak igotzea eta jaistea gustatzen zaio, asfaltoa zapaltzea, ibilbide bati jarraituz kilometroak eta kilometroak egitea... baina zalantzarik gabe, mendiko bizikleta oso aukera osasungarria da eta errepideko txirrindularitza baino arrisku gutxiagokoa.

Zein miresten duzu kiroleko mito gisa?

Zalantzarik gabe, Miguel Indurain. Haren jarraitzailerik handiena naiz. Txirrindulari gisa eta pertsona gisa, oso handia da. Ezagutzeko aukera izan dut, nire senarraren kidea baitzen eta miretsi eta sekula huts egiten ez dizun horietakoa da. Bizikletaren gainean bezain handia zen bizikletatik jaisten zenean ere.

Eta zer gertatzen da txirrindulari bat behin betiko bizikletatik jaisten denean?

Argi dago gure lanbidea besteena baino lehen amaitzen dela. Beste batzuk karrera hasten daudenean amaitzen da gurea, baina baikorra izan beharra dago eta geuk aukeratu dugula pentsatu, horretan larrua uzten dugula eta urte zoragarriak gozatzeko aukera ematen duena. Gero beste urte batzuk etorriko dira. Nire kasuan ia seguru kirolari loturik, horixe baitut gogokoen.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto