Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Formula horren bidez higiezina erosten ez den arren, urte-sasoi jakin batean bertan bizitzeko eskubidea du titularrak
Sorterriko etxera itzultzea, apartamentua alokatzea, hotelean gelak jasotzea edo kanpin denda altxatzea dira oporraldietako ohiko jokaerak. Bigarren egoitza erostea ere geroz eta ohikoago bihurtzen ari da (Espainia da, proportzioz, horrelakoak gehien dituen estatu europarra): Espainiako Estatistika Institutuak eginiko azken zentsuak adierazten duenez, bigarren egoitzakotzat 2 milioi etxebizitza baino gehiago daude inskribaturik. Egoitza hartzeko mota horiei beste bat erantsi zitzaien joan den mendeko zortzigarren eta, batez ere, bederatzigarren hamarkadan: denbora-aldi baterako etxebizitza hartzea, alegia (lehenago, "jabetza anitzeko" hura). Formula horri esker kontsumitzaileak denbora-aldi jakin eta mugatu baterako higiezina du, bigarren egoitza kostatuko litzaiokeena baino askozaz ere prezio apalagoan.
Halaz ere, gai horren inguruan nahasmena sortu da, sistema hori 1998 arte arautu gabe egon zelako. Ordura arte "jabetza anitzekoa" zeritzon sistema horri, baina izen hori lege bidez debekatu zuten, nahasketarik ez sortarazteko: formula horren bidez ez da eskuratzen higiezin baten jabetzarik, haren erabilera baita erosten dena. Bestela esateko, itsasertzean, mendi-estazioetan, hiriburu handietan edo bestelako alderdi turistikoetan egon ohi den lojamendu horretan (apartamendua, hoteleko gela, karabana edo, areago, ibai edo itsasontzia) erabiltzaileak urtean epe jakin batean bizitzeko eskubidea du. Higiezinaren aprobetxamendua herentzian utzi ahal izango du titularrak baina, hori bai, jabea bakarra dela gogoan izaki: saltzaile-sustatzailea, alegia. Hortaz, lojamendua erabiltzeko aldia iraganik, geroagoko titular edo erostunek ez dute inolako ordainik jasotzeko eskubiderik. Horrela bada, apartamendu edo txalet horren jabea, erregimena sortu den eraikinaren jabea izango da beti (pertsona fisiko edo juridikoa izan daiteke); areago, baliteke saltzailea jabearen izenean diharduen beste pertsona bat izatea (fisiko zein juridikoa, halaber).
Txandakako aprobetxamendu honen eskaintzetan ohi dabiltzan prezio hauetan, batetik bestera alde handiak daude. Dena den, adibide gisa, Espainian 300 higiezinetatik gora dituztela, mundu zabaleko konpainia handienenak aukeratuko ditugu: urtean astebetea, uztailean, igerilekua duen urbanizazio batean bi lagunentzako apartamendu terrazaduna, jantoki-saloian sofa-ohe bat duena, Costa del Sol-eko hondartza batetik gertu, jatetxe eta gainontzeko zerbitzuez horniturik, 15.025 eurotan eskaintzen da (sarrera gisa: honakoa aldatu egiten da, aukeratutako sasoi eta tokiaren arabera). Urteko kuota (eguneratzeko modukoa, Europako batez besteko KPI-aren arabera) 300,50 euro da. Ordainketa horren truk, hautatu den aste horretan apartamendua erabiltzeko eskubidea izango du urtero titular horrek, ez du beste inolako gasturik (argindarra, gasa, etab.) ordaindu behar, bi urtean behin altzariak aldatzea eta, sare horren barnean, lojamenduak trukatzeko aukera ere bermatua du.
Gizarte ipartar eta kanadarretatik harturiko formula horrek inbertsio txikiagoa egitea eskatzen du: jabetzan hartzen ez denez, ordaindu ere ez da egiten higiezinaren jabetza osoa, urteko oporraldiak emateko toki seguru eta iraunkorra lortzen bada ere. Bestetik, tokiz aldatzeko aukera ere ematen du, are norberak daukan aldi horretarako eskubidea beste norbaiti alokatzekoa ere. Beste aldetik, eta osotasunari begira, baliabideak partekatzeak ekartzen du eraikinak egiteko premia txikiagoa, ingurunearen eta paisaiaren mesedetarako.
1998 urtera arte, Espainian zegoen lege-hutsunea medio, salmenta-metodoak benetan oldarkorrak eta publizitatea gezurtia zirenez, hamaikatxo iruzur gertatu ziren eta, ondorioz, kontsumitzaileek makina bat salaketa jarri zituzten. Ondorioz, oporraldiak emateko formula horren izen ona galdu egin zen, neurri batean. Ordura arte, "jabekidetza" gisa komertzializatzen zen baina, kasu askotan, horrek ez zuen inplikatzen ondasun higiezin baten jabetza-kuotarik hartzea. Erabiltzaileari higiezineko jabekide estatusa lortzeko ideia saltzen zitzaion arren, kontratuan alderdiek izenpetzen zuten hitzarmenak ez zuen beti-beti jabetza-kuota transmititzen. Erabiltzaileek agertu ohi duten beste eragozpen bat: tokiz aldatu nahi denean, toki bereziki erakargarrietako itxaro-zerrendak hilabete, are urte batzuetakoak izaten dira.
Urteko egun jakin batzuetan (zazpitik gora, edonola ere), behar bezalako altzariez hornituriko lojamendu batez esklusibotasunez eta zerbitzu osagarriez (finka-administrazioarenak) gozatzeko eta tokiz aldatzeko eskumena hartzen da. Kontratua urtean gutxienez zazpi egunetarako, hiru urterako, eta gehienez ere berrogeita hamar urterako (hilabeterainoko epeetan) firma daiteke.
Eskaintzaz informazioa jasotzeko eskubidea du kontsumitzaileak. Jabetzaren Erregistroan sinaturik egon eta ulergarria izan behar duen agiri horretan, sustatzailearen nortasuna eta helbidea agertuko da, beste datu hauekin batera:
Kontratuak hurrengo datuak jaso behar ditu:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa