Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Hamaika telefono mugikor aztertutakoan: Denak dabiltza ondo

Azterturiko telefono guztiek beren eginkizuna betetzen duten arren, prezioan eta beste hainbat prestaziotan alde handiak hauteman dira batetik bestera

  Hamaika GSM telefono mugikor aztertu dira oraingoan, laginen prezioetan sekulako aldea izaki: merkeenak baino sei aldiz gehiago balio du garestienak. Modelo batetik bestera, pisua, neurriak eta ezaugarriak ere dezente aldatzen dira. Esku telefono horiek deiak jaso eta igortzeko bakarrik balio zuten aspaldi: egun, aldiz, beste hainbat eginkizun ere betetzen (jokoak, musika erreproduzitzea, agenda, etab.) dituztenez, alderdi hauek funtsezkoak dira erabiltzaile askorentzat, bata ala bestea erostea aukeratzeko unean.

Azterketa honetan telefono libreak aukeratu direnez (hau da, ez da baliatu telefono-operadoreen dirulaguntzarik), laginen prezioa dezente garestitu da. Horregatik, prezioaren arabera baino areago, hobe da terminala hiru gama-kategoriaren arabera sailkatzea: goi-mailakoak (Nokia 8310, Ericsson T68 eta Motorola V66), maila ertainekoak (Nokia 3330, Sony CMD-J70, Alcatel OT 511, Ericsson T29, Motorola T191 eta Siemens C45) eta maila apalekoak (Trium Neptune eta Panasonic EB-GD35).

Goi-mailakoetan prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena Ericsson T68 laginak ematen du; maila ertainekoetan Alcatel OT511 nabarmentzen da eta apalenekoetan, aldiz, Trium Neptune.

Kontsumitzailearen hautapena, nolanahi ere, berak lehenesten dituen faktoreen arabera aldatuko da: soinuaren araztasuna, jokoen kalitatea, doinuen kopurua, estaldura, etab.).

Produktu hauen bereizgarri nagusia mugikortasuna izaki, funtsezkoa da kontuan hartzea zenbat denbora egon daitezkeen entxufatu gabe eta bateriak kargatzeko zenbat behar duten. Inongo funtziorik egin gabe, itzali arte, terminalak zenbat irauten duen ("itxarote-autonomia") neurtzeko laborategian eginiko probak oso emaitza desberdinak erakutsi zituen: gutxien iraun zutenak Panasonic (95 ordu) eta Motorola V66 (121 ordu) izan ziren eta itzali bitarteko iraupen handienekoak, aitzitik, Ericsson T68 (283 ordu), eta Alcatel OT511 (211 ordu).

Hizketa eta erabilerako denbora, berriz, bateriaren egiazko iraupenetik gertuagokoa da. Galdategi honetarako, telefonoak egunean hamar ordu eman zituzten pizturik eta, ordutik ordura, hamar minutuko deia egin zen, terminala itzali arte. Etekin urrienekoak izan ziren Panasonic EB-GD-35 (16,4 ordu), Motorola V66 (16,5 ordu), Sony CMD-J70 (17,2 ordu), Nokia 3330 (17,9 ordu) eta Nokia 8310 (18,3 ordu). Hoberenak, aldiz, Ericsson (24 ordu) markako bi laginak.

Kargatzean, denak antzera dabiltza

Bateria kargatzeko denbora berdintsua behar izan zuten hamaika laginek ere, Siemens C45 salbuespen nabarmena izaki: hau askoz ere azkarragoa izan zen (ordubete eta 54 minutu baizik ez zuelako behar izan), eta Nokia 3330 (5 orduraino luzatu zen honen karga). Gainerakoek bi eta hiru ordu bitartean behar izan zituzten bateriak kargatzeko.

Kargatze-denbora horiek bateriaren osaketaren arabera aldatzen dira: teoria hutsean, Li-Polymer (Ericsson T68) hobeak dira Ion Litio (Nokia 8310, Motorola V66, Ericsson T29, Sony CMD-J70 eta Alcatel OT 511) baino; hauek, bere aldetik, nikel-metalhidrurozkoak (Nokia 3330, Motorola T191, Panasonic EB-GD35, Trium Neptune eta Siemens C45) baino hobeak.

CONSUMER-ek laginen estaldura bi gunetan neurtu zuen: aire zabaleko toki batean eta pantailadun kamera batean (seinalea ahulago iristen baita horrelakoetan). Gune irekian Nokia 8310, Motorola V66 eta Trium Neptune nabarmendu ziren eta Ericsson markako bi laginek emaitza apalenak lortu zituzten. Estaldura urriko guneetan hobekien ibili zirenak Motorola V66 eta Trium Neptune izan ziren, eta denetan txarrena Panasonic EB-GD35.

Soinuaren kalitatea, berriz, estaldura-maila desberdineko bi toki zaratatsutan (60 dezibelio) balioztatu zen. Ericsson T68 izan zen laginik hoberena bietan ere. Nokia 8310 oso ona baizik ez zen izan estaldura handia zegoenean eta, bi kasuetan ere, denetan okerrena Trium Neptune lagina izan zen, bolumen ahuleko eta komunikazio-kalitate txarrekoa zelako.

Garai batean berri-berriak izan ziren ezaugarri batzuk terminal guztiek dauzkate egun: murriztapena, deien identifikazio eta erregistroa, era bat baino gehiagotako txirrin eta dardarak, helbideen zerrenda, mezu laburretarako idazkera soildua, etab. Horrenbestez, terminal batzuk eta besteen arteko aldea, denek dauzkaten funtzio horien erraztasunean eta potentzian datza, ez funtzioen nolakotasunean. Hiru epaile adituk balioztatu zituzten telefono bakoitzean 43 elementu eta 1etik (eskas) 5erainoko (bikain) eskalan puntuatu zituzten.

Nokia 8310 eta Ericsson T68 (bi garestienak) laginek lortu zituzten balioztapenik hoberenak (4,4 puntu, azkenekoan); dena den, puntuaketarik apalena erdietsi zuen laginak berak ere (Trium Neptune: 3,3 puntu) aldeko kritikak jaso zituen funtsezko hainbat alderditan, hala nola agendako zenbakien bilaketan edota mezuen kudeaketan. Trium laginak ergonomian (bolumen handikoa delako), teklen zehaztasunean, jokoetan, kalkulagailuan eta sare-konfigurazioetan huts egin zuen. Motorola markako biek, Panasonic EB-GD35, Sony CMD-J70 eta Siemens C45 laginek 3,8 eta 3,9 puntu bitarteko emaitzak jaso zituzten. Horiek baino balioztapen hobea eman zitzaien Nokia 3330, Ericsson T29 eta Alcatel OT 511 laginei: 4 eta 4,2 puntu bitartean.

Azterturiko modelo horietako batzuek bestelako prestazioak ere eskaintzen dituzte: zuzeneko markatzea (ohiko zenbaki batera deitzeko tekla bakar bat sakatzea), adibidez, Trium, Sony eta Ericsson T68 laginek ez dutena. Hainbat telefonotan dauden pertsonekin batera hizketan egitea ahalbideratzen dute denek, Nokia 3330 eta Sony CMD-J70 laginek izan ezik. Hamaika laginetan, beste aldetik, dei bakoitzaren kostua itzultzeko telefonoa konfiguratzerik ahalbideratzen ez duen bakarra Nokia 3330 da. Lau terminalek ez dute onartzen zenbakia ahots bidez markatzea (Panasonic, Trium, Sony, eta Siemens) eta hamaiketatik seietan soilik (Motorola T191, Ericsson T29, Alcatel OT511, Siemens C45 eta Nokia markako bietan) erants daitezke irudiak testuzko (SMS) mezuetan.

Esku-telefono hauek guztiek dauzkate jokoak, batetik bestera kopurua aldatzen bada ere: Panasonic markakoak bakarra dauka eta Ericsson T68 laginak, zortzi (zailtasun-maila bereizteke). Adiera horretan hoberenak Motorola T191 (6 joko) eta Ericsson T29 (5 joko) izan ziren, zailtasun-mailen arabera antolatuak baitzituzte jokoak.

Aparteko aukerak

Aztertu diren hamaika telefonoetatik seik (Nokia 8310, Motorola biek, Sony CMD-J70, Ericsson T68 eta Siemens C45 laginek) agenda gisa erabiltzeko aukera ematen dute (hau da, aipamenak bere data, ordu eta oharrekin sar daitezke). Bestetik, Sony CMD-J70 eta Alcatel OT 511 laginek izan ezik, denek daukate esku-liburua, oharrak apuntatu eta gordetzeko. Modelo batzuetan ahotsez ere gorde daitezke horrelako oharrak, geroago entzun ahal izatekoak (Nokia 8310, Motorola V66, Ericsson T68 eta Alcatel OT 511).

Beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituzte mugikor hauek: nazioarterako deia (atzerrira deitzeko, herrialdea aukeratuta aski izatea, aurrizkia markatzeko premiarik gabe) Panasonic, Ericsson T68, Alcatel OT 511 eta Siemens C45 eskaintzen dute, eta dibisen kalkulua egin daiteke Motorola eta Nokia marketako bietan, Alcatel, Trium eta Sony laginetan.

Nokia 8310 eta Ericsson T68 laginek modema edukitzeaz gainera infragorri bidezko konexioa egiteko aukera ematen dutenez, GSM sarea (egungoa) baliatu ahal izaten dute datuak igorri eta jasotzeko (ordenagailu eramangarria Internetera lotzeko aukera ematen dute, haririk erabiltzeke). Siemens C45 laginak ere modema dauka, baina ez infragorriak. Hiru argitasun-mailatan balioztatu zituzten pantailak epaile adituek: Motorola T191, Nokia 8310 eta Ericsson T98 laginek emaitza on-onak agertu zituzten. Ikusgarritasuna okerragoa izan zen Nokia 3330 eta Alcatel OT 511 laginetan.

Erorikoen kontrako erresistentzia

Eroriko eta talka mekanikoen aurka esku telefono horiek duten erresistentzia egiaztatzeko, laginak iraulketa-upelean sartu ziren 25 biratan, hau da, lurrerainoko 50 erorikoen pareko emaitza lortzeko. Upelak 5, 15 eta 25 iraulketa egin ondoren ekipoen egoera aztertu eta, berehala, dei bana egin zen telefono bakoitzetik. Motorola V66, Ericsson T68 eta Alcatel OT 511 laginek bakarrik gainditu zuten saiakera hau hondaketarik nozitzeke. Lau telefonotan atzeko estalkia eta bateria erori ziren: Sony (5. iraulketan), Nokia 8310 (15.ean), Trium (15.ean) eta Ericsson T29 (25.ean) laginetan. Gehientsuenek hasierako iraulketetatik urraketak nozitu zituzten arren, funtzionatzen segitu zuten. Nokia 3330 gaizki ibili zen: 5. iraulketarako pantaila hautsita zuen.

Elkargarritasun elektromagnetikoari dagokionez, bi atal neurtu ziren: batetik, elektrizitate estatikoz kargaturiko erabiltzaileak terminalaren funtzionamendua aldaraz ote zezakeen, proba egokia egin zen: ez zen horrelakorik gertatu. Bestetik, transmititzeko telefono bakoitzak behar duen potentzia neurtu zen; horrek antenaren eraginkortasuna erakusten du, zenbat eta potentzia txikiago baliatu, orduan eta eraginkorrago gertatzen baita. Atal honetako egokienak Panasonic eta Nokia 3330 izan ziren; potentzia handienaren premia izan zutenak, aldiz, Motorola biak.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto