Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Tamaina ertaineko motxilak: Garestienak ez dira hoberenak

Lagin batetik bestera, prezio eta prestazioetan aldeak badaude ere, eginkizuna ongi betetzen dute denek

  Zazpi motxila aztertu dira oraingoan, 30 eta 45 litro bitarteko edukierakoak eta 29,70 eurotik 76,90 eurora bitarteko preziokoak. Tamaina ertainekoak izaki, egun bat edo pare bateko txangoak egiteko egokiak izaten dira eta berariazko elementuak (pioletak, eskiak, zorroak, giltzak, etab.) garraiatzeko balio duten lokarri, poltsiko eta zintez horniturik merkaturatzen dira.

Motxila on batek pisu osoa bizkarretan, sorbaldan eta aldaketan zehar banatu behar du. Era berean, egokigarria izango da, erabiltzailea askatasunez mugituko bada. Hobe da sorbalda aldekoak egurastea ahalbideratzea eta ehunak transpirazioa ez galaraztea. Horiez gainera, ohiko erabilera latzaren ondorioz motxilaren bizitza baliagarriak iraun dezan, zulaketa, abrasio eta urraketak gertatzean sendo izan behar du.

Azterketa honetako kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Altus Oxford 30 laginak erakutsi zuen, onartzeko moduko prestazioak eskaintzen baititu modu-moduan (39,07 euro). Bestetik, Vaude Basic Rock laginak dituen osagarri ugariak direla medio, bera dute erabiltzailerik zorrotzenek aukera polit-polita, nahiz bigarren garestiena den (72,06 euro), balio anitzekoa izanik.

Bolumena eta pisua funtsezko ezaugarriak ditu produktu honek. Paradoxa badirudi ere, edukiera motxila bakar batek adierazten du (Salewa Hyper 700: 35 litro); dena den, gainerako seietatik beste bost laginetan, modeloak aldamenean daukan zenbakiak edukiera adierazten duela ulertzen da. Horrela baldin bada, behinik behin, Vaude Basic Rock, Ferrino Fennec eta Altus Oxford 30 litrokoak dira, Cassin Snowave 35 litrokoa eta Hi Tec Special, azkenik, 45 litrokoa. Atlantis laginak (The North Face) ez du adierazten nolako edukiera duen. Vaude eta Cassin, gainerakoak baino dezente astunagoak dira (1.250 eta 1.010 gramo) eta The North Face, denetan arinena, 660 gramo baizik ez da. Erabiltzailearen anatomiari motxila egokitzeko ahalmenari doakionez, lagin bakarrak (Vaude) ahalbideratzen du egokitzapen hori: motxilaren barru aldean dagoen sistema bati esker, bost taila desberdinen artean hautatzeko aukera ematen dio eramaileari.

Zazpi laginetatik lauk bakarrik dauzkate konpresio-zintak, kargaz bete-beterik ez dagoenean motxilak bolumen txikiagoa izan dezan: Cassin (sei konpresio-zinta), Vaude (lau), Ferrino (bi) eta Altus (bi) dira lau horiek. Bizkarrekoetan tentsoreak eduki eta bularrari egokitzeko aukera denek dutenez, erabiltzaileak bere tamainaren arabera egoki ditzake motxila horiek. Nolanahi ere, Vaude eta Cassin laginek bakar-bakarrik dauzkate bizkarrekoetan goi-tiranteak: era horretan, kargaren arabera motxilaren itxura erabiltzailearen sorbaldari egokitzeko aukera ematen dute. Vaude, Cassin, Hi Tec eta Altus laginek hatzak esekitzekoak dauzkate: horiei esker, eskuak motxilari helduta eduki ditzake mendizaleak (ohi bezala eramango balitu hanpatu egingo litzaizkioke eta). Gerriko egokigarriari dagokionez, Hi Tec da horrelakorik ez daukan bakarra eta Vaude laginaren gerrikoa, aldiz, alboetarako kulunka galarazten duten uhalak dauzkan bakarra.

Garraiatzeko erraza

Hi Tec laginak izan ezik, beste gainontzeko guztiek dauzkate materialak eramateko zintak, hauen kopurua lagin batetik bestera aldatzen bada ere: Ferrino-k bakarra daukala, Vaude-k hamar ere baditu. Cassin, Hi Tec eta Altus dira poltsiko gehien dauzkatenak: bosna. Giltzentzako gakoa, berriz, Vaude, The North Face eta Altus laginek daukate.

Beste alderdi batetik, hiru motxilak dute euriaren kontrako babes-sistemarik: Vaude eta Salewa laginek magala daukaten bitartean, Hi Tec funda iragazgaitz batekin estal daiteke. Motxilaren josturek sendo eta iraunkorrak izan behar dute. Bukaeren kalitatea onartzeko modukoa da lagin guztietan (zinten bukaerari esker, hariak ez dira zirpiltzen eta plastikozko elementuak, aho zorrotzik ez dutenez, ez dira ebakigarriak. Denetan nabarmentzekoak, Vaude (trabatzen ez diren kremailerak dauzkalako) eta Altus (plastikozko bukaera duten heldulekuak dituelako).

Vaude, Cassin, Ferrino eta Hi Tec laginen sorbalda, giltzurrun aldea eta gerrikoa barrubigunez bukatuak daude. Salewa eta Altus markakoek ez dute barrubigunez hornituriko gerrikoa eta The Norh Face laginak, azkenik, sorbalda alderdia bakarrik dauka horrela prestatua.

Vaude, Cassin eta The North Face marketakoek sorbaldan aire-kanal antzeko bat daukate, aireztapena hobeki egiteko. Ferrino laginaren barrubigunak aire-kanalik ez duen arren, nolabait egurastea ahalbideratzen du. Modelo gehienetan, barrubigunaz osaturiko ehunak (sarexka gisa eratutako ehuna edo antzekoa) egurastea errazten duen arren, The North Face laginaren ehuna arrunt trinkoa denez, erraztu ordez eragotzi egiten du eragiketa hori.

Berariaz jarri zen proba batean, gorpuzkera eta ezaugarri anatomiko desberdinetako hiru erabiltzailek motxilen erosotasuna eta erabilerarako egokitasuna baloratu zituzten. Emaitzarik hoberenak Cassin, Ferrino, Salewa eta Altus laginek eskaini zituzten; Hi Tec markakoak, aldiz, kalifikazio apalena jaso zuen.

Beroaren aurka erresistentzia handia; euripean, eskas

Motxiletan euriak izan dezakeen eragina kalkulatzeko, euri-arku azpian ezarri ziren ordubetez; hamar minutuko tarteetan aztertu ziren, barrualdea bustirik ote zegoen egiaztatzeko. Hi Tec izan zen proba hori gainditu zuen bakarra, berak bakarrik daukalako funda iragazgaitza.

Beste proba batean, motxilak lau orduz 70º C-ko tenperaturan ezarri ziren: bakar batek ez zuen itxura aldaketarik, hanpadurarik edo arraildurarik erakutsi. Laginaren ehunak igurtziaren aurrean nolako erresistentzia duen egiaztatzeko, motxilaren hondoa minutuko 200 birako abiaduran zebilen 180 zk. garauko lixadun aparailuan ipini zen, bost minutuz. Ehuna zeharo galtzen badu, motxilak proba gainditu ez duela ulertzen da. Halaxe gertatu zitzaion Ferrino laginari. Gainontzekoetan, masaren galera %0,1etik (Vaude eta Altus) %1,2raino (Cassin) iritsi zen. Kanpo aldeko ehunak urraketaren aurka ezartzen duen erresistentzia neurtzeko, haustura eragiteko zenbateko indarra behar zen kalkulatu zuten laborategian. Erresistentzia handikoenak Hi Tec eta Altus izan ziren (65 Newton baino gehiagoko indarra aplikatu behar izan zen hauek biak hausteko). Ahulenak, aldiz, Salewa (29 N) eta Vaude (14 N) izan ziren.

Beste proba batean, 1,5 mm-ko diametrodun orratza baliatu zuten, bideko adar eta adaxkek motxilan egin ditzaketen ziztaden antzekoak simulatzeko. Zulaketaren kontra onartzeko moduko erresistentzia lagin guztiek agertu zuten arren, hoberenak Hi Tec eta Vaude izan ziren; Cassin, Salewa eta Altus, berriz, ahulenak izan ziren alderdi honetan.

Josturak hausteko nolako indarra eragin behar zen ere neurtu zuten: Altus laginak erdietsi zuen emaitzarik onena (184 N/cm); Vaude eta Salewa markakoek ere ongi gainditu zuten proba. Josturarik makalenak, aitzitik, Ferrino eta Hi Tec (96 N/cm) laginenak izan ziren, baina Cassin eta The North Face motxilenek ere nota apalak jaso zituzten.

Tiranteetan ere, aldeak

Erresistentzia handienekoak (bai goiko tiranteak, bai behekoak ere) The North Face laginarenak izan ziren: 1.130 N eta 1.320 N-ko indarra eragin behar izan zen batzuk eta besteak hausteko. Haustura, eskuarki, josturaren aldameneko ehunean gertatzen da, jakina denez. Salewa lagineko goialdeko tiranteek emaitza ona eskaini zuten bitartean, behe aldekoak aski makalak gertatu ziren. Zeharo kontrakoa jazo zen Cassin motxilarekin. Tirante ahulenak Ferrino (575 N. eta 350 N) laginak zeuzkan.

Era berean, behar ez bezalako irekidura eragiteko, kremaileran zeharka egin behar den trakzio-indarra ere neurtu zuten laborategian. Motxila guztiek erresistentzia polita agertu bazuten ere, denetan hoberenak The North Face, Salewa, Altus eta Hi Tec izan ziren.

Etiketari dagokionez, motxila hauetako bakar batek ez du erabat ongi. Altus eta The North Face laginenak dira onenak. Vaude laginean bakarrik dago zuzen berme-agiria; Ferrino motxilarena onartzeko modukoa izan liteke, baldin eta (oraindik Espainian indarrean sartu ez delarik) Europako arautegia kontuan hartzen bada. Bukatzeko, motxilak erabili eta mantentzeko argibideak osagabe daude zazpi motxiletan: hoberenak Altus laginekoak ziren, ikur normalizatuen bidez, motxila ikuzi eta kontserbatzeari buruzko informazioa ematen duelako.

Motxila behar bezala erabiltzeko

  • Ez aukeratu motxila handia aukera gehiago eskainiko dizkizulakoan bakarrik. Edukiera handikoa baldin bada, are eta gehiago beteko duzu seguruenik; hori arazo iturri bihurtzen da oinez ibiltzean.
  •  Motxila kargatzeko modua ere ibilbidearen arabera aldatzen da. Azalera laua eta gorabeherarik gabea denean, hobe zama astunena goialdean ezartzea, bizkarraldean. Bidezidor eta aldapan edo toki aldrebesetan ibiltzeko, ordea, karga erdialdean eta gerritik gertu kokatu behar dugu, egonkorrago joan dadin.
  • Erabili uhalak aldakei egokitu eta atxikitzeko: lokarri horiek karga sorbalda osoan zehar banatu eta orekatzen dutelarik, pisu osoa lepoan ez eramatea ahalbideratzen digute.
  • Erabaki argi eta garbi motxila zertan erabiliko duzun. Kirol guzti-guztiek (eskia, mendiko txangoak, mendiko bizikleta, alpinismoa...) bereizgarri desberdinak dituzte eta motxilak premia jakin batzuetara egokitzen dira, berariazko elementuei esker.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto