Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Osasuna

Λ

Zakila zutitzearen disfuntzioa: Konponbidea duen arazoa

Zakilaren erekzio edo zutitze arazoak lotsaz bizi izaten dira eta arazoa dutenen artetik laurden bat baino ez da tratamenduan jartzen, oso eraginkorra izan arren.

  Erekzio arazoak izendatzeko gehien erabiltzen den terminoa sexu-ezintasuna den arren, zuzenagoa da zutitzearen disfuntzio (ZD) izenaren barruan sartzea, sexu-harreman atsegingarri bat izateko behar bezalako erekzioa lortu edo/eta mantentzeko ezintasuna biltzen baita horren barruan. Sarritan gertatzen den arazoa da eta zenbait ikerketaren arabera, 40 eta 70 urte arteko gizonezkoen artean % 52k izaten du maila batean edo bestean eta 70 urtetik gorako gizonezkoen % 15 -20k. Espainian bi milioi gizonezkok arazo hori dutela kalkulatzen da. Lehenik eta behin esan beharra dago kasurik gehienetan arazoa besterik ez dela, eta ez egiazko gaixotasuna. Hala ere, isilpean eta lotsa sentimenduz eta konplexuz beteta bizi izaten da eta disfuntzioa daukatenek ezin izaten dute medikuarekin edo bikotekidearekin gai horri buruz hitz egin. Jende gutxik egiten dio aurre eta konponbidea bilatzen: ZD sufritzen duten gizonezkoen laurdena baino gutxiago joaten da tratamendu bila.

Ez du zerikusirik adinarekin

ZD adinak berez eragindako arazo gisa ikusteko joera dago, zahartzaroaren ondorio normala balitz bezala. Baina uste hori ez da zuzena; sexualitateak ez du iraungipen datarik eta adin handiko pertsonak badira sexu-bizitza atsegingarria dutenak. Testosterona maila jaisteak disfuntzio hau eragin badezake ere, badira tratamenduak horren aurka. Izan ere, zutitzearen disfuntzioak konponbiderik ez duela uste izatea ere uste okerra da. Zahartzearekin ZD eragin dezaketen gaixotasunak ager daitezkeen arren, zahartzea bera bakarrik ez da zertan disfuntzioarekin loturik.

Erekzioa, fenomeno konplexua

Zutitze edo erekzioa fenomeno konplexua da eta era askotako faktoreek dute zerikusia: ikusmenaren, ukimenaren estimuluek, psikogeno, kardiobaskular eta hormonalek... Hainbat arrazoik eten dezakete, edo baita zenbaitetan hasierako erekzioari eustea zaila gertatu ere. Horrelakoak maiz gertatu ohi dira eta ez da kezkatzekoa aldian behin edo aldi batez gertatzea, gero berriz normaltasunera bueltatzen bada. Zenbait garaitan estimulu txikiek erreakzio izugarriak eragiten dituzte eta beste zenbait garaitan oso erreakzio apala edo erreakziorik eza izaten da. Aldagarritasun hori biologikoa da, normala, eta ez du arreta berezirik eskatzen. Bikoteak argi izan behar du erekzioa ez dela matematika hutsa, oso fenomeno konplexua baizik eta beti ez dela berdin erreakzionatzen.

Arrazoi organikoak

Erekzioak huts egitearen atzean arrazoi asko egon daiteke, baina hemen kasu jakin batean zentratuko gara: aurrez sexu harremanak arazorik gabe izan eta egun batean erekzio-gaitasuna iraunkor jaitsi zaiela ohartu eta sarketa eta eiakulaziodun sexu-harremanik izan ezin duten pertsonen kasuan hain zuzen ere. ZD sekundarioa deitzen zaio eta bi eratakoa izan daiteke: organikoa eta funtzional edo psikogenoa. Lehenean nerbio mailako lesio edo gaixotasun bat dago, muineko edo nerbio periferikoen lesioak edo odol isuria edo odolaren ihesa ahalbidetzen duten zainen arteriosklerosiak eragina. Badira zenbait botika ere, zutitzearen disfuntzio organikoa eragin dezaketenak: blokeatzaile eta diuretikoak, hipertentsio arteriala tratatzeko erabiltzen direnak; zenbait depresio-aurkako, antsiolitiko eta neuroleptiko; zimetidina eta ranitidina, urdaileko tratamenduetarako erabiliak, eta baita intsulina eta diabetearen aurkako aho bidezko beste sendagai batzuk ere. Halaber, tiroideetako arazoek, hepatopatia kronikoek eta metabolismoko beste gaixotasun batzuek ere eragin dezakete zutitzeko disfuntzioa.

Arrazoi psikologikoak

Arazoa azal dezakeen gaixotasunik ez dagoenean, disfuntzio funtzional edo psikogenoa dela esaten da eta kasuen % 60tan izaten du zerikusia. Funtzio sexuala oso loturik dago psikearekin eta, beraz, maila horretako edozein gorabeherak eragina izango du erekzioan. Horrela, estresa, nekea, depresio egoerak, bikoteko gatazkak, edo gizonezkoa estutzen duen bestelako edozein arazok eragin dezake ZD. Noizbait "huts egin" izana ere arazo bihurtzen da zenbaitentzat eta bueltak eta bueltak ematen dizkiote; eta horrela egoera larritu eta aurrez ez zuen disfuntzio bat egiazko bihurtzen da. Gauez pertsona lotan dela ia egunero gertatu ohi diren erekzioek adierazten dute ez dela lesio neurologiko eta kardiobaskularrik eta pertsonak esna denean erekziorik ez izateak arrazoi psikogenoak izan ditzakeela. Gauez erekziorik ez izateak lesio organikoren bat izan daitekeela adierazten du, gehienetan gorputz leizetsua normal betetzea eragozten duen arteriosklerosia, lesio neurologikoren bat edo gorabehera hormonal edo metabolikoa gehienetan.

Viagra, kontuz

Duela gutxi sildenafilo izeneko sustantzia agertu da (Viagraren printzipio aktiboa), eraginkortasun maila handia duena eta sexu-bizitzaren kalitatea hobetzeko aukera ematen duena. Baina gehiegi poztu aurretik argitu beharra dago sildenafiloa sexu-estimulazioa dagoenean bakarrik dela eraginkorra. Sildenafiloa ez da afrodisiakoa, zakilean ez ezik beste organo eta errai batzuetan sustantzia lasaigarriak edo baso-dilatatzaileak askatzea areagotzen duen botika bat baizik, eta horrenbestez, izan ditzake arriskuak, konplikazioak eta efektu sekundarioak ere. Produktua hartu ondoren gaixotasun kardiobaskularrengatiko heriotzak ere izan dira. Lotsaz bizi izaten den arazo batentzat gomendaturiko botika izanik, oso tipikoa izaten da produktua ezkutuan edo lagunen bitartez lortzen saiatzea. Zer gertatzen den probatzeko hartu duenik ere bada. Baina botika horren efektu sekundario larriak kontuan izanda, erabat zuhurgabea da horrela jokatzea. Botika hau medikuaren aginduz hartu behar da beti, ZD arazoa aztertu eta ikertu ondoren eta kasu horretarako tratamendurik egokiena horixe dela erabakitzen denean baino ez. Hauexek dira botika hartu ondoren gertatu ohi diren aurkako erreakzio arruntenak: buruko mina (% 16), tentsioaren jaitsiera (% 10) urdaileko arazoak (% 7) sudurreko kongestioa (% 4), begietako arazoak, urdin eta lausotu ikusten da, (%3) eta baita beherakoa, negalak eta -gutxiagotan- zorabioak ere.

Printzipioz sildenafiloa egokia da ZD mota guztietarako, baina pazienteen erantzunak oso desberdinak izaten dira eta beti izango da botika honek inolako erreakziorik eragingo ez dion gizonezko portzentaje bat. Ohar-zerrenda oso zabala da: ez da hartu behar bihotzeko gaixotasunengatik hartzen diren nitratoekin batera; zimetidinak (ultzera, gastritis eta abarretarako botikak) eta eritromizinak (antibiotikoa) odoleko sildenafil kontzentrazioa handitzea eragiten dute eta, beraz, horrelako botikaren bat hartzen baduzu, medikuari jakinaraztea komeni da, dosia jaitsi beharra baitago; gibeleko edo giltzurruneko arazoak dituztenek medikuarekin kontsultatu behar dute, produktua eliminatzea moteldu egiten baita; sidenafiloari loturiko bihotzeko gaitzak izateko arrisku bat ere badago eta, beraz, botika hori hartu aurretik balorazio kardiobaskularra egin beharra dago. Gainera, ez dute sildenafilorik kontsumitu behar zakilean deformazioak, fibrosiak edo bestelako afekzioak dituztenek. Zenbait gaixotasunek, leuzemia forma batzuek, mieloma anitzak eta beste zenbaitek priapismorako (ordu luzetako erekzioa) joera izaten dute eta pertsona horiek ez dute viagrarik hartu behar. Pigmentu-retinosia dutenek ere ez dute sildenafilorik hartu behar, begietako gorabeherak eragiten baititu.

Tratamendua

ZDren tratamendua konplexua da. Batzuetan tratamendu psikologikoa behar izango da, beste zenbaitetan hormonala eta azken-azkenik baita kirurgikoa ere, zenbait gaitz, gehienean jatorri kardiobaskularra edo gorputz leizetsuetako fibrosiak dituenean, zakileko protesi bidez baino ezin baita konpondu. Hala ere, ebakuntza azken aukera gisa hartu behar da eta bestelako tratamenduek huts egitean bakarrik jo behar da bide horretara. Beste aukera bat norbere buruari injekzioak jartzea da. Gizonezkoak sustantzia basoaktiboak injektatzen ditu gorputz leizetsuetan, erekzioak sortzeko; baina bide hori ez da arriskurik gabea, konplikazioak sor baitaitezke, hala nola priapismoa (ordu luzetako erekzioa) eta gorputz leizetsuen fibrosia.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto