Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zaborrak erraustea aukera eztabaidatua da hondakinen pilaketaren arazoa konpontzeko
Badirudi amaierarik gabeko auzia dela sortzen dugun zabor kopuru eskergarekin -pertsona bakoitzak egunean lau kilogramo zabor herrialde garatuetan- zer egin erabakitzea. Agerian geratu da dagoeneko ez dela aski hondakinak pilatu eta gure begien aurretik kentzea eta, beraz, hiri-hondakin solidoak gizakientzat ahalik eta kalte gutxien eraginda eta ingurumenarekiko errespetuz desagerrarazteko formulak aurkitzearen inguruan sortu da eztabaida. 3B formulek (birziklatu, berrerabili eta berreskuratu) arindu egiten dute hondakinak biderkatzeko joera, baina ez dute arazoa konpontzen, ez baitira inondik ere ohiko praktika (Espainiako estatuan, hondakinen % 70 zabortegira joaten da eta % 11 baino ez da birziklatzen; Holandan, adibidez, % 30 birziklatzen da). Dioxinak askatzen direlako Greenpeace eta antzeko erakunde ekologistek kritikatu egiten badute ere, zenbaiten ustez zaborrak errez energia sortzea bide egokia da hiri-hondakin solidoak gutxitzeko. Joera honen aldekoek azpimarratzen dutenez, zientzialariek ez dute argi eta garbi adierazi dioxinak bizidunentzat toxiko direnik. Europako zenbait ereduk, Frantzia edo Belgikakoak adibidez, zaborrak erregai gisa erabiltzearen aldeko apustu garbia egiten dute, baina Alemaniak, berriz, ia erabat baztertzen du aukera hori. Espainian energia sortzen duten zortzi errausketa-lantegi daude, baina gizartean eragiten duten polemika eta aurkako jarrera dela eta, bertan behera utzi dira horrelako labe erraldoiak eraikitzeko beste hogeita hamar proiektu inguru.
Errausketa-lantegiak erabiltzea defendatzen dutenek birziklatzeko ohiturez gizartea kontzientziatu eta ohartaraztea ikusten dute lehen urrats gisa, baina hondakindegien ordezkatzeko berehalako irtenbidetzat jotzen dituzte tratamendu eta errausketa kontrolatuko plantak. Onartzen dute lantegi horien arriskugarritasuna auzitan dela, baina proba erabakigarririk ez dela esaten dute eta zientzialariek ez omen dute frogatu dioxinak eta hondakin-furanoak -kloroa duten produktuak (papera edo plastikoa besteak beste) tenperatura baxuan erretzean sortzen diren gorputz kimikoak- osasunarentzat kaltegarri direnik. Badirudi ondorio hori atera daitekeela Estatu Batuetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak emaniko azken txostenetik, eta zuzenean minbiziarekin lotzen baditu ere, ez du argi esaten erreusteko-lantegien lanaren eraginez denik, PVC erretzearen ondorioz baizik. Bestalde, legeria zorrotza da eta errausketaren bitartez dioxinen eta ustez toxiko izan daitezkeen beste konposatu askoren produkzioa oso kopuru txikitan baino ez du onartzen.
Zaborra tenperatura handitan erretzea da kakoa, beraz, legeria errespetatuz eta aurrez eta ondoren kontrolak egitea. Ez da ahaztu behar gaur egungo hondakindegietan berez erretzen dela zaborra -materia organikoa birberotzearen bitartez hartzituta eta metano suharbera askatuta-. Eta erraustegien defendatzaileen arabera, erreketa natural hori kontrolatua baino kaltegarriagoa da, tenperatura baxuetan gertatzen delako.
Azken batean, bi bide osagarri eta premiazko proposatzen dituzte hiri-hondakin solidoen arazoa arintzeko: hondakin kopurua murriztea edo gutxienik horiek etengabe ugaritzeko joera moteltzea eta hori lortzen den bitartean, hondakindegien ordez zaborren tratamendu integralerako lantegiak jartzea, amaierako soberakina ere erreta.
Polemikaren beste muturrean, berriz, erraustegien erreketa prozesuan zehar airea, ura eta zorua kutsatzen duten produktu toxikoak sortzen direla diotenen jarrera dago. Horien aburuz, baliabide naturalak ustiatzen jarraitzeko aukera ematen du errausketak eta lantegi horiek teknologia garbien garapena geldiarazi eta jatorrian hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta zaborretako osagaiak birziklatzea bultzatzen duten arauak ateratzea moteldu egiten dutela.
Hala ere, beste bat dute kezka nagusia: dioxina, substantzia toxiko, iraunkor eta biometagarrien emisio iturri nagusia errausketa dela, alegia. Legeriak praktika jakin batzuk finka ditzan eskatzen dute, hala nola beirazko ontziak beti itzuli behar izatea edo PVC eta eguneroko bizitzan oso presente dauden antzeko materialak debekatzea.
Erakunde ekologistek ere bide hori aldarrikatzen dute. Errausketa xahubidea dela kritikatzen dute: hondakinak birziklatzeak dakarren aurrezpena hondakin horiek erreta lortzen den energia baino lau aldiz handiagoa da.
Talde ekologistek, halaber, uste dute hondakin berreskuratuen kopurua gehitu ahala, gutxitu egingo dela errausteko materialen kopurua eta kudeatzen dituzten enpresentzat errentagarri izaten jarraituko badute erraustegiek errausketa-bolumenari eutsi beharra dutela salatzen dute. Horrela, erretako hondakinen hiru tonako, tona bat errauts eta eskoria produzitzen da eta horiek hondakin toxiko eta arriskutsu kontsideratzen direnez, segurtasun biltegietan gorde behar dira.
Kordobako Udalak hiri-hondakin solidoak tratatzeko era arrazional eta integratu bat abiarazi zuen. 1993an, bilketa selektiboa ezarri zen. Prozesua oso partehartzailea izan zelako da berezia Kordobako kasua; oinarrian abiarazi eta urratsez urrats aurrera egin ondoren 1996an Birziklatze eta konpost egiteko Lantegia irekita amaitu zen. Produktuak gizarte ekonomiako enpresen bitartez sartzen dira ziklo produktiboan eta konposta bertako nekazaritzan erabiltzen da.
Nafarroan ere esperientzia interesgarria egiten ari dira ingurumena babesteko: prebentzioa, tratamendua, birziklatzea eta gama osoko hondakinak errekuperatzea sartzen dira ekimen horretan eta baita uren tratamenduari buruzko politika integrala ere. Araztegietako lokatzak eta hondakin organikoak aprobetxatuz nekazaritzarako konposta lortzearekin amaitzen da zikloa. Hondakinei buruzko esperientzia Iruñea eta Lizarrako eskualdeetan egiten da batez ere. Nafarroako uren kalitatea hobetzeari esker arrainen bizitzarako aukera eta nekazaritza ekologikoa praktikatzen dira gune askotan, Iruñea hiriburua barne dela.
Zabor-potera doan materiala murriztea izan behar dugu helburu eta erabili eta botatzekoak diren materialik (edalontzi, plater eta poltsarik) ahal dela ez erosi, pakete gehiegi dutenak saihestu eta ontzi familiarrak hautatzea, produktu fresko eta pisura saltzen direnak erostea, eta ontziak, arropa, liburuak, altzariak edo jostailuak berrerabili edo trukatzea; hala ere, sekula ez da sobera izaten gure zaborra zerez osatzen den aztertzea.
Lantegi industrialak dira eta zabor kamioiek bertara eramaten dituzte hondakinak. Harrera-hobi betean uzten dira hondakinak eta handik, erreketa-galdara batera garraiatzen ditu garabiak, tenperatura garaietan erretzeko. Galdararen azpiko aldean hondakin-errautsak bildu egiten dira eta handik, sortzen diren lurrin eta gasak beste galdara batera pasatzen dira, karea eta ikatz aktiboa (dioxinak eta furanoak, metal astunak eta abar xurgatzen dituztenak) erantsita garbiketa prozesua egiteko. Azkenik, gas eta lurrin horiek iragazki batean pasatzen dira, partikula eta substantziak kentzeko eta tximiniatik kanpora botatzen dira. Erraustegi modernoenetan lurrin beroa aprobetxatu egiten da eta birberotu egiten da, energia elektrikoa sortzen duen turbina bat elikatzeko; sorturiko energia sare orokorrera bidaltzen da. Horrela, beraz, erraustegien bidez zabor kopurua gutxitu eta energia produzitzen da.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa