Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Gehienontzat nahiko erraza izaten da medikuarenera noiz joan behar dugun jakitea. Hala ere, zalantzak eta erreparoak izaten ditugu oraindik psikologoarengana joateko, oraindik ere pisua baitu, itxuraz, zorozain deiturak. Horregatik, psikologoarenera joatea kontrolatu edo konpondu ezindako buruko arazo larriak dituela aitortzearen pareko da oraindik askorentzat. Psikologoarenera lasai joateko beste oztopo bat ezezagun bati norbere arazorik barrukoenak esateko erreparoa izan ohi da. Trantze latz bihurtzen da garen bezalako agertzea, hainbeste urtez ezkutatu edo disimulatu ditugun frustrazio, obsesio, konplexu, segurtasun falta edo ahuldadeez hitz egitea, gure buruko indarra, zentzua edo buru-argitasuna auzitan jartzea eta ia-ia inoren mende geratzea, espezialista baten iritziaren mende jartzea -espezialista horrentzat kasu bat besterik izango ez garela, gainera- eta beldurra edo areago, izua eragin diezaguke. Eta horrela, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, eta barru-barruan zerbaitek laguntza espezializatuaren beharrean gaudela eta etxekoei eta adiskideei gure arazoak kontatzea aski ez dela esaten digun arren, larregi atzeratzen dugu psikologoarenean hitzordua hartzea eta gehiago ezin dugunean eta sufrimendu eta ezegonkortasun psikologikoaren sintomak amesgaizto bihurtzen direnean joaten gara. Atzerapen hori urte bat baino gehiagokoa edo urte luzetakoa ere izan daiteke eta horrek larriagotu egin dezake garaiz hartuta erraz konpon zitekeen arazoa.
Psikologoa profesional espezializatua da, giza portaeraren arloko zientzialaria. Bizitzako une zail batean dauden pertsonekin edo espezialista baten analisia eta aholkularitza -eta batzuetan laguntza, konplizitatea eta sostengua- behar duten pertsonekin lan egiten dute egunero. Psikologoak tresna metodologikoak eta teknikak izaten ditu bere bezeroen ebaluazioa egin, diagnostikoa finkatu eta arazoei aurre egiteko tratamendua proposatzeko eta bere ondoezaren zergatiak ulertzen laguntzeko. Baina gizakien buruaren arloko espezialista hauek ez dira egoera kritikoetan bakarrik baliagarri; aitzitik, arazoak prebenitzeko bitartekoak eta estrategiak eskaintzen dituzte, eguneroko bizitzan egonkor eta indartsuago egoten lagunduko digutenak.
Ñabardura bat: kontsultan ez da ezinbestekoa lehen unetik gure barne-mundua irekitzea; espezialistari noiz eta zer kontatu erabakitzea norbere esku dago. Psikologoak gure barne-gatazkaren ezaugarriak eta norainokoa ezagutu ditzan beharrezko den inplikazio eta egiazaletasun prozesuaren erritmoa bezeroak berak ezar dezake eta gertatzen zaiona espezialistari kontatzeko, beharrak edo erabaki pertsonalak eramango du horretara. Komunikazio emankor hori, espezialistak konfidentzialtasuna eta ulermena bermatzen dizkigula ikusten dugunean sortzen den konfiantza eta segurtasuna giroaren ondorioz etorri ohi da. Eta gure sentsibilitatea zaurituko duen epairik emango ez duela dakigunean. Lehen inpresioak, entzuten digutela eta errespetatuak eta teknikoki ongi hartuak sentitzeak eta horrekin batera psikologiaren izaerarekin eta haren metodo eta terapiekin "konektatu izanak" erabakiko du hein handi batean pazienteak espezialista hori aukeratzea eta areago, hasi beharreko lan terapeutikoaren arrakasta bera ere.
Arazo batek edo gehiagok gure bizitza blokeatu egiten duela eta sentsazio desatseginez betetzen duela eta bizitzaren alderdi positibo eta atseginak gozatzea eragozten digutela sentitzen dugunean, psikologoarenera joatea komeni izaten da. Laguntzarik behar ez dugun ustearekin, "oraingo hau gainditzeko" gai izango garela uste izaten dugu eta lasaitu eta denbora hartzea besterik ez dugula behar. Baina oker gaude: denborak ez du ezer konpontzen. Besterik da arazoak konpontzen lagunduko diguten portaerak saiatzeko asteak edo hilabeteak behar izatea.
Eskatzea ematea bezain beharrezkoa da: txanpon beraren alde biak dira, bizitzaren alde biak. Ez ditzagun nahastu norbere bizitza gestionatzeko autonomia eta ekintza horiek ongi burutzeko beste norbaiten laguntza eskatzeari uko egitea. Psikologoa ez da gure psikeko gaitzak sendatzen dituen aztia, aholkulari eta laguntzaile gisa jarduten duen buru-osasunaren arloko aditua baizik, horrenbeste desiraturiko segurtasuna eta egonkortasuna lor ditzagun (beti geuregatik eta geure baitatik abiatuta) laguntzen saiatuko dena; eta konponbideak bilatzeko bereizketa-gaitasun hobea eta gure buruarekiko estimua handitzen lagunduko diguna.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa