Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Alor ekonomikoan (pentsioak, herentziak, etab.) diraute oraino alderik larrienek
Legezko matrimonioak eta izatezko bikoteak maila berekotzat jo behar diren ala ez: eztabaida sozial hori dela bide, gizarteko hainbat sektore -hiritar soilak zein juristak- bi alderditan banaturik daude. Arazoa, funtsez, bikotearen barne-barneko kontua den arren -eta esparru horretan Zuzenbideak errespetua agertu baizik ez duelarik-, horrelako bikoteak maila berdinekotzat hartzea dela eta, elkarren aurkako joerek borrokan dihardute, legeak arrazoia zeini emango. Sektore batzuen iritziz, ezkontzeko aukera izanik, izatezko bikote izatearen alde egitea senar-emazteen erregimenetik kanpo geratzearen pareko da, bai onerako (harremanetan zehar tramite gutxiago egin beharra) bai txarrerako (alargun- edo erretiro-pentsioa datorrenean).
Beste joera batzuen arabera, izatezko bikoteak familia babesgarritzat hartu behar dira. Izan ere, pixkanaka-pixkanaka aldaketa batzuk susmatzen hasiak gara alor horretan, hala nola horrelako bikoteen erregistroak sortzea: hauei esker, legezko eta izatezko senar-emazteen izaerak elkarrengana hurbildu egin dira. Nolanahi ere, oraindik ez da izatezko bikotea arautzen duen legerik; beste aldetik, bikotekide biak sexu desberdinekoak badira, hainbat efektutarako bederen, legez aintzat jotzen dira. Auzi zenbait gaur egun ere modu desberdinetan epaitzen diren arren -izaera ekonomikokoak batik bat: herentziak, konpentsazio-pentsioak, banantze kasuan etxebizitzaren erabilera, etab.-, izatezko bikoteek umeak adopzioan har ditzakete (baita homosexualen bikoteek, Nafarroan izen emanik baldin badaude). Legearen aurrean diskriminazio latzena jasan dutenak, hain zuzen ere, sexu bereko kidez osaturiko bikoteak dira: elkarrekin ezkontzeko aukerarik ez dute (Espainiako Konstituzioaren arabera, gizasemea emakume bakarrarekin eta emakumea gizaseme bakarrarekin ezkon daiteke), eta ezin izan ditzakete izatezko bikoteen hainbat erregistrotan izen emanik dauden bikote heterosexualek bezalako eskubideak, gainera.
Legeztaturik ez dauden bikoteek nozitzen duten diskriminazioa ezabatzeko lehen urratsa, bikoteen erregistroak sortzea izan zelarik, horrelakoak berrehunetik gora dira egun Estatu espainiarrean: erregistro horietan, bi pertsonek (are sexu berekoak izaki) eman dezakete izena ezkontzaz bestelako lokarrien bitartez elkarturik bizi direnean. Horiei esker, Administrazio lokaletik gainontzeko senar-emazteek bezalako eskubideak izatea erdiesten dute hainbat alorretan: dirulaguntzak, etxebizitza publikoak, bekak, zerga-salbuespenak, etab. Neurri hori aurrerabide handia izan zen ezkondurik ez dauden bikoteei zor zaizkien eskubideak aitortzeko bide luzean.
Kolektibo ugarik eginiko eskaerak bultzaturik, egun Estatu espainiarreko sei erkidegotan -Aragoi, Madril, Nafarroa, Katalunia, Valentzia eta Balearretan- Izatezko Bikoteen Legea arautu da. Testu horiek ezkontza bitartezko eta izatezko bikoteak maila berdinean ezartzen dituzte erkidego bakoitzari dagokion zuzenbide publikoaren alorrean, Estatuari berariaz dagozkion gai guztiak (pentsioak, herentziak, etab.) kanpo utzirik.
Lege horietako lehena Katalunian onetsi zen, 1998ko urrian. Bertako Bikoteen elkartze iraunkorren Legeak horrelako bikoteen eskubide eta betebeharrak arautzeaz gainera, homosexual zein heterosexualei heredatzeko eskubide berberak aitortzen dizkie, esate baterako. Aragoik 1999ko martxoan ezkondurik ez zeuden bikote iraunkorrentzako legea sortu zuen: testu horrek ere aitortzen ditu eskubide eta betebeharrak, baina sexu bereko zein desberdineko kideak izan, bikote guztiak batera eta berdin tratatzen ditu. Nafarroak 2000ko uztailean onetsi zuen Estatu espainolean dagoen legerik aurreratuena, Bikote Iraunkorren Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea, alegia: sexu bereko kideez osaturiko bikoteek haurrak adoptatzeko aukera dute, estreinakoz. Valentzia Erkidegoak 2001eko martxoan onetsi zuen izatezko bikoteen legeak, erregistroan izena emanik dauden bikoteei -kideak urtebete gutxienez elkarrekin bizi baldin badira- ezkondutako senar-emazteei bezalako eskubideak aitortzen dizkie, erkidegoko Administrazioarekiko harremanetan. Madrilgo batzarrak 2001eko abenduan Izatezko Bikoteen Legea onetsi zuen, bikoteko kideei elkarrekin bizitzeko erregimena, erabaki ekonomikoak eta haustura kasuan ordaindu beharreko konpentsazioak kontratu pribatuan jasotzeko aukera ematen die eta, beste aldetik, izatezko bikoteak familia direla aitortzeari saihets egiten dio, izatezko bikoteei adoptatzeko edo jasotzeko eskubidea kontuan hartzen ez dielarik. Aurtengo urtarrilean indarrean sartu zen Uharte Balearretan Bikote Egonkorren Legea: honek, indarrean dauden beste legeek ez bezala, bikoteen errealitatea egiaztatzeko ez die eskatzen bikoteko kideei aurretiaz elkarrekin bizi izana. Beste hainbat autonomiak -Andaluzia, Asturias, Kanariak edo EAE, adibidez- era guztietako bikoteei eskubide berberak aitortuko dizkien legea tramitatzen hasiko direla iragarri dute. Gaztela-Mantxak, Andaluziak eta Extremadurak badute dagoeneko erkidegoko erregistroa.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa