Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Audioa eta datuak grabatzeko CD-ak: Ondo eginak daude, eraginkorrak dira

  Oraingoan 12 CD-R grabagarri aztertu dira, horietako lau audioa grabatu eta baliatzekoa eta beste zortzi laginak datuak maneiatzekoak. CD grabagarriak behin bakarrik grabatzekoak dira, CD-RW izenekoak ez bezala, hauetan grabatzen den materialak ordura artekoa ezabatu egiten baitu. Datuetako CD-R horiek datu informatikoak artxibatu eta gordetzen dituzten bitartean, audiokoek musika-pistak edo WAV zein MP3 bezalako audioko artxiboak grabatzekoak dira, aukeran. Batzuk eta besteen arteko funtsezko aldea sortu direneko egitura bada ere, erabiltzailearen grabazioko software-ak CD-ak egitura batekin edo bestearekin sortzea ahalbideratzen du. Datuetako CD-R izenekoetan musika grabatzeko aukera badagoen arren, musika-ekipoetako CD irakurgailu batzuek datuetako CD-R-etan grabaturiko musika ez dute beti-beti irakurtzen. Horrenbestez, aholkua begi bistakoa da: datuetako CD-R diskoak datuekin erabiltzea eta audioko CD-R izenekoak, musikarekin.

Datuetako CD diskoa, batenaz beste, euro bat kostatzen da; aztertu ditugunetan merkeenak HP (0,72 euro) eta Verbatim (0,77 euro) diren bitartean, garestienak Fuji (1,17 euro) eta Hi Space (1,19 euro) laginak izan dira. Bestetik, Traxdata, Sony, Basf eta TDK marketako laginen prezioak batenaz besteko horren gertukoak dira. Audioko CD-ak, batez beste, 2,20 euro kostatzen direlarik, aztertu den merkeena Basf (1,95 euro) lagina da eta garestiena Sony (2,55 euro) markakoa. Prezio batetik besterako alde horren zergatiak bat baino gehiago dira: audioko CD-R diskoen salmenta-kopurua askoz ere txikiagoa izateaz gainera, horrelakoek Estatu espainiarreko Autoreen Elkarte Nagusiari kanon bat (0,5 pezeta minutuko) ordaintzen diote, musika grabatzekoak direlako.

CD-R disko baten egitura beste zeinahi disko konpakturen antzekoa bada ere, bata eta bestea ez dira berdinak: aurrenekoek informazioa grabatzea ahalbideratzen duen tindu organiko termosentsiblezko estalki edo geruza bat daukate, polikarbonatozko substratu-geruza eta CD guztiek daukaten geruza metaliko islatzailearen artean.

Azterketa konparatiboko emaitzetara goazela, CD hauetan kontsumitzaileari eskaintzen zaion informazioa, oro har, onartzeko modukoa bada ere, ez da nahi bezain homogeneoa (hutsune batzuk ditu eta esamolde bat baino gehiago ingelesez bakarrik agertzen dira). Datuetarako HP eta Traxdata diskoek ez dauzkate erabiltzeko eta mantentzeko argibideak eta Traxdata laginean fabrikatzailearen edo inportatzailearen daturik ere ez da agertzen. Bermeari goazkiola, asetzeko moduko bakarra Verbatim Metal Azo laginarena da. Datuen CD diskoetan Hi Space laginak ez du grabazio-abiadurarik adierazten eta, areago, audiokoek ez dute informazio interesgarri hori ematen. Datua agertzen duten gehientsuenetan, abiadura 16X da (hau da, 16x2400 KB/seg); Fujifilm eta Basf/Emtec laginena, berriz, 12X da (12X1800 KB/seg). CD diskoen merkatua ziztu bizian eta etengabe aldatzen ari denez, azterketa hau plazaratu aurretik 12X eta 16X formatuen ordez 32X berriak egongo dira indarrean, seguruenik.

Bestetik, aztertu ditugun CD diskoen metatze-gaitasuna edo edukiera berdina da denetan (badira eta 650 MB edo 74 minutukoak, 90 minutukoak...): datuetakoek 700 MB edo 80 minutu adierazten dute eta audiokoek, berriz, 80 minutu.

Hamabi disko hauei beren zeregina betetzeko egokitasuna neurtzearren egin zitzaizkien proba zorrotz gehientsuek asetzeko moduko emaitza erakutsi zuten. Probak gainditu ostean operatibo iraun zuten lagin gehienek, salbuespenen batek izan ezik: Verbatim (datuak) eta Emtec (audio) laginek ez zuten itsatsitako etiketaren bereizketa-proba gainditu, aurrerantzean erabiltzeko baliogabeturik suertatu baitziren. Sony, Fuji eta Hi Space (hirurak, datuenak) eta Fuji (audio) kaltetu samarrik zeuden arren, operatibo iraun zuten. Erresistentzia proban, Fuji markako audio diskoak zeukan arazo txikiaren erruz, ez zuen operatibo iraun.

Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak argi eta egokiago agertu ziren TDK eta Hi Space (datuak) laginetan. Grabatzeko abiadura, berriz, (LACIE/CDBP-241040s grabagailuarekin) berdintsua izan zen audioko lau laginetan baina ez datuen CD diskoetan: TDK, Sony, HP, Traxdata eta Verbatim laginek 3 minutu aski izan zuten datuz betetzeko; Fuji eta Basf/Emtec laginek beste minutu erdi bat ere behar izan zuten eta, denetan mantsoenak, Hi Space, lau minutu eta erdi iraun zuen grabazioan. Gogora dezagun CD diskoen gaitasuna berdin-berdina dela denetan: beraz, informazio-kopuru bera grabatzeko behar duten denbora aldatu egiten da lagin batetik bestera.

Emaitza guztiak konparatu ondoren, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena (datuetako CD diskoetan) Verbatim Metal Azo (0,77 euro) laginak erakutsi zuen; audio alorrekoetan, aldiz, TDK CD-RA-XG X Reflex (2,28 euro) diskoak. Hi Space kalitate handiko produktua da, karbonozko estalkia izateak ahalbideratzen dizkion berezitasunei esker.

CD diskoen aurrealdeko kolorea

CD diskoen atzealdeak hainbat koloretakoak dira: datuetako diskoetan, Sony, HP, Fujifilm eta Basf/Emtec urre kolorekoak dira, eta Emtec eta Fujifilm, audiokoetan. Traxdata, TDK eta Sony Audio urdinak edo berde-urdinak dira. Verbatim urdin-iluna da eta, azkenean, Hi Space beltza. Hi Space izan ezik (honetan, kolore beltza izpi ultramoreen aurreko babesle da eta eguneroko erabileraren aurkako erresistentzia kanpoko estalki-geruzak hobetzen du), gainontzekoetan kolorea grabazio-geruzako tindu organikoak agertzen du. Tindu organiko horren izaera Verbatim Metal Azo laginak bakar-bakarrik adierazten du. Kontu horretaz eztabaida ugari dabilen arren, CD-R beltz, urre koloreko edo urdin-ilunak iraunkortasun handiagotzat jotzen dira: izatekotan, horrek garrantzi handia izan lezake segurtasun-kopietan. Kolorea, dena den, ez da CD-aren iraunkortasuna baldintzatzen edo zehazten duen faktore bakarra.

Probak nola egin ziren

Grabazioan CD-R horietako bakar batek ere arazorik agertzen ez zuela egiaztatzeko, PC ordenagailu baten berariazko zazpi direktorio edo karpeta baliatu ziren; bakoitzak 1.925 artxiboko 111na karpeta zeuzkala: guztirako edukiera 397 MB (megabyte) zen, beraz. Informazio-gaia testuek, irudiek, soinuek eta jolas-programa aktiboek osatu zuten. Musika grabatzeko, 480 MB okupatu zituen 12 doinuko diskoa erabili zen. Grabazioa CD bakoitzean aholkaturiko abiaduran egin zen. Aholku hori agertzen ez zuten laginetan, berriz, 12X baliatu zen. CD bakoitzean, grabazioa osatzeko behar izan zuen denbora neurtu zen. Ondoren, grabatutako datuak eta jatorrizkoak berberak ote ziren egiaztatu zen.

Klima-baldintza gogorrak edo bat-bateko aldaketa bortitzak direla medio, oso litekeena da CD diskoek aldaketak nozitzea. Azterketako CD-R hauek tenperatura hotz (-20ºC) eta beroetan (60ºC) utzi ziren 24 orduz; ondoren, hainbat irakurgailuren bitartez (CD-RW, CD, eta musika-kateako CD irakurgailuak, hain zuzen) diskoek baliagarri segitzen zuten ala ez egiaztatu zen. Beste aldetik, grabazioan gertaturiko akatsak zenbatzen dituen berariazko programa batekin (Disk Checker 2000), grabazioaren kalitatea ere neurtu egin zen.

Sendotasun proban, 10 aldiz azal gogor baten gainera utzi ziren erortzen laginak, 1,5 metroko altueratik. Ondoren, kalte fisikorik jazo ote zen eta CD irakurgailuetan operatibo segitzen zuten ala ez egiaztatu zen.

Etiketak eranstea ere kaltegarri gerta dakioke CD diskoari. Hori horrela ote zen frogatzeko, CD bakoitzaren gainean 7 X 3 cm-ko etiketa bana itsatsi zen, horretarako berariaz utzitako espazioan; handik 48 ordura bereizi egin zuten etiketa eta, bai begiz eta bai CD irakurgailuen bidez, laginak ostera aztertu ziren.

Azkenean, CD diskoen funtzioa kaltetu gabe, tinta ezabaezina duen mutur samurreko errotulagailu batekin azalean idatz daitekeen frogatzeko, lagin guztietan idatzi ziren hitz batzuk, bi alderdi balioztatzeko: idazteko erraztasuna eta CD diskoaren gainaldeko azalean nola nabarmentzen den. Baloraziorik onenak idazteko berariazko geruza daukaten laginek jaso zituzten.

Nola erabili eta gorde CD diskoak

CD diskoek dauzkaten datuak seguruago eta luzeago gordetzeko, hurrengo neurriak hartzea komeni da:

  • Ontzi egokietan (opakuak, ahal dela) gordetzea.
  • Tenperatura beroetan ez uztea (egokiena, 25ºC-tik gora, behin ere ez), ez hezetasun erlatibo handietan, ezta tenperatura- eta hezetasun-aldaketa bortitzak gerta daitezkeen tokietan ere.
  • Erabiltzen ez direnean, ez utzi bere ontzitik kanpora.
  • Ez utzi eguzkitan luzaro.
  • Ez idatzi CD diskoaren gainean bolalumaz edo punta gogorreko errotulagailuarekin. Badira CD diskoetan idazteko berariazko errotulagailuak.
  • Ez jo, ez erabili horietan objektu zorrotzak.
  • Ez itsatsi etiketarik horien gainean; itsatsi baduzu, ez bereizi. Badira CD diskoetan itsasteko berariazko eranskinak.
  • Hatz markarik bertan ez uzteko, heldu diskoa ertzetatik.
  • Garbitzean, ez erabili disolbatzailerik edo sustantzia erasokorrik. Disko horiek garbitzeko tresnarik egokiena betaurrekoak garbitzeko oihala da.
  • Ez igurtzi biribilean, erradioen norabideetan baizik: horrela, arraia edo arrastorik eragiten bazaio, eragin txikiagoa izango du.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto