Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zorua eta eraikinak argiztatzeko baliatzen ez den argiak eragindakoa da poluzio mota hau
Errioxako Haro herria izan zen 1891 urtean argi elektriko bidez kaleak argiztatu zituen lehena, Estatu espainiarrean. Hortik sortu zen bertara gerturatuz doan bidaiariaren esana: "Dagoeneko Haron gara, argiek erakutsi bezala". Anekdotak gorabehera, kontua da, harrezkero mende osoa iragan ondoren, iragarpenaren esanahia gordindu eta larritu egin dela: hirietako argitasun eskergak zerua ezkutatu egiten du, hau da, argi bidezko kontaminazioa geroz eta indartsuago bihurtzen ari da eta hiritar gehienok ez gara kontziente horrelako poluzioa nozitzeaz. Kontaminazio akustikoarekin ere antzeko zerbait gertatzen zen baina arazoaz mintzatzen hasi eta haren kalteak -nabarmenagoak izatearren- berehala hauteman genituen. Gehiegizko argitasuna ez da gertatzen hots ozenegia bezain gogaikarria baina xahuketa energetiko eta ekonomikoa izateaz gainera (argi horren parterik handiena behar ez den huraxe argiztatzean baliatzen baita), atzerakada kulturalaren adierazpena ere bada: bertan interesa duten gizakiei ortzia ezkutatu egiten zaie eta, beste aldetik, ingurugiro alorreko kaltea ere eragiten da, gauezko fauna nahastu, lekuz aldarazi edo suntsitu egiten dugulako horrela. Hirietako, errepideetako eta, areago, hiri-argiztapena imitatzen duten etxebizitza partikular eta urbanizazioen argi-sarea hautatzean eta diseinatzean, eguneroko akatsei amaiera emateko norberaren eta erakundeen borondatea ezinbestekoa da horrelako kontaminazioaren aurka borrokatu ahal izateko.
Argi-kontaminazioari aurre egiteko neurrien ikerketan eta dibulgazioan aitzindari den Kanarietako Astrofisikako Institutuak honela deskribatzen du: "Poluzio hori, argi-iturri desegokiak erabiltzearren eta gehiegizko argiztapenaren ondorioz, gasen eta airearen partikuletan gertatzen den islapenak eta argi artifizialaren difusioak gauezko zeruan sortzen duten distira da". Bestela azaltzearren, poluzio hori, zorua eta eraikinak argiztatzeko (nahiaz kontra bada ere) aprobetxatzen ez den argiak eragiten du. Baliteke argi-sorta beherantz zuzendua ez izatea edo, bestela, argi-erradiazioaren uhin-longitudea gizakiaren begiak hauteman ez eta argi horrek zeru aldera ihes egitea, atmosfera poluituz.
Azken urte hauetan ohitu gara gauezko argiztapena egun argikoaren antzekoa izan dadin. Kontua da behar ez bezala egiten dela hori eta, horrenbestez, energia asko alferrik xahutzen eta gaueko ortzia galtzen ari garela. Horrez gainera eta edonork hauteman dezakeen bezala, eguzkia sartu ondoren, kanpotik datorkigun (eta jaso nahi ez dugun) argiak gure etxebizitza inbaditzen du: nahiz eta horretara ere jarri garen, gauezko atsedena eragozten digun faktorea da hori. Bide publikoko itsudurak oinezkoengan eta -arriskutsuena- gidariengan du eragina. Dena den, argiztapen-instalazioen okerreko diseinuaren ondorio da eta, azken finean, denon segurtasuna jartzen du kolokan.
Orain arteko urbanizazio-proiektuetan ez da lehenetsi argi kontaminazioa murrizteko beharrezkoak diren neurriak argiteria publikoak edukitzerik. Antzinako argiztapen-sistemaren ordez berria ezartzean ere ez da horrelakorik gogoan hartu: aurrerantzean kontua ez da izango argi gehiago ematea, hobeki argiztatzea baizik, modurik eraginkorrenean eta beharrezkoa den tokian (hau da, zoruan) bakar-bakarrik. Argiteria publikoko instalazio batek irauten duen bitartean egingo duen energi gastua, ezartzea kostatu zenaren bi halako izaten da, gutxi gorabehera. Horrenbestez, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta, aldi berean, argi kontaminazioa murrizteko egin ohi diren inbertsioek aurrezki energetiko eta ekonomikoa ondorioztatuko dute.
Hainbat estatutan eginiko ikerlan zientifikoek agerian utzi dutenez, gaizki diseinaturiko argiteriak eragin kaltegarriak izaten ditu gauezko flora eta faunan. Eragindako izaki horiek izaten dira hegaztiak (bai migratzaileak, bai migratzaile ez direnak ere), ugaztun hegalariak eta, batez ere, gaueko intsektuak. Lepidopteroen espezieen %90etik gora gautarrak dira bizimoduz eta horien existentzia funtsezkoa dute gauez irekitzen diren loreez hornituriko landare askok eta, nola ez, hamaikatxo harraparik. Intsektu gautarren bizimodua aztoratzean, katea trofikoaren oinarria kolokan jartzen ari da.
Kontaminazio honek trafikoan ere eragiten du segurtasun gabeziarik. Argitasun handiko alderdi batetik datorrenean gizakiaren begia esparru ilunera mantso-mantso egokitzen denez, errepide-tarte batzuetan gaizki proiektaturik dauden argiteriek itsudurak sortarazten dituzte gidariengan. Horrelakorik gerta ez dadin, argitasun-maila batetik beste batera pittinka igarotzeko moduko argiteriak ezartzea aholkatzen dute adituek, gizakiaren begiari argitasun-maila egokiaren arabera funtziona dezan ahalbideratzeko.
Harrigarria bada ere, XXI. mendeko aurrerakuntza teknologikoak gaur egungo astronomiarentzat kaltegarri gerta daitezke inoiz. Belaunaldi berriko lau metroko teleskopio erraldoiek -sentsibilitate handiko detektagailu elektronikoez ederki hornituak- gizakiaren begiak atzeman ditzakeen izarrik urrunenak baino 250 milioi aldiz urrutiagoko objektuak behatzea (hau da, kandela bakar baten argia 100.000 kilometrora hautematearen pareko azioa) ahalbideratzen duten arren, lente hagitz indartsuez osaturiko makina erraldoiak ez ezik zeru ilunagoa behar izaten dute astronomoek: hauexek dira geroz eta zailagoak bilatzen.
New Yorken -hau da, atmosferatik irten beharrik izateke argi-kontaminazioa nabarmen hautematen deneko hirian- eginiko hainbat ikerlanek agertu bezala, gehiegizko argitasuna murriztearen ondorioz bandalismoa apaldu egiten da. Sen onaz beste aldera omen doan tesi horrek, beste aldetik, hainbat datu argigarri ere erakusten ditu: esate baterako, argiztapen ona argia lurrera zuzentzen duena dela, ez ingurua argitzen duena. Ikerketak agertzen zuenez, argiztaturiko instalazioetan hobe da segurtasun argiteriak ez baliatzea: bestela, bertara iritsi nahi duenari instalazioa non dagoen adierazteaz gainera, bidea errazteko hainbat pista edo argigarri ematen dizkiogu. Eraginkorrago gertatzen da presentziaren bitartez (edo antzekoen bidez) pizten den argiteria, adibidez. Gauez presentzia ikusgaitz egiteak lapurreten biktima izatea ekiditeko bide izan daitekeen etxe edo txalet isolatuetan ere beste horrenbeste gertatzen da.
Egungo merkatuan dauden lanpara motak, espektroei dagokienez, hurrengo eran sailkatuko ditugu:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa