Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

'Cookies': Pasaporte ñimiñoak

'Cookies' izeneko horiek, testu-artxibo txikiak dira, web guneei ohiko bisitariak ezagut ditzaten aukera ematen dietenak

  Ez dira batere kalterik gabeak, ezta gaizto-gaiztoak ere. Web guneek bertako bisitarien zertzeladarik -oso era zehaztugabean bada ere- ezagutzeko aukera urrienetako bat dira cookies horiek. Hitz batez, cookies (ingelesez, "gailetatxoak") web orri bat bisitatzean, nabigatzaileak jaso eta biltzen dituen testu-pusketa txikiak dira. Bisitariak etorritako bidetik atzera egin eta orri berean ostera egokitzen bada, web gune horrek (horrek bakar-bakarrik), bisitariak aurreko egonaldian disko gogorrean utziriko bere txartela irakurriko du eta, horren bidez, erabiltzailea ezagutu eta berari egokitu ahal izango dio orria. Teorian, bederen.

Nolako informazioa metatzen dute testu-pieza horiek, ordea? Web gunea bisitatu duen erabiltzailearen datu guztiak (egiari zor, asko-asko ere ez dira) direla erantzun behar da. Oso helburu prosaikoak betetzeko baliatzen dira cookies izenekoak: orri barnean internautek egiten dituzten ibilbiderik ohikoenak ezagutzea, erabiltzaileak oraino ikusi ez dituen iragarkiak (banners) erakustea edo bisitariak aldez aurretik zehaztu duen hiri baterako iragarpen meteorologikoa pertsonalizatzea, adibidez. Internautaren egiazko nortasunarekin nekez lotu daitezkeen datuak, hitz batez, inondik ere konpromisorik ondorioztatzen ez diotenak. Web-aren ikuspegitik, kasu hauetan, erabiltzailea identifikazio-zenbakia baizik ez da. Horren atzean nor den jakiteko kezkarik ez du.

Identifikazioak

Nolanahi ere, gailetatxoen erabilgarritasunik handiena web jakin horretan internautaren pasahitza metatzeko unean agertzen da: era horretan, erabiltzailea sartzen den bakoitzean bere burua ezagutarazteko lana aurreztu egiten dio eta, de facto, berarentzat edukia pertsonalizatzen duten hamaika orritarako ateak zabaltzen dituzten pasaporte txiki antzeko bihurtzen zaizkio. Garrantzi handia du, dena den, gailetatxo bakoitza sortu zuen web-ak bakarrik ikusi ahal izatea; bestela, erabiltzaileak web zehatz bati jakinarazi dizkion datu horiek beste edonork ikus ditzake eta.

Tamalez, Interneteko nabigatzaile ohikoenetan hautemaniko hainbat akats eta hutsune egiazko pasabide bilakatu dira eskrupulurik gabeko internautentzat: disko gogorrean metaturiko datu horietaz jabetzeko aprobetxatuko baitute orain edo geroago. Argi dezagun arriskutan dauden informazio bakarrak web batera bidali ditugunak direla. Ekipoan gorderik dauden gainerakoek ez dute inongo arriskurik. Zorioneko cookies horiek metaturik dautzan karpetan ez dagoen guztia (sistema bakoitzean gordelekua desberdina izaten da) ez dago kanpoaldetik eskuratzeko moduan.

Nahi duguna babespean jartzeko bi bide ditugu: batetik, nabigatzailea noiznahi gaurkoturik edukitzea, bera merkaturatu ondoren atzemaniko hutsuneak segurtasuneko partxeek estalita daudela horrela bakarrik berma daitekeelako. Bai Netscape-k, bai Explorer-ek dauzkaten aktualizazio automatikoak betearazteko unean uneko nabigatzailera bisita egitea aski izango da, ezagutzen ditugun akatsak konpontzeko.

Sarrera galaraztea

Kontuan izan dezagun, hala ere, cookies horiek erabiltzeko obligaziorik ez duela inork ere. Horrelakoen erabilera ahalbideratzen duten nabigatzaileek (gehien-gehientsuek) ordenagailuak gailetatxo horiek gordetzea mugatu edo zeharo debekatzeko aukera ematen digute. Zoritxarrez, erabiltzaile gehienek artxibo horiek direnik ere ez dakitenez, nekez izango dira gauza behar bezala kudeatzeko.

Hiru aukera ditu internautak, funtsean: gailetatxoen zirkulazio eta metaketa onartzea (horixe da erabiltzaile gehienek, besterik adierazi ezean, betearazten duten aukera), bere disko gogorrean inongo gailetatxorik sartzea erabat debekatzea eta, azkenik, web-ak horrelako artxibo baten instalazioa eskatzen duen bakoitzean galdera egin dadin agintzea.

Hirugarren aukera izaten da eraginkorrena: gorde beharreko gailetatxoen kopurua mugatu egiten du, erabiltzaileak berariaz onetsi dituenak bakarrik aukeratuz; era horretan, dudarik gabe onuragarri dituenak bakarrik metatuko ditu ordenagailuan.

Edonola ere, nahikoa dugu gailetatxoak pilaturik dauden karpetara jo eta -biziki soila bada ere- zeinahi testu-prozesadoreren bitartez (Macintosh-en Simpletext, Linux-en Pico edo Windows-en Ohar-koadernoa, adibidez) bertan dauden artxiboetako edozein irekitzea. Internautak nabigazioa ohiko jarduera baldin badu, horietakoak dozenaka topatuko ditu bidean: banan-banan ireki, edukia ikusi eta, hala nahi badu, zakarrontzira bota ahal izango ditu. Galera horrek ez dio kalterik eragingo ekipoari.

Euro digitala

Patrikan txanpon-hotsa aldatzen hasi zenetik hilabetea igaro den honetan, mila pezeta sei euroren pareko dela dioen leloa kontsumitzailearen hezur muinetaraino sartutakoan, ba omen dugu oraindik gainditu beharreko beste azterketarik: ordenagailuena. Europako hainbat estatuk zeukaten dirua laburdura baten bitartez (pta., adibidez) adierazten zelarik, berria (E) ikurraz agerraraziko da, Japoniako yen (¥) edo dolarra ($) bezala.

Tradizioz, testuak kodetzeko sistemek Estatu Batuetako diruaren ikurra aintzat hartu duten bitartean, anglosaxoien grafian ez zeuden karaktereak (azentu grafikoak eta eñe letra, esate baterako) zeharo bazterturik eduki dituzte. Horrenbestez, egun artxibo-formatu biren arteko konbertsio jakin batzuk egitean azentu grafikoak ezin ulertuzko ikur bihurtzen diren modu berean, dokumentuaren sorreran, bidalketan edo inprimaketan parte hartzen duen programa batek euroaren ikur berri-berria ezagun ez duenean, Europako txanpon berriarekin inolako zerikusirik ez duen beste batez ordezkatuko du.

Horregatik, diru berriaren ikurra dokumentu guztietan baliatzea aholkatzen duten triunfalismoez zeharo beste aldera, arazo eta nahasketarik nozitu nahi ez duen erabiltzaile arruntarentzat, ikur hori (E) den bezala inprimatuko dela egiaztatzeko aukera duenean bakarrik baliatzea izango da egokien eta zuhurrena (badaezpada, tipografia jakin bat, ordenagailu jakin batean, inprimagailu jakin batekin egin daiteke proba). Bestela, askoz ere eraginkorragoa izango da txanpon heldu berriaren izena oso-osorik idaztea.

Eskulangintzazko erlojua
yugop.com/ver3/stuff/03/fla.html

  Paperak, arkatzak eta mugarik gabeko irudimenak sortu dute benetan bitxia den proiektu hau. Erloju soila baino ez da baina, hori bai, eskuz eginda dago.

Gaileta errezetak
www.nutricionyrecetas.com/recetas/galletas

  Sarean, era guztietako gailetek dute toki aproposa. Egiazko gailetez ari gara orain, disko gogorrean gorde gabe, tripa zorriak baretzen dituztenak: orri horretantxe agertzen da nola presta daitekeen.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto