Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elkarrizketa

Λ

Juan José Badiola, Behien Entzefalopatia Espongiformearen Estatuko Erreferentziako Zentroaren zuzendaria: "Behi eroen krisiak haragi-produkzioa hobetzen lagundu du"

  Juan José Badiola erreferentzia teknikoa da, pertsonaia zientifiko nagusia "behi eroen" gaitzaren aurkako borrokan. Bata zuri eta aurpegi atseginarekin, 53 urteko leondar honek egin ahala guztiak egin zituen hainbat hilabete kritikotan zehar azken hamarkadetan Europan izandako elikadura-krisirik handienari buruzko zalantzak argitu eta kezkak uxatzen. Hiritar ugarirentzat Entzefalopatia Espongiformea ezagun egitea lortu zuen eta kontsumitzaile, produktore eta agintari publikoak behi-haragiaren produkzio sistemetan segurtasun kontrolak sartzearen premiaz ohartaraztea.

Ikertzaile honek, Albaitaritzako doktore eta katedradunak, estrategia didaktiko eta dibulgatiboa erabiltzen du bere solaskideekin, hitzaldi batean, elkarrizketa batean nahiz solasaldi soilean izan. Izan ere, BEEko Estatuko Erreferentziazko Zentroko zuzendari izan aurretik Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta errektore izan zen. Errektore bulegotik laborategira joan zen; 2000ko urria, lau urteko lanaren ondoren Espainiako behi gaixoen lehen prioia deskubritu zuen laborategira (Espainian BEEan espezializaturiko bakarrera). Kasualitatez, lehen kasu hori Europan behi eroen krisiak eztanda egitearekin batera agertu zen hori. 2000. urtean, Badiolaren arabera, zientzialariak prestaturik zeuden krisiari aurre egiteko, baina gizartea ez eta "politikariak ere ez". Eta hori positibo gertatu zen, paradoxa dirudien arren, adituek presiorik gabe bete ahal izan baitzuten ikerketa eta hedapen lana, elikadura-segurtasunaren krisi larri horren zergati eta ondorioei buruz. Badiolak argi dauka: "osasun publikoa bezain gauza serioa eskuartean duzunean, herritarren interesei baino ez diezu begiratu behar".

Gaur egun, hedabideetatik behi eroen krisiari buruzko titularrak desagertu direnean, Badiolak ikertzen jarraitzen du bere laborategian, bere kide europarrekin elkarlanean eta ohartarazpen garbia egiten du: "ez da arreta gutxitu behar, arazoa ez baita konpondu". Edozein modutan ere, ondorio positiboak ateratzen ditu: haragia gaur egun sekula baino seguruagoa dela uste du eta "krisi honi esker ikerketan gehiago inbertitzea lortu dela, krisi garaian zientzialariok beharrezko garela ikusi baita".

Behi-haragiak orain urte batzuk baino segurtasun gehiago ala gutxiago eskaintzen du?

Gaur egun behi-haragi segurua dugula esan dezakegu. Sekula ez da gai horren inguruan horrenbesteko kezkarik izan eta egiten diren kontrolak ere, zentzuz egin daitezkeenak dira. Gainera, zuhurtzia printzipioa ezarri da. AME (arrisku material espezifikoak) direlakoak aipatzen direnean, goitik jotzen da eta denbora-tarte luzea ezarri da segurtasun handiagoa ezartze aldera. 12 hilabetetik aurrera behiari burmuina kentzen bazaio, ez da gaixotasunak 13. hilabetetik aurrera ager daitezkeelako; izan ere, kasurik aurreratuenak 30 hilabeteko behietan agertu dira. Europar Batasuneko Batzorde Zientifikoak dio ezarritako kontrolak egokiak direla eta konfiantza izan behar dugu; gogoan izan Batzorde hori ez dela elementu estatiko bat edo erantzunak emateko elementu bat, etengabe ikerketa lanean baitihardu eta aldian behin arazoari aurre egiteko neurri berriak ematen baititu.

www.consumaseguridad.com web gune espezializatuko txosten batean adierazten zen behi eroen epidemiaren zifrek, Administrazioak aurreikusten zuenaren aurka, berretsi egin dituztela EBk Espainiarentzat egiten zituen aurreikuspenak eta "erreferente gutxi dituen bilakaera baten aurrean gaudela eta gutxienez 10 urte behar direla ondorio estatistiko esanguratsuak ateratzeko". Zer diozu hortaz?

Arazoa Europa mailakoa da, ez lokala, eta ondorioak sakonak eta garrantzitsuak dira, azken hamarkadetan ez baita tamaina honetako elikadura arloko segurtasun arazorik izan. Astero kasu berriak gertatzen dira eta oraindik ez dakigu non gauden, estatuan gaitzari buruzko informazio epidemiologikoa iazkoa baita, 2001ekoa. Dagoeneko 81 kasu jaso ditugu (elkarrizketa urtarrilaren erdi aldera egin zen), baina ez dago jakiterik aurten zer gertatuko den eta laurogeita hamarreko hamarkadan ezarritako neurrien betetze-mailaren arabera izango da guztia. 1994an, EBk debekatu egin zuen abere hausnarkariei hausnarkarien haragi eta hezurrez egindako irinak ematea; 1996an, Espainiako legeriak debekatu egin zuen AME edo arrisku materialen sarrera; 1998an irinak inaktibo bihurtzeko agindua eman zen eta prioia hiltzeko tenperatura altuetan erretzea eta 2000. urtean animalia guztientzat debekatu ziren haragi-irinak. Lehen kasua 1996an Erresuma Batuan detektatu zela eta animaliak gaitza garatzeko 5 urte behar dituela jakinda, 1994ko lehen neurria errespetatu izan balitz,, 1999an izango zen kasuen goiko puntua eta hortik aurrera beherantz hasiko zen kasu kopurua. Errealistak izan eta azken legearen data (2000ko abendua) kontuan hartzen badugu, 2005era arte behi eroen kasuek goraka jarrai dezakete. Astero kasu bat edo bi diagnostikatzen dira Espainian, hau da, urtean 50 eta 100 kasu artean; baina pasa den urtean tinko egin dugu borroka eta 400.000 behi inguru aztertu dira. Gaixotasunaren aurkako neurri eraginkorrak ezarri ditugu, baina prozesu luze baten aurrean gaude eta ezin gara ausartu noiz amaituko den iragartzera.

Osasun ministroa bazina eta behi eroen gaitza konpontzeko nahi duzuna egiteko baimen osoa bazenu, zein neurri hartuko zenuke?

Hartzen ari garenak, baina BEE gaitzaren aurkako kanpainarekin jarraitu beharra dago. Gaixotasun infekzioso baten aurrean gaude eta tuberkulosiarekin gertatu zen bezala, pazientzia izan behar da gaitza desagerrarazteko. Horregatik dago ekin beharra eta nik ekin eta ekin egiten dut Nekazaritza eta Osasun Ministerioen aurrean eta autonomia erkidegoetako administrazioen aurrean, gaiarekin kezkaturik jarrai dezaten eta neurriak lasaitu ez ditzaten, gauzak gaizki egiteko arriskua izango baikenuke. Atzera pausorik ez dela izango uste dut, EBko herrialde guztiak behartuta baitaude oso kontrol-sistema zorrotza betetzera.

Oraindik ere zalantzak daude epidemiaren jatorriaz?

Gaixotasuna 1986an aurkitu zen eta oraindik hainbat inkognita dago konpontzeko. BEE eragiten duten agenteak identifikatu dira, prioiak, baina gaitzaren transmisioaren inguruan kezka dago oraindik, gizakiei dagokienez batez ere. Informazio fidagarria dugu, erantzule nagusia animalientzako pentsuak, elikagaiak eta esnearen ordezko elementuak eta ama-esnearen ordezkoak egiteko erabili diren haragi eta hezur kutsatua izan direla esateko, baina baliteke eragile bakarra hori ez izatea; eta oso argi izan behar da produktu horiek sekula ez direla erabili gizakien elikaduran.

Espainiako estatuak oraindik ez da agertu gaixotasuna gizakietan.

Hala da, baina Britainia Handian ehun kasu baino gehiago erregistratu dira dagoeneko. Zientzialarien artean segurtzat jotzen da Creutzfeldt-Jakob gaitzaren gizakietako aldagaia behien prioia gizakiei transmititzeak eragiten duela, baina zientzian onartzen den guztia eztabaidatu egin behar da. Badakigu gizakietako aldagaiak osagai neurologikoak dituela eta lehen sintomak psikiatrikoak direla: depresio eta aluzinazioekin hasten da eta gero sintoma neurologikoak agertzen dira. Espainian neurologo onak daude eta uste dut BEEk eragindako gaitza ez dutela beste patologia batzuekin nahastuko. Baina edozein gaixotasunetan kasu klinikoen kopurua iceberg-aren punta besterik ez da izaten eta antzematen dena ez da izaten dagoen guztia. Ez dakigu Europan zenbat pertsona egon daitezkeen kutsatuta, baina Britainia Handian 110 kasu izan dira dagoeneko, Frantzian lau eta Irlandan bat. Guztietan ere BEE kasu kopuru handia dago. Erresuma Batua da nagusi, 181.000 behi kutsatu agertu baita. Frantzian 500 kasu baino gehiago antzeman da eta Irlandan ia 700, eta herrialde horietan laurogeita hamarreko hamarkadan deskribatu zen gaitza. Baina beste batzuetan, Portugal eta Suitzan esaterako, ia Frantzian adina kasu izan duten arren, ez dute oraindik gizakien artean gaitzik erregistratu. Hona galdera: BEE gutxiago izan den herrialdeetan, Espainian adibidez, gaixotasuna ez da gizakien artean agertuko? Ni ez naiz ausartzen ezetz esatera, zaila baita gaixotasun honi buruz iragarpenak egitea, ez ditugu eta transmisio bide guztiak ezagutzen. Baina bada hainbat ziurtasun, adibidez teorian behintzat Europako biztanleen % 25ek ez duela arriskurik gaitza izatea, pertsonetan antzemandako kasu guztiek perfil genetiko bera baitzuten. Inkubazio aldia oso luzea dela ere ziur dakigu; gizakiarengan hainbat hamarkadakoa ere izan daiteke. Eta badakigu behi-proia behi bati transmititzea gizakiari transmititzea baino askoz ere errazago eta eraginkorragoa dela ere.

Nola iristen da prioia gizakiarenganaino?

Elikaduraren bidez iristen dela uste dugu, baina ez da frogatu. Britainiako kasuetan, kasu bakarrean frogatu ahal izan da prioiaren transmisioa haragia kontsumituta gertatu dela: Ingalaterra hegoaldeko herri batean bost pertsona kutsatu ziren behikiak kontsumituta, harategian behiaren burmuin-hondarrak haragia ebakitzeko tresna berberekin manipulatzen zirelako. Elikadura da bide nagusia, baina larruazala ere izan daiteke kutsatzeko beste era bat eta horregatik debekatu ziren behi-jatorriko krema eta bestelako produktuak. Besterik frogatzen ez den bitartean, gaixotasun honen gizakietako aldagaia elikaduraren bidez prioia transmitituta gertatzen da, baina ezin da bestelako bide ezezagunik baztertu.

Behi-haragiaren kontsumoa krisia gertatu aurreko garaietako mailara itzultzen ari da, eta Eroski Taldea Fundazioak aurkezturiko Kontsumo Barometroak duela bi hilabete adierazten zuenez, kontsumitzaileak konfiantza dauka elikagaien segurtasunean eta haragiari 10 puntutik 6,5 ematen dizkio. Zer deritzozu jarrera horri?

Europako beste herrialde batzuetako zifrak jakin nahi nituzke datu hori baloratzeko, baina garrantzitsua eta positiboa da; krisiak zalantzan jarri zuen behi-haragia eta mesfidantzak haragi mota guztiak harrapatu zituen. Baina egindako kanpainek informazio gehiago eta hobea ematera behartu dute eta horrek areagotu egiten du konfiantza. Krisi honen alderdi positiboa da haragiaren kontrol eta produkziorako sistemak hobetu egin direla. Europar Batasun guztian hobetu egin da elikadura sistema, baina kontsumitzaileek ez dituzte gauzak argi, eta gaur egun gauzak ondo egiten direla sinestarazi behar diegu. Horixe da Europarentzako erronka nagusia: kontsumitzailea prest dago bere bizitzako zenbait arlotan arriskuak izateko, adibidez hegazkin bat hartzen duenean, baina ez elikagaiekin, hori ez baita borondatezko ekintza, beharrezkoa baizik. Gainera familiarentzat ere arriskua dakar, ez norberarentzat bakarrik. Nik uste dut gaur egun ez dagoela arrazoirik elikadura-kateaz mesfidati izateko. Jateko ezin gara itzuli baratzera eta etxean animaliak haztera, gizarte hiritarrean aukera hori ez baita bideragarria. Behartuta gaude daukagun elikadura-kateari eskakizun maila bat ezarri eta konfiantza izatera.

Haragiaren segurtasuna hobetzea eta abeltzainen sektorearen lehiakortasuna bateragarri dira, ala berriro ere elikadura arloko krisien jatorria produkzio gastuak gutxitzeko estrategietan izango da, produktuaren errentagarritasuna segurtatzea lortzeko?

Horixe da une honetan nekazaritza eta abelazkuntza arloko eztabaida nagusia. BEEk zalantza jarri du produkzio sistema intentsiboa. Guztioi gustatzen zaizkigu gauza naturalak eta gehienok nahiago dugu zelaian bazkatu den behiaren haragia jatea sekula ukuilutik irten ez den eta pentsua besterik jan ez duen behiarena jatea baino, baina hori posible ote den galdetu behar diogu geure buruari. Abeltzainek esango ligukete planteamendu horrek haragiaren prezioa garestitzea eta ganadua edozein lurraldetan hazi ezina ekarriko lukeela, belar berdea dagoen lekuan baino ezin izango bailirateke hazi, hau da, euri ugari egiten duen lekuan. Garrantzitsua da eztabaida sortaraztea eta konponbidea produktore eta kontsumitzaileen arteko adostasunetik sortzea: kontsumitzailea prest ote dago haragiaren truke gehiago ordaintzeko, animaliak era natural eta seguruagoan haztearen truke? Krisi honi esker, gora egin du jatorri izendapeneko ganadu-produkzioak eta marka askok haragiaren trazabilitatearen aldeko apustua egin dute, kontsumitzaileak abeltzainaren izena, abelburuaren arraza, non hazi den, nola elikatu eta hazi den eta abar jakin dezan. Produktoreak animalia hori baldintza jakin batzuetan hazteko konpromisoa hartzen du eta kontsumitzaileak hori onartu, baloratu eta ordaindu egiten du. Ziur nago, azken batean, BEEren arazoak inpaktu positiboa izan duela produkzioa hobetzeko sistemetan eta haragiaren kalitatean.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto