Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Bainuetxeak: Eskaintza zabala baina osasun-kontrolean aldeak

Kutsadurak edo uraren gaitasunetan aldaketa posibleak antzemateko bainuetxeetan egiten diren kontroletan ez dago homogeneotasunik

Ur-tratamendua ez da bainuetxea

  Bainuetxe edo estazio termala onura publikoko deklaraturiko ur mineral medizinalak dituen zentroa da, mediku zerbitzua eta medikuak agindutako tratamenduak egiteko instalazio egokiak dituena. Estazio batek hiru ezaugarri horiek ez baditu, ezik da halakotzat hartu. Besterik dira talasoterapia zentroak; horietan itsasoko ura izaten da lehengaia, bainuetxetakoen antzekoak diren hidroterapia tratamenduetan erabiltzeko. Algak, gatzak, itsasoko lokatzak etab. ere erabiltzen dituzte.

Estetika, estresa edo loditasunarekin loturiko gaiez arduratzen diren zentroetara ere jo dezake erabiltzaileak, baina zentro horiek iturriko ur arrunta erabiltzen dute tratamenduetarako, gehienez ere aditiboren batzuk erantsita. Zentro mota horren barruan ugari dira "spa" (salus per aquam) erakoak. Hona bainuetxe baten eta "spa" baten arteko ezberdintasun nagusia: "spa" zentroek hidroterapia egin ohi dute (uraren bidezko terapia) eta bainuetxeetan, berriz, hidrologia medikoa (ur mineral medizinalen efektu terapeutikoak) eta hidroterapia bateratzen dira.

Kalitatea neur daiteke

Zalantzarik gabe, bainuetxe bat baloratzerakoan kontuan izan beharreko kalitate-irizpide nagusia bertako ur mineral medizinalak dira, eta horixe begiratu beharko dugu patologia jakin bat tratatzeko bainuetxea aukeratzean. Baina badira bainuetxe baten kalitatea neurtzen lagunduko diguten bestelako alderdi batzuk ere: bainuetxearen eta bertako instalazioen higienea eta garbitasuna, mediku zerbitzua (eskaintzen duen arreta, mediku azterketaren zehaztasuna, tratamenduak zehatz-mehatz agintzea...), eta bezeroekin harremana duten bainuetxeko langileen, termetako laguntzaileen (teknikak aplikatzen dituen pertsonalaren) eta gainerako profesionalen (harrerako, ostalaritzako eta hotelekoen) tratu pertsonala.

Telebistarik ez zegoeneko eta irratia jaio berri zeneko legea

Instalazioen, uren eta establezimenduen higiene eta osasun egoeraren kontrolari dagokionez, harrigarria behintzat bada ur mineral medizinalen ustiakuntza arautzen duen Errege Dekretua 1928koa izatea (Dekretu hori 1973ko Mehatzen Legearen eta bere araudiarekin batera dago indarrean). Duela ia mende bateko dekretu horretako artikulu asko indarrean daude oraindik, gai horri buruzko araudiren bat atera duten autonomia erkidegoetan izan ezik (arlo honetako konpetentziak transferiturik daude). Kataluniak, Kantabriak, Gaztela-Mantxak, Extremadurak, Murtziak eta Galiziak bakarrik arautu dute bainuetxeen jarduera, baina Kataluniak eta Galiziak bakarrik finkatu dituzte bainuetxetako uren ezaugarri mikrobiologikoak eta fisiko-kimikoak sei hilabetean behin edo urtean behin kontrolatzeko arauak. Administrazioek bainuetxeetara egiten dituzten ikustaldiek ez dute maiztasun finkorik, baina kasu gehienetan ez dira urtean behin edo birritan baino joaten. Horrenbestez, bainuetxeak arduratzen dira instalazioen higiene eta osasun egoeraren kontrola eramateaz, autokontrola egiteaz hitz batean, eurek baitute horretan interesik handiena: edozein anomalia edo kutsaduraren aurrean bainuetxeak berak du erantzukizuna.

CONSUMERek egiaztatu ahal izan duenez, kutsadura posibleak edo higiene-osasun aldetiko anomaliak antzemateko bainuetxeek egin ohi dituzten kontroletan ez dago homogenotasunik, ez kontrolatu beharreko puntuetan ez eta kontrolen maiztasunari dagokionez ere. Zentzu horretan, desberdintasun handiak aurkitu dira kontrol horiek egiteko maiztasunean, bainuetxe batetik bestera. Kasuren batzuetan, kontrolak sei hilabetean behin edo urtean behin egiten dituztela aitortzen dute arduradunek eta beste batzuetan, berriz, hilero, hamabostean behin edo astero egiten direla. Desberdintasun horiek gogoeta eragiten dute: kontrola sei hilabetean behin egiten duen bainuetxea astero egiten duena bezain segurua ote da? Edozein modutan ere, aldizkari honek kontsultaturiko bainuetxe guztiek adierazi dute betetzen dutela Administrazio eskudunak (gehienetan Osasun arlokoak) ezartzen dituen higiene eta osasun aldeko kalitatearen kontrolerako arauak.

Legionella, azkenean arautua

Uraren kalitatearekin loturiko alderdi polemikoetako bat legionella da, hozte-dorreak, lurrunketa-kondentsadoreak eta instalazio termalak dituzten establezimenduen arazo nagusietako bat; 909/2001 Errege Dekretuak higiene eta osasun irizpideak ezartzen ditu horientzat. 2001eko uztailaren 29an indarrean sartu zen legearen arabera, establezimendu horiek beren jarduera deklaratu egin behar diete osasun arloko agintzaritzei, mantentze-lanetako eragiketen erregistro bat sortu eta instalazioak araura egokitu, sei hilabeteko epean. 2002ko urtarrilaren 29an amaitu zen epe hori eta, beraz, bainuetxeek dagoeneko prestaturik egon behar dute legionelosis broteak saihestu eta kontrolatzeko.

Bainuetxeetan gaitzak sendatu ez, baina arindu egiten dira

Bainuetxea ez da ospitalea edo osasun zentro ohikoa, hainbat tratamendu termal ematen dituen establezimendu terapeutikoa baizik. Ez du mirarizko sendatzerik egiten, "zaindu, prebenitu eta gaitzak arindu" baizik.

  • Tratamendu termalak kaltegarriak dira hipertentsio arterial larria, gaixotasun infekzioso aktiboak, tumore-prozesu gaiztoak, biriketako tuberkulosia, gibeleko edo giltzurrineko arazoak, desoreka metabolikoak edo egoera orokorrean edo erantzun-gaitasunean aldaketak eragiten dituen edozein gaixotasun duten pertsonentzat. Tratamendu termala hartu aurretik garrantzitsua da norbere medikuari eta bainuetxeko mediku-taldeari kontsulta egitea.
  • Bereiztu egin behar dira bainuetxeetako zerbitzuak eta bainuetxeetatik hurbil dauden hoteletan eskaini ohi diren "spa" (salus per aquam) zentroetakoak; izan ere, "spa" horietako tratamenduek ez dute izaten ur mineral medizinalen propietate onuragarririk.
  • Igerileku termaletan ez da egin behar aholkaturiko denbora baino gehiago. Urak bular-kaxarengan egiten duen presioak erraztu egin ohi du arnasa hartzea, baina batzuetan giharrei esfortzu handia eragiten die eta horrek zaildu egiten du arnasa botatzea. Aholkatutakoa baino luzaroago egotea kaltegarri izan liteke. Bainuetxeko mediku zerbitzuarekin kontsultatu behar da eta hark adierazitakoa bete.
  • Bainuetxeko terapiak otorduetatik bereiztuta egitea komeni da, digestio prozesuak odol-fluxu kopuru handia erabiltzen baita. Kontsultatu bainuetxeko medikuari.
  • Tratamendu bakoitzaren ondoren ordu erdiko atsedena hartzea aholkatzen da, eragin positiboa baitu terapiak eraginkorrago izan daitezen.
  • Bainuetxe baten balio erantsia bertako urak dira eta ez hotelaren kategoria edo instalazioen luxua.
  • Adineko pertsonek eta emakume haurdunek edo hilekoaren egunetan daudenek medikuaren jarraipen zorrotzagoa behar dute.

Bainuetxeak, eurotan

Bainuetxe bakoitzeko prezioek ez dira zuzenean hotelaren kategoriarekin loturik izaten (hotela daukatenen kasuan), ez eta ur mineral medizinalen ezaugarriekin ere. Zenbait urek, sulfatatuek adibidez, hiru hilabetean behin bainerak aldatzea eskatzen dute; beste batzuen kasuan, berriz, karbonatuetan esaterako, hainbat urtez eduki daitezke bainerak aldatu gabe. Baina berezitasun horrek, itxura batean bainuetxeari oso gastu desberdinak eragiten dizkiela iruditu arren, ez du prezio-desberdintasunik eragin ohi batetik bestera. Horrela, hiru izarreko hotela duen bainuetxe bateko teknikarik merkeena, ura edatea, 2,10 euro kostatzen da eta hotelik gabeko beste batzuetan 9 euro ordaindu beharko genuke kontzeptu beragatik. Halaber, izar bateko hotela duten bainuetxe batzuetan medikuaren kontsulta 24,04 euro kobratzen dute, hiru izarreko beste batzuetan 16,23 euro; hiru izarreko beste zenbaitetan dohainik da mediku kontsulta.

Asteburu bat, 100 eurotik hasita
Asteburuan logela bikoitzean eta pentsio osoan eta tratamendu termala (relax, estresaren aurkakoa etab.) barne dela bainuetxe batean egotea 170 euro inguru kostatzen da pertsonako. Hala ere, alde nabarmenak daude bainuetxe batetik bestera eta zenbait estazio termaletan beste zenbaitetan baino merkeagoa da ostatua (pertsona bakoitzeko 100 eurotik hasita) eta beste zenbatetan pakete berbera 300 euro kostatzen da pertsonako.

Bi aste, 870 euro batez beste

15 egun logela bikoitzean, pentsio osoa eta tratamendu termala (relax, estresaren aurkakoa...) barne dela, batez beste 870 euro kostatzen da, baina prezioak 630 eurotik hasi eta 1.080 euro bitarte da.

Bainuetxeko teknika ohikoenen tarifak

  • Mediku kontsulta: Batez beste: 22 euro
    7,21 eurotik hasi eta 27,05 eurora bitarte.
  • Bainu termala: Batez beste: 6,16 euro
    3,61 eurotik hasi eta 9,02 eurora bitarte.
  • Burbuila bainua/ hidromasaje bainua: Batez beste: 9,02 euro
    6,16 eurotik hasi eta 15,03 eurora bitarte.
  • Ur-zorrotada: Batez beste: 7,61 euro
    4,21 eurotik hasi eta 16,23 eurora bitarte.
  • Inhalazioak/aerosolak: Batez beste: 5,86 euro
    3,01 eurotik hasi eta 10,82 eurora bitarte.
  • Lokatzak: Batez beste: 8,26 euro
    5,41 eurotik hasi eta 12,02 eurora bitarte.
  • Masajea (30 minutu): Batez beste: 16,23 euro
    12,02 eurotik hasi eta 37,86 eurora bitarte.

Bainuetxera lasaitasun, ihesbide eta aisi bila doanarentzat

  • Ez dago gutxieneko egonaldi gomendaturik, egonaldiaren helburua patologia zehatz bat tratatzea ez denez.
  • Bainuetxe batzuetan ez zaie mediku-kontrolik egiten helburu terapeutikorik gabe joan diren bezeroei, baina erabiltzaileak bainuetxeko medikuari bisita egitea beharrezko jotzen badu, hala jakinarazi behar du.
  • Bainuetxe bateko asteburuko egonaldiak ez ditu mirariz eta kolpetik konpontzen bizitza osoko gehiegikeria eta ohitura txar guztiak.
  • Helburua terapeutikoa izan ez arren ere, teknika termalen aplikazioa zainketa-pean egin behar da.
  • Ez joan bainuetxera egunez lasaitasun eta gauez "parranda" bila, establezimendu horietan lasaitasuna izaten baita nagusi eta bezeroek errespetatu egin behar dute berezitasun hori.

Bainuetxera tratamendu terapeutiko bila doanarentzat

  • Kontsultatu medikuari zer komeni zaizun: hidroterapia (iturriko urari zenbait aditibo erantsita egin ohi den terapia) ala bainuetxeko hidroterapia (ur mineral medizinalen bidezkoa). Lehena errehabilitazio zentro, gimnasia, "spa" zentro eta abarretan aurkitu ahal izango duzu eta bigarrena bainuetxeetan bakarrik.
  • Bainuetxea aukeratzeko, tratatu beharreko patologiaren eta bainuetxe bakoitzeko uraren propietateen arteko erlazioa izan behar da batez ere kontuan eta ez horrenbeste hurbiltasuna, bidaia-agentzien eskaintzak edo hotelaren erosotasuna eta zerbitzuak.
  • Bainuetxeko tratamendu terapeutikoak 15 egun irautea aholkatzen da. Ez du zentzurik bainuetxera helburu terapeutikoekin astebururako bakarrik joateak.
  • Bainuetxeko tratamendu terapeutikoak medikuaren aginduz egitea izaten da komenigarriena. Bainuetxera iristean, edozein tratamendu egin aurretik nahitaezkoa da medikuaren kontsultatik pasatzea. Terapeutikoak ez diren zerbitzuren batzuk baino ez dira derrigortasun horretatik kanpo geratzen.
  • Bainuetxeko tratamendu terapeutikoek mediku espezialistek zaindu behar dituzte.
  • Bainuetxeko sendabidea ez da mirarizko errezeta, medikuaren bestelako tratamenduekin batera gaitza arintzeko egin daitekeen tratamendu bateragarri eta osagarria baizik. Gaitz guztiak sendatuko dituen ustean doana, oker dago.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto