Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Produktuen azterketak

Λ

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Gazta freskoak: Denean berdintsuak, antza; askotan desberdinak, baina

Prezio, gantz-eduki, proteina, kaltzio eta ekarpen kalorikoetan, alde handiak batetik bestera

  Oraingoan 250 - 500 gramoko ontzietan merkaturatzen diren hamahiru gazta fresko aztertu dira. Gazta hauek behi, ardi edo ahuntz-esnez edo behi-esne gehi beste batekin nahasirik egiten dira eta 4,14 eurotatik (689 pezeta) 7,16 euro (1.191 pezeta) bitarte kostatzen dira, kiloko. Hamahiru horietatik zazpi era tradizionalean eginak daude (esne pasteurizatuari gatzagi eta hartzigarriak gehitzen zaizkio eta, mamitu ondoren, mami hori jo egiten da (oreak, hautsirik, gatzuna gal dezan) eta horrelaxe sartzen da moldeetan; hauetan hartuko du gaztak bere azken itxura; ondoren ontziratu egingo da, merkaturatzeko; gainerako seiak ultrafiltratuak dira: esne pasteurizatua, gantz eta proteinak dauzkan mintz batean barrena iragazten da; gatzunaren parte bat (hainbat azukre eta gatzekin batera) bazterturik, ontzian sartzen da, bertan gatzagiak eta hartzigarriak eransteko. Beraz, gazta ontzian bertan mamitzen da.

Elikagai polita da gazta freskoa: hartzidura laktikoaz beste eraldaketarik nozitu ez duen esnekia da eta edukiaren %70 ura da; beraz, gantz eta kaloria gehiegirik eduki gabe ere, balio biologiko handiko proteinez, bitaminez (A, B2, B12, niazina, etab.) eta mineralez (kaltzioa, fosforoa, magnesioa, etab.) hornitzen gaitu. Gazta freskoa (eta beste zeinahi esneki, deskrematua ez baldin bada) maiz kontsumitzeak duen eragozpen nabarmen bakarra gantzean datza, batez ere saturatua delako. Haur eta nerabeek bezala, edoskitzaroa edo antzeko egoera fisiologiko berezian dauden helduek ere elikagai aproposa dute; era berean, esnea onartzen ez dutelarik, elikabidean kaltzio gehiago sartu nahi dutenek ere gazta freskoa dute bide egokia.

Hamahiru laginen egoera higieniko sanitarioa zuzen zegoen, araua doi-doi betetzen zuten aldetik, baina haietako bostek mikroorganismo ez patogenoak zenbatzean, kopuru handi samarrak agertu zituzten, kontserbazioa hobetu beharraren seinale.

Dastaketak emaitza onak erakutsi zituen: denetan hoberena Gailla izan zelarik (7,5 puntu), beste sei lagin ere zazpiraino iritsi ziren. Horrela frogatu zen, gazta freskoetan behintzat, gehiago ordaintzea ez dela elikagai goxoagoa eskuratzearen baliokide.

Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Ruiz Francos laginak erakutsi zuen (4,88 euro kiloko) tradizionalen artean; ultrafiltratuetan, berriz, Mama Luise markakoak (6,64 euro kiloko).

Osaketa desberdinak

Horrela ez badirudi ere, gazta fresko guztien osaketak ez dira berdinak. Estraktu lehorraren (hau da, ura suntsitutakoan geratzen den parte solidoa) edukia aldatu egin zen lagin batetik bestera: %23,4tik (Berta) %36ra (Mama Luise) arte. Proteina gehienekoa El Ventero (%15,2) izan zen bitartean, gantz gehien zeukana Mama Luise (%19,8) zen; proteina (%7,7) eta gantz (%10,3) gutxienekoa, aitzitik, Berta. Ultrafiltratuek, garestiago izateaz gainera, kaloria, gantz eta proteina gehiago zuten tradizionalek baino eta, gainera, estraktu lehor kopuru handiagoa erakutsi zuten, parametro horrekiko gantzaren portzentajea antzekoa izan bazen ere. La Pasiega, Berta eta El Monasterio -erdi-gantzatsua honakoa- laginak izan ezik, azterturiko gainerako gaztak gantzatsuak dira, nutriente horren portzentaje %45etik %60ra doalako, estraktu lehorrarekiko. Beste aldetik, kaltzio gehien daukatenak Angulo markako bi laginak dira (352 eta 372 mg/100 g); mineral horren eduki txikiena, aldiz, Bertak (263 mg/100).

Kaloria gutxienekoa Berta da (138 baizik ez ehun gramoko) eta energetikoena Mama Luise (236 kaloria ehun gramoko). Kloruro gehienekoa (erantsitako gatz edukia adierazten du parametro honek) Burgo de Arias (%1) da eta denetan gezenak, berriz, Angulo (%0) eta Arkaute (%0,1) ditugu.

Dastaketan emaitza onak jaso ziren. Epaimahaikoei gehien gustatu zitzaizkienak, tradizionaletan, Gailla, Berta eta Ruiz Francos izan ziren (7,2 eta 7,5 puntu bitartean), eta El Monasterio, García Baquero, Mama Luise eta Burgo de Arias (6,9 -7,4 puntu) ultrafiltratuetan. Tradizionalei dagokienez, ez zen akatsik aurkitu itxura eta trinkotasun aldetik, bai ordea zaporean. Ultrafiltratuek, berriz, alderdi askotan nabarmendu zituzten batetik besterako aldeak. Angulo laginaren itxura gainontzekoen azpitik baloratu zuten dastatzaileek. Zaporeaz eta bukaeraz ari garela, García Baquero, El Monasterio eta Mama Luise gertatu ziren denetan hoberenak.

Gazta freskoaren kalitate sanitarioa

Izaeraz fresko baita eta, gainera, ur asko daukalako, honelako gaztak mikrobiologiaren ikuspegitik arazoak sortzen dituenez, bai lehengaiak bai elaborazio-prozesuko higieneak kalitate-estandar altuak gainditu behar izaten dituzte. Baliteke, halaz ere, neurri horiek aski ez gertatzea saltokirainoko garraioa, komertzioetako bilketa eta agerraldi hoztua eta, areago, kontsumitu bitartean, bezeroaren etxean gordetzea behar bezain arretatsua ez baldin badira. Prozesu horietan zehar, tenperaturak ez du 8º C baino altuagoa izan behar. Segida horretan tenperaturaren igoera txiki bat (hau da, teknikoki "hotz katea haustea" bataiatu dena) aski izan liteke gaztaren kalitate mikrobiologikoa kaltetzeko.

Mikroorganismo koliformeak gazta freskoari dagokion arautegiak ez ditu jasotzen, patogeno gertatzen ez direlako eta, gainera, ikuspegi sanitariotik garrantzirik ez baitute, baldin eta 100.000 uks/g (unitate kolonia-sortzaile gramoko) baino ugariago ez badira. Dena den, koliforme horiek 1000 uks/g mailatik gora agertzeak esan nahi du esnearen pasteurizazioa ez zela nahikoa izan edo produktua ez dela kontserbatu behar bezain ongi. Koliformeen kopuru hori (1000 uks/g) gainditu zuten bost laginekin zer gertatu ote zen? Seguru aski, elaborazioa zuzen eta egokia izanik, gazta fabrikatik irten ondoren jazoko zen endekapena. Arkaute (tradizionala), eta Burgo de Arias, El Ventero, García Baquero eta Angulo (ultrafiltratuak) laginetako koliformeak zenbatzean 1.000 eta 15.000 uks/g agertu ziren: kontsumitzailearentzat inongo arriskurik ez dagoen arren, ezin esan dezakegu gazta horien egoera sanitarioa zuzenena denik.

Itxura guztien arabera, hemen azterturiko gazten elaborazio eta kontrol eragiketak zuzenak izan ziren eta arazoa ekoizpen prozesuan ez omen datza, garraioan eta saltokiko bilketa eta mantentze hoztuan baizik. Dena dela, azterketa konparatibo hau egiteko CONSUMERek erosi zituen lagin guztiak gehienez ere 6º C tenperatura zuten erakustoki hoztuetan zeuden, hau da, behar bezalako hozberoan.

Etiketa, hobetzeko modukoa

Angulo, Berta eta Mama Luise laginen izendapena ez da arauaren araberakoa: "gazta freskoa" eta "gazta zuri pasteurizatua" baitira Arautegiak jasotzen dituen bi molde bakarrak. "Burgosko gazta" eta antzeko izendapenak, arras tradizionalak izan arren, Arauak ez ditu aintzakotzat hartzen. Hona beste zenbait irregulartasun: Arkaute eta Bien Aparecida laginetan ez da agertzen estraktu lehorrarekiko gantzaren portzentajerik, ezta kategoriarik (gantzatsua, erdi-gantzatsua, etab.) arauak bestelakorik xedatua badu ere. Gailla laginak bere burua erdi-gantzatsu gisa agertzen badu ere, CONSUMERen azterketako emaitzen arabera, gantzatsua da. Bukatzeko, Gailla horrek kontsumitzeko data egokia adierazten duen arren, Arauak xedatutakoa iraungitze data jartzea da.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto