Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Teknologia Berriak

Λ

ADSL: Bide azkarretik

ADSL, modem konbentzionalen bitarteko konexio mantsoen alternatiba

  Telefono-hari konbentzionalen bidez datuak igortzeko abiadura handiena 1,5 kilobit segundoko zela uste zuten 1975ean. Handik mende laurdenera, Internetera konektaturik dauden etxe gehienetan segundoko 56 kilobiteko fluxua (56k gisa ezagutzen dena) ez da askitzat jotzen. Noski, 56k nahikoa da testu eta argazki ez handiegiak bidali eta jasotzeko, baina Saretik musika eta bideoak deskargatzeaz ari garela, jasan ezineko tortura bihurtzen da.

Zientzialariak hortxe ari dira, kobrezko hariari zukuak atera eta atera, bertatik geroz eta -hori bai, estu-estu eginik- datu gehiago joan daitezen, etxeetara iristen diren hari-instalazioak aldatzeko beharrik izan gabe. Horren ondorio gisa sortu da ADSL teknologia, orain artekoan telefono bidezko transmisioetan kalitate hobea lortzeko baizik erabiltzen ez ziren frekuentziak baliatzen dituena.

Abiadura asimetrikoa

ADSL horren abiadura asimetrikoa da, hots, Internetetik zerbait ekartzea askozaz ere azkarragoa da bertara bidaltzea baino. Eragozpena izan ordez, modu horretan funtzionatzeari esker, internauta gehien-gehienen ohituretara egokitzen da. Egin ezazu proba zerorrek: konexioa mozten duzun hurrengoan errepara iezaiozu kontadorean zenbat byte jaso diren eta zenbat igorri diren. Ikusiko duzunez, gehienetan aurrenekoa dezente handiagoa da bigarrena baino. Etxean ordenagailu bat baino gehiago baldin baduzu ez du merezi ADSL hariak kontratatzea, konexio bakar bateko datuen fluxua ekipo guztien artean partekatzeko aukera duzu eta. Operadorek eskaintzen duten abiadura, balizko baldintza hobezinetan (utopikoetan, zehazkiago esateko) bakarrik erdiesten den abiadura teorikoki handiena da. ADSL kontratatzeko unean begira ezazu gutxieneko emaria bermatzen dizuten. Bestela, geldiune-tarteetan bakarrik mugitzen den 1 formulako automobilaren parekoa baino ez duzu izango, agian. Egiazta ezazu inongo zerbitzurik ez dutela mugatzen. Internauta gehienek protokolo eta portu jakin batzuk baizik baliatzen ez dituzten arren, hasteko behintzat, itxita dituzun horiexek erabiltzeko aukera hartuko zenuke halako batean, beharbada.

Bai abantailak, baita oztopoak ere

ADSL horren abantailak nabarmenak dira: erabiltzailea beti dago konektaturik eta nabigatzen emango duen denbora gorabehera, hileko kuota finkoa ordainduko du (Estatu espainiarreko etxebizitzek, 40 euro edo 6.655 pezeta inguru). Horri esker, Sarea intentsiboki baliatzen duten internautentzat berariaz egokitutako teknologia bihurtzen da. Horrelako konexioa, beste aldetik, modem konbentzionala baino dezente azkarragoa izaten da. Estatu espainolean, komertzializatzen den gehieneko abiadura segundoko 2.000 kilobit izaten da (2 megabit/s), baina datu-olde hori enpresetan bakarrik sar daiteke, oraingoz. Etxebizitzetan erreka urriagoak sartuko dira: 128 eta 256 kilobit segundoko. Abiadura hori lorturik, CD baten kalitatearekin zuzeneko emanaldiak adi daitezke.

Eragozpenik? Internet asko erabiltzen ez bada, ADSL hori tradizionala baino garestiagoa da. Funtzionatzeko, beste modem bat ekarri behar da ("56k" delako hori baino hagitz garestiagoa). Teknologia hori, gainera, ezin daiteke zeinahi etxebizitzatan instalatu: zerbitzu horixe ematen duen telefono-zentral batetik (den-denek ez baitute ematen) hiru kilometro baino gertuago jardun behar du erabiltzaileak. ADSL, gainera, musika-haria eta beste hainbat zerbitzurekin elkargarri ez denez, kasuan kasuko instalazioak dituen bereizgarriez informazioa bildu beharko du erabiltzaileak.

Bizi bedi kobrea!

Zergatik, baina, ADSL garatu behar hori, azken urteotan biziki goretsia izan den zuntz optikoa sustatu ordez? Egia da zuntz optikoak kobreak baino ahalmen gehiago dituela: bertatik igor daitezke telefonoa, datuak eta, areago, telebista eta irrati digitalak ere bai. Nolanahi ere, kobrea ubikuoa da praktikan, telefonia konbentzionalean baliatzen den teknologia baita. Instalatzeko unean askoz ere kostu txikiagoa du eta hari tradizionalak mantentzea, gainera, funtsezkoa da: kobreak ez du elektrizitatearen premiarik igorpenak egiteko. Horregatik, hondamendiak gertatzen direnean, elektrizitatearen hornikuntzak huts egiten badu ere, pertsonen arteko lotura telefonoak mantentzen du.

ADSL, bestetik, ez da bideko azken urratsa, ez da gutxiagorik ere. Hilero, kasik, punta-puntako ordenagailu ziruditenak ahaltsuagoek ia lotsagarri uzten dituzten modu berean, oraindik ezagutzeke ditugun konexioei esker datu-fluxua ez da gehiago izango Interneten erabilera galaraziko duen eragozpena.

Banda zabala
www.bandaancha.com

  Merkatuan dauden banda zabaleko sarbideen gaineko espainierazko ataria, bertako aukera desberdinak elkarren artean konparatzea eta gure premien araberako sarbide-mota egokiena hautatzea ahalbideratzen diguna.

Internauten Elkartea
www.internautas.org

  Internauten Elkarteak bere web orrialdean estreinatu duen atal berrian ADSL alorrean Espainian dauden azken nobedadeak ezagutarazten ditu. Erreferentziako testuak eta Estatu horretako Zientzia eta Teknologiaren Ministerioak ateratako orrialdearekiko lotunea eskaintzen dira bertan: horri esker, gure telefono-zenbakia ADSL edukitzeko bezain ahaltsua den egiaztatuko dugu.

3D Albisteak
www.noticias3d.com

  Ordenagailuaren osagaiei buruzko informazioari tarte egiten zaio gune honetan, aldi berean azkeneko oinarri-plaka eta bideo-txartelei buruzko informazio eguneratua eskaintzen delarik. ADSL-aren ezaugarriak eta banda zabaleko bestelako konexioekin dituen berdintasun eta desberdintasunak jasotzen dituen artikulu aberats eta ulerkorra ere erantsi du.

Segurtasuna, auzitan

Behar bezalako neurriak hartzen ez badira, Sareko biztanlerik doilor eta zitalenak gure ordenagailuan sartzeko pasabide bihur daiteke ADSL sistema. Kontua ez da ADSL konexioa tradizionalak bezain segurua ez dela eta, alarmak piztea; konexioaren abiadura izugarri handiaz baliatuz, ordea, ekipoa esku gaiztoak harrapatzen badu txikizioa are eta larriagoa izango da.

  • Ez utzi ordenagailua egun osoan piztuta eta Sarean konektaturik. Horrela egiten baduzu, eskrupulurik gabeko erabiltzaileei egun osoko aukera emango diezu zure ekipoaren segurtasunak dituen zirrikituak zein diren ezagutu eta zure informazioan sartzeko.
  • Konfiantzazkoa ez den posta-mezurik ez ireki, deus ezezagunik ez instalatu. Gogoan izan birusen kontrakorik eraginkorrena zuhurtzia dela.
  • Instala itzazu, tarteka, programa-fabrikatzaileek ateratzen dituzten partxeak. Saltzeko unean gure ekipoak zituen "zuloak" ixteko balio izaten dute, maiz.
  • Instalatu birusen kontrako txertoa. ADSL edo antzeko banda zabaleko konexioaz baliatzen den ordenagailuan zomorro elektroniko horiek egin dezaketen kaltea are eta larriagoa baita.
  • Ezarri suebakia (firewall): mekanismo horiek galarazten dute baimenik ez duen datu bakar bat ordenagailuan sartu eta bertatik ateratzea; bestela esateko, ezkutuan dagoen programa batek sistema kontrolaturik, konexioa nahi duen erara erabiltzen ari den egiaztatzen dute suebaki horiek.
  • Izan zaitez errealista: ba ote duzu zuk pirata informatikoarentzat zerbait interesgarria?


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto