Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

Elikagai funtzional eta aberastuak: Gure organismoaren zenbait funtzio hobetzeko eginak

"Elikagai funtzional" esakuneak hasi berria dugun milurteko honetako hitza badirudi ere, gutariko askok elikagai funtzionalak probatuak gaude honezkero -hori bai, horren berririk deus jakin gabe, sarri-: esne aberastuak, probiotikoak, gai antioxidatzaileak, etab.

  Organismoaren premiak asetzeko nutrienteez (karbohidratoak, proteinak, bitaminak, gantzak eta mineralak) hornitzaile den "nutrizio egokia" kontzeptu klasikoaren ordez, beste bat sartzen ari da indarrean: "nutrizio egokiena" alegia. Honetan, aurreko definizioan jasotakoez gainera, osasuna sustatzeko, ongizatea hobetzeko eta gaixotasunen arriskua murrizteko elikagaien ahalmenak ere biltzen dira. Alderdi horretantxe agertzen dira elikagai funtzionalak. Osasunari egin dakiokeen onura populazioaren osasun-egoerak, berariazko gaixotasunen prebentzio eta tratamenduak eta kontsumitzen diren elikagaien arteko lotura hertsia egiaztatzen duten XX. mendeko ikerketa zientifikoetan du abiagunea elikagai funtzionalen kontsumoak

Zer dira elikagai funtzionalak?

Izen hori duten elikagaiei osagaietakoren bat gehitu egin zaie (edo erauzi); beren egitura kimikoa edo nutrienteen bio-baliagarritasuna eraldatu zaie, edo bata eta bestea egin zaizkie. Kontuak kontu, elikagai eraldatu horiek bereizgarri bat dute: beren osagaietakoren batek (nutriente izan edo ez izan) organismoaren funtsezko funtzioetan izango du berariazko eragin mesedegarria. Baina elikagai aberastuen osagaiak betiko elikagaietan ere aurkitzen dira eta, horrenbestez, dieta orekatua jarraitu eta bizitza-ohitura osasungarriak dituen pertsonak ez du elikagai funtzionalak kontsumitu beharrik, bere organismoak behar dituen nutriente guztiak jaten baititu. Hala ere, komenigarri litzateke administrazioak elikagai funtzionalei eskatu beharreko betekizunen inguruan legeak ematea (Espainiako estatuan ez du oraindik egin) eta publizitatean kontsumitzaileari agintzen diotena betetzen den ala ez kontrolatzea.

Eragin onuragarriak

Hauen eragin onuragarriak bi eratakoak izaten dira: batetik, egoera osasuntsuan mantentzen laguntzen digute; bestetik, gaixotasun jakin batzuk nozitzeko dugun arriskua murritz dezakete. Ikerlariek identifikatu eta xedatu dituzte elikagaien osagai funtzional horien onurak. Hona, behar bezainbeste frogaturiko eragin onuragarriren bat:

  • gaitz kardiobaskularrak nozitzeko arriskua arintzea, omega-3 motako gantz-azido poliintsaturatuei (arrain urdinetan) eta, batik bat, barazki eta frutetan ugari diren antioxidatzaile naturalei -karotenoideak, C bitamina, E bitamina, zinka, selenioa, etab.- esker;
  • tumore jakin batzuk agertzeko arriskua arintzea, gai antioxidatzaileei (landarezkoetan) esker;
  • hesteen funtzioen, gluzemiaren (odoleko glukosa-maila) eta kolesterolemiaren (odoleko kolesterol-maila) erregulazio eta kontrola, zuntz disolbagarriari esker;
  • hesteetako flora sendotzea eta egoera inmunologikoa hobetzea, esnekien bakterioei (probiotikoak) esker.

Elikagai funtzionalak: osasunak pairatu beharreko ondorioak

Elikagai funtzionalek hainbat gaixotasun "sendatu" egiten dutela ere sinetsi izan den arren, organismoak berezkoak dituen hazkuntza, garapen, mantenu eta antzeko funtzioen gaineko eginkizun metaboliko estruktural edo fisiologikoari dagokio zeregin funtzionala; ez, ordea, patologia jakin bat tratatzeko ahalmenari. Elikagai funtzionalek prebentzioa egin dezakete; sendatu, ez dute sendatzen.

Esne aberastuak. Kaltzio, bitaminak, omega-3 gantz-azido eta antzekoak erantsiak dituzten esneak dira azken belaunaldikoak eta guztirako esne-kontsumoaren %5era iritsi dira dagoeneko. Munta txikia da, zenbaki absolutuetan, baina oso kontuan hartu beharrekoa, produktua merkaturatu berria dagoelako oraino.

Probiotikoak. Prebiotikoak. Elikagaietan dautzan gai hauek heste meharreko digestioari buru eginik, heste lodiko bakterio-floraren eraginez hartzi daitezke, horren baitan zuzenean (eta gizakiaren organismo osoan, zeharka) eragin onuragarria izaki. Prebiotikoak dira, beste askoren artean, hainbat motatako zuntz disolbagarriak: adibidez, esne, jogurt, flan eta margarinetan dauden lignina eta oligosakarido ez digerigarriak -fruktooligosakaridoak, esate baterako-. Konposatu hauek, heste lodia kolonizatzen duten bakterioen sustrato direlarik, azido laktikoa eta kate laburreko gantz-azidoak dira, hots, bifidobakterioen hazkuntza sustatzen duten metabolitoak. Zenbait ikerlanek iradoki bezala, digerigarri ez diren oligosakaridoak kontsumitzeak mineralen -kaltzioarena, batik bat- zurgaketa areagotu egiten du. Aurkikuntza horri esker, beste itxaropen-izpi bat sortu da osteoporosiaren tratamenduari dagokiola.

Fruktooligosakaridoak landarezko elikagai askotan (porrua, tipula, zainzuria, baratxuria, orburuak, tomateak, lekaleak) aurkituko ditugu; lignina landarezkoen (letxua, zerba) eta labore integralen alderdi zurkaretan dago; zuntz disolbagarria, berriz, fruta eta lekaleetan. Horregatik, elikabide orekatua osatzean, hainbat motatako elikagaiak hartu behar izaten dira gogoan.

Omega-3 gantz-azidoak erantsiak dituzten produktuak. Omega-3 gantz-azido poliinsaturatuak ohiko dietan dautzan azido eikosapentanoikoa (EPA) eta azido dekosahexanoikoa (DHA) dira. Duela urte gutxi (1996ko martxoan, hain zuzen), DHA erantsia duten arrautzak merkaturatzen hasi ziren. DHA hori, bereizgarri nabarmenak dituen gantz-azidoa da eta, plaketen elkarketa eragozten duenez, gaitz kardiobaskularrak nozitzeko arriskua dagoenean eragin mesedegarria dauka, odoletako gantzak orekan mantentzen ditu eta, horiez gainera, behar bezala garatu eta funtzionatzeko funtsezko lipidoa du nerbio-sistema zentralak. Gantz-azido hau, honelako lipidoak ugari dituzten produktuak (arrain urdina, adibidez) kontsumituz har daiteke. Orain dela urte batzuk arrain-olioa baliatzen zen oiloen pentsuaren osagarri gisa, arrautzek DHA gehiago izan zezaten baina taktika horrek eragozpen latzak zituen: batetik, produktuak arrain tekoa har zezakeen; bestetik, hura erdiesteko hainbat prozesu kimiko eta fintze-prozesuak egin behar izaten zirenez, arrautzen prezioa ikaragarri igotzen zen. Estatu Batuetako firma batek aurkitu zuen DHA ugari daukan alga-mota bat, egun oiloen pentsu gisa erabiltzen dena, alegia.

  Gaur egun, aurrerakuntza teknologikoen ondorioz, horrelako gantz-azidoak gaileta, margarina, esneki, txerri-gibelezko pate eta hegazti-saltxitxei eransten zaizkie; baita arrautzei ere, noski. Alabaina, nutriente jakin batzuk ohi baino kopuru dezente handiagotan dauzkaten gainerako elikagaiekin gertatzen den bezala, honelakoak lar hartzea kaltegarri gerta dakioke kontsumitzaileari. Organismoan DHA ugariegi edukitzeak odolaren gatzatze akastuna ondoriozta dezake, izan ere.

Fitoesterol erantsiak dituzten produktuak. Gizakiaren kolesterolaren tankerako landarezko gaiak dira fitoesterolak. Honelakoak dietan sartzean, "kolesterol txarra" (LDL) izenekoaren zurgaketa eragotzi egiten da. Bereizgarri horretan oin harturik merkaturatu den margarina bati arestian Europar Batasuneko Gizakiaren Elikaduraz arduratzen den Zientzialarien Batzordeak elikagai funtzionaltzat ager dadin onespena eman dio. Elikagaiak botika hipolipemiatzaile gisa dihardu (kolesterola murriztuz), abantailaren batekin: tolerantzia onekoa da eta, gainera, tankerako eraginak dituzten beste hainbat botikaren (erretxinak, hain zuzen) alboko ondorio kaltegarriak ez ditu honek. Margarina horretatik egunean 20 gramo (bi ogi xerra igurzteko adinakoa) kontsumitzea aski da, LDL kolesterolaren %10-%14 bitarteko murrizketak gertatzeko. Fitoesterolen kontsumoa, aldiz, hainbat eratako desorekekin lotu izan da, hala nola beta-karotenoen edo A probitaminaren edukiak dezente murriztearekin eta A eta K bitamina liposolubleen zurgaketa akastuna. Dena den, dieta aberatsak murrizketa horiek orekatzen dituenez, arriskurik ez dago baina, halaz ere, horien kontsumoa kontrolatzea komeni izaten da nutrizio-alorreko premia handiak dituzten pertsonen kasuan: hazten ari diren haurrak eta nerabeak, emakume haurdunak eta umea edoskitzen ari diren amak, digestio-aparatuan arazoak nozitzen dituzten pertsonak, elikagaien hainbat nutriente behar bezala aprobetxatzea galarazten duten egoerak, etab.

Gai antioxidatzaileak erantsiak dituzten produktuak. Jarduera antioxidatzailea duten gaiak ohiz hartzea eta gaitz kardiobaskularren eragina murriztea elkarrekin loturik doazela dio zientzialarien eskarmentuak. Gaitz kardiobaskularrik gehientsuenen jatorri izaki, ateroesklerosia (arterien diametroa txikitzea, odoleko emaria eragotziz) eragiten duen mekanismo nagusietako bat, odoletan kolesterola (LDL) garraiatzen duten proteinetako baten oxidazioa da. Prozesu hori galarazten duten gai antioxidatzaileetako batzuk dira E (hotzetan zanpaturiko landarezko olio birjina, fruitu sikuak, galorratza) eta C bitaminak (zitrikoak, kiwia, piperra, tomatea) eta beste hainbat karotenoide, hala nola likopenoa (tomatea), betakarotenoa (azenarioa, kuia, mangoa), zinka (haragia, arrainak, arrautzak) eta selenioa (haragia, arrainak, arrautzak, itsaskia, batik bat), polifenolak (landarezkoak, oro har) eta sufredun konposatuak (tipula, baratxuria, azaren kideak eta antzeko barazkiak). Era berean, zahartzea bera eta endekapen prozesuak (begietako lausoak, tumore jakin batzuk, etab.) organismoko oxidazio-erreakzioekin lotu izan direnez, gai antioxidatzaileak babesletzat jokatzen du, berez.

Gaur egun produktu elikagarri askok (fruta-zukuak, esne eta zukuz osaturiko edariak, besteak beste) dute, osagaien artean, organismoaren oxidazio-prozesuak arinduko duen gai antioxidatzaile bat edo gehiago. Nolanahi ere, zuhur jokatu behar dugu kontsumitzeko dosiekin, elikagai baten partetzat hartzen direnean eragin mesedegarria duten gai batzuk (betakarotenoa, esate baterako) boluntarioei elikagaietatik at, huts-hutsean eta dosi hagitz handietan eman zaizkienean antioxidatzaile izateari utzi eta prooxidatzaile bihurtzen direla frogatu dute ikerlariek eginiko lan enpirikoek.

BERARIAZKO ELIKAGAI HORIEI BURUZKO LEGERIA

Europar Batasunean, Elikadurarako Zientzialarien Batzordeak (Scientific Committee on Food, SCF) kontsumitzailearen osasunari eta, elika-katearen zeinahi gunetan, elikagaien segurtasunari dagozkien iritzi zientifikoak eratzeko ardura du. Elikagaien aberaste generalizatua dela eta, erakunde hori bitamina eta mineralen gehieneko irenste onargarriaren maila zehazten ari da, nutriente jakin batzuen gehiegizko kontsumoak gizakiengan ondoriozta lezakeen eragin toxikoei saihets egiteko.

Elikagai funtzionalak osasuna hobetzeko gai izaten diren arren, diren direnean harturik gozatu behar dugu horiekin, gauza bat kontuan izanda: gaitz guztien sendabide orokorra ez badira ere, mesedegarri gertatzen dira eta, gainera, dieta egokiaren eta bizimodu osasuntsuaren osagarri onuragarriak dira.

Hainbat elikagai funtzionaltzat hartzeko unean erabiltzen diren funtsak sendoak diren arren, funtsezko galdera egin behar dugu: ez ote da bidezkoagoa elikagai -berezko edo deribatu- askok enpirikoki frogatuak dituzten ezaugarri mesedegarriak jakinaraztea, argudio baliotsurik gabe kategoria berriak, anbiguotasunak edo "funtzionaltasunaren trena harrapatuko duten" produktuak sustatzeko alegazio zalantzazkoak sortzen aritzeke?

Elikagai funtzionalen ezaugarriak zientifikoki egiaztatzeko dezente ikerlan gehiago egin behar izaten da egun: printzipio eragileak identifikatu, segurtasuna bermatu eta, nola ez, baliatu beharreko dosia zehaztu, adierazle analitikoak ezarri, saiakera klinikoak egin eta eragin biokimiko eta fisiologikoak frogatzea, baten bat aipatzearren.

Elikagai funtzionalak erraztasun edo osagarri interesgarri gerta daitezke, inola ere ez premia. Gaur egun ezagutza noraino iritsi den jakinik, betiko elikagai fresko eta prozesatuetan oinarritutako elikadura orekatu, anitz eta nahikoak gure organismoak beharrezkoak dituen eragin osasungarri guzti-guztiak eskaintzen dizkigula esan dezakegu. Era berean, elikagai horiek behar bezala aukeratuz gero, horien osagai funtzionalak ere sartuko ditugu (karotenoideak, omega-3 gantz-azidoak, zuntza, gai antioxidatzaileak eta bestelakoak). Esan dezagun, bukatzeko, zuzen eratutako dieta, berez, funtzionala dela.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto