Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.
Estatu espainiarrean ordaindu beharreko hiru telebista-plataforma digital dabiltza elkarren lehian. Kanalen eskaintza aztertu du CONSUMER-ek
Telebista konbentzionalaren aurrean esertzean, ikusleak utopiko deritzo gai-zerrenda zabal-zabaletik gustukoa aukeratu eta, gainera, publizitatea emateko etenik izan gabe ikusi ahal izateari. Beste horrenbeste gertatzen da lehen mailako kirol-ikuskizunekin edo egungo filmekin ere. Horregatik erabaki dute erabiltzaile askok dirurik ordaintzea: eduki erakargarri eta elkarreragilez josiriko neurri-neurriko telebista agintzen duten hiru plataforma digitaletako baten emisioak etxean jasotzearren, alegia. Horren truke, antena paraboliko baten instalazioa (Vía Digital eta Canal Satélite Digital-en kasuetan) edo hari gabeko teklatuaren erosketa (Quiero TV) eta, 2001 urteko "Anuario de Telebista" txostenaren arabera, hiru erabiltzailetik birentzat garesti samarrak diren hileroko kuotak ordaindu behar izaten dira.
Teknologia digitalari esker lehorretik (telebista konbentzionalak bezalaxe) edo satelite bidez askoz ere kanal gehiago igor daitezke, kostu txikiago baina kalitate handiagoarekin (DVD bitartez bezalatsu). Telebista analogiko dohainekoa (TVE, Antena 3 edo Tele 5) eta ordaindu beharrekoa (Canal +) dauden bezala, telebista digitala ere era irekian edo abonatuentzat bakarrik eman daiteke. Estatu espainolean lanean diharduten hiru plataforma digitalek (Canal Satélite Digital, Vía Digital eta Quiero TV) finantzabide horixe aukeratu dute.
Satelite bidezko plataforma digitalek duten abantaila handi bat, telebista tradizionala eta hari bidezkoa iristen ez diren tokietara heltzea da. Aski izaten da satelitearen estaldura-area barrenean egon (eskuarki, kontinente osoak izaten dira area horiek), antena parabolikoa ongi orientatua eta telebista-aparatuari loturiko deskodetzaile bat edukitzea. Alor honetako kanal-eskaintza ere, bestelako teknologiek egiten dutena baino ugariagoa da, honetan kanalak igortzeko "espazio" (espektro) handiagoa dutelako. Canal Satélite eta Vía Digital dira Estatu espainiarreko satelite bidezko telebista-plataforma digital bakarrak.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa