Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Baliteke artrosi prozesuaren hastapenetan inor ere ez konturatzea; pazientea minetan hasten denean, hezurra -arin-arinki bada ere- kalteturik egon ohi da
Atzeraezineko gaitza denez, sintomak leuntzen badira ere, artrosia tratatuz ez da eritasuna sendatzen
Artrosia hitzak hedapen handia hartu badu ere, oker erabiltzen dugu maiz, hezur eta junturetako era guztietako gaitzak adierazteko. Endekapenezko gaixotasun kroniko honek ez du hanturarik agertzen, juntura bakar batean edo gehiagotan izaten du eragina eta izaten dituen agerpen bereizgarrien artean, juntura horietan gertatzen diren aldaketa anatomikoak ditugu nabarmentzekoak. Junturak hezurrek osaturik daude: hauen tarteetan, junturaren mugikortasuna errazteaz gainera, babes eta estalki funtzioak betetzen dituzten kartilagoak daude, hau da, azalera distiratsu zurixka duten erresistentzia izugarriko piezak. Adinean aurrera egin ahala eta junturek higidura prozesua nozitzearen ondorioz, kartilagoak ura galdu eta hauskorrago bihurtuko da. Artrosia deritzogun kartilagoaren endekapen hori (ondoan dagoen hezurrak ere pairatzen duen alterazioarekin batera) hamaikatxo junturatan ager daiteke: belaun, esku edo aldakan, esate baterako. Gaur aztergai dugun alderdi honetako artrosia 50-60 urteen jiran agertu ohi da eskuarki.
Kartilagoaren lesioek minik eragin gabe irauten dute luzaro, kartilagoak nerbiorik ez baitu; mina agertzen denean hezurra (arin-arinki bada ere) kalteturik dagoen seinale izaten da. Horri esker edo horren erruz, artrosi-alterazioek hastapenetan sintomarik ez izatearen zergatia ez ezik, hainbatetan agerpen radiologikoak gaitzaren sintomak baino lehen agertzearen arrazoia ere agerian geratzen da. Horrenbestez, oso litekeena da, hasieran behintzat, artrosi prozesuaz ez konturatzea, gaitzak inolako sintomarik erakusten ez baitu.
Agertzen hasiz gero, artrosi-lesioek ez dute atzerako bueltarik, ez dago tratamendu eraginkorrik kaltetutakoa konpondu eta gaixotasuna suntsitzeko. Botika batzuek hanturak eta minak arintzen dituzten arren, lesioak hasierako egoerara ekarriko lituzkeen konponbiderik ez da asmatu oraindik. Ariketa antolatu eta egokituak, junturaren mugikortasuna mantentzeaz gainera, malgutasuna iraunarazten, muskuluak indartzen eta junturak egonkortzen laguntzen du, dena den.
Aldakako junturak, beste askotxok bezala, bi alderdi ditu: batetik, femurraren burua, biribil eta kartilagoz estalia, bestetik pelbiseko barrunbe kotiloideoa: honetan, femurraren burua doi-doi sartzen da. Aldaka mugikortasun handiko juntura denez, barrunbe kotiloideoan femurraren burua zehazki sartzeari esker ederki egonkortua dago. Beste aldetik, elkargune hori junturetako azalerak lotzen dituen lotailuak sendoago mantentzen du. Normalki hazi eta heldutako gizakian, beraz, juntura sendoa dela esan dezakegu.
Aldakako artrosia (koxartrosia, zientifikoen hiztegian) maiz gertatzen den gaitza da, gaixoa elbarritzeko ahalmen handikoa. Bi sexuetako gizakiei erasaten die, hein berean, eta eskuarki 50-60 urteetan agertzen den arren, baliteke lehenago edo geroago ere azaltzea. Kasu guztien ia bi herenetan koxartrosia beste zerbaiten ondorio da, hau da, aldakako artrosi horren garapena beste lesio batek eragina izan da. Horregatik esaten zaie bigarren mailako koxartrosiak.
Aldakako artrosia nozitzeko aukera errazten duten arrazoi nagusiak ondorengo hauek dira: aldakaren jaiotzatiko luxazioa, Perthes-en gaixotasuna, bi zangoen luzera berdina ez izatea, bizkarrezurraren desbideraketa (eskoliosia), belaunen lerrokadura akastuna (genu varo), lotailuen hiperlaxitudea eta hezurren hazte akastuna. Anatomiaren alterazio horiek garaiz diagnostikatu eta zuzentzea komeni izaten da, etorkizunean artrosirik nozituko ez badugu.
Gaixotasuna sortaraz zezakeen faktore lokal nahiz orokorrik ez dagoenean, berriz, lehen mailako artrosiak direla esaten da. Horien agerpenarekin hainbat arrisku-faktore lotu izan dira: junturak gehiegi kargatzen dituzten kirolak, errepikatzen diren mikrotraumatismoek sortarazitako faktore okupazionalak, gizentasuna, traumatismoak, junturaren hantura eragiten duten prozesuak, femur buruaren baskularizazioaren akatsak, zangoen lerrokaduraren akatsak, etab.
Haurtzaroan (jaioberritan, ahal dela) aldakaren malformazio luxatzailearen prebentzioa egiteak garrantzi itzela du: sendagileek diotenez, koxartrosiaren arazoa sehaskan, umea jaiotzean, hasten omen da. Jaio berri denetan aldakaren jaiotzatiko luxazioa sistematikoki prebenitu beharra dagoelarik, miaketa fisikoak eta ekografiak kasu guzti-guztiak hautematen dituzte.
Aldakako artrosiaren sintoma nabarmenena iztaian hasi eta, izterraren aurrealdetik barna, belauneraino hedatzen den min mekanikoa da, hots, mugitzean eta, luzaro pausaturik egon ondoren, mugitzen hastean agertzen dena. Zenbaitetan beste tokietan ere agertu izan da mina: ipurmasailetan edo izterraren atze nahiz barne aldean. Gehien-gehienetan ezintasun funtzionala eragiten du, herrentasun geroz eta larriagoa bilakatuz, eta mugikortasuna mugatu egiten du, jakina. Pausaldien ondoan edo posizio jakin batean (besaulkian, automobilean, eserleku apal-apalean eserita, etab) denbora asko eman ondoren agertzen diren zurruntasuna eta mina hagitz bereizgarriak ditu artrosiak. Zangoak zabaltzeko eragozpena ere nabarmena izaten denez, bizikletan jartzea, aulkian hanka alderdi banatan esertzea edota baineran sartzea galarazi egiten dio artrosia nozitzen duenari. Era berean, oinetakoak jantzi eta eranzteko unean arazoak izaten ditu kalteturikoak. Sintoma horiek askozaz ere larriago bihurtzen dira adinean aurrera egin ahala eta, neurri terapeutiko egokiak hartzen ez badira, mugapen funtzionala eta mina elbarritasun larriagoen eragile izan daitezke.
Aldakako artrosiaren diagnostikoak ez du arazorik: sintomak, miaketa fisikoa eta X izpien bidezko azterketa aski izaten dira eta diagnostiko zehatz eta zuzena egiteko.
Artrosiaren tratamenduak ez du sendatzen, mina arintzen baizik, eta botikak, bitarteko fisikoak (ariketak eta errehabilitazioa) eta kirurgia ditu baliabide.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa