Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Eguberriek bere-berea dutelarik, sasoi hau heldutakoan baliabiderik gabeko pertsonei laguntzeko erakundeen kanpainetako protagonista bihurtzen da jostailua, jolastea haurrari zor zaion eskubidea dela gogorarazteko. Eta eskubide horrek urte osoan ere zutik dirauen arren, behin ere oparirik jasotzen ez duten haurrek Gabonak aldean nabarmentzen dute sekula baino lazgarriago beren desberdintasuna. Ez gaitezen ahantzi, azken datu ofizialen arabera, Estatu espainiarreko behartsuak zortzi milioi pertsona direla. FOESSA Fundazioak ematen dituen zifrek ere antzeko emaitzen berri ematen digute: milioi erdi bat pertsona pobreziaren mugaz azpitik bizi dira Espainian.
Horrelako ekimenetan esku hartzeko unean, jostailuarekin asmatzea da kontua. Garapen eta Elkarlanerako Hezkuntzako adituek klabea eman dute: "Oparitu nahi den jostailua erostera gurasoekin haurrak joan daitezela, era horretan beraiei jasotzea gustatuko litzaiekeena aukeratuko dute eta". Jostailuak entregatzeko erabakia hartzen duenak, jasotzen duten elkarte edo erakundeen eskakizunak geroz eta zorrotzagoak direla ikusiko du, eliz barrutikoak, Gurutze Gorrikoak, auzo lagunen elkartekoak edo beste zeinahi erakunde izan. Jakina, jostailua entregatzea ez da karitatea egitea, ez da armairua hustea edo etxean traba egiten zuten traste zaharrak birziklatzea. Jostailua ematea justizia pittin bat egin, eta elkartasun eta eskuzabaltasuna musu truk eskaintzea da.
Jostailuen bilketa eta entregako kateen funtzionamendua ahalbideratzen duten boluntarioak eta bilguneak guztiz ugariak dira. Indarraldia, zenbaitetan, urtarrilaren 5era arte iristen da. Mota bateko zein besteko elkartea izaki, jostailuen bilketari hasiera emateko, jostailu beliko, sexista, baztertzaile eta zaharrak alboratzen dira. Ondoren, adinen arabera sailkatzen dira. Jostailuak entregatzen dituztenen ohiko akatsa izaten da, jostalariaren adina kalkulatzean, mutur batean 4 urtekoak eta bestean 10 urtekoak jartzea. Horregatik, elkarteek behin eta birritan esaten dute jaio berriak eta 16 urte artekoak ere kontuan hartu behar direla, jostailuen balizko erabiltzaile diren neurrian. Ontziraketa errazteko, hobe dugu jostailuak enbalatu gabe entregatzea, boluntarioek sailkatu, ontziratu eta paperez apainduko baitituzte. Denak sailkaturik, entregari ekiten zaio, ilusio handiko bi gauak (abenduaren 24koa eta urtarrilaren 5ekoa) gogoan izanda.
Bilduriko jostailurik gehientsuak, erosteko bezainbeste baliabide ez duten familietara bideratzen diren arren, arrazoiren batengatik denak banatu ez edo berandu iritsi baldin badira, ludoteka, haur zentro, heziketa zentro eta ospitaleetara eramango dira. Erakunde handienek eta bitarteko gehien dituztenek, banatzeko geratu diren opariak elkarlanerako nazioarteko proiektuetan diharduten elkarteetara igorriko dituzte. Alternatiba hori aukeratu aurretik, dena den, gertueneko kolektiboen premiak asetzea izaten da helburu nagusia. Bitartekorik gabeko familiei buruzko datuak eragile sozialek, administrazioek, udalek edo, areago, guraso elkarteek ematen dituzte. Konfidentzialtasuna ezinbesteko baliabidea izaten bada ere, gehiegikeriarik gerta ez dadin, jostailua espero duen neskatxa edo mutikoaren eskuetara iritsiko den bermea, berrespena eskatzen da beti. Iazko oparien bilketaz bertan diharduten erakundeek emaniko datuek adierazten dutenez, Estatu espainiarrean milaka pertsona ibili zen lanean herri txiki zein hiri handietan. Gurutze Gorriak eta erakunde txikiek bildutakoa baturik, Estatuan 300.000 jostailu jaso zirela badakigu ere, hor ez dira sartu elkarte anonimoek izaniko ekimen txiki baina biziki garrantzitsuak.
Orain artekoan, jostailua berria izateak duen garrantzia azpimarratu dugu baina erakunde batzuek (kultur edo auzo lagunen elkarte txikiak, etab.) egoera hobe edo okerragoan dauden jostailu erabili eta ahantzitakoak birziklatzea sustatzen dute, edukiontzia edo ganbara baino helmuga hoberik eskaintzeko. Formula hori ere balekoa den arren, helburua ez da bera: honetan kontua da, Eguberrietan, kontsumismoaren gailurra dela aprobetxatuz, haurrak xahukeriaren kontrako kulturan heztea, eta, bide batez, helduei baliabideak berriro erabiltzea komeni dela erakustea.
Consumer aldizkariak Radio Nacional de España-k Eguberri hauetarako antolatu duen kanpainan parte hartzen du. Ekimena 2001eko azaroaren hogeita zortzian hasi eta hurrengo urteko urtarrilaren bostean amaituko da, India, Mozambike, Nikaragua eta Mexikon pobrezia gorria nozitzen duten haurrentzako jostailuak Espainian jasotzea helburua izaki, haurrengan batez ere, gizartearen elkartasun-izpiritua sustatzean oinarriturik. Jomuga horrekin, oinarrizko jostailu bat jarri dute salgai eta kanpaina horretan umeek esku hartu nahi balezate, eskuragarri aurkituko lukete. Xaboizko pitxiak egiteko jostailu horiek azalera handietan eta bestelako establezimenduetan daude salgai, 3 euro (bostehun pezeta) kostatzen dira. Urtarrilaren 5ean, Espainia osoko Errege Kabalgaten ospakizunarekin batera, xaboi pitxien jaurtitze sinbolikoa gauzatu eta Kanpainari amaiera emango dion agiria irakurriko da.
Jostailuak erostean bete-betean asmatzeko, hoberena haurrak berak aukeratzea izaten da, jasotzailea ere adin txikikoa baita. Galdera batzuen gainean hausnarketa egiteak asmatzeko bidean jarriko du umea:
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa