Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Ingurugiroa

Λ

Elurra eta izotza: Ur edangarriaren ezinbesteko gordailua

  Herri jakintzak behin eta birritan gogora ekartzen digu elurrak nolako garrantzia duen, makinatxo bat atsotitz eta esaera zaharretan. Elurte handiko neguan soroak hobeki egokitzen direla esan zaigu betidanik eta, izan ere, biziak eta ekosistemek ura ezinbestekoa dute irauteko. Areago, ur gezen sistema naturalak produkzio handienekoak izateaz gainera, tokian tokiko ekonomian duten eragina funtsezkoa izaten da. Planetaren %70 urez estalita dagoen arren, ur horren gutxienekoa da edateko modukoa eta, gainera, gehientsuena poloetan izozturik dago edo lurpeko sistemen parte bat da; dena den, lurpeko ur sistema horiek ere, gailurretako desizozteak elikatzen ditu. Urtetik urtera elur gutxiago egiten duela egia hutsa da: denboraldi ikaragarriak aurreko belaunaldien oroimen kolektiboan daude, iraganeko ezaugarri gisa: azken mende erdian Europan elur kopurua %20an jaitsi dela kalkulatzen dute.

Artikotik Antartidaraino

Aurtengo udan Ipar Poloraino esploratzaile batek iritsi nahi izan balu, azken kilometroak igerian egin beharko zituen. Abuztuaren erdialdean Ipar Poloaren erdian laku bat zegoela aurkitzeak zientifikoen itxaropenak astindu zituen, arazoa aspalditik ikertzen ari ziren arren: Norvegiako bi adituk egin dituzten ikerlanen arabera, 50 urteren buruan Ozeano Artikoak udan ez omen du izango izotzik. Bestetik, Estatu Batuetako zientzialarien ikerkuntza batek adierazten duenez, Groenlandiako izotz geruza eskerga ere urtzen ari da. Bi fenomenoen -geruza mehetzea eta azalera murriztea, alegia- ondorioz, Ozeano Artikoko izotz masa erdira etorri da. Antartidak ere galtzen du izotzik, ordea. Ozeano Artikoak okupaturik dagoen Ipar Poloa ez bezala, Hego Poloa Estatu Batuen tamainako Antartida kontinenteak betetzen du. Horrek daukan izotzezko geruza kontinentala -batez beste 2,3 kilometroko lodierakoa- aski egonkorra da, baina ondoko itsasoetan barneratuz doazen izotz plataformak, aldiz, biziki azkar desagertzen ari dira. Zientzialarien ustez, izotzaren urtze azkartu horren arrazoia, 1940 urteaz geroztik bertako tenperatura 2,5 graduz igotzean bilatu behar da, bereziki.

Gailur guztiek elurrik galtzen dute

Worldwatch Institutuko meteorologo Lisa Mastny andreak hamaikatxo ikerlan egin ondoren ateratako ondorioen arabera, izotza ia nonahi urtzen ari da, gero eta azkarrago. Munduko mendirik handienetan (Mendi Harritsuak, Andeak, Himalaia eta Alpeetan) urritzen ari da izotz eta elur masa. Montana-ko (EEBB) Glaziarretako Parke Nazionalean 1850 urtean 150 glaziar baziren ere, gaur egun ziento erdira ez dira iristen. Gainerako glaziarrak hurrengo 30 urteetan desagertuko direla aurreikusia du EEBBetako Geologia Zerbitzuak. Peruko Andeetan dagoen Quelccaya glaziarra ikertzen duten zientifikoek adierazi bezala, horren atzerakada 1970 eta 1990 bitartean urteko 3 metro zelarik, 1990ez geroztik urteko 30 metrora igaro da. Alpeetan, glaziarren eskualdea 1850 urteaz geroztik %35 edo %40an murriztu da eta hemendik aurrera gehiago murriztea espero dute. Oso litekeena da hurrengo 50 urteetan glaziar horiek zeharo desagertzea. Himalaiako izotz masen suntsiketa ikaragarri areagotu da. Ekialdeko Indian dagoen Dokriani Bamak glaziarra, adibidez, 1992 eta 1997 urteen bitartean 16 metro atzeratu bazen ere, 1998 urtean bakarrik 20 metro galdu zuen.

Euri gehiago, elur gutxiago

Svente Arrhenius zientzialari suediarrak, duela ehun urte baino gehiago iragarri edo ohartarazi zuen gai fosilak erretzeak atmosferako karbono dioxidoa (CO2) ugalduko zuela, negutegi efektua ere areagotuz. Gero, 1975 eta 1999 urteen artean, Lurreko batez besteko tenperatura 13,94 gradutik 14,35 gradura igo zen, hau da, 24 urtean bakarrik gradu erdiaren beroketa orokorra. Ikerlariek egiaztatu duten legez, eskualde menditsuetan tenperatura gradu bat edo bi altxatzearen ondorioz, euri gisa erortzen den prezipitazioa era ikaragarrian ugal daitekeen bitartean, elurrezko prezipitazioak hagitz urritzen dira. Emaitza gisa, euri-sasoian uholdeak handiago eta maizago gertatzen dira, izotz eta elur masa urritu egiten da eta, noski, lehorte sasoian errekak elikatzeko izotz-urtea ere urriago jazotzen da.

Elurraren onurak

Eguratsa oxigenatzeaz gainera, elurrak eskaintzen dizkigun alderdi onuragarriak beste hainbatetan ere agertzen dira: naturako ur gezaren gordailuak osatu eta, horiei esker, udan izotzak urtzean, errekak eta ibaiak elikatzea. Gailur elurtuak diren elur-biltegi horiek, ordea, agortzen ari dira eta baliteke horietako batzuk behin betiko desagertzea: horrek, ibai eta errekak elikatzeko izotza urtzea ezinbesteko fenomeno duten eskualdeetan, hirietako ur-horniduran eta soroetako garastatzean eragin larria izango du, dudarik gabe. Himalaiako elur eta izotzezko glaziarrek (munduko hirugarrenak, tamainari dagokionez, Groenlandia eta Antartidakoen atzetik) urtzen segitzen baldin badute, Asiako lurralde zabal bateko ur-hornikuntza kalteturik gertatuko da. Eskualdeko ibai guztiek -Indo, Ganges, Mekong, Yangtze eta Ibai Horia- Himalaia dute sorleku. Bertako izotzen urtzeak Asiako hainbat herrialdetako -Pakistan, India, Bangladesh, Tailandia, Vietnam eta Txinako- ziklo hidrologikoan izan lezake eragina. Ibaiak elikatzeko udako lehortean izozte urriagoa gertatzeak, beraz, eskualdeak orain bertan nozitzen duen ur eskasia larritu egingo luke.

Itsas mailak, gora egin

Izotza urtu eta ondoriozko ura itsasora ateratzean, itsasoaren mailak gora egitea dugu beste arrisku larrietako bat. Azken mendean itsas maila 20 eta 30 zentimetro artean igo da. Klima-modeloetan gertatzen ari diren aldaketek adierazten dutenez, baliteke XXI. mendean beste metro bat igotzea, oraino. Baina kezkagarriena bestelako zerbait da: izotza urtzeak, bere aldetik, tenperaturaren gorakada azkartu egin dezake, hain zuzen. Izotz eta elur masa urritzean, eguzki-argitasun gutxiago islatuko da. Gutxiago islatzen duten azalerek eguzki erradiazio gehiago zurgatzen dutenez, tenperatura harik eta azkarrago igo eta urtze-prozesua ere areagotu egingo da.

Nola sortzen da horrelako elurra?

Panticosa-ko Estazioko Elurtze Artifizialeko Departamentuak azaldu duenez, eraikin zentraleko ponpatze-makina eta konpresoreekin mendi-hegietan antolaturik dauden kanoiak konektatzen dituzten ur eta aire-hoditeriez osaturik daude instalazioak, funtsean. Elurra osatzeko, abiadura handia hartzen duen aire-korrontea sortu behar da; horrek, berarekin batera jaurtitzen den ura ttantta txikitan bakantzea eragiten du. Abiadura handian doazelarik, aireak eta urak, tenperatura- eta hezetasun-baldintza egokietan, elur naturalaren osaketan gertatzen diren konbekzio bidezko hozte, energia askatze eta lurruntze-fenomeno berberak jazoarazten dituztenez, era horretantxe "fabrikatzen" da elur artifiziala.

Elurra ekoiztean, airearen eta uraren arteko erlazioa baldintza atmosferikoen arabera aldatuko da: kanoiek ahalik eta aire-emari handiena baliatzen dute, eta ura izango da elementu aldagarria, unean uneko tenperatura eta hezetasunen arabera. Sistema automatikoa izaten da gehienetan eta giroko tenperatura kanoietan aurretiaz adierazi den puntura iristean, mekanismoa abiatu egingo da: konpresoreak elur-sistemako ponpak martxan jarri eta, sistema funtzionatzen hasteko presio egokian denean, ur-balbula irekitzeko agindua emango du, kanoia abiaraziz. Era berean, aurretiaz zehazturiko elurraren kalitateari eutsi egingo zaio, nahiz eta tenperaturak gorabeherak nozitu. Sistema automatikoki geldituko da, tenperatura egokira iritsita nahiz ordutegiak hala agindurik edo, bestela, matxura gertatzearren: ur-balbula orduantxe itxiko da, pistetara urik ez jaurtitzeko.

Elur artifiziala, polemika-iturri

Azken urte hauetan, eski-estazioek ahalik eta era hoberenean funtzionatuko badute, elur artifiziala baliatzea dute ezinbesteko baliabidea: epe luze batean prezipitaziorik izango ez dela aurreikusten denean, pistak hauts zuriz betetzeko erabiltzen da elur artifiziala. Mugimendu ekologistek bidezko eta, bereziki, gehiegizko erabilera salatu dute, mendietako gune txikiren batentzat mesedegarri gerta daitekeen arren, eski-estazioen sistema konplexuak lehenagotik ere aski endekatuak zituen flora eta fauna elur artifizialeko makinen instalazioek zeharo desegiten dituztelako. Hala eta guztiz, eragozpen horiek kontuan izaki ere, badira elur sortze artifizialaren aldekoak ere: elur hori urtzeak ondorioztatzen dituen onurek neguko prezipitaziorik eza orekatzen dutela eta, gainera, urtegi, padura, ibaien sorleku eta lurpeko ur-sistemak bete daitezen laguntza mesedegarria direla uste dutelako.



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto