Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Egungo ordenagailua erabilera anitzeko goi-fidelitateko katea sofistikatu gisa balia daiteke
Suitzar Armadako soldaduak omen dituen hamaika erabileratako labana bitxi horien pareko lanabesa da ordenagailua. Osagai egokiak dauzkan PC bat telebista, liburu, DVD, erantzungailu automatiko edo bideo gisa ere erabil dezakegu. Kasu horietan ordenagailuak ematen dituen prestazioak jatorrizko aparatuarenak baino hobeak ez diren arren, zenbaitetan PCaren aukerak aparatuak eskaintzen dituenen antzekoak izaten dira, baita egokiagoak ere. Horixe gertatzen da musika bilatu, bildu eta erreproduzitu nahi denean: ongi eratu eta hornitutako ordenagailuak goi-fidelitateko kateak berak baino aukera gehiago eta hobeak eskainiko dizkigu.
Azken bost urteotan gutxienez ordenagailuak soinu-txartelez horniturik ohi datoz: elementu horri esker, CD konbentzional batek bezainbesteko kalitatea, bederen, ematen dute. Aspaldiko kontuak dira belarrian min egiten zuten PC-Speaker zahar eta zaharkituen txistu ozen amaigabe haiek, joko-programatzaileen luzaroko kezka gaindiezina.
Egun, kasu asko-askotan, ordenagailua musika-katetzat baliatzeak duen arazo bakarra, azkeneko kate begi metaforiko horixe izaten da: bozgorailuak. Hauek dira maiz aurrekontuetan (horrenbestez, kalitatean ere) murrizketak nozitzen dituzten lehen biktimak. Horrexegatik, jende askok nahiago izaten du ordenagailuaren audio irteera musika-katearekin konektatzea: era horretan, ia-ia egiazko diskoteka bailitzan (gogoan izan, disko gogorrak, MP3 formatuan eginik, zortzi hilabeteko musika-emanaldia jaso dezakeela) ordenagailuaren aukerak baliatzen duen bitartean, eskuarki kalitate kaskarragokoak diren ekipo informatikoko bozgorailuak ez erabiltzeko aukera izaten du. .
Jauzia eginez, musika-katea zeharo bazterrean uzteko, PCak dakarren soinu-txartelak behar bezain ahaltsua izan beharko du, bozgorailuak ere beste elementuen mailakoak izaki. Horrek, bistan da, ordenagailuaren prezioa altxatuko du. Gastu hori egitea merezi ote duen asmatzeko klabea erraz ikusiko dugu: aparteko gastu hori, batetik, eta musika entzuteko beste inolako aparaturik ekarri behar ez izateak eragiten digun aurrezkia, bestetik, alderatu beharko ditugu. .
Irratiaz ari garela, Internetera konektaturik dagoen ordenagailua erabili ala uhinen bidezko irrati konbentzionalak erabili, batetik besterako aldea sekulakoa da. Sarean mota guztietako hamaikatxo irrati dabiltza, ordenagailutik bakarrik entzun daitezkeenak. Horietako batzuk, uhin ertain eta frekuentzia modulatuan diharduten berberak izaten dira baina, Interneten sarturik, ia-ia mundu osoan entzun ditzakegu, eta Internetera konektaturiko ordenagailua edukitzea da muga fisiko bakarra. Dena den, Sarean irrati-instalazioak sortzea biziki kontu soila denez, irrati gehienak espazio digitalean bakarrik bizi dira.
Era guztietako belarriak gozatzeko eta mota denetako interesak asetzeko irratiak daude Sarean: erlijioa gai nagusi dutenetatik hasita, haurrentzako musika bakarrik ematen dutenak arte. Horren eragozpenak? Erabiltzaileak Interneten aritzeko tarifa laua ez baldin badu, irratia entzutea aski garestia gertatuko zaio, Sarerako beste zeinahi konexioren prezioan, alegia. Horrez gainera, banda zabaleko konexioak (hari-modem edo ADSL) bakarrik emango dio aukera CD baten kalitatera gerturatzeko. Ohiko modem batekin, ordea, ez da harritzekoa izango emisioaren etendurak edo antzeko ezbeharrak gertatzea.
Ekipoa non jarri, horra hor ordenagailua musika kate gisa erabiltzeko garaian izango dugun eragozpenetako bat. Kasetea ez bezala, PC bat ezin eraman daiteke noiznahi gela batetik bestera. Zorionez, badugu hari gabeko sarea sortzeko aski formula merkea: FM instalazio txiki bat osatzea; horrela, ordenagailuak erreproduzitzen duen musika etxeko edozein bazterretatik entzun ahal izango dugu.
Ordenagailuko audio irteerari konektaturik daudela, berariazko aparatu batzuek igortzen duten seinalea gertu dagoen zeinahi irratik jaso dezake. Sistema horrekin erdiesten den entzute-kalitatea, frekuentzia modulatuko instalazio konbentzional ahaltsu batek eskain dezakeenaren parekoa izango da eta, gainera, ordenagailuan metaturiko diskoetako musika salako katetik edo dutxatik aditu ahal izango dugu.
Musikaren konpasean ordenagailuak sor ditzakeen irudi aleatorioetan bada osagai hipnotikorik. Egungo PC baten kalkulu-ahalmenari esker, soinua irudi bihurtzen duten programak garatu ahal izan dira. Prozesua ez da konplexua, baina: erabiltzaileak musika entzuteko ohi darabilen programa martxan jartzen duen unean, doinuen arabera "bizidun bihurtuko" diren baina aldez aurretik zehazturik dauden irudien galeria darabilen beste programa bat ere abiatuko da.
Horrelako programetan estandarrik ez izatearren, horietako bakoitzak soinu-erreproduzitzaile bereziarekin funtzionatuko du.Winamp izan zen aukera hori sartu zuen aurrenetako bat; arrakastatsua zela ikusirik, egun Apple eta Microsoft-ek ere beste horrenbestetsu eskaintzen digute beren audio programetan. (iTunes eta Windows Media Player).
Horrelako aplikazioetan liluragarrienetako batek, Geiss (www.geisswerks.com), izenekoak, Winamp-en funtzionatzen du eta erreberberazio bakoitzarekin astintzen diren uhinak erakusten ditu pantailan. Meritu handiena, dena den, bestelakoa da: bere eskakizun teknikoak aski apalak izanik, ekipo-mota gehiagotan funtzionatu ahal izatea. Erabiltzaileak kontuan hartu behar du, nolanahi ere, efektu horiek potentzia ertainetik gorako ordenagailuan bakarrik ikusiko direla, bestela irudiak herrenka ibiliko dira, musikaren erritmoa nekez jarraituko dutelarik.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa