Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Bidai bat Gabonetan, edo Urte Berritan? Zergatik ez? Jaiegun horiek familiarteko topaketak egite hutsera mugatu ordez, Eguberrietako erritmo azkarregitik deskonektatu eta toki berriak ezagutzeko aukera aprobetxatzen duten pertsonak geroz eta ugariago dira. Horrelaxe frogatzen du joera berriak: udako oporraldiak laburtu eta, horren truk, Eguberrietan edo Aste Santuan egun batzuetan atseden hartzeko aukera baliatzea. Prezioak izugarri garestiagoak ez izateaz gainera, neguko oporralditxo hauen abantaila, aireportuek eta hotelek -egun seinalatuetan izan ezik- agertzen duten lasaitasuna da. Parke tematikoak, Karibe aldea, Kanariar Uharteak eta, nola ez, eski estazioak izaten dira orain helmuga nagusiak. Bezeroa, berriz, 40 urte inguruko bidaiari ezkongabe edo seme-alabarik gabea da, lau eguneko egonaldiagatik 100.000 pezeta (601 euros) inguru gastatuko duena.
Espainiako Merkataritza eta Turismoko Estatu Idazkaritzako Turismo-Azterketen Institutuak emaniko datuen arabera, estatuan iaz eginiko 119 milioi bidaien %37 (hau da, 44 milioi tokialdaketa, hor nonbait) "bidaia turistikoak" (bigarren egoitzara egiten ez direnak edo hiru egunetik aurrera luzatzen direnak, alegia) izan ziren. Horietatik %8k (3,4 milioik) bakarrik gainditu zuen Estatuko mugarik. Azken hamar urteotan oporraldiak luzatu egin direlarik, uda partean hartzen dira batik bat: bi turistatik batek egun horiexek aukeratzen ditu bidaia egiteko. Uda ondotik Aste Santua dator, egun horietan tokialdaketen %12 gertatzen baita, eta lasterketa horretan Gabonak atzerago ikusten dira, etxean geratzeko ohitura oraindik urratu ez delako: oporretako bidaien %9 baizik ez da egiten orduan.
Kanariak eta Karibe aldea dira Eguberrietako turismoaren bi helmuga gutiziatsu. Uharteetako hotelek hartzen dituzten turista ugariak uhartediko eguraldiaren onuragarriaren bila joan diren arren, erakargarri indartsuak dira prezio ez garestiegiak -75.000 pezetatik aurrera (450 euros) astebetea eman dezakegu aparthotelean, hegazkineko bidaia barne- . Karibe itsasaldea indarrean dago beti: bertara joateko, batez beste 200.000 pezeta (1.201 euros) patrikatik aterata, hondar zuri eta itsas ur turkesaren gozotasunean sei gau emateko aukera dasta daitezke. Txoko zoragarri horri, ordea, ezin asezko lehiakidea sortu zaio: Afrikar Karibe bataiatu berri duten horixe, herrialde nagusiak Cabo Verde eta Senegal dituena. Tentazio handiak dira bertarako bidaia laburragoa eta sustapeneko prezio merkeagoak (100.000 pezeta (601 euros) inguru).
Elur zaleek eski gainean egingo diote, urtero bezala Urte Zaharrari agur eta denboraldi berriari abegi. Estazioek duela hilabete zabaldu zituzten pistak eta dagoeneko adituek ba omen dakite aurtengoak zer ekarriko duen: negute benetan eskuzabala dator, inondik inora. Aukera honen prezioen desberdintasuna, bezeroak bilatzen duen estazio-motaren, bidaia egiteko eraren eta hautatu nahi duen ostatuaren arabera aldatuko da. Frantziako Alpeek, adibidez, oso moduko prezioez gainera, munduko estaziorik hoberenetako batzuk eskaintzen dituzte: bidaiaz kanpo, 60.000 pezetaren (360 euros) truk eta apartamentu batean lojamendua harturik, eskiaz sei egunetan gozatzeko parada eskaintzen zaio zaletuari. Andorrak ere baditu aukera politak: lau egunetarako, ostatua, igotzeko aparatuak eta gainontzekoak, 40.000 pezetatik hasita (240 euros). Aragoiko Pirinioetara Gabon Zaharrean jende asko doalarik, Urte Berriari Astún, Candanchú, Formigal, Panticosa edo Cerler-eko aldapetatik behera eski gainean amilduz eman ohi zaio hasiera. Bost estazio horietatik gertu dagoela, Jaka da gazte jendeak nahien duen eski-herria urtero duen gauezko giro paregabeari esker. Horietako edozeinetan, 50.000 pezetagatik (300 euros) lauzpabost egun eman dezake eski zaleak apartamentuetan, eskiatzeko aparatu zenbaiten gastuak barne. Baqueira edo Sierra Nevadan Urte Berriari luxurik gabe ongi etorria emateak diru gehixeago eskatzen du: astebeteko 140.000 pezetaraino (860 euros); dena den, beste astebete itxaroteko pazientzia izanik, tarifak ia erdiraino jaisten dira: 60.000 (360 euros) eta 100.000 pezeta (601 euros) bitartean.
Aspaldi honetan parke tematikoak aukera erakargarri bilakatu dira egunerokotasun hitsarekin hautsiz jaiegunak aprobetxatu (eta, bide batez, seme-alabei zor zaizkien sariak eman) nahi dituzten familientzat, lilurazko egonaldi batez gozatzeko. Eurodisney-ra joateko txartel batetik bestera alde handia dago -hotelean bi gau eta parkean hiru egun, bikotea eta bi seme-alabentzat- : tarifa merkeena 104.000 pezeta (615 euros) delarik, luxuzkoenaren kostua 205.000 pezetaraino doa (1.232 euros). Port Aventura eta Terra Mítica zabalik egongo dira aurtengo Eguberrietan eta, bertako "herrialdeek", Gabon giroaz jantzirik, goi-denboraldian baino askozaz ere prezio egokiagoak dituzte.
Tradizio urriago baina erakargarritasun handi-handiko aukerak izango ditu aurrekontu potoloagoa eduki eta bestelako zerbaitez gozatzeko asmotan dabilenak: Urte Berriko eguna finlandiar Rovaniemi Laponiako hiriburuan ematea 180.000 pezeta (1.100 euros) kostatzen da; Mediterraneoan barrenako kruzeroa, 150.000 pezetatik gora (900 euros) laguneko. Alternatiba erromantikoa dugu, azkenean: Praga, Viena, Budapest, Paris edo Londreseko goiztiria ikustearren 50.000 pezeta (300 euros) ordaintzeko prest bagaude.
Turistiko hutsak diren bidaiez kanpo, trenez edo autobusez doazenek kontuan hartu beharko dute RENFE eta beste konpainia zenbait ere Gabonak aldean itxi egiten direla. Abenduaren 24 eta 31ko ilunabarrean, errepideak hutsik egoteaz gainera, aurreko egunetan jasan duen trafiko handiaren atsedena hartzen du trenbideak ere. Gabon Gauean eta Gabon Zaharrean, Paris aldera doazen Madril eta Bartzelonako trenak eta Paris Lisboa ibilbidea egiten duen Intercity izenekoa bakarrik dabiltza. Bezperetan bizi izaniko trafiko ikaragarri horrekin zerikusirik ez, beraz. Abenduaren 22tik urtarrilaren 2ra bitartean Estatu espainiarrean lau milioi lagunek erosten dute txartela: hori ere aurreikusirik edukitzea komeni izaten da, enpresak zerbitzua indartzeko urterik urte trenari bagoi gehiago eransten dizkion arren, teknologia berriei esker, txartelak geroz eta lehenago erosten dira. Beste horrenbeste jazotzen da autobusei dagokienez: bidaia egiteko denek egun bera hautatu dutenez, ibilgailuen kopurua biderkatu egiten den arren, toki-kopurua mugatua izaten da beti.
Beste munduko asmorik izan gabe, atseden hartze hutsa ere estres iturri izan daitekeenez, eskuarki ezinezkoak izaten diren gauzak egiteko aukera oraintxe dugula ulertu behar da. Horrexegatik esaten dute psikologoek, denboraldi txiki horretaz gozatuko badugu, jarduerak antolatu egin behar izaten direla. Nahiz eta bidaia egiteko sasoi tradizionala uda partea izan, Eguberrietan krisialdiak (bikotearenak, bereziki) ugaldu egiten direnez, agian merezi du helmuga bitxiren batera iristeko aukera planteatzea.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa