Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

  • Bienvenido (ES) | Ongi etorri (euskarazko bertsioa) | Benvingut (versió en català) | Benvido (versión en galego)
  • Bienvenido (ES)
  • Buletinak
    •  | Utzi  | Aukerak |
  • Aurreko portadak

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Elikadura

Λ

PAPEREZKO BERTSIOA.
2001eko abendua

Digestio astunak: Horrelakorik ez nozitzeko: hoberena, neurriko izatea

  Eserita eta patxada ederrean bazkaltzeko garai onak ez dira hauek. Daramagun bizimodu azkarregiak hori galarazten du sarri asko. Eguneroko presari osasunez kontrako elikabidea -geroz eta ohikoago bihurtzen ari zaiguna, gainera- eransten zaionean, mahaiondo txarrak, urdaileko minak, bihotz erreak eta bestelako digestio-arazoak sortzen edo ugaltzen dira. Gehiegikeriak luzaro irauten badu, elikadurarekin loturiko patologiak -gaitz kardiobaskularrak, diabetesa, hipertentsioa, gizentasuna, digestioaren alterazioak, etab.- agertu edo garatzeko arriskua orduan eta gorriago bilakatuko da. Digestio-arazoek gaurkotasuna hartzen dute Eguberri eta horrelako garaietan, salbuespenezko egun horietan gehiegikeriari ihes egitea ez baita kontu erraza. "Gero gerokoa" aitzakiak janari eta edari larregi hartzeko ateak zabaltzen dizkigunez, digestio-ezbeharrik nozitzeke irautea ia-ia ezinezko gertatzen da. Gogora dezagun oturuntza handiek eta elikagaiak azkarregi irensteak ohiko lana baino askozaz ere gehiago egitera behartzen dutela urdaila: horrek ondoeza eta pisutasuna ondorioztatzen digu. Jarraibide errazak kontuan hartzeak digestio-arazoak prebenitzen lagunduko digu.

Patxada ederra eta hazkurri ona

Elikagai edo jaki gantzatsuegiak (frijikiak eta olio nahiz koipe gehiegi daukaten prestaketak), saltsaz (esnegaina, gazta, maionesa...) hornitutakoak, ongarri ugari dituzten jakiak, minegi edota gozoegiak, ohi baino digestio mantso eta astunagoen eragile izaten dira. Horrez gainera, janarien ordutegia zorrozki betetzen ez badugu (adibidez, gaur gosaldu ez, bihar bazkariari saihets egin, etzi sekulako afaria...), kaos horren faktura gure digestio-aparatuak ordainduko du.

Estresa ere ez dute urdaileko gaitzek adiskide ona, ikerlan ugarik estresa eta urdail-hesteetako gaitzak (ultzera, gorako eta beherakoak, gastritisak...) lotu izan dituztelarik. Beraz, elikadura ona egiteaz gainera, bizimodu lasaiagoa eta estresari ihes egiten ikasteak berebiziko garrantzia dauka. .

Siestaz

Aztura benetan osasuntsutzat jotzen den arren, siesta bazkaldu eta berehalaxe egiten badugu edota 15-20 minutu baino gehiago irauten badu, esnatzean janaria digeritu gabe daukagun sentsazioa, buruko mina, bihotz errea eta ondoeza nozituko ditugu, seguruenik. Zergatiak agerian dira: lo gaudela mantsoago funtzionatzen du denak -baita digestioak ere- gure organismoan eta, horizontalean etzanik, gure azidoak urdailetik esofagora errazkiago igarotzen dira (errefluxua). Horrelakorik gerta ez dadin, ohean etzan ordez, siesta laburra besaulkian eserita egin beharko dugu.

Nola aurreikusi eta arindu digestio-gaitzik arruntenetako batzuk

Indigestioa

Digestioa prozesu mantsoa da eta, janari asko edo gantz nahiz zuntz asko daukaten elikagaiak hartzean, luzatu egiten da. Digestioari laguntza ematearren azido gehiago ekoiztean, heste-traktua hanpatu, puztu egiten da. Beste indigestio-plegu bat sabela hanpatzen duena da: horrelakoetan, urdaila beteegi sentitzen da eta flatulentzia ohi du bere agerpenetako bat.

Horrelako sintoma atsekabeak arintzeko:

  • Postrean papaia edo anana freskoa hartzea, batak papaina eta besteak bromelina daukatelako (entzima horiek proteinen digestioa errazten dute).
  • Ez hartu haragi, hesteki eta fianbre gehiegi, elikagai horiek proteina eta gantz ugari baitute. Hobe indioilarra eta sasoian sasoiko ehiza-hegaztiak lehenestea, hauek arkumeak edo ahateak baino gantz gutxiago dutenez, errazago digerituko ditugu.
  • Kafearen ordez, infusio digestonikoak (kamamila, menda, mihilua, kuminoa edo salbia, adibidez) hartzea.
  • "Aparteko" janaria izango dugula baldin badakigu, aurretiaz ere konpentsatu beharko dugu, gainerako otorduak ohi baino arinago eginez.

Goragalea

Egoera txarrean dauden elikagaiak edo alkohol gehiegi hartzeagatik, organismoak produktu toxiko bat kanporatu nahi duen seinale izaten da goragalea. Txahala bota ondoren eta deshidratazioa ekiditeko, gorputzari premiazko likidoak ematea funtsezkoa den arren, hobe izaten da beste ordu bat edo pare bat itxarotea, edaten hasi aurretik. Okadak bakandu ahala, elikagai solidoak hartzen has gaitezke. Egoera horretan, organismoak janari lehorrak (tostadak, gailetak, etab) hobeki pairatzen ditu.

Etxeko konponbidea:jengibrezko infusioa (jengibrea ebaki eta xehaturik, koilarakada bat jarri behar da ur katilukada bakoitzeko, eta 3-5 minutuz irakiten utzi) egoki-egokia da goragale, okada, zorabio eta gainontzekoak agerpen dituzten digestio txarren kontra; era berean, aireak ateratzeko balio du.

Flatulentzia

Hesteetako gas gehiegi izate hori heste-espasmoen eta sabel-distentsioaren eragile izaten da (sabela hanpatu, handitu egiten da). Elikabidean aldaketa bortitzak egitea, azkarregi jatea eta murtxikatzen ari garen bitartean aire gehiegi irenstea, karbohidrato gehiegi (arroz, ore, patata, ogi, labore, gaileta eta antzekoak), kontsumitzea, hesteetako flora desorekatzen duten antibiotiko ugari hartzea eta elikagai haizetsuak kontsumitzea dira gehienetan haize-min horren jatorria. Hona gure aholkuak, arazo deseroso hori prebenitzeko:

  • Elikagaiak asko murtxikatzea, poliki, astiro jan eta edatea.
  • Otordu handiegirik edo ongailu asko duen janaririk ez hartzea; digestioa errazten duten belar usaintsuak (erromeroa, salbia, ezkaia, mihilua, txarpoila, udako azitraia, etab.) hartzea.
  • Elikagai gantzatsuegi eta saltsa sendoegiak ez kontsumitzea.
  • Orea asko egostea, "baguette" motako ogi erre berririk ez jatea, barazki eta lekale haizetsuei (baratxuri, tipula eta piper gordinak, aza, orburuak etab.) ihes egitea.
  • Kafea, deskafeinatua eta tearen ordez, infusioak hartzea: menda, salbia edo mihiluzkoak, adibidez; anis-, mihilu- edo kumino-ale batzuk kamamila infusioari gehitzea, digestioa errazten baitute, edota menda orri batzuk hartzea, koloneko (heste lodia) muskuluak lasaitu egiten baititu: horrek, gehiegizko haizeek eraginiko hanpaduraren molestiak arintzen laguntzen du.
  • Jogurtak dauzkan bakterioek hesteetako flora orekatzen laguntzen dutenez, bereziki aholkatzeko modukoa izaten da esneki hau.

Digestioa errazteko

  • Jan astiro, mantso, poliki, otordu bakoitza egiteari, 20-30 minutu, gutxien-gutxienez, eskainiz.
  • Elikagaiak asko murtxikatzea: horietako askoren (labore, patata eta lekaleena, adibidez) digestioa ahoan bertan hasten baita.
  • Urdaileko mukosa narritatzeaz gain, azidotasuna areagotzen duten ongailuak (espezia sendoak, mostaza, etab) ez baliatzea. Ongailu edo gozagarri horien partez, digestioa egiten laguntzen duten belar usaintsuak ere erabil ditzakegu (anis-aleak, txarpoila, mihilua, ezkaia, salbia, kuminoa, kardamomoa...). Era berean, kamamila, elorri zuri, ezki, erregaliz edota mihiluzko infusioak har daitezke, adibidez.
  • Ez da komeni izaten otorduetan bertan edo jan eta berehala edari ugari hartzea, urin gastrikoak disolbatu eta, ondorioz, digestioa luzatu egiten delako horrela.
  • Ez hartu kopuru handiegiak, jan-edari hotz-hotzak zein bero-beroak, elikagai frijituak, tabakoa, alkohol eta edari kitzikagarri (kafea eta tea) larregi eta azukre gehiegi. Ez hartu urdaila narritatzen duten botikak.
  • Jaki edo postre jakin bat hartzeko tentazioari uko egin ezinean, izan neurriko: ez "erori" otordu bakoitzeko behin baino gehiagotan eta, beste aldetik, oreka ezazu gehiegikeria hori: sarrerakoa baldin bada gantz edo kaloria asko dituena, jakian aukeratu arraina plantxan edo labean errea, entsalada edo barazkiekin; postrerako, fruta freskoa.
  • Ez oheratu otordua bukatu eta berehala. Etzan aurretik urdaila zenbat eta hutsago egon, orduan eta hobeto.


Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto