Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan

EROSKI CONSUMER, el diario del consumidor

Bilatzailea

logotipo de fundación

EROSKI CONSUMEReko kanalak


Kokapen honetan zaude: Hasiera > Paperezko bertsioa > Gaurkotasuna eta aisia > Azaleko gaia

^

Informazio honetan agertzen diren datuak, informazioak, interpretazioak eta kalifikazioak burutu ziren momentuari soilik dagozkio eta, beraz, iraupen mugatua dute.

Kontsumoaren barometroa sortu da: Milurteko honetako kontsumitzailea, argazkiaren erdi-erdian

Jatetxe zein tabernekin duen konfiantza orain eta txikiagoa da, baina balekoa nonbait (janaria azkar ematen duten establezimenduak kanpo utzirik). Beste aldetik, kontsumoaz jasotzen duen informazioaz konforme ote dagoen galdeturik, erdipurdiko adostasuna baizik ez du agertzen; are eta kaskarragoa da adostasun hori, komertzioak eta produktu-markek ematen dioten informazioari dagokionez.

Egungo kontsumitzailearen bereizgarriak

  • Elikagaien aurrean (7,1 puntu) eta bere segurantziaren aurrean (7,2 puntu) konfiantza agertzen du inkesta erantzun duenak; konfiantza gutxiago baina onartzeko moduko mailan ematen diote (6,6 puntu) markek; dena den, merkeenak ez dira nahikora iristen eta berrienak... ozta-ozta. Banatzailearen markek konfiantza pittin bat ematen diote (5,6 puntu). Establezimendu sinesgarrienak tradizionalak dira eta konfiantza gutxienekoak, aitzitik, janari azkarreko jatetxeak: suspentsoa bete-betean. Supermerkatu eta hipermerkatuen aurrean 7 puntu inguruko konfiantza agertzen du, hau da, denda tradizionalen aitzina baino gutxiago.
  • Produktu eta zerbitzuez jasotzen duen informazioaz herritar estandarra ez dago oso gogobeterik (6,2 puntu baizik ez). Norberaren garbitasunerako produktuen, arropa eta oinetakoen, etxeko garbiketarako produktuen eta aisialdirako gauzen informazioari buruzko pertzepzioa hobetu egin den bitartean, etxebizitza eta seguruei dagokienez, dezente txartzen da. Markek ematen duten informazioa onartzeko modukotzat jotzen da (5,8 puntu) eta merkataritzatik datorren informaziotik, aldiz, saltoki tradizionaletakoa eta denda espezializatuetakoa ongi balioztatzen da; hipermerkatu eta biltegi handietakoa, aitzitik, onartzeko modukotzat baino ez da jotzen. Jasotzen den informaziotik txarrena banketxe eta aseguru konpainietakoa omen da.
  • Kontsumitzailea ongi informaturik mantentzeko ekarpenei dagokiela, gertueneko ezagun, adiskide eta senitartekoek ematen dutena oso ongi balioztatzen da; dezente atzerago dator kontsumitzaileen defentsarako elkarteena, hedabideena eta dendetako langileena. Enpresak eta Administrazioa datoz azken tokian, nahikora doi-doian iritsita. Elikagaiei buruzko informazio-iturri itzaltsuenak -oso ongirekin kalifikatuak- senideak eta adiskideak, sendagile eta osasun erakundeak, kontsumitzaileen elkarteak eta, ondoren, dendetako langileak dira. Enpresak eta Administrazioa doaz azkenik: horien informazioak ez ditu oso sinesgarritzat jotzen kontsumitzaileak (nahiko doi-doian). Hedabideak ere ez dira sinesteko moduko erreferentzia, komertzioen azpitik agertzen baitira.
  • Bestetik, elikagai freskoei buruzko informazioa komertzioetan batez ere bilatzen du kontsumitzaileak; %8ek bakarrik diote informazio-iturri nagusia hedabideak edo kontsumo-aldizkariak dituztela. Saltokietan, elikagaien etiketak dira -kartel eta orritxoekin batera- informazio-iturri behinena; ondotik dendetako langileak agertzen dira, beheraxeago. Etiketan kontsultatzen dena, iraungitze-data (kontsumitzaileen %62ak) eta osagaien zerrenda (%39ak). Bestelako informazioak, hala nola produktuaren eta fabrikatzailearen izena eta nutrizio alorreko datuak (%5) askoz ere jende gutxiagok kontsultatzen ditu. Datorren urtean kontsumoari buruzko informazioa nolakoa izango ote den galdeturik, gehientsuenek dagoen bezala iraungo duela pentsatzen dute eta bakan batzuek, aldiz, pittin bat hobea izango dela.
  • Produktu eta zerbitzuak eskuratzearren ordaintzen duen diruagatik konpentsazio eskas jasotzen duela sentitzen du kontsumitzaileak (5,7 puntu). Dena den, batetik bestera asebetetze-maila dezente aldatzen da: osasun alorrekoak dira konpentsatzen duten zerbitzu bakarrak. Etxebizitzako asegurua eta etxebizitzaren erosketa, aldiz, konpentsazio-mailarik apalenean agertzen dira, nahiko badute ere. Arropa eta oinetakoak, garraioa, etxeko produktuak, elikagai eta edariak, komunikazioak eta antzekoak, azkenik, oso ongitik gertu dabiltza.
  • Kontsumitzaile den aldetik, bere eskubide eta interesen defentsan jarduteko egokiena bere burua dela uste du hamar kontsumitzailetik zazpik. Toki ona betetzen dute kontsumitzailearen defentsaz arduratzen diren elkarteek ere: inkesta erantzun duten gizakien %19arentzat kontsumitzailearen defendatzailerik egokienak dira. Enpresek (%2) eta Herri Administrazioek (%2) ez dute ia inolako garrantzirik alor horretan. Datorren urtean gauzak hobetu egingo direlakoan daude gehientsuenak.
  • Kontsumitzaileen %64k bakarrik dio inoiz elikagai ekologikorik hartu duela, baina produktu horiek merezi duten konfiantza handia da. (7,6 puntu). Horrelako elikagaiei dagokienez, informazio onik ez duela aitortzen du jende askok.
  • Euroaren gaineko informazioa dela eta, gogobetetze-maila ez da batere ona (5,8 puntu). Herritarra kezkaturik dago (ez oso kezkaturik, dena den) aldaketak eguneroko bizitzari ekarriko dizkion ondorioengatik. Inkesta erantzun dutenen erdiek uste dute prezioek gora egingo dutela, gehiegi garestitu gabe.
  • Erosteko bide den aldetik, Internetek mesfidantza sortzen du kontsumitzailearengan, bai segurantziari dagokion alorrean, baita kontsumitzailearen eskubideak errespetatzeari dagokionean ere.
  • Herritarra ez dago prest erosketan denborarik aurreztearren gehiago ordaintzeko. Erosteko denbora murriztuko lioketen zerbitzuengatik ordaintzeari zein balio aitortzen dion galdeturik, 3,6 puntu ihardetsi du, hau da, bete-beteko suspentsoa.
  • Erosketa egin ala erostera joan?
    Inkestatuak biak berdintsu atsegin dituen arren (6 puntu inguru), erostera joatea gehiago gustatzen zaio erosketa egitea baino.

Denok ez gara berdinak, ordea

Elkarren artetik aski desberdinak direlarik, sei kontsumitzaile-segmentu bereizten ditu txostenak. Ikus dezagun, biztanleriaren batez bestekoa estandartzat jota, horietako bakoitzak zer duen bereizgarriena, oraingoan eginiko galderetan.

  •   Lanbide ordaindua duten gazteak (14 - 29 urte)
    Elikagaietan gutxien sinesten dutenak, produktu freskoen gaineko informazio-iturritzat etiketari garrantzi gehien ematen diotenak eta etiketetako nutrizio-alorreko informazioa gehien kontsultatzen dutenak dira. Beste aldetik, produktu eta zerbitzuak eskuratzearren ordaintzen denagatik konpentsazio gutxien jasotzeko sentsazioa duen taldea da hauxe. Era berean, euroak inflazio handiagoa ekarriko duela uste dute. Azkenik, erostera joatea nahiago du talde honek erosketa egitea baino.
  •   Lanbide ordaindurik ez duten gazteak (14 - 29 urte)
    Postura kritikoari eusten dioten arren, janari azkarra ematen duten jatetxeetako elikagaiez mesfidantza gutxien agertzen duen taldea da hau eta, aldi berean, produktu ekologikoetan, hipermerkatuetan eta marka berrien eta merkeenetan gehien sinesten duena. Elikagai freskoei buruzko informazio-iturritzat, komertzioetako langileari garrantzi txikia aitortzen diote eta etiketako iraungitze-datara gutxitan begiratzen dute. Gastuagatik konpentsazio onena jaso uste dute hauek, aisialdi eta kultura alorretan bereziki. Kontsumitzailea defendatzeko unean, kontsumitzaileen elkarteei garrantzi gehien ematen diete. Beste aldetik, eurora aldatzearen aurrean kezka txikiena sentitzen dute eta, erosteko bide den aldetik, Internetekin gehien sinesten dutenak dira. Biztanleria segmentu honek, era berean, erosketetan denbora aurreztearren ordaintzeko prestutasun handiena agertzen du eta erosketak egitea baino gehiago, erostera joatea nahiago izaten du.
  •   Gizonezkoak (30 - 60 urte)
    Elikagaien aurreko sinesgarritasuna 2002 urtean hobetuko dela gehien talde honetakoek sinesten dute. Produktuen markek, aseguru konpainiek eta banketxeek ematen duten informazioarekin gogobetetze-mailarik eskasena erakusten du talde honek. Elikagaiei buruzko informazio-iturritzat, Administrazioari sinesgarritasun eskasa aitortzen diote. Kontsumitzailea defendatzea dela eta, horrelako elkarteei garrantzi handiagoa ematen diete (beste segmentuetakoek baino). Euroak izango dituen eragin edo ondorioez kezka gutxi eta informaziorik hoberena azaltzen dute, eta beraiek dira euroa sartzeak prezioen gorakada ekarriko duela gehien sinesten dutenak. Erostera joan edo erosketa egitea ez da oso desberdina beraientzat eta, gainera, jarduera horiek ez dituzte gustuko.
  •   Lanbide ordaindua duten emakumeak (30 - 60 urte)
    Elikagaiak kontsumitzean segurantzia eskasena hautematen dutenak eta merkataritza-plegu tradizionalekin (azokak, etab.) gehien sinesten dutenak dira hauek. Elikagai ekologikoen gaineko informazio txarrena jaso uste dutenak izaki, eurora aldatzeak kezka handia sortu du emakume hauengan baina prezioak asko garestituko ez direla espero dute. Erostera joatea erosketa egitea baino atseginagoa dute, baina biak dituzte gustuko.
  •   Lanbide ordaindurik ez duten emakumeak (30 - 60 urte)
    Elikadura gaietan, informazio-iturri gisa lagun eta senideekin konfiantza handiena agertzen dutenak izateaz gainera, kontsumitzailearen eskubideak hobekien defendatzen dituena norbera dela gehien sinesten dutenak eta elikagaien iraungitze-datara gehien begiratzen dutenak dira hauek. Honek, informazio txarrena jasotzen duen eta (adin handikoekin batera) kezka handiena sentitzen duen taldetzat dauka bere burua. Tamalez, euroaren sarrerak prezioak garestituko dituela espero dute emakumeok, gainerako kontsumitzaileek baino tinkoago. Erosketa egitean denbora aurrezteko dirurik ordaintzeko inongo asmorik ez dute agertzen emakume hauek.
  •   Adin handikoak (60 urtetik gorako gizon-emakumeak)
    Fruta eta barazkietan gehien sinesten dutenak izaki, hamburger eta antzeko jatetxeetako janariekin, izoztutakoekin eta aurrez prestatutakoekin gutxien fidatzen direnak dira. Hipermerkatuekin, marka berrien eta merkeenekin konfiantza gutxien agertzen dutenak dira. Kontsumo gaiei buruzko informazioarekin gogobetetze-mailarik garaiena erakusten dutenak. Etiketetako osagaien zerrenda ez dute ia inoiz kontsultatzen. Produktu eta zerbitzuak jasotzearren ordaintzen dutenagatik konpentsazio txikien hartzen dutenak dira, beren iritzian. Beraiek dira, era berean, kontsumitzaileen elkarteei kontsumitzailea defendatzeko unean betekizunik kaskarrena aitortzen dietenak, euroari buruz informazio txarrena jaso uste dutenak eta kezkarik handiena dutenak. Prezioak zertxobait garestituko direla aurreikusia dute. Erosketak egiteko garaian Internetekin mesfidantza handiena dutenak dira eta, denbora nahikoa eta gehiago dutenez, erosteko denbora murrizten lagunduko lieketen zerbitzuengatik ordaintzeko inolako asmorik ez dute agertzen. Zaharrak ez dira oso kontsumistak oraindik ere: erosketa egitea nahiago du talde honek (bakarrik) erostera joatea baino.

BAROMETROAREN FITXA TEKNIKOA

  • Unibertsoa: 14 urtetik gorako populazioa.
  • Lagina:5.000 kasu, hau da, %±1,41eko akats teorikoa, laginketa aleatorio soila denean, %95,5eko konfiantza-mailan (p=q=0,5).
  • Elkarrizketa mota: telefonozkoa, erdi-egituratutako galdategiarekin, 17 bat minutuko iraupenekoa.
  • Segmentuak: lagin orokorra, azterketa-segmentuen arabera, hurrengo sei azpi-laginetan banatu zen:
    • Lanbide ordaindua duten 14 eta 29 urte bitarteko gazteak (600 kasu)
    • Lanbide ordaindua ez duten 14 eta 29 urte bitarteko gazteak (600 kasu)
    • 30 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak (1.000 kasu)
    • Lanbide ordaindua duten 30 eta 60 urte bitarteko emakumeak (800 kasu
    • Lanbide ordaindua ez duten 30 eta 60 urte bitarteko emakumeak (1.200 kasu)
    • 60 urtetik gorakoak (800 kasu)
  • Laginketa-prozesua: segmentu bakoitzeko azpi-lagina erdiesteko, laginketa polietapiko estratifikatu proportzionala egin zen, eskualde geografiko eta habitaten tamainen arabera, puntuen hautapen aleatorioa (herriei dagokienez) eta, telefono-listina euskailu harturik, hautazko aukeraketa eginez.
  • Landa-lana: 2001eko maiatzaren 7tik uztailaren 6ra bitartean egina.
  • Gainbegiraketa, arazketa, kodeztatzea eta grabaketa.

Orrialde-zenbaketa



Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du

Beste zerbitzu batzuk


Bilatu

Copyright-i buruzko informazioa eta lege-oharra

Visita nuestro canal Eroski Consumer TV

 EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa

EROSKI Fundazioa

Validaciones de esta página

  • : Conformidad con el Nivel Triple-A, de las Directrices de Accesibilidad para el Contenido Web 1.0 del W3C-WAI
  • XHTML: Validación del W3C indicando que este documento es XHTML 1.1 correcto
  • CSS: Validación del W3C indicando que este documento usa CSS de forma correcta
  • RSS: Validación de feedvalidator.org indicando que nuestros titulares RSS tienen un formato correcto