Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Duela urte gutxi izan zen epidemia-agerpen baten eraginez, hedabideen interesa erakarri zuen meningitisak eta gaitz horren inguruan hedatu ziren albisteek kezka handia sortu zuten gizartean.
1979az geroztik nabarmen gutxitua zen Espainian meningitisaren eragina, baina 1995-1996 denboraldian kasu kopurua gehitu egin zen eta 1997an epidemia-agerpen batekin amaitu zen; urte hartako udazkenean, ondorioz, 18 hilabete eta 19 urte arteko biztanleria guztia txertatzen hasi ziren autonomia erkidegoak, salbuespenezko neurri gisa. Patologia horrek ikaragarrizko ardura sortu zuen orduan haur txikiak dituzten gurasoengan eta oraindik ere hor dirau kezkak, haur jaio berri eta bularrekoek osatzen baitute meningitis kasuen %75.
Nerbio sistema, burmuina eta bizkarrezur-muina meninge izeneko zuntzezko mintz batez estalirik daude. Mintz horiek, nerbio sistemaren metabolismoan laguntzeaz gain, nerbio sistema defendatzeko funtsezko eginkizuna dute: benetako hesia dira zenbait substantzia toxiko eta germenentzat. Defentsa horiek gainditzen direnean meningitisa sortzen da; termino horren barruan sartzen dira meningeen hanturazko gaitz guztiak, gaitzaren zergatia gorabehera; baina termino hori infekziozko meningitis edo bakterioengatiko meningitis beldurgarriarekin identifikatzera jotzen da.
Meningeen hanturak sintoma sorta tipikoa sortzen du, meningismo edo meninge-sindromea deitzen dena: buruko min handia, garondoko zurruntasuna eta medikuak aztertzen dituen beste zenbait zeinu. Horrez gain, gonbitoak, konbultsioak, fotofobia, itsualdia, koma egoera etab. izan ditzake gaixoak. Bakterioengatiko meningitisean batera agertu ohi dira meninge-sindromea eta infekzio prozesua, sukar handia, giharretako ahulezia eta izerdia ezaugarri izaten dituena. Batzuetan, meningitisaren lehen sintomak edozein infekzio akuturen sintomen oso antzekoak izaten dira: sukarra, ondoeza... Baina laster agertzen dira meningitisaren ohiko ezaugarriak, batez ere buruko mina, sukarra eta meningismoa hirukoa, kasuen %90ean.
Goragale, gonbito eta hotzikarak ere ohikoak izaten dira, izerdi ugaria, giharretako ahulezia eta fotofobiarekin batera. Meningitisak hilkortasun handia du, tratamendu berriekin pronostikoa hobetzea lortu den arren. Halaber, ondorio beldurgarriak utz ditzake, nerbio sistema zentralari eragiten diotenak, ikusmen eta entzumenari batez ere.
Meningitisa, edo zuzenago esanda, gaixotasun meningokozikoa, endemia-epidemia erakoa izaten da: beti izaten dira kasuak, baina urte sasoi batzuetan nabarmen gehitzen da kopurua eta epidemia dela esan liteke. Meningitisak lotura handia du urtaroekin Espainian: eragina handiagoa izaten da neguan eta udaberri hasieran eta udan eta udazkenean jaitsi egiten da. Itxura denez, urtaroen araberako eraginaren zergatia hauxe da: neguan jendea luzaroago izaten da leku itxietan eta horrela errazagoa da kutsatzea. Organismoaren defentsak urritzen dituzten birus-hanturak sarri izateak ere errazago bihurtzen du gaitza urtarokoa izatea.
Ikerketa batzuen arabera, badirudi gaixotasunaren agerpenak gehitu egiten direla gripe prozesuen eragin handiaren ondoren. Meningitisak eta gripeak antzeko urtaro patroia dute eta azken urteotan paralelismoa ezarri da gaixotasun bien kasuen gorakaden artean.
Meningitis kasu bat gertatzen denean, alarma piztu eta nolabaiteko izua sortzen da. Argitu beharra dago meningokokoa pertsona askoren nasofaringean aurkitzen dela (biztanleen %10ean eta eramaile osasuntsuak deitzen zaie), baina ez dute gaixotasuna izaten, kutsagarritasuna oso txiki den arren. Horregatik, ez da larritasunik sortu behar, behar diren neurriak hartu baizik. Txertoa da prebentzio neurri garrantzitsu eta eraginkorrena. A, C, Y eta W-135 serotaldeek eragindako gaixotasun meningokozikoetarako, oso txerto eraginkorrak daude.
Neomokokoak eragindako meningitisarentzat ere bada txerto bat, baina oraingoz ez da sartu haurren txertaketa egutegietan eta ikertzen ari dira eraginkortasuna eta kostu-onura arteko harremana (dosi bakoitza 13.000 pezeta inguru kostatzen da). Haurra jaio eta sei astetik aurrera jar daiteke, baina oraingoz erabiltzaileak ordaindu behar du osorik txertoaren kostua.
Hainbat germenek eragin dezakete bakterioengatiko meningitisa: ohikoenak meningokoko edo Neisseria meningitidis, neumokoko edo Streptococus pneumoniae, eta Hemophilus Influenza izaten dira. Beste germen batzuek ere eragin dezakete, baina meningokokoa da epidemia-agerpenak eragiten dituen bakarra.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa