Nabigatze-menua pasa eta edukietara joan
Zure afera revista.consumer.es aldizkarian konpon dezagun nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Bistan denez, aldizkari honetatik interesgarrien jotzen ditugun kontsultak bakarrik argitaratuko ditugu
Etxe bat eraikitzen ari gara eta horretarako materiala saldu zigun enpresak telefonoz konfirmatu zigun - arkitektoaren aurrean- eskaera onartzen zutela eta materiala entregatzeko eguna. Hala ere, ez zuten epe hori bete eta enkofratzaileek lanik gabe egon behar izan zuten, materialik ez zutelako; itxaronaldiagatik 810.000 pezetako faktura pasa digute enkofratzaileek eta ordaindu dugu dagoeneko. Forjatuen enpresako faktura iritsi zenean (695.971 pezetakoa), ez ordaintzea erabaki genuen eta atzerapenaren ondorioz materialak balio zuena baino gehiago ordaindu behar izan genuela adieraztea. Enpresak ez du bere gain hartzen erantzukizuna eta abokatu baten bitartez, ordaintzea eskatu digute, eta bestela bide judizialetik joko dutela ohartarazi. Ezin dugu idatziz ezer frogatu eta bide judizialetik aurrera egitea merezi ote duen jakin nahi nuke.
Bai, merezi du. Abokatu batengana jotzea komeni zaizue, enpresaren abokatuaren aurrean argudioak azaldu eta auzia saihesten saiatzeko. Ezinezko bada, bide judizialetik jotzea aukera daiteke. Entrega epeak ez betetzeak enpresari egozteko moduko kalte-galerak eragin ditu, eta horrek zilegi egiten du gutxienez enkofratzaileen faktura ordain dezaten galdatzea. Zor biak konpentsatuz auzitan sartzea ekidin daiteke (ehun mila pezeta baino zertxobait gehiagoko galera asumituz, horixe baita faktura bien arteko aldea). Hau da, akordioaren planteamendu teorikoa hauxe da: faktura ordaintzea eskaini eta, aldi berean, kalte-galeren ordaina galdatzea, eta atzerapenaren biktima izan direnek, bidezko jotzen badute eta auziak ekiditeko, beren aldeko diferentziari uko egitea.
Frogagiriei dagokienez, funtsezkoak dira auzia bideragarri izan dadin eta hitzartutako epeari buruzko frogarik onena dokumentu idatzi eta sinatua litzatekeen arren, ez da froga onargarri bakarra. Alde bien (demandatu eta demandatzaileen) galdaketa eta lekukoen (arkitekto eta enkofratzaileen) galdaketa ere froga baliagarria da. Kode Zibileko 1.100 artikuluaren arabera, atzerapena dagoela jotzen da obligazioak edo legeak berariaz hala aitortzen dutenean edo horren izaera edo zirkunstantzien ondorioz gauza entregatzeko jarritako epea obligazioa ezartzeko erabakigarri izan baldin bada. Kode Zibileko 1.101 artikulu horrek ezartzen du dolu, utzikeria edo berankortasunagatik egindako kalte eta galerak ordaindu egin behar direla eta baita hitzartutako edozein obligazio ez betetzearen ondoriozkoak ere.
Horrelako egoerarik gerta ez dadin, entrega epeei buruzko kontratuetan klausula bat sartu behar da edo, areago, atzerapenagatiko kalte-ordaina idatziz adostu.
Ekintza honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailaren laguntza jaso du
EROSKI CONSUMERen oso serio hartzen dugu zure datuen pribatutasuna, lege oharra. © EROSKI Fundazioa